131. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

140E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita “Zarrakazteluko 4. poligonoko 265. lurzatiko meatzea lehengoratzeko erauzketa jarduera” proiekturako, Zarrakazteluko udal-mugartean. Sustatzailea GKN Ayra Servicios SA da.

2018ko azaroaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Jarduketaren bidez erabili nahi dira enpresa sustatzailearen egungo instalazioen hedapenetik soberan geratu diren lurrak, Zarrakazteluko industria lurzoruko U.7.5. unitatea aldatu ondotik, Zarrakazteluko 265B azpilurzatian kokatutako zulo zahar bat lehengoratzeko.

Hasiera batean 24.600 m³ inguru gehitzeko asmoa dago Larrarte-Fuente de la Vascongadan dagoen legar-hobiaren zuloan; legar hobi-horrek hartzen du 3. poligonoko 533 eta 4. poligonoko 265B lurzatiaren zati bat eta 4. poligonoko 267. lurzatiaren ekialdeko ertza, Cañada Real Pasada 2 eremuari dagokiona; horiek guztiak Zarrakazteluko udal-mugartean kokatzen dira.

4. poligonoko 265B azpilurzatia partez naturalizatuta eta landaretza berrezarrita dago, eta estalkiaren zati batzuek ingurumen balioa dute, indusketaren gaineko gune batean urmael bat baitu, eta bertan maila freatikoa azaleratzen.

2019ko urtarrilaren 16an sustatzaileari eskatu zitzaion ukipen horiek murrizteko bestelako aukeren azterketa bat eta dokumentazio osagarria aurkezteko, proposamenaren ingurumen ukipenen balorazioarekin.

2019ko apirilaren 2an eskatutako dokumentazio teknikoa jaso zen eta, soberan gelditutako lurrak erabiltzeko beste kokapen batzuk baztertu ondotik, aldaketa batzuk sartu ziren proposamenean. Azkenean 1.700 m² nguru okupatuko dira Zarrakazteluko 4. poligonoaren 265B azpilurzatian dagoen zuloaren hego-ekialdean, bertan baitago landaretza-estalki gutxien, alepo pinuko orpo txiki eta ertain batzuk ez badira; gisa hartara babestuko dira antxonbidea eta hezegunea. 6 metro inguruko zabalera duen sarbide bat eginen da zuloaren mendebaldeko zatian, eta hezegunea zeharkatuko du sarbideak, plazaren zati bat okupatuz. Eremu horretan 4.000 m³ metro inguru gehitu nahi dira: zelaigune bat da 2tik 3 metro bitarteko altuerakoa, 1H:1V-ko ezponda duena iparraldera, hau da, hezegunearen aldera. Landare-lurrarekin beteko da zuloa eta hemengo espezieekin berrezarriko da landaretza.

Zarrakazteluko Udalak aldeko txostena eman dio espedienteari, 2019ko maiatzaren 6an jasota.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman dio proposamenari, proposatutako neurriak eta proiektuaren exekuzioa kontrolatzeko gidalerro batzuk betetzeko baldintzapean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Zarrakazteluko 4. poligonoko 265. lurzatiko meatzea lehengoratzeko erauzketa jarduera” proiektuari, Zarrakazteluko udal-mugartean, GKN Ayra Servicios SA enpresak sustatua.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• 6 m-ko zabalera duen sarbidea plazako eremuko landare-estalki gutxien duen legar-hobian diseinatuko da, ahal bada, abandonatutako traza zaharretako batetik.

• Ahal bada, pinu-orpo ertainei ez eragiteko ahalegina eginen da, beteko den gunean 5-6 metroko perimetro baten inguruan lurrak hedatu gabe utziz.

• Betelanaren perimetroa balizatu eginen da, ez dakien nahi gabe ingurumenaren aldetik balio gehien duten aldeei eragin, hala nola, larre edo sastraka naturalei eta eremu istiltsuei.

• Baldintza horiek betetzeko, proiektuaren zuinketa 11. demarkazioko Basosaintzako (Tutera) langileekin eginen da, gutxienez 48 ordu lehenago abisatuz (gmatudela@navarra.es, 948 847 033). Zuinketa horretan adostuko da sarbidearen ibilbidea, irismena eta balizamenduaren kokapena eta hedapen-eremuaren barnealdean pinuek izanen duten zaintzaren bideragarritasuna.

• Landare-lurrak hedatu ondotik, espezie autoktonoen hazien nahaste batekin ereinen da lurrazala. Zerbait landatu nahi izanez gero, makalak, zurzuriak, arteak, erkametzak, gurbeak edo Nafarroako gune honetako fruta-arbolak (intxaurrondoak, pikondoak, sagarrondoak, etab.) hautatuko dira betelanaren ipar-ezpondaren iparraldean, eta, gutxienez, lehenengo urtean zaindu egin beharko dira (ureztatu, jorratu, eta ongarria bota).

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Zarrakazteluko Udalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikoaren Atalari, Basozaintzari (11. barrutia: Tutera) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 23an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1907142