131. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita zuntz optikoa euskarridun goi tentsioko linea baten bidez eramateko proiekturako, BTA Azkoien-BTA Martzilla tartean, Azkoiengo eta Martzillako udal-mugarteetan. Iberdrola Distribución SAk sustatu du.

2019ko otsailaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa gaur egun BTA Azkoien azpiestaziotik BTA Martzilla azpiestaziora bitartean dagoen 66kV-ko zuntz optikoa eramateko euskarridun goi tentsioko aireko linea elektrikoan eginen da, sare elektrikoaren tarte hori urrunetik kontrolatzeko xedearekin, horrela horniduraren kalitatea hobetu eta gaur-gaurkoz dauden instalazioen arriskua murrizte aldera.

Linea hori indarreko legeriari eta Iberdrolaren araudi aplikagarriari egokitzeko, egun dauden 15 euskarri hormigoi dardaratuzko euskarriengatik (HV-630 eta HV-800) edo metalezko sareta euskarriengatik ordeztu behar dira.

Espedientean, Azkoiengo eta Martzillako Udalen txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: zuntz optikoa euskarridun goi tentsioko linea baten bidez eramatea, BTA Azkoien eta BTA Martzilla tartean, Azkoiengo eta Martzillako udal-mugarteetan. Iberdrola Distribución SAk sustatu du.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Paratuko diren euskarri berriek bete egin beharko dituzte abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan eta apirilaren 4ko 129/91 Foru Dekretuan xedatutako betekizunak. Lehenbizikoaren bidez ezarri ziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak, eta bigarrenaren bidez, berriz, hegaztiak babesteko instalazio elektrikoetarako arau teknikoak.

–Ganga motako euskarrien kasuan, eroale nagusia lotunetik metro batera isolatuko da lotunearen alde bakoitzean, eta esekidurazko grapa ere isolatuko eginen da.

–Hegaztiek AP160 eta AP134 tarteko euskarrien arteko goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzeko arriskua murrizteko, honako hauek egin beharko dira:

1. Neoprenozko “X”-en bitartez balizatuko da zuntz optikoko kablea. Kadentzia hau izanen da: baliza bat 15 metroko.

2. Kableak balizen bitartez seinaleztatuko dira. Horien arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Obrak hasi aurretik, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izateko ahalegina eginez.

–Egin beharreko obrak burututa, ukitutako eremuak lehengoratzeari ekinen zaio: garbitu eginen dira okupatutako eremuan geratu diren obra hondakin guztiak eta, horrez gain, landaredi naturalez estalita dauden azalera ukituak estaliko dira aurretik behar bezala kendu eta biltegiratutako landare lur geruza erabiliz horretarako.

–Hondeaketa lanetako lur soberakinak jarduketaren inguruko eremuan zabaltzen ahalko dira, betiere integrazio fisiografiko egokia lortuz gero betegarriaren eta inguruko alorren artean. Gainerakoan, baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Kontuan harturik jarduketak herri lurrei eragiten diela eta sustatzailea ez dela herri entitatea bera, obren lizentzia eman aitzin, herri lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri Lurren Atalaren bidez; horretarako, nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta.

–Aintzat hartu behar da jarduketaren xede den aireko linea elektrikoaren tartea aldatu eginen dela Abiadura Handiko Trenaren trazadurara (Alesbes-Erriberri tartean) egokitzeko Martzillako tartean, eta, horrenbestez, zuntz optikoaren lineak aldaketa horiek hartu beharko ditu aintzat. Sustatzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Trenbide Azpiegituren Administrariari (ADIF).

–Egin nahi den jarduerak izaten ahal dituen edo horren trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoen eskutik.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azkoiengo eta Martzillako Udalei, Basozaintzako Koordinazio Unitateari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.– Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1907018