1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
135E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iruñeko udal-mugartean “Hoditeria eta telekomunikazioetarako UFINET argiteria kutxatilak jartzea Bolborategiko Bidean (Iruña, Nafarroa)” proiektua egiteko. Sustatzailea Ufinet Telecom SAU da.
2019ko otsailaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da Telefónicaren ARQ A144 (ID 7105849) eta ARQ M A407 (ID 7106913) kutxatilak lotu ahal izateko hoditeria jartzea, zuntz optikoa hedatzeko. Horretarako, lur azpiko hoditeria (207 metro) jartzea aurreikusi da, hondoko hormigoiztatzea eta bi hodi (PEAD 110 mm-ko diametrokoa) izanen dituen zanga baten bidez (35 x 70 cm), (lurrez edo zagorrez estalia, igarotzen den lekua nolakoa den), eta kablea pasatzeko hiru kutxatila jartzea trazadura osoan. Hoditeria zagor-bidetik eta haren zortasun eremutik igaroko da.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak eta Iruñeko Udalak emandako txostenak jasotzen dira espedientean. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iruñeko udal-mugartean “Hoditeria eta telekomunikazioetarako UFINET argiteria kutxatilak jartzea Bolborategiko Bidean (Iruña, Nafarroa)” proiektua egiteko. Sustatzailea Ufinet Telecom SAU da.
2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Zutoinak instalatzearen eta kablea ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
Hirigintza arlokoak:
–Kontuan hartuta Ufinet Telecom SAU enpresak gauzatuko duen jarduketak Iruñeko Udalarenak diren herri-lurrak ukituko dituela, Udalak, jarduera lizentzia jaso baino lehen, aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren aldetik. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Iruñeko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1906933