130. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

224/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasun eta/edo desgaitasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak aitortzen du norberak modu independentean eta komunitatean txertatua bizitzeko daukan eskubidea. Aitortzen du, halaber, zer garrantzizkoa den ingurune fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalerako, osasunerako, hezkuntzarako eta informazio eta komunikazioetarako irisgarritasuna edukitzea desgaitasuna duten pertsonek bizimodu independentea izateko, eta bizitzaren esparru guztietan aktiboki parte hartzeko. Izan ere, irisgarritasunik ez izatea traba da eskubide eta askatasun horietaz baliatzeko.

Ideia hau bera biltzen da Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legean, bai zioen azalpenean, bai bere artikulu guztietan.

Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren prestazioak eta arreta zerbitzuen katalogoa arautzen ditu, eta horien artean, 19. artikuluan, laguntza pertsonala.

Bere helburuen artean hauek daude:

–Erabiltzaileen autonomia pertsonala, autodeterminazioa eta erabakiak hartzeko gaitasuna erraztea.

–Lanaren, prestakuntzaren, kulturaren eta erkidegoko bizitzan parte-hartzearen esparruetako jardueretan laguntzea.

–Pertsonei beren etxeetan eta ohiko giroetan jarrai dezaten aukera ematea, egoitzetan sartu beharra saihesteko.

Horrez gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko 5/2006 Foru Legeak, abenduaren 14koak, gizarte zerbitzuen sistema publiko bat egituratu du, Nafarroako Foru Komunitateko biztanleriak gizarte zerbitzuetarako sarbidea izateko daukan eskubide unibertsala bermatzeko, gizarte ongizatea lortzeko funtsezko helburuarekin. Gizarte zerbitzu horien artean dago mendekotasun edo/eta desgaitasun egoera bat aitortua duten pertsonen arreta.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuari emandako idazketak bermatzen du mendekotasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntzarako prestazio ekonomikoa (I. eranskina, B.18 letra), eta handiagotu egiten du prestazioa, baina ez bermatu gisa, %65eko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta daukaten pertsonentzat (II. eranskina, C.12 letra).

Beraz, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren xedea da zeinahi gradutan mendekotasun egoera aitortua dutenen autonomia sustatzea. Helburua da laguntzaile pertsonal bat kontratatzea zenbait orduz, onuradunak eskurago izan ditzan hezkuntza eta lana, edo autonomia handiagoa ahalbidetzea eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan eta erkidegoan gizarteratzean eta parte hartzeko orduan.

Mendekotasun edo desgaitasun egoeran dauden pertsonentzat, bizitza proiektu independente bat gauzatzea kostu ekonomiko handia duen erronka bat da; horixe da, hain zuzen ere, foru agindu honen arrazoia: erronka horri erantzutea. Horregatik, foru aginduak handiagotu egiten ditu prestazioen zenbatekoak, egoitza batean sartu beharrean beren etxeetan bizi nahi dutenek eduki dezaten beren beharrak asetzeko estaldura handiagoa. Gainera, prestazio honen onuradunen artean sartzen dira %65eko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta daukaten pertsonak, nahiz eta kasu honetan ez den bermatzen.

Arauak emateko arrazoi teknikoengatik, egoki ikusi da beste foru agindu bat egitea, eta orain arte prestazio hau arautu duten arauak berariaz indargabetzea; izan ere, arau horiek zenbait aldaketa eduki dituzte, eta beste foru agindu bat egiteak argitasuna eta segurtasun juridikoa dakartza.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasun egoera bat aitortua duten edo desgaitasuna duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzea.

2. artikulua. Izaera.

Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa prestazio bermatua izanen da mendekotasun egoera bat aitortua daukaten pertsonentzat, eta prestazio ez bermatua izanen da %65eko desgaitasuna edo desgaitasun handiagoa daukaten pertsonentzat.

3. artikulua. Eskuratzeko baldintzak.

1. Gizarte Zerbitzuen Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan ezarritako betekizunez gain, foru agindu honen xede den prestazioa eskuratzeko, beste betekizun hauek ere bete beharko dira:

A) Mendekotasun egoera aitortua duten pertsonen kasuan:

a) Mendekotasun egoera aitortua izatea, edozein gradutakoa dela ere.

b) 3 urtetik gorakoa izatea.

c) Erabakitzeko edo autodeterminaziorako gaitasuna edukitzea zer zerbitzu nahi dituen adierazteko, beroriek kontrolatzeko eta behar diren jarraibideak emateko, berez edo legezko ordezkaritzaren bidez, erabakiak hartzeko laguntzaren bat behar baldin badu.

d) Bizimodu independente baterako proiektua aurkeztea, mendekotasuna duen pertsonari aukera emanen diona bizitza independentea izateko, eta norberaren garapenean, hezkuntzan, lanean, eta gizarte eta komunitate harremanetan lagunduko duten jarduerak egiteko. Bizimodu independenterako proiektua Bizimodu Independenterako Banakako Planean (BIBP) islatuko da, eta berori Bizimodu Independenterako Bulegoaren (BIB) bidez gauzatuko da.

e) Eskatzaileak beharrezkoa izatea laguntzaile pertsonal bat kontratatzea norberaren garapeneko, hezkuntzako, laneko, eta gizarte eta komunitate harremanetako jarduerak egiteko eta hainbat testuingurutan parte hartzeko, edo bere bizimodu independenterako proiektuan aurreikusitako beste laguntza batzuk behar izatea.

B) Desgaitasuna duten pertsonen kasuan:

a) %65eko desgaitasun aitortua izatea, edo handiagoa.

b) Aurreko A) letrako b), c), d) eta e) ataletako betekizunak betetzea.

2. Foru agindu honetan ezarritako prestazioak eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da artikulu honetako betekizunak betetzea prestazioa eskatzen den unean, eta bete beharko dira prestazioa jasotzen den aldi guztian.

4. artikulua. Bateragarritasunak.

Prestazio hau bateragarria da honako hauekin:

a) Egoitzan artatzeko zerbitzuarekin.

b) Eguneko arreta zerbitzuarekin.

c) Prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuekin.

d) Udalaren etxeko laguntza zerbitzuarekin.

5. artikulua. Laguntzaile pertsonalaren betekizunak eta funtzioak.

1. Laguntzaile pertsonalak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) 18 urtetik gorakoa izatea.

b) Ez edukitzea behean aipatzen diren loturetatik bakar bat ere prestazioaren onuradunarekin:

–Ezkontidea edo indarra duen zuzenbide zibilaren arloko legeriaren babesean eratutako izatezko bikotekide izatea.

–Hirugarren mailara arteko odol, ezkontza edo adopzio bidezko ahaide izatea.

–Mendekotasuna duenaren legezko tutore izatea.

–Mendekotasuna duenaren familiako harrera egile izatea, hura adingabekoa bada, edo mendekotasuna duen pertsonarekin adin-nagusitasunera iristearekin batera bukatu zen harrera bidezko lotura izan badu.

c) Indarreko legeriak eskatzen dituen prestakuntza-betekizunak egiaztatzea.

2. Oro har, erabiltzaileen beharren arabera, laguntzaile pertsonalaren funtzioak hauek izaten ahal dira:

a) Laguntzea arlo hauetan: higienea, elikadura, osasunaren zaintza eta autozaintzak.

b) Laguntzea etxeko lanetan.

c) Laguntzea joan-etorrietan.

d) Laguntzea komunikazioan.

e) Laguntzea lanaren testuinguruan.

f) Laguntzea lanbide heziketan.

g) Laguntzea goi mailako irakaskuntzan eta ikerketan.

h) Laguntzea kulturaren, aisiaren eta kirolaren testuinguruetan.

i) Laguntzea enplegagarritasuna hobetzeko jardueretan.

k) Laguntzea hiritartasunean eta komunitatean parte hartzean.

l) Laguntzea elkarrekin adostutako jarduera bereziak garatzen.

6. artikulua. Gaitasun ekonomikoa zehazteko arau orokorrak.

1. Prestazio ekonomiko honen onuradunen gaitasun ekonomikoa zehazteko, errentari eta ondareari erreparatuko zaie.

2. Gaitasun ekonomiko pertsonala zehazteko, familia kargak barne, pertsona fisikoen errentari eta ondareari buruzko zergen araudia aplikatuko da, foru agindu honetan adierazten denaren ordezko gisa.

3. Errentaren eta ondarearen zehaztapenean konputatu behar den aldia izanen da eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga pasatu den azken ekitaldi fiskala edo, halakorik ezean, azken pentsio aitortua.

4. Halaber, errentaren eta ondarearen zehaztapenean konputatuko dira mendekotasuna dutenentzako laguntzaren sistemako prestazioetarako eskaera aurkeztu aurreko lau urteetan onuradunak egindako ondare erabilpenak.

5. Familia-unitatea da:

a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

b) Bikote iraunkor batek (berariazko legeriaren arabera) eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, amak edo aitak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia-unitateko 18tik 25 urtera bitarteko seme-alabak sartuko dira, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta beren gurasoen mende bizi badira.

7. artikulua. Errentaren zehaztapena.

1. Laguntza hauen ondorioetarako, errentatzat hartuko dira familia-unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen sarrera guztiak:

a) Besteren konturako lanaren etekinak, aplikatzekoa den zerga araudian ezarritakoari jarraikiz, barnean direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

b) Ondasun higigarrien nahiz higiezinen kapitalaren etekinak.

c) Enpresa edo lanbide jardueretako etekin garbiak, edo nekazaritza eta abeltzaintza jardueretakoena.

2. Onuradunen diru-sarreretan ez da errenta gisa hartuko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 31. artikuluan agertu eta antzeko ezaugarriak eta xedeak dituzten prestazioen zenbatekoa.

3. Onuradunen errentaren zehaztapenean kontuan hartuko dira urtean ohiko etxebizitza erosteko maileguagatik edo ohiko bizilekua den etxebizitza alokatzeko kontratuagatik kengarriak diren kantitateak, araudi fiskal indardunaren baldintza berberetan.

8. artikulua. Ondarearen zehaztapena.

1. Onuradunaren ondaretzat jotzen da norberaren titulartasunpeko eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideen multzoa, horren balioa murrizten duten kargak eta zamak zein bere gain hartu beharreko zor eta betekizun pertsonalak kenduz, hala badagokio, aplikatzekoak izan daitezken zerga arauei jarraikiz.

2. Kontuan hartu beharreko ondarean sartzen dira kapital higigarria eta higiezina.

Kapital higiezintzat hartuko dira landa nahiz hiri ondasunak.

Kapital higigarriak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.

3. Ondarearen balioa kalkulatzeko, ondarearen gaineko zergarako ezarritako arauak hartuko dira kontuan.

Ondarearen balioa kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko onuradunaren ohiko etxebizitza.

Titularkideren bat bada, onuradunaren jabetzari dagokion portzentajea bakarrik hartuko da kontuan.

4. Ondarea zehazteko, ez dira kontuan hartuko Desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteko eta, xede berarekin, Kode Zibila, Prozedura Zibilari buruzko Legea eta tributu arloko araudia aldatzeko azaroaren 18ko 41/2003 Legean araututako ondare babestu batera ekarritako ondasun eta eskubideak, haren titularra onuraduna denean, lotura horrek irauten duen artean. Ondare horretatik sortutako errentak, aldiz, kontuan hartuko dira, ondarean sartu ezean.

5. Ondareari dagokionez, onuradunaren adina kontuan hartuko da.

9. artikulua. Gaitasun ekonomiko pertsonalaren zehaztapena.

1. Onuradunaren gaitasun ekonomikoa zehazteko, per capita errentari eta ondareari erreparatuko zaie.

2. Onuradunaren per capita errenta lortzeko, eragiketa hau eginen da: familia-unitatearen errenta zati kideen kopurua.

3. Onuradunaren gaitasun ekonomikoa haren per capita errentari dagokiona izanen da, gehi ondare garbiaren %5, onuraduna 65 urtetik gorakoa bada; %3, onuraduna 35 urtetik 65 urte bitartekoa bada; edo %1, onuraduna 35 urtetik beherakoa bada.

4. Hileko gaitasun ekonomikoa lortzeko, eragiketa hau eginen da: aurreko atalen arabera ezarritako gaitasun ekonomikoa zati 12 hilabete.

10. artikulua. Laguntza pertsonalaren prestazio ekonomikoaren gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak.

1. Hona, mendekotasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak:

MENDEKOTASUN EGOERA

GEHIENEKOA
(euro/hil)

GUTXIENEKOA
(euro/hil)

Mendekotasun handiko egoera

1.600,00

1.280,00

Mendekotasun larriko egoera

1.600,00

1.280,00

Mendekotasun moderatuko egoera

700,00

560,00

2. Hona, desgaitasuna duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak:

DESGAITASUNA

GEHIENEKOA
(euro/hil)

GUTXIENEKOA
(euro/hil)

%65etik gorako desgaitasuna

1.600,00

1.280,00

3. Zenbatekoak Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera handituz eguneratuko dira urtero.

11. artikulua. Prestazio ekonomikoa hilean zenbatekoa izanen den kalkulatzea.

1. Laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da eskatzailearen familia-unitatearen hileko per capita errenta (PCE) Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) arabera kontuan hartuz. Honako taula hauei jarraituko zaie:

TARTEAK

MURRIZTAPENAREN EHUNEKOA

IPREM halako 2 baino gutxiago

%0,00

IPREM halako 2 baino gehiagotik 3ra

%5,00

IPREM halako 3 baino gehiagotik 4ra

%10,00

IPREM halako 4 baino gehiagotik 5era

%15,00

5etik gora

%20,00

2. Emaitza horri kendu behar zaizkio antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten beste prestazio batzuen arabera gizarte babeseko edozein araubide publikotatik (PAN) jasotako hileko zenbatekoak, halakorik bada.

3. Prestazioa ez da inoiz izanen laguntzaile pertsonala kontratatzeko kostua baino handiagoa.

12. artikulua. Salbuespenak murriztapenen ehunekoak aplikatzean.

Mendekotasun handiko, mendekotasun larriko edo %65eko edo hortik gorako desgaitasun egoera aitortua daukaten pertsonek, hilabetean 150 orduko BIBPa edo gehiago daukatenek, zeinen laguntzaile pertsonalaren kontratazioak hilean 1.600 euro baino handiagoa baita, prestazioaren gehieneko zenbatekoa jasoko dute, beren gaitasun ekonomikoa edozein delarik ere.

13. artikulua. Laguntzaren onarpena eta ordainketa.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako prestazioa eskuratzeko prozedura otsailaren 15eko 1/2011 Foru Legean ezarritakoa izanen da; haren bidez, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezarri zen, eta Nafarroan mendetasun-egoera balioesteko ekipamenduak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezarri ziren.

2. Prestazioa jasotzeko eskubidearen aitorpenak ondorioak izanen ditu prestazio hori aitortzen duen ebazpena ematen den egunetik aurrera.

3. Dena dela, prestazioa hilero ordainduko da, onuradunak adierazten duen kontu korrontean edo aurrezki libretan sartuz.

14. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Hauek dira prestazioaren onuradunen betebeharrak:

a) Jasotako prestazio ekonomikoak zertarako diren, hartarakoxe erabiltzea.

b) Foru agindu honetan eskatzen diren betekizun eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea.

c) Onuradunak edo haren legezko ordezkariak, bakarka edo BIBaren bidez, prestazio ekonomikoa emateko ebazpenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean, honako hauek aurkeztu beharko ditu: lan kontratua eta langile kontratatuak Gizarte Segurantzan alta hartu izanaren agiria, edo, hala bada, zerbitzuak ematen dituen entitatearekin sinatutako kontratua. Halaber, epe berdinean, agiri horiek aurkeztuko ditu kontratuan aldaketaren bat egiten denean edo kontratu berri bat sinatzen denean.

d) Prestazioa emateko ebazpenaren jakinarazpenetik urtebeteko epean egindako eta ordaindutako gastua justifikatzea. Horretarako, gastu errealaren justifikazioa aurkeztu beharko du, oinarrizko gizarte zerbitzuen edo/eta osasun etxeen bidez, BIBaren bidez edo zuzenean PAGNAren erregistroan. Hauek dira gastu errealak: kontratatu diren langileen nominen ordainketak edo banku-transferentzien frogagiriak, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta, zerbitzua merkataritzako kontratuaren bidez ematen bada, ordaindutako fakturak. Pertsona edo enpresa bat baino gehiago kontratatzen badira, kostu erreala kalkulatuko da guztien kostuen batuketa eginda. Halaber, oporretan edo bajan daudenak aldi baterako ordezkatzeko kasuetan, kontuan hartuko dira ohiko kontratua duen pertsonaren kostu erreala, baita berori ordezkatzen duenarena ere.

e) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egin ditzakeen egiaztapenak onartzea, horretarako eskatzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztea eta laguntza emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen badira haien berri ematea.

e) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari jakinaraztea bestelako dirulaguntza, prestazio, diru-sarrera edo baliabiderik hartu ote den foru agindu honetan araututako izaera eta helburu antzekoetarako.

f) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari komunikatzea laguntza eta haren zenbatekoa ematea ekarri zuten baldintzetan gertatzen den edozein aldaketa. Komunikazio hori zuzenean egiten ahalko da, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez, edo BIBaren bidez.

2. Betebehar horiek ez-betetzeak edo aplikatu beharreko araudian eskatzen diren baldintzak bete gabe prestazioa jasotzea eragiten duen beste edozein arrazoi gertatzeak bidegabeki jaso diren kopuruak itzuli beharra ekarriko du, partez edo osorik, legeak aurreikusten dituen kasuetan. Bidezkoa izanen da, gainera, dagokion berandutze-interesa eskatzea, prestazioa ordaindu zen egunetik itzulketarako ebazpena egiten den egunera arte sortu dena, dagozkion legezko erantzukizunak galarazi gabe.

15. artikulua. Prestazioa berrikustea, aldatzea eta iraungitzea.

1. Prestazioa eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren edozein aldaketaren mendekoak izanen dira.

2. Berrikuspen prozedurari hasiera ematen ahalko zaio, bai interesdunek eskaturik bai ofizioz; horretarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu.

3. Prestazioa eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako prestazioa ere aldatzen ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungitzen ahalko da prestazioa, kasuan kasukoa.

4. Dirulaguntzak otsailaren 15eko 1/2011 Foru Legean ezarritako arrazoiengatik eta honako beste hauengatik iraungiko dira:

a) Haiek emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez edukitzea edo betetzetik gelditzea.

b) Foru Komunitatetik etenik gabeko hiru hilabete baino gehiagorako joatea.

c) Prestazioa eskuratzeko jokabide iruzurtia.

d) Prestazioa gaizki erabiltzea, dagokion helbururako ez baliatzeagatik.

e) Prestazioa jasotzeko eskubidea izateko oro har ezarritako edozein betebehar ez betetzea.

5. Prestazioa ez da amaituko onuraduna ospitaleratzeagatik.

6. Prestazioa iraungitzeko erabakiak ondorioak izanen ditu horretarako arrazoia gertatu eta hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik aurrera. Jakinarazpena atzeratzen bada, epe horretatik aurrera jasotzen duen dirua itzuli egin beharko da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Desgaitasuna dutenen laguntzaileentzako prestakuntza.

Desgaitasuna duen pertsonaren laguntzaile pertsonalari eskatzen zaion prestakuntza onuradunaren desgaitasunetik eratorritako behar berariazkoei egokitu beharko zaie. Egokitzapen hauek proposatzeko, aldez aurretik txosten teknikoa egin beharko da.

Xedapen iragankor bakarra.–Tramitatzen ari diren espedienteak.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean tramitatzen ari diren eskaerak bertan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak. Bereziki, Gizarte Politiketako kontseilariaren otsailaren 27ko 196/2013 Foru Agindua indargabetu egiten da. Foru agindu horrek mendekotasuna duten pertsonek laguntzaile pertsonala izateko dirulaguntzak arautzen ditu.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1907763