128. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Akordioa, Iruñeko Udalaren, haren erakunde autonomoen eta LAB, SPMP, UGT, SPPME, CCOO, AFAPNA eta Solidari sindikatuen artekoa, enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Hitzarmeneko lehen apartatuan aurreikusitakoa aplikatzeari buruzkoa

Tokiko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen, 2019ko maiatzaren 21ean:

“2018ko martxoaren 26ko “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eman zen argitara Estatuko Funtzio Publikoko Idazkaritzak 2018ko martxoaren 22an emandako Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baitzen enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko II. Hitzarmena, Gobernuaren eta sindikatuen artekoa. Aipatu Hitzarmenean sektore publikoaren zerbitzura dauden langileendako soldaten igoera finkoko esparru bat jasotzen da, urte anitzekoa, eta, horrez gain, ekonomiaren hazkundeari loturiko igoera aldakor gehigarrirako ehuneko bat, 2018-2020 aldirako benetako BPGren igoeraren arabera kalkulatutakoa.

Hori horrela, 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldietarako funts gehigarriak egotea aurreikusi da, eta horiek honako neurri hauetara bideratzen ahalko dira, besteak beste, betiere aurrez negoziazio kolektiboa egiten bada: produktibitatea edo eraginkortasuna hobetzeko plan edo proiektuak ezartzea, zeregin parekagarriak dituzten lanpostuen berariazko osagarriak berrikustea, destino-osagarriak homologatzea eta pentsio-planei ekarpena egitea.

Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langile funtzionario eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Nagusiak eta Iruñeko Udalaren langile lan-kontratudunen Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak batera egindako bilkuran, 2019ko maiatzaren 14an, Eranskin gisa atxikitako Akordioaren edukia onetsi zen, LAB, SPMP, SPPME, CCOO, UGT, AFAPNA eta Solidari erakunde sindikalen aldeko jarreraz eta ELA zein TALDE sindikatu-multzoaren abstentzioaz.

Horregatik guztiagatik, honako hau ERABAKITZEN DA:

1.–Berrestea Iruñeko Udalaren, haren erakunde autonomoen eta LAB, SPMP, UGT, SPPME, CCOO, AFAPNA eta Solidari sindikatuen artean erdietsitako akordioa, enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko II. Hitzarmeneko lehen apartatuan aurreikusitakoa aplikatzeaz bezainbatean.

2.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, jende orok horren berri izan dezan.

ERANSKINA

AKORDIOA, IRUÑEKO UDALAREN, HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ETA LAB, SPMP, UGT, SPPME, CCOO, AFAPNA ETA Solidari SINDIKATUEN ARTEKOA, ENPLEGU PUBLIKOA ETA LAN-BALDINTZAK HOBETZEKO 2018ko MARTXOAREN 9ko II. HITZARMENEKO LEHEN APARTATUAN AURREIKUSITAKOA APLIKATZEARI BURUZKOA

2018ko martxoaren 26ko “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eman zen argitara Estatuko Funtzio Publikoko Idazkaritzak 2018ko martxoaren 22an emandako Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baitzen enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko II. Hitzarmena, Gobernuaren eta sindikatuen artekoa. Aipatu Hitzarmenean sektore publikoaren zerbitzura dauden langileendako soldaten igoera finkoko esparru bat jasotzen da, urte anitzekoa, eta, horrez gain, ekonomiaren hazkundeari loturiko igoera aldakor gehigarrirako ehuneko bat, 2018-2020 aldirako benetako BPGren igoeraren arabera kalkulatutakoa.

Hori horrela, 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldietarako funts gehigarriak egotea aurreikusi da, eta horiek honako neurri hauetara bideratzen ahalko dira, besteak beste, betiere aurrez negoziazio kolektiboa egiten bada: produktibitatea edo eraginkortasuna hobetzeko plan edo proiektuak ezartzea, zeregin parekagarriak dituzten lanpostuen berariazko osagarriak berrikustea, destino-osagarriak homologatzea eta pentsio-planei ekarpena egitea. Aipatu Hitzarmenean aurreikusi da soldata-kostuen honako ehuneko hauek kontzeptu horietara bideratzea: 2018an, %0,20; 2019an, %0,25; eta 2020an, %0,30. Halaber, xedatu egin da kopuru horiek soldata-kostuen %0,30era bitarte iristen ahalko direla urte bakoitzeko, administrazio publikoek aurrekontu-superabita edukiz gero. Horrez gain, 2021ean soldata-kostuen %0,55eko igoera gehigarria egiteko aukera ere ezarri da, baldin eta 2020. urtean aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetzen badira (defizit publikoa).

2018ko aurrekontu-ekitaldiari dagokionez, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.2 artikuluak aurreikusten du soldata-kostuen %0,2ko igoera osagarria baimentzen ahalko dela produktibitatea edo eraginkortasuna hobetzeko plan edo proiektuak ezartzeko, zeregin parekagarriak dituzten lanpostuen berariazko osagarriak berrikusteko, destino-osagarriak homologatzeko eta pentsio-planei ekarpena egiteko, beste neurri batzuen artean; eta, orobat, 2017ko aurrekontu-ekitaldian aurrekontu superabita izan duten administrazio publikoen kasuan igoera osagarri horrek %0,30 jotzen ahalko duela.

Horri lotuta, Iruñeko Udalaren Kontu-hartzailetzak aurrekontu-egonkortasunaren helburuaren betetze-mailari buruz emandako txostenak, 2018ko apirilaren 27koak, berretsi egin du aurrekontu-superabitaren helburua bete dela aipatu ekitaldian.

Azaldutakoa oinarri hartuta, Akordio honen xedea da hainbat urtetarako zehaztea -2018-2021 aldirako- aurreko paragrafoetan zerrendatu diren igoeren banaketa; igoera horiek gauzatzeko Iruñeko Udalari eta haren erakunde autonomoei horretarako gaitasuna ematen dien legeetan txertatu beharko dira izenpetutako akordioan aintzat hartutako aurreikuspenak.

Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langile funtzionario eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Nagusiak eta Iruñeko Udalaren langile lan-kontratudunen Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak batera egindako bilkuran, 2019ko maiatzaren 14an, Akordio honen edukia onetsi zen, negoziazio-foroko parte-hartzaileen %89,13 ordezkatzen duten LAB, SPMP, SPPME, CCOO, UGT, AFAPMA eta Solidari erakunde sindikalen aldeko jarreraz, eta ELA zein TALDE sindikatu-multzoaren abstentzioaz.

1.–Aplikazioa-eremua.

Akordio hau Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileei aplikatuko zaie, akordioan bertan ezartzen diren baldintzekin bat.

2.–Indarraldia.

Akordioaren denbora-esparrua eta horretan aipatzen diren neurriak hainbat urtetarako dira, 2018 eta 2021. urteen arteko aldirako, hain zuzen, eta jasotako jarduketak aldi horretan zehar garatuko dira, akordio honetan ezarritako baldintzekin bat. Akordioaren edukiarekin bat hartutako konpromisoak oro gauzatzean unean-unean indarrean diren legeak errespetatu eta beteko dira beti.

3.–Xedea.

Akordio honen xedea da enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Hitzarmenean (BOEn 2018ko martxoaren 26an argitaratuan) ezarritakoa nola aplikatu zedarritzea, 2018, 2019 eta 2020. urteetarako aurreikusten diren funts gehigarriez bezainbatean, eta 2021eko ekitaldiaren soldata-kostuen %0,55ari dagokionez.

Adostutako neurriak hainbat urtetarako zedarritzen dira, hain zuzen, 2018 eta 2021 bitarteko aldirako.

I) 2019. Urtea

1. “Gizarte-langileen” eta “Adinekoekin gizarte esku-hartzerako teknikarien” kolektiboa.

“Gizarte-langileen” eta “Adinekoekin gizarte esku-hartzerako teknikarien” lanpostuen ordainsariak Iruñeko Udaleko eta haren organismo autonomoetako B mailaren/taldearen barruan %35eko lan bateraezintasuneko osagarria eta %6,73ko lanpostu-osagarria duten lanpostuei dagozkien ordainsariekin parekatzeko xedez, adosten da aipatu lanpostuen ordainsari osagarriak %7 igotzea, eta lanpostuak honako osaerarekin bat zedarritzea:

Bateraezintasuneko osagarria: %35,00.

Lanpostu-osagarria: %6,73.

2. Ordainsarien igoera “Familia-langileen” lanpostuei.

“Familia-langileen” lanpostuen ordainsariak Iruñeko Udaleko D mailaren/taldearen barruan %11,35eko lanpostu-osagarria duten Administrazio-lanpostuei dagozkien ordainsariekin parekatzeko prozesuari hasiera emateko xedez, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarriak %1 igotzea adosten da.

3. “Gizarte Enplegu Babestuko Ofizialaren” lanpostuetako ordainsarien igoera.

2007ko abenduaren 17an Osoko Bilkurak hartutako erabakia betetzen jarraitzeko xedez, hartan erabaki baitzen lanpostu-osagarria %35,00raino igotzea, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarria %3,50 igotzea adosten da.

4. “Gizarte Enplegu Babestuko Arduradunaren” lanpostuetako ordainsarien igoera.

2007ko abenduaren 17an Osoko Bilkurak hartutako erabakia betetzen jarraitzeko xedez, hartan erabaki baitzen lanpostu-osagarria %35,00raino igotzea, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarria %3,50 igotzea adosten da.

5. “Ingurumeneko Goi Mailako Teknikari” eta “Elikagai Industriako Goi Mailako Teknikari” lanpostuetako ordainsarien igoera.

“Ingurumeneko Goi Mailako Teknikari” eta “Elikagai Industriako Goi Mailako Teknikari” lanpostuen ordainsariak Iruñeko Udaleko C mailaren/taldearen barruan %22,52ko lanpostu-osagarria duten lanpostuei dagozkien ordainsariekin parekatzeko xedez, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarriak %11,00 igotzea adosten da.

6. “Haur Hezitzaileen” kolektiboa.

Haur Hezitzaileen lanpostuek Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren plantilla organikoan gaur egun ezarrita duten lanpostu-osagarria %2,5 igotzea adosten da, dagokien maila/taldeko oinarrizko soldataren gaineko %21,02raino.

7. “Sukaldarien” kolektiboa.

“Sukaldarien” lanpostuek -D maila/taldekoek- Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren plantilla organikoan gaur egun ezarrita duten lanpostu-osagarria %10 igotzea adosten da, dagokien maila/taldeko oinarrizko soldataren gaineko %40,35eraino.

8. Diru-saria jaiegunetan lan egiteagatik.

C, D eta E mailei/taldeei jaiegunetan lan egiteagatik ematen zaizkien diru-sarietarako egun indarrean dauden kopuruak handitzea adosten da, kontzeptu horrez bezainbatean mailen/taldeen artean dagoen aldea murrizteko xedez. Hori horrela, pixkanaka berdinduko dira, A eta B mailetakoek/taldeetakoek jasotzen dituzten kopuruetaraino. Izan ere, jaieguneko lanorduko, C mailakoek baino 0,69 euro gehiago jasotzen dute haiek, eta D eta E mailetakoek baino 1,44 euro gehiago.

Neurri hori betetzeak berekin dakar 2019an orduko 0,16 euroan handitzea C mailako/taldeko diru-saria, eta orduko 0,33 euroan handitzea D eta E mailetakoak/taldeetakoak.

Hala ere, apartatu honetan jasotako neurria gauzatzeko ezinbesteko baldintza izango da enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Hitzarmenean aurreikusitako betekizuna betetzea, 2019rako baimendutako soldata-kostuen %0,05ari dagokionez, Iruñeko Udalak aurrekontu-superabita izanez gero.

II) 2020. Urtea.

1. Ordainsarien igoera “Familia-langileen” lanpostuei.

2019an abiatutako prozesuari buru emateko xedez, “Familia-langileen” lanpostuen ordainsariak Iruñeko Udaleko D mailaren/taldearen barruan %11,35eko lanpostu-osagarria duten Administrazio-lanpostuei dagozkien ordainsariekin parekatzeari dagokionez, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarriak %2,00 igotzea adosten da.

2. “Gizarte Enplegu Babestuko Ofizialaren” lanpostuetako ordainsarien igoera.

2007ko abenduaren 17an Osoko Bilkurak hartutako erabakia gauzatutzat emateko xedez, hartan erabaki baitzen lanpostu-osagarria %35,00raino igotzea, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarria %7,55 igotzea adosten da.

3. “Gizarte Enplegu Babestuko Arduradunaren” lanpostuetako ordainsarien igoera.

2007ko abenduaren 17an Osoko Bilkurak hartutako erabakia gauzatutzat emateko xedez, hartan erabaki baitzen lanpostu-osagarria %35,00raino igotzea, aipatu lanpostuen lanpostu-osagarria %7,93 igotzea adosten da.

4. “Haur Hezitzaileen” kolektiboa.

Haur Hezitzaileen lanpostuek Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren plantilla organikoan gaur egun ezarrita duten lanpostu-osagarria %2,5 igotzea adosten da, dagokien maila/taldeko oinarrizko soldataren gaineko %23,52raino.

III) 2021. Urtea.

Baldin eta 2020. urtean aurrekontu-egonkortasunaren helburua (defizit publikoa) betetzen bada, enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Hitzarmenean aurreikusitako baldintzek ezarritako eran, %0,55eko igoera osagarria aurreikusten da 2021. urterako, 303.000,00 euroan aurreikusitako kopurua, alegia.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gertatzen bada, urte horretan jarraian aipatzen diren honako neurri hauek gauzatzea adosten da, aipatu kopuruaren eta kontzeptuaren kargura:

1. Antzinatasun-saria.

Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako zerbitzura dauden langile guztiendako bosturtekoaren kopurua pixkanaka handitzeko prozesua abiatzea adosten da, hura D mailari/taldeari dagokion oinarrizko soldatari lotze aldera, 2021ean egungo kopuruarekiko %2,75eko igoera eginez.

2. D mailari/taldeari lotutako familia-laguntza ordaintzea.

2021ean langile guztiei D mailako/taldeko oinarrizko soldatari dagokion familia-laguntza ordaintzea adosten da.

3. Diru-saria txandaka lan egiteagatik.

Txandakako lana egiteagatik indarreko arauetan aurreikusitako diru-saria parekatzea adosten da, halako moduan non langile guztiei kopuru bera ordainduko baitzaie, hots, A mailaren/taldearen oinarrizko soldatari dagokiona, bakoitzaren lanpostua zein mailakoa/taldekoa den gorabehera. Neurri honetatik kanpo geratzen dira kontzeptu honi lotutako ordainketarako berariazko araubidea indarrean duten kolektiboak.

4. Diru-saria jaiegunetan lan egiteagatik.

C, D eta E mailei/taldeei jaiegunetan lan egiteagatik ematen zaizkien diru-sarietarako egun indarrean dauden kopuruak handitzea adosten da, kontzeptu horrengatik A eta B mailek/taldeek jasotzen dituzten diru-sariekin parekatzeko xedez. Neurri hori gauzatzeak berekin dakar orduko 0,53 euroan handitzea C mailako/taldeko diru-saria, eta orduko 1,11 euroan handitzea D eta E mailetako/taldeetako diru-sariak.

Neurri hori gauzatzeko prozesua 2019an abiatuta egonez gero, urte horretako ekitaldian superabitaren menpe zeuden funtsetatik dagokion zatia bideratu delako jaiegunetan lan egiteagatik ematen den diru-saria handitzera, apartatu honetan aurreikusitako igoerak buru emango dio parekatze-prozesuari.

5. Diru-saria, gaueko lanagatik.

C, D eta E mailei/taldeei gaueko ordutegian lan egiteagatik ematen zaizkien diru-sarietarako egun indarrean dauden kopuruak handitzea adosten da, kontzeptu horrengatik A eta B mailek/taldeek jasotzen dituzten diru-sariekin parekatzeko xedez.

4.–Formalizatzea eta argitaratzea.

Akordio hau Tokiko Gobernu Batzarri helaraziko zaio, onets dezan.

Akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen da, jende orok horren berri izan dezan.

5.–Jarraipen batzordea, akordio honetan jasotako neurriak abiatzen direla zaintzeko.

Akordio hau betez, hura argitaratu eta 6 hilabeteko epean Batzorde parekide bat eratuko da, Iruñeko Udalaren eta akordioa sinatu duten erakundeen ordezkariez osatua, eta Akordioaren edukia interpretatzea, jarraitzea, zaintzea eta garatzea izango da haren zeregina.

Neurri hauek aplikatzearen ondorioz Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek aurreikusitakoa baino gastu orokor txikiagoa badute langileria arloari dagokionez, aldea ondorengo urteetarako aurreikusi diren neurrietara bideratuko da, edo neurri berriak abiatzera.”

Akordio honen kontra errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hortik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 21ean.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Maider Beloki Unzu.

Iragarkiaren kodea: L1908056