128. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

37/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena, 2019ko urriaren 1etik 31ra bitarte hasten diren ikastaroetarako. DDBN identifikazioa: 459870.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita beharrezkoa dela 2019ko urriaren 1etik 31ra bitarte hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskaraz jakiteko eskubidea, eta, horrez gain, ulertzen denez deialdi hau bat datorrela Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) helburuekin.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2019ko urriaren 1etik 31ra bitarte hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30001 B3100 4809 334100: (E) Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2019

74.853,34

B30001 B3100 4809 334100: (E) Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2020

75.000,00

Salbuespenez, deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, 2019ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen, 100.000 euroraino handitzen ahal izanen da, foru agindu bitartez, deialdi berria egin beharrik gabe, aurkeztutako eskaera kopuruak beharrezko egiten badu eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 25ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen
deialdiaren oinarri arautzaileak, 2019ko urriaren 1etik 31ra
bitarte hasten diren ikastaroetarako

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea da euskara ikasteko banakako laguntzak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatutako helduentzat.

Laguntzak emanen dira 2019ko urriaren 1etik 31ra bitarte hasten diren ikastaroengatik eginiko ordainketetarako. Ikastaroek, betiere, amaituta egon beharko dute 2020ko ekainaren 30ean.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze modalitateak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzakoak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateen ezaugarriak honako hauek izanen dira:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroak gutxienez 80 ordu, guztira.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzak gutxienez 80 eskola-ordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Berariazko ikastaroak, eta eskaeraren aniztasunari egokituak; betiere, aurrez aurrekoak eta 90 eskola-ordukoak baino gehiagokoak behar dute izan.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabeen kasuan, eskaera gurasoek eginen dute, edota adingabearen tutoretza duenak.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–2019ko urriaren 1etik 31ra bitarte hasten den ikastaroren batean izena emanda egotea, eta ordainketaren bat egin izana ikastaro horrengatik. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza izan behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Gutxienez eskolen %80 hartzea. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana. Eskolak hartu izana edo aprobetxamendua ikastaroa amaitzean egiaztatu beharko da.

3.2. Honakoak dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.–Aurrekontu erabilgarria eta dirulaguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetarako diru kopurua gehienez ere 149.853,34 eurokoa da, ezertan eragotzi gabe aurreikusitako handitzeak egiteko aukera; horietatik 74.853,34 euro 2019ko gastu-aurrekontuko B30001-B3100-4809-334100 partidaren kargura izanen dira (“Euskara ikasteko helduentzako laguntzak”), eta 75.000,00 euro, berriz, 2020ko ekitaldiko gastu-aurrekontuan gaitu litekeen antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da, ikastaro motaren eta ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegiak:

  • 80 eta 200 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte; horietatik, 50,00 euro 2019ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 50,00 euro, aldiz, 2020ko aurrekontuaren kontura.
  • 201 eta 270 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte; 85,00 euro 2019ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 90,00 euro, aldiz, 2020ko aurrekontuaren kontura.
  • 271 eta 400 ordu bitartekoak, 225,00 eurora arte; 110,00 euro 2019ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 115,00 euro, aldiz, 2020ko aurrekontuaren kontura.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

  • 100 eta 189 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte; 50,00 euro 2019ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 50,00 euro, aldiz, 2020ko aurrekontuaren kontura.
  • 190 eta 250 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte; 85,00 euro 2019ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 90,00 euro, aldiz, 2020ko aurrekontuaren kontura.

4.3. Behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da aurrekontuan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa; betiere, deialdiko baldintzak betetzen badira. Eskatutako dirulaguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa. Edonola ere, eskabidearekin batera aurkeztutako gastuak esleitutako dirulaguntzaren zenbateko osoa baino txikiagoak badira, eskatzaileak aukera izanen du diruz lagundutako ikastaroagatik geroago eginiko ordainketen egiaztagiriak ere aurkezteko. Egiaztagiri horiek aurkezteko epea 2020ko urriaren 15ean bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaera, ahal bada, webguneko inprimaki bat betez eginen da. Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8208/Euskara-ikasteko-helduentzako-bekak-2019ko-urriaren-1etik-31ra-bitarte-hasten-diren-ikastaroetarako

5.2. Aurreko puntuan aipatutako inprimaki telematikoa erabiltzen ez bada, eskaera Euskarabidearen Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, 1.a, 31003 Iruña) egin beharko da, eskabidea eta lortutako beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren araberakoa egindakoa, aurkeztuta gainerako agiriekin batera.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkien.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

–Webguneko inprimakia, edo, bestela, eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskaera batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Matrikula noiz egin zen edo izena noiz eman zen adierazten duen agiria.

–Dirulaguntzaren xedeko ikastaroari dagozkion ordainketak egin izanaren frogagiriak.

–Ikastegiak edo euskaltegiak luzatutako ziurtagiria, gutxienez ikastaroko eskolen %80 hartu duela adierazten duena. Ziurtagiria ikastaroa bukatzean aurkeztuko da, eta, betiere, 2020ko uztailaren 15a baino lehen. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Erroldatze-ziurtagiria. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek soilik erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urriaren 1ean hasi eta 31n amaituko da.

5.5. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio bost egun naturaleko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta laguntza emateko ebazpenean inguruabar hori adieraziko dela.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eginen du. Hark eginen du ebazpen proposamena, Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

6.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; Batzordearen kideak hauek izanen dira: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren titularra, batzordeburua izanen dena; Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua; eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onartutako eskaerak kontuan harturik, onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko horrek, betiere, doikuntzak izan ditzake, egiazko datuak baitira kontuan hartu beharrekoak, bai eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarritakoa ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo 5 egun baliodunetan.

6.4. Behin laguntzen deialdi hau ebatzita, egoki diren zenbatekoak ordainduko dira.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.3. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.4. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute dirulaguntza:

a) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskaera formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste dirulaguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste batzuekin. Ez dira bateragarriak izanen, ordea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu berarekin emandako dirulaguntzekin.

9.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskatzaileen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuan duen webgunean jarriko du laguntzak ematen dituen ebazpena; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1908756