127. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA

Ehiza eta arrantza barrutien aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen Batzar Orokorrak, 2017ko martxoaren 8ko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen ehiza eta arrantza barrutien aprobetxamendua arautzeko ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta epearen barnean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Tuteran, 2018ko urtarrilaren 8an.–Komunitateko burua, José María Agramonte Aguirre.

NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO EHIZA ETA ARRANTZA BARRUTIEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEKO ORDENANTZA. HASIERAKO ONESPENA

4. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honek arautzen du, batetik, Nafarroako Errege Bardearen lurraldean dauden ehiza eta arrantza barrutien aprobetxamenduak gauzatzeko baimenen araubidea, eta, bertzetik, aprobetxamendu horiei dagozkien kanonak.

Ordenantza hau ezarri da ondoko hauetan xedatzen denari jarraikiz: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea eta horiek garatzen dituzten erregelamenduzko xedapenak.

Onuradunak

2. artikulua.

1. Pertsona fisikoek, onuradunak izateko eta, beraz, ordenantza honek biltzen dituen aprobetxamenduak gauzatzeko, 17/2005 Foru Legeak ezarritakoa bete, eta Nafarroako Errege Bardeako Komunitateko buruaren eta/edo Batzorde Iraunkorraren baimena beharko dute ehiza eta arrantza aprobetxamendua egiteko Nafarroako Errege Bardearen lurraldean dauden ehiza eta arrantza barrutietan.

2. Ordenantza honen ondorioetarako, hona zein diren onuradunak: Bardeako Komunitatea osatzen duten entitateetako udaletan erroldatutako pertsona fisikoak, baldin eta modu iraunkorrean erroldatuak egon badira gutxienez eskaera-dataren aurreko hamar urtean.

Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak

3. artikulua.

Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

a) Lehen aldiz sartzen diren ehiztari eta arrantzaleak, 2.2 artikuluaren arabera: Gutxienez eskaera egin aurreko hamar urtean etengabe erroldatua egon izana erakusten duen errolda-agiria. Kasu horretan, eskaera eta agiria Komunitateko administrazio zerbitzuek aztertu eta ziurtatu ondoren, ordainketa gutuna emanen zaio, dagokion kuotarekin, eta, ordainketa gutunean berean ageri diren kontuetan ordaindu eta gero, onartutako bazkidearen txartela jarriko da haren eskuetan.

b) Baimena berritzen duten ehiztari eta arrantzaleak: Urtero, Komunitateak partzuer diren entitate eta udalei laguntza eskatuko die aurreko denboraldiko erroldan ageri diren ehiztari eta arrantzaleek bizilagun izaten eta erroldaturik egoten segitzen ote duten egiaztatzeko, eskakizun horiek betetzen dituzten pertsonek egiaztagiririk aurkeztu behar ez dezaten. Kasu honetan, ehiztariak/arrantzaleak ordainketa helbideratu ahal izanen du, Komunitateak dagokion ordainagiria igor dezan, eta, eragin guztietarako, banku-ordainagiria aski izanen da ordainketa egina dagoela frogatzeko.

Edozein unetan partzuer diren udaletako edo entitateetako bizilaguna izateko baldintzak betetzeari uzten dionak Komunitatea jakinean jarri beharko du berehala, eta pertsona horrek automatikoki galduko ditu bizilagun izateagatik dituen onurak.

Kanona

4. artikulua.

Honako honen arabera kalkulatuko da kanona:

a) “Baimena berritzen duten ehiztariak”, Komunitateak horretarako sortutako ehiztari erroldan aurreko denboraldian ageri direnak.

b) “Ehiztari berriak”, lehen aldiz sartu diren ehiztariak, baldin eta baimena edo gaitasun-agiria aurreko urtean lortu badute, edo Nafarroako Gobernuak edo bertzelako Administrazioek ehiza baimena eskuratzeko egindako azken azterketan.

c) “Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten ehiztariak”, aurreko urteetan ehizatzeko lizentzia edo baimena izanik, onuradun berri gisa sartzea eskatzen dutenak, baldin eta Bardeako barrutian ehiza baimena eskatu edo berritu ez bazuten.

d) “Baimena berritzen duten arrantzaleak”, Komunitateak horretarako sortutako arrantzale erroldan aurreko denboraldian ageri direnak.

e) “Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten arrantzaleak”, arrantzale erroldan aurreko denboraldian ageri ez direnak.

5. artikulua. Aplikatu beharreko kanona atxikitako eranskinean ageri da, eta Batzar Orokorrak eguneratu ahal izanen du ehiza eta arrantza denboraldi bakoitzean, edo Batzorde Iraunkorrak, hark horretarako eskuordetzen badu. Ordenantza honetan arautuak eta bilduak dauden hobariak aplikatuko zaizkio.

Kanonaren sortzapena eta diru-bilketa

6. artikulua. Komunitateak aurreikusita dagoen ehiza eta arrantza aprobetxamendua baimentzen duen unean sorraraziko da kanona.

Komunitateak igorritako ordainketa-gutunaren bidez ordainduko da kanona, eta han adierazten diren finantza entitateetan eginen da diru-sarrera. Ordainketa-gutun hori, finantza entitateak behar bezala izenpetu eta zigilatua edo mekanikoki balioztatua, ordainketaren urteko frogagiria izanen da. Aprobetxamendua gauzatzean, ehiztariak berekin izan beharko du frogagiria.

Erranak erran, Bardeako Komunitateak ordainagiriak igorri ahal izanen dizkie Komunitateko ehiza eta arrantza barrutiko kide diren eta ordainketak helbideratu dituzten ehiztariei eta arrantzaleei. Kasu horretan, finantza-entitateak emandako ordainagiriak frogatuko du denboraldia ordaindu dela. Ordaintzen ez bada, baja emanen zaio ehiztariari edo arrantzaleari ehiza eta/edo arrantza barrutian, ondorio guztietarako.

Baimena ordaindu ondotik, zenbatekoa ez da itzuliko inola ere.

Baimen bereziak

7. artikulua.

1. Ordenantza hauetako 2. eta 3. artikuluak betetzen ez dituzten pertsonek arrazoi bereziengatik eskuratzen ahal dute Komunitateko ehiza eta/edo arrantza barrutia erabiltzeko Batzorde Iraunkorraren baimena, hala nola: ehiza eta arrantza txapelketak, ehiza eta arrantza ekitaldiak eta zakur lehiaketak; eta aprobetxamendurako baimena emanen zaie jarduera jakin horietarako.

Kasu horietan ez da kanonik ordainduko eta Batzorde Iraunkorrak emandako baimenen erregistro bat eginen da.

Horrelako kasuetan, aprobetxamendurako baimen bereziak egunez egun emanen dira.

2. Komunitateko Buruak, interesdunak eskaria justifikatzen duten agiriak aurkeztu eta gero, mugikortasun urria dakartzaten desgaitasunek jotako bazkideei baimena ematen ahal die aprobetxamendurako nahitaezko aparkalekuak ez erabiltzeko. Halakoetan, nahi duen lekuan aparkatzeko aukera baimenduko da, betiere bidean egiten bada, inoiz ez baita baimenik emanen soroak eta landak gurutzatuz egiteko.

Kudeaketa arau orokorrak

8. artikulua. Aprobetxamendu horietako bakoitza antolatzeko planean jasoko da ehiztarien eta arrantzaleen gehieneko kopurua.

9. artikulua. Lau taldetan sailkatzen dira ehiza eta arrantza txartelen esleipen hartzaileak:

a) Baimena berritzen duten ehiztariak.

b) Ehiztari berriak.

c) Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten ehiztariak.

d) Baimena berritzen duten arrantzaleak.

e) Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten arrantzaleak.

Bardeako ehiza eta arrantza barrutietan sartzen den laguna han segitzeko asmoz sartzen dela joko da; hortaz, bertzerik gabe berrituko da urteko txartela hurrengo denboraldietan, baldin eta onuradunak espresuki uko egiten ez badio. Horrelakoetan, Komunitatea jakinean jarri beharko da, uztailean txartela berritu baino 15 egun lehenago gutxienez.

2. eta 3. artikuluak betetzen dituen eta ehiztaria edo arrantzalea den edozein bizilagunek urteko edozein unetan egiten ahal du eskaera barrutiko kide izateko, non eta ez den erdietsi aprobetxamendu horietako bakoitza antolatzeko planean ezarritako ehiztarien eta arrantzaleen gehieneko kopurua. Kasu horretan, denboraldi osoko kuota ordaindu beharko da.

10. artikulua. Aprobetxamenduak gauzatzeko eta erabiltzeko moduak.

1.–Ehiza: ehiza xeheko denboraldia.

Ehiza xeheko modalitateak eta horien antolamendua arautzeko jarraituko zaie ehiza antolatzeko planari, une bakoitzean indarrean diren foru aginduei eta ehizaren alorreko foru arauei.

Batzorde Iraunkorrak Komunitateko biologoaren txostena eta Bardeako Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkarteak (ASCAPEBAR) aurkeztutako proposamena aztertu, eta horren arabera ezarriko du ehizarako egun baliodunak biltzen dituen denboraldiko egutegia; han adieraziko da zer ehiza espezie harrapatzen ahal diren, ehiztari bakoitzak egunean zer kupo duen, zer ordutan erabiltzen ahal den aprobetxamendua, eta erreserba- eta aparkatze-eremuak zein diren; horrez gain, praktika egokia izan dadin beharrezkoa den bertze edozein arau ere hor bilduko da; akordio hori webgunean argitaratuko da hilabete lehenago, gutxi gorabehera.

2.–Ehiza: Ehiza larriko denboraldia:

Ehiza larriko modalitateak eta haren antolamendua arautzeko, Bardeako Barrutiako Ehiza Antolatzeko Planak eta une bakoitzean indarrean dauden debekualdiei buruzko Foru Aginduek ezarritakoa hartuko da aintzat, eta beti bete beharko da ehizari buruzko foru araudia, uxaldi edo ehizaldi antolatuen modalitateetarako, Batzorde Iraunkorrak urtero hura garatzeko onesten dituen garapen-arauekin bat etorriz: uxaldi guneak antolatzeko; taldeko kideen zerrenda, egunak, gutxieneko taldekide kopurua eta eremuak aurkezteko, eta espezieak eta kupoak zehazteko. Horretarako, kontuan hartuko da Komunitateko biologoaren txostena eta Bardeako Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkarteak (ASCAPEBAR) aurkezten duen proposamena, halakorik bada.

Osatzen dituzten bazkideen zerrenda aurkeztu beharko dute taldeek, kirol ehizarako gaitasuna frogatzen duen dokumentazioarekin batera (bakoitzaren izena, deiturak eta NANa adierazita), eta taldeko arduradun bat izendatuko da, eta haren telefono zenbakia eta posta elektronikoa adieraziko dira. Batzorde Iraunkorrak zehazten duen epean eginen da hori dena, daten eta eremuen zozketa egin ahl izateko aurkeztu direnen eta, hala dagokionean, Batzorde Iraunkorrak onartutakoen artean.

3.–Ehiza: Baimen bereziak, basurdeen kalteak kontrolatzeko:

Komunitatearen Batzorde Iraunkorrak espezie horiek kontrolatzeko neurri bereziak hartuko ditu; betiere, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarekin adostuta, eta ehiza espezieen kudeaketa egokia eginez eta espezieen biodibertsitatea nahiz horien arteko oreka egokia zainduz.

4.–Arrantza: Arrantza denboraldi orokorra:

Bardeako arrantza barrutiaren aprobetxamendua Komunitatearen Arrantza Planak ezarritakoaren arabera gauzatuko da, Nafarroako Gobernuak urtero ezartzen duen foru araudia betez eta Batzorde Iraunkorrak urtero ordenantza hau garatzeko onesten dituen erregelamenduekin bat etorriz. Garatzeko araudi hori Komunitatearen webgunean argitaratuko da.

Arrantza gaur den egunean baimendutako urmael eta urtegietan eginen da (El Ferial urtegia eta La Cruceta eta La Alegría idoiak, Ejea de Los Caballeroseko errepidea, Camino de San Antón eta Punta del Olmo) eta, baimen daitezkeen bertze batzuetan; Batzorde Iraunkorrak urte bakoitzerako onetsiko ditu egunak, espezieak, kupoak, arrantza modalitateak, aparailu erabilgarriak, beitak eta abar, aintzat hartu eta geroa Komunitatearen biologoaren txostena eta Bardeako Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkarteak (ASCAPEBAR) aurkezten duen proposamena, halakorik bada.

11. artikulua. Ehizan eta arrantzan aritu ahal izateko baimenak pertsonalak izanen dira eta, beraz, eskualdaezinak; beraz, baimenaren titularrak bakarrik erabiltzen ahalko ditu.

12. artikulua. Baimenaren eskaerari isilbidez erantzunez gero, ezezteko ebazpentzat jo beharko da.

13. artikulua. Legez baimendutako sasoietan baizik ez da inor aritzen ahalko ehizan edo arrantzan Komunitatearen ehiza eta arrantza barrutietan, baimenduta dauden espezieak harrapatzeko eta ehizari buruzko legeetan eta erregelamenduan ezarritako mugen barrenean.

14. artikulua. Komunitateak berea du eskubidea epe eta egun baliodunak aldatzeko, inguruabarrek horretarako bidea emanez gero. Horretarako, eta Komunitatearen biologoaren txostena eta Bardeako Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkartearen proposamena aintzat hartu eta gero, Batzorde Iraunkorrak eta, kasu berezietan, Komunitateko buruak aprobetxamendu horiek aldatu edo bertan behera uzteko erabakia hartuko du.

15. artikulua. Ehiztari eta/edo arrantzale guztiak daude behartuta indarra duen legeriak ezartzen dituen betebeharrak betetzera eta, berariaz, honako hauek:

–Nafarroako Foru Komunitateko ehiza eta/edo arrantza lizentzia indarrean izatea.

–Dagokion ehiza eta/edo arrantza aprobetxamenduaren kanona Komunitateari ordaintzea.

–Komunitateak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztea, eskatzailea kirol ehizan edo arrantzan aritzeko legez gaituta dagoela egiaztatzeko.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko agintariekin elkarlanean aritzeko behar dituen datuak eskaintzea Komunitateari (17/2005 Foru Legearen 20. artikulua).

–Ehizan edo arrantzan ikusitako edozein anomaliaren berri ematea Komunitateari; bereziki, ezkutuko ehiza eta arrantza, ehizarako eta arrantzarako teknika baimendu gabeen erabilera edo debekualdian aritzea ehizan edo arrantzan.

–Dokumentazioa eta ordainketa-gutuna eskatzen zaizkion unean erakustea.

–Indarra duen araudia betetzea eta ehizak eta/edo arrantzak ondasunetan eta pertsonengan eragindako kalteen erantzukizuna bere gain hartzea.

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Ehiza arloko legerian daude jasota arau-hausteak (17/2005 Foru Legea, 48/2007 Foru Dekretua eta horien aldaketak).

Gainera, bertzeak bertze, honako hauek ordenantza honen aurka egindako arau-hausteak dira:

–Arau-hauste arina:

  • Ehizan edo arrantzan aritzea kanona ordaindu gabe.
  • Ezarritako lekuetatik kanpo aparkatzea.
  • Beharrezkoa den lekuetan ikusgaitasuneko txalekorik gabe ehizan aritzea.
  • Munizioa erabili eta gero, haren kartutxoak eta zorroak ez biltzea eta ehiza lekuan bertan uztea.
  • Baimenduta ez dauden lekuetan zakurrak larreratzea.
  • Barrutiaren eguneroko ixte ordutegiaren ondotik ehizan edo arrantzan aritzea.
  • Ibilgailuetan su armak zorrotik kanpo eta/edo muntatuta eramatea, kargatuta nahiz deskargatuta.
  • Aprobetxamenduan ari bitartean banku-ziurtagiria edo ordainketa-gutuna berekin ez eramatea.

–Arau-hauste larria:

  • Ehiza-barrutiko mugarriak aldatzea, hesolak mugituz, kenduz edo berriak ezarriz.
  • Ehiza antolatzeko planean zehaztutako mugak ez errespetatzea ehiza aprobetxamendu desberdinetan. Erreserba eremuetan ehizan aritzea.
  • Gehieneko harrapaketa kopurua ez errespetatzea.
  • Baimenduta ez dauden apeuak edo bitartekoak erabiliz ehizan aritzea.

–Arau-hauste oso larria:

–Nekazaritza lursailetan eta/edo azpiegituretan kalteak sortzea ehizan ari den bitartean.

Ondotik adierazten dira ordenantza honetako arauak hausteagatik ezarriko diren zehapenak, dagozkien zehapen espedienteak eginik dagokien tipifikazioaren arabera:

–Arau-hauste arinagatiko zehapena: 750 euro gehienez.

–Arau-hauste larriagatiko zehapena: 751 eta 1.500 euro bitarte.

–Arau-hauste oso larriagatiko zehapena: 1.501 eta 3.000 euro bitarte.

Aurreko atalean ezarritakoaz gain, zehapenei dagokienez, ordenantza honetan edo aplikatu beharreko foru araudian ezarritako baldintzak ez betetzeagatik arau-hauste oso larria egin duen ehiztari edo arrantzaleak ehizan eta arrantzan aritzeko eskubidea galduko du zehapen-ebazpena eman eta bide administratiboa agortzen den denboraldian.

Halaber, arau-hausteak inguruneari edo Entitateari kalteak ekarri badizkio, arau-hausleak ordainduko ditu kalteak moldatzeko sortu diren gastuak.

Honako hau da da zehapenak ezartzeko organo eskuduna:

–Arau-hauste arinak: Ehiza eta arrantza arloaren ardura duen batzordekidea.

–Arau-hauste larriak: Komunitateko burua.

–Arau-hauste oso larriak: Batzorde Iraunkorra.

17. artikulua. Zehapen espedientea abiatuta, ustezko arau-hausleak jakinarazi zaion zehapenaren %50eko murrizketa izanen du, baldin eta murriztutako zenbateko hori ordaindu eta gertaerak onartzen baditu bere burua defendatzeko alegazioak eta/edo errekurtsoak aurkezteari uko eginez espedientea abiatu izanaren jakinarazpenean berean eman zaion epean. Kasu horretan, espedientea artxibatu eginen da, izapide gehiagorik gabe.

Aipatutako murrizketak ez du kaltearen leheneratzean eraginik izanen, eta hura eskatu, eta erabat ordaindu eta likidatu eginen da.

Halaber, arau-hausleak murrizketa horri helduz gero, eta baldin eta zehapenak ehiza edo arrantza denboraldia bertan behera uztea ekartzen badu, lehen aldiz sartzeko eskatzen duten ehiztari edo arrantzaleen kuota ordaindu beharko du denboraldi horretan ehizan eta arrantzan aritu ahal izateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira xedapen honetan ezarritakoarekin bat ez datozen aurreko ordenantza guztiak.

I. ERANSKINA

2017ko denboraldiko kanona

A) Baimena berritzen duten ehiztariak: 50 euro.

B) Ehiztari berriak: 50 euro.

C) Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten ehiztariak: 230 euro.

D) Baimena berritzen duten arrantzaleak: 15 euro.

E) Lehen aldiz sartzeko eskatzen duten arrantzaleak: 15 euro.

Iragarkiaren kodea: L1906919