125. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren deialdia.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen helburuak garatzeko, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko tresnan onartutako konpromisoak betez, foru agindu honek Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoa sustatu nahi du.

Euskarabidearen zereginetako bat da euskararen terminologiaren esparruan jardutea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan ere, bat etorriz abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuak ezarritakoarekin, zeinak onesten baititu aipatu erakunde autonomoaren estatutuak.

Deialdi honen bidez, lehiaketa deitzen da Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoko proiektuak sustatzeko.

Proiektu horiek bat etorriko dira Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) bildutako ekintzekin, eta haien helburu berariazkoa izanen da euskararen ospea eta erakargarritasuna sustatzea, gizartearen balio positiboekin lotuz orain eta betiko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren deialdia onestea.

2. Lehiaketaren oinarri arautzaileak onestea, zeinei jarraikiz emanen baitira sariak. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Lehiaketa antolatzeak dakartzan kostuei aurre egiteko, guztira 8.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Ikerketa linguistikoko lehiaketak eta sariketak” izeneko B30002 B3200 4809 334100 partidaren kargura. Ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, bai eta Euskarabideko Programen Bulegora ere.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen 2019ko lehiaketa

1.–Xedea.

Lehiaketa honen xedea dira Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoak, batez ere terminologiaren eta toponimiaren arlokoak, ikerketa lan horien hedapena sustatzeko.

Argitaragabeko lanak izan behar dira eta gaztelaniaz zein euskaraz idatziak izan daitezke.

2.–Parte-hartzaileak.

Lehiaketa honetan bakarka parte har daiteke, edo talde-lanean (koordinatzaile bat ordezkari dela).

Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan erroldaturik egotea.

b) Eguneraturik izatea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari ordaindu beharrekoak.

c) Ikerketa lana liburu formatuan argitaratzea 2020ko apirilaren 30a baino lehen; han Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, laguntzaile gisa. Liburuaren bi kopia emanen zaizkio Euskarabideari.

3.–Sariak.

Ikerketa linguistikoko sariek bi modalitate izanen dituzte:

–Terminologiako modalitatea: Nafarroako euskararen terminologiari buruzko lanak.

–Toponimiako modalitatea: Nafarroako toponimiari buruzko lanak.

Modalitate bakoitzean puntuazio handiena lortzen duten lanak izanen dira irabazleak, eta 4.000 euro jasoko ditu bakoitzak. Sariak hutsik geratu daitezke baldin eta ikerketaren kalitatea nahikoa ez bada. Gertatzen bada modalitateren bat hutsik geratzen dela eskatzailerik ez dagoelako edo ikerketaren kalitatea nahikoa ez delako, beste modalitateko bi lan saritzen ahalko dira.

Sariei aplikatzen zaien zerga-araudia betez, dagokien atxikipena eginen zaie.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Hautagaitzak Euskarabidearen Erregistroan aurkeztuko dira (Yanguas y Miranda kalea 27, 1.a, 31003 Iruña), edo Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da. Horrez gain, eskabide-orria aurkeztu beharko da, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa, eta ikerketa lanaren testua paperean edo PDF formatuan.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urriaren 31ra artekoa izanen da.

4.3. Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren testuak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Dokumentazioa.

5.1. Eskabidearekin batera (II. eranskina), agiri hauek aurkeztuko dira:

–Erroldatze agiria.

–Foru Ogasunarekiko betebeharrak eguneraturik izatearen ziurtagiria.

–Ikerketaren egileen curriculum vitae-a, haien dedikazioa zehaztuta eta haiek sinatutako onespena duela.

–Egindako ikerketa lana, bai eta azalpen txosten bat ere ikerketaren arlo bakoitzari buruz (metodologia, erabilitako bitartekoak, iturriak...).

–Proiektua argitaratzeko konpromisoa. Argitaletxearekin proiektua argitaratzeko sinatu den kontratua aurkeztu beharko da.

5.2. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Interesdunek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman dutela ulertuko da, ez badute prozeduran aurkakotasun espresa adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresa adierazi beharra.

6.–Aurkezten diren lanen balorazioa eta epaimahaia.

6.1. Aurkezten diren lanak balioesteko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Teknikari bat Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzukoa, epaimahaiaren erabakiak jasoko dituena eta ahotsa izanen duena, baina botorik ez.

–Mikel Belasko Ortega, toponimiaren arloan ospe handiko pertsona dena eta Euskararen Nafar Kontseiluko kidea, edo hura ordezten duena.

–Paskual Rekalde Irigoien, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko kidea, edo hura ordezten duena.

6.2. Aurkezten diren lanen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a ikerketa jarduerari dagokionez: prestakuntza, argitalpenak, proiektuetan parte hartzea, egindako ponentziak, etab.: 25 puntu gehienez.

b) Proiektuaren interesa eta kalitatea: 50 puntu gehienez, honela banatuta:

–Gaiaren egoeraren araberako interesa: 10 puntu.

–Helburuak: 5 puntu.

–Erabilitako metodologia: 20 puntu.

–Erabilitako bitartekoak: 5 puntu.

–Ikerketaren iturriak: 10 puntu.

c) Lanaren lehentasunezko ildoak: argitaratu gabeko artxiboak eta dokumentu iturriak, Nafarroan kokatuak: 25 puntu gehienez.

Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak bi irabazle hautatuko ditu, eta lehiaketa eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren testuen kalitatea eta gaia ez badira lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Euskarabideak bere web-orrian eta bere sare sozialetan jakinaraziko du epaimahaiaren erabakia.

Halaber, Euskarabideak beretzat gordetzen du oinarri hauek aldatzeko eskubidea.

7.–Egile eskubideak.

Lanaren jabetza intelektuala lanaren egileari dagokio.

Euskarabideak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide moralak errespetatuko ditu.

Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen dute haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.

Aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak gordeko dituzte ikerketa lanen egileek. Edonola ere, baimena emanen dute libreki, eta kontraprestaziorik gabe, aurkeztutako ikerketa lanak erabiltzeko erreproduzituak eta zabalduak izan daitezen euskarri digitalean, osorik edo partzialki, Nafarroako toponimia eta terminologia sustatzeko helburuarekin, lehiaketa honen xedea izaki.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Eskaeran emandako datuak tratatzeko, bai eta saria jasoz gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

Parte-hartzaile interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka jotzeko osorik edo partzialki, Euskarabideara joanda (Yanguas y Miranda kalea, 27, Iruña). Prozedura honen oinarria da deialdian parte hartzen dutenek bere borondatez ematen duten baimena.

Euskarabideak baimena du parte-hartzaileen izen-abizenak eta irudia erabiltzeko eta argitaratzeko bere web-orrian, bere sare sozialetan eta proiektua zabaltzeko erabilitako edozein hedabideetan jartzeko helburuarekin, ordainetan inongo kontraprestaziorik eman behar izan gabe eta erabilera hori egiteko denborazko eperik gabe.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1907554