124. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 12an hartua, “Beriaingo Bosquecillo kaleko 4. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” aurrera eramatean ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Beriaingo Udalak sustatu du.

Beriaingo Bosquecillo kaleko 4. zenbakian dagoen eraikineko jabeen erkidegoko administrazioak eskatuta, eta Beriaingo Udalak 2018ko azaroaren 5eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, hasiera batean onetsi zen “Beriaingo Bosquecillo kaleko 4. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, bai eta planak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Erabaki hori 2018ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 4koan, eman zen argitara, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietan ere.

Jendaurreko epea amaitu da, eta ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Beriaingo Udalak 2019ko otsailaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen “Beriaingo Bosquecillo kaleko 4. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, bai eta aipatu plan bereziak ukitutako titular, ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda ere, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren. 2019ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 28koa.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidegoen onurarako, betiere haien helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Beriaingo Udalak aurkeztutako espedientean jasota dago Udaleko kontu-hartzailearen ziurtagiria, adierazten duena badela aurrekontu zuzkiduradun partida bat dagokion balio justua ordaintzeko desjabetze prozesuak ukitutako katastro-lurzatiaren titularrari.

Horrenbestez, Beriaingo Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua ordaintzeko behar adina kreditu badagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. “Beriaingo Bosquecillo kaleko 4. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Beriaingo Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Beriaingo Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1908037