124. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

616/2019 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, “Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” gauzatzeko “de minimis” araubideko laguntzetarako oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dira, 2019ko ekitaldikoak. DDBN identifikazioa: 459870.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektutarako laguntzaren helburua da lankidetza proiektuetarako motibazioa piztea eta, horien bidez, irabazi-asmorik gabeko ekonomia sozialeko entitateek gidatuta, ekonomia zirkularrerako aukera berriak garatzea landa ingurunean eta nekazaritzaren sektorean, Nafarroako Ekonomia Sozialerako 2017-2020 aldirako Plan Integralarekin bat.

Laguntza honek “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honen bidez “Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” izeneko “de minimis” araubideko laguntzetarako deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dira, 2019ko ekitaldirako, Nafarroan.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” gauzatzeko “de minimis” araubideko laguntzetarako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. “Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” gauzatzeko laguntzetarako 2019ko deialdia onestea.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 80.000,00 euroko gastua baimentzea Nafarroako Gobernuaren 2019ko Gastuen Aurrekontu Orokorren kargura, zehazki “(E) Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” izeneko 2019 720007 71720 4819 412105 gastuen partidaren kargura.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute honen kontra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko ekainaren 4an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuak” gauzatzeko laguntzak (de minimis araubidekoak) emateko

1. oinarria.–Xedea, definizioa eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da arautzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren laguntzak, landa ingurunean lankidetza proiektuak gauzatzeko xedea dutenak; nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta/edo basogintzarekin lotutako proiektuak izanen dira, eta, horien bidez, irabazi-asmorik gabeko ekonomia sozialeko entitateek gidatuta, ekonomia zirkularrerako aukera berriak garatzea Nafarroako landa ingurunean eta nekazaritzaren sektorean.

2. Ulertzen da lankidetza proiektua dela irabazi-asmorik gabeko ekonomia sozialeko entitate batek gidatzen duena, beste entitate batzuekin elkarlanean, landa ingurunean eta lehen sektorean ekonomia zirkularra garatzeko, Nafarroako Ekonomia Sozialerako 2017-2020 aldirako Plan Integralarekin bat.

3. Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen dira laguntza hauek. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

2. oinarria.–Lurralde eremua.

Nafarroan egiten diren jarduketak izanen dira diruz lagungarriak.

3. oinarria.–Aurreikusitako ekintza motak.

Helburu hauek lortzen laguntzen duten lankidetza proiektuak izanen dira diruz lagungarriak:

a) Nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietako hondakinen kudeaketa hobetzea.

b) Lehen sektoreko produktoreen lehiakortasuna hobetzea, produktoreak nekazaritzako elikagaien katean txertatuz, kalitate araubideen, tokiko merkatuetako promozioaren eta banaketa zirkuitu txikien bitartez.

c) Nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta/edo basogintzarekin lotura duten ekosistemak hobetzea jarduketa hauen bidez:

I.–Biodibertsitatea lehengoratu, zaindu eta hobetzea, baita natur balio handiko nekazaritza sistemak eta Europako paisaien egoera ere.

II.–Uraren kudeaketa hobetzea, ongarrien eta pestiziden kudeaketa barne.

III.–Lurzoruen higadurari aurrea hartzea eta horien kudeaketa hobetzea.

d) Nekazaritza arloan uraren eta/edo energiaren erabilera efizienteagoa izan dadila lortzea.

e) Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak.

f) Berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren emisioak murriztea nekazaritzaren sektorean.

g) Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritzan eta abeltzaintzan.

4. oinarria.–Laguntzen xede diren entitateak.

Laguntza hauek jaso ditzakete ekonomia sozialeko entitateek, Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko definizioen arabera, baldin eta ETEak (enpresa txiki eta ertainak) badira, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

5. oinarria.–Laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Laguntzen araubide honetan sartzeko, eskatzaileek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Irabazi-asmorik gabeko ekonomia sozialeko entitatea izatea.

c) Xede sozialen artean, lotura izatea nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzarekin.

d) Lankidetza proiektuan parte hartzen duten gainerako entitateekin batera, kontratu bat, hitzarmen bat, lankidetza-hitzarmen bat edo intentzio gutun bat aurkeztea. Parte-hartzaile guztiek sinatuko dute eta, gutxienez ere, eduki hauek izanen ditu zehaztuta: idatzizko konpromisoa, arduradunen izen eta helbideekin; proiektuaren koordinatzaile eta eskatzailearen identifikazioa; gauzatu beharreko proiektuaren helburuak; gauzatuko diren ekintzak; parte-hartzaile bakoitzaren zeregina; eskubideak eta betebeharrak; kronograma, ekintzen eta gastu motaren araberakoa; onuradun izan daitezkeen entitateak eta espero diren emaitzak.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

g) Laguntzaren xede izanen diren jarduketak hasi gabe egotea eskaera aurkezten denean.

h) Laguntza eskaera aurkezten den unean, azken hiru zergaldietan jasotako dirulaguntzen berri ematea, de minimis araubidea bete den egiaztatzeko.

2. Gauzatu beharreko proiektuari dagokionez, honako betebehar hauek bete beharko dira:

a) 3. oinarrian zehaztutako helburuetako baten alde egitea.

b) Lankidetza proiektua diseinatzea eta laguntzaren xede den jarduera betetzea Nafarroako esparruan.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan (www.navarra.es) laguntza hauen fitxan dagoen eredu normalizatuaren araberakoa. Gutxienez ere, honako hauek jaso beharko ditu:

  • a.–Proiektuaren deskribapena.
  • b.–Proiektuan parte hartuko duen lantaldearen osaera.
  • c.–Proiektuaren ezaugarriak:
  • Helburuak.
  • Egin beharreko ekintzak eta egutegia.
  • Enpresa plana eta/edo aurrekontua.
  • Jarraipenaren deskribapena.
  • Zabalkunde plana.
  • Emaitzak eta eragina.

6. oinarria.–Konpromisoak eta betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztea dirulaguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

b) Proiektua gauzatzea aplikatzen ahal zaizkion arauekin bat, batez ere, honako arlo hauen gaineko arauei jarraikiz: gastuetarako dirulaguntzak emateko aukerak, bateraezintasuna, estatuko laguntzak, kontratazio publikoa, publizitatea, ingurumenaren babesa eta aukera-berdintasuna.

c) Proiektua laguntza onartzeko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea.

d) Laguntzak jasotzeko ordainketak eta gastuak justifikatzea laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan, eta behar diren agiriak gutxienez bost urtez gordetzea, baita agiri elektronikoak ere.

e) Kostuen moderazioaren gainean ezarritakoa betetzea, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

f) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.

g) Bidezkoa denean, dirulaguntzaren kobrantza erregistratzea kontabilitatean edo erregistro liburuan, Nafarroako Gobernuaren partaidetza adierazita.

h) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiten dituen kontrol eta egiaztapenak onartzea.

i) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari ematea ebaluaziorako eta jarraipenerako adierazleak prestatzeko behar diren datuak.

j) Proiektuaren emaitzen zabalkundea egitea informazioa eta publizitatea sartuz beraien web orrian. Zabalkunde eta publizitateko jarduketetan, aldizkari, informazio buletin eta webetan argitaratutako artikulu eta erreportajeen kopietan, bai eta formazio, aurkezpen, argitalpen eta horrekin lotutako gainerako ekitaldietan, berariaz agertaraziko da Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua entitate babeslea dela.

7. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Kostu diruz lagungarrien tipologia hau da:

a) Proiektua koordinatzen duen eta Nafarroan lantokia duen entitatearen langile gastuak, laguntza eskatzen duen unetik aurrera.

Gehienez ere 39,14 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Proiektuan benetan emandako orduen kopurua langileen arduradunak ziurtatu beharko du.

b) Ekipamenduko ondasunen zuzkidura: proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren makinen eta ekipamenduen alokairua.

c) Dauden egiturak eta ekipamendua egokitzea edo hobetzea, proiekturako beharrezkoa dela behar bezala justifikatuta.

d) Zabalkundeko materialak, jardunaldiak, topaketak eta hedapen gastuak.

e) Laguntza teknikoa: proiektuan parte hartzen duten entitateei kanpoko beste batzuek emandako laguntzaren gastua. Ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.

2. Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Oinarrizko edo funtsezko ikerketaren kostua.

b) Amortizazioa edo erabilera.

c) Lurren eta higiezinen erosketa eta eskurapen horiekin lotutako gastuak.

d) Ordezpenerako bakarrik diren inbertsioen kostua.

e) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

f) BEZa eta/edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzearen gastuak, ez eta zorren interesak eta eskualdaketenak ere.

g) Bidaia, dieta eta kilometraje gastuak.

h) Gastu orokorrak eta industria mozkina.

i) Eskura egindako ordainketak.

j) Laguntza-eskaera agintaritza eskudunaren aurrean aurkeztu aurretik egindako gastuak.

k) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozen gastuak.

8. oinarria.–Kanpoko laguntzak eta entitateen arteko loturak.

1. Ez da onartuko proiektuan parte hartzen duten entitateen enpresa talde berekoak diren edo horrekin elkartuak dauden enpresa edo sozietateek emandako kanpoko laguntza. Ondorio horietarako ez dira onartuko hitzarmen akordioan parte hartzen duten entitateek elkarri egindako fakturak.

2. Enpresak “elkartutako enpresa” izanen dira baldin Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako erlazioetako bat bada. Mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruzkoa da 2003/361/EE Gomendioa.

3. Kanpoko kolaborazioaren gastuak inolaz ere ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.

9. oinarria.–Laguntza/dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema.

1. Laguntza hauek kapitaleko dirulaguntza zuzenak dira eta haien zenbatekoa kalkulatuko da diruz laguntzen ahal diren kostuei %90eko laguntza-intentsitatea edo portzentajea aplikatuta.

2. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 80.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.

3. “De minimis” araubidea betetzen dela egiaztatuko da, hau da, enpresa bakar bati emandako laguntza ez dela 200.000 eurotik gorakoa hiru zergalditan zehar. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

10. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta hautatzeko irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen da laguntza hau, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuko dira (gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira):

HAUTATZEKO IRIZPIDEA

BAREMAZIOA

Deialdiko hurrenkera / Izena

Deskribapena

Puntuazioa, gehienez ere

Kalkulua edo graduazioa

1. Proiektu mota¹

Nekazaritzako produkzioaren hondakin plastikoen kudeaketa hobetzeari buruzko proiektua

20

-

Hondakin zoosanitarioen kudeaketa hobetzeari buruzko proiektua

10

-

Hurbileko merkatu eta merkatu espezializatu berriak bilatzeari buruzko proiektua

4

-

Nekazaritzan energia berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak erabiltzeari buruzko proiektua

4

-

Gai hauetako bati buruzko proiektua:

–Nekazaritzarekin lotutako ekosistemak lehengoratzea

–Nekazaritzan energiaren, uraren eta intsumoen kudeaketa hobetzea

–Berotegiko efektuko gasen emisioak murriztea

–Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan

2

-

2. Proiektuaren eragina

Proiektua gauzatzen parte-hartze aktiboa dute eraldaketarako nekazaritza-sozietateek edo nekazaritza kooperatibek edo laneratze zentroek

30

–Parte hartzen duen nekazaritza edo abeltzaintza kooperatiba bakoitzeko: 5 puntu.

–Parte hartzen duen laneratze zentro bakoitzeko: 5 puntu

Parte hartzen duten entitateetako batek gutxienez bazkideen %25 baino gehiago ditu kalitate ziurtagiriei atxikirik (produkzio ekologikoa kenduta)

5

-

Parte hartzen dute entitateetako batek gutxienez bazkideen %10 baino gehiago ditu beraien produktuetako batean ziurtagiri ekologikoa dutenak, CPAENen datuen arabera

5

-

Parte hartzen duten entitateetako batek gutxienez bazkideen %25 baino gehiago ditu nekazari profesionalen katalogoan sartuta, REANen datuen arabera

5

-

Erabilitako bitartekoen zabalkunde eta ebaluaziorako planaren estaldura

12

–Proiektuaren emaitzak sare sozialetan argitara ematea planteatzen da: 4 puntu

–Gutxienez ere, proiektuaren emaitzen zabalkundea egiteko jardunaldi bat planteatzen da: 8 puntu

3. Aukera berdintasuna: emakumeak eta gizonak

Gutxienez ere emakumeen %25eko presentzia entitate eskatzailearen gobernu organoetan

1

-

4. Aukera berdintasuna: gazteak

Gutxienez ere gazteen (40 urte gehienez) %25eko presentzia entitate eskatzailearen gobernu organoetan

1

-

5. Aukera berdintasuna: desgaitasuna dutenak

Gutxienez ere desgaitasuna duten pertsonek %25eko presentzia izatea entitate eskatzailearen langileen plantillan (abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera)

1

-

(1) Baremazioaren ondorioetarako, laguntza eskabidean adierazitako helburu nagusia besterik ez da hartuko kontuan.

3. Entitate eskatzaileak adierazi beharko du, berariaz, zer hautapen irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiela aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean irizpideak betetzeari dagokionez, edo, behar denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzeari dagokionez.

4. Entitate eskatzaileak eskatutako hautapen irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada.

5. Laguntza hartu ahal izateko, gutxienez ere 25 puntu lortu beharko dira. Hortik beherako puntuazioa lortzen duten eskaerak ezetsi eginen dira.

6. Berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen du hautaketa irizpideetan puntuazio handiena lortu duenak oinarri honen 2. puntuan ezarritako ordenaren arabera. Hala ere berdintasunak segitzen badu, lehentasuna izanen du inbertsio diruz lagungarriaren tamaina handiena duen proiektuak.

7. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken entitate eskatzaileak, aurrekontuko zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berretsiz gero, entitate onuradunak hartu gabe duen laguntzaren zatia jaso dezake, betiere laguntza jaso duten beste proiektu batzuek gastu txikiagoak izan badituzte, organo emaileak emandako laguntza aurretik aldatuta.

8. Ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren gainerako eskaerak.

11. oinarria.–Laguntza-eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (www.navarra.es), eredu normalizatuen arabera. Tramitea egiteko, entitate eskatzailea egiaz bera dela egiaztatu behar da, bere ziurtagiri digitalaren bidez edo IFZ+PINa erabilita.

Eskabideak aurkeztutzat joko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan erregistratzen direnean, eta sarrera-idazpenetan datu hauek jasota daudenean: sarrera-erregistroko zenbakia eta aurkezpeneko data eta ordua.

3. Eskabideari eransten zaizkion dokumentuak eskaneatuta aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta, eta jatorrizkoen kopia zehatzak izanen dira:

a) Entitate koordinatzaileari eta eskatzaileari dagokienez:

I.–Laguntza-eskabidea.

II.–IFZ.

III.–Estatutuak eta eraketaren eskriturak

IV.–Laguntza eskatzeko entitateak hartu duen akordioa.

V.–Enpresa Txiki edo Ertaina izatearen deklarazioa.

VI.–De minimis adierazpena.

VIII.–EJZaren ordainketan egunean egotearen ziurtagiria.

VIII.–Proiektua eskatzen duen entitateari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

IX.–Gobernu organoaren ziurtagiria, eta plantilla atxikia:

  • 1.–Emakumeak egotea gobernu organoan.
  • 2.–Gazteak egotea (40 urte edo gutxiago) gobernu organoan.
  • 3.–Desgaitasuna duten pertsonak egotea plantillan (abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera).

b) Parte-hartzaile bakoitzari dagokionez:

I.–IFZ.

II.–Estatutuak eta eraketa eskriturak.

III.–Bazkide kopuruaren ziurtagiria (puntuak dituen entitate parte-hartzailearentzat):

  • 1.–Nekazari profesionalak.
  • 2.–Nafarroako kalitate ziurtapenei atxikiak.
  • 3.–Operadore ekologikoak.

c) Proiektuari dagokionez:

I.–Parte hartzen duten entitateen arteko kontratua, hitzarmena, lankidetza hitzarmena edo intentzio gutuna, bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua, 5. oinarriarekin bat.

II.–Deskripzio-memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.

III.–Proiektu teknikoa edo memoria baloratua, egoki bada.

IV.–Lizentziak eta baimenak, edo horiek eskatu izanaren agiriak.

V.–Egoki bada, proiektuak ukituko dituen esparruetako erakunde eskudunen txostena.

VI.–Gauzatu beharreko kostuen proformako fakturak.

4. Inola ere ezin izanen da zuzendu honako hauen gabezia: deskripzio-memoria, lankide diren entitateen arteko lankidetza hitzarmena edo intentzio gutuna, edo proiektuaren aurrekontua, laguntza eskabidean exijitzen baitira. Halakoetan, laguntza eskabidea ez da onartuko.

5. Entitate eskatzaileren batek Landa Aniztasunerako Atalari baimenik ematen ez badio eskabide-orrian adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak direnak egiaztatzeko Nafarroako Gobernuko edo beste Administrazio Publiko batzuetako organoen bitartez, behar den dokumentazioa erantsi beharko du.

12. oinarria.–Instrukzio organoa.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Aniztasunerako Atalari dagokio.

13. oinarria.–Laguntza eskaerak egiaztatu eta balidatzea.

1. Landa Aniztasunerako Atalak laguntza-eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Akatsen bat baldin badago, entitate eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez 10 egun naturaleko epean, jaso eta hurrengo egunetik hasita, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, behar diren kontrolak eginen dira, eskatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatzearren.

3. Landa Aniztasunerako Atalak baloratuko du proiektuaren egokitasuna, hala alderdi teknikoari nola finantzarioari dagokienez, proiektuari dirulaguntza ematearen ondorioetarako, eta espedientea behar bezala tramitatzeko egoki iruditzen zaion edozein azalpen edo dokumentazio eskatzen ahalko du.

4. Laguntza eman baino lehen, entitate onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi zergalditan eta unean uneko zergaldian jasotako “de minimis” araubideko gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Laguntza emanen da behin frogatu ondoren onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zergaldiko epean eta 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

14. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Dirulaguntzak onartzerakoan printzipio ekonomikoarekin bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen du proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten.

2. Kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, entitate eskatzaileak hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztu beharko ditu gutxienez, zenbateko hauek gainditzen direnean:

–30.000 euro, obrak gauzatzeko kostuen kasuan, edo

–12.000 euro, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan, edo

–12.000 euro, aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituzten zerbitzuen kasuan.

Zenbatekoa diruz lagungarria izanen du ikuspuntu ekonomikotik onuragarriena den proposamenari dagokiona. Eskaintzak hornitzaile independenteek eginak izan beharko dira, eta proiektu baten gainean prestatuko aurrekontuekin edo proformako fakturekin justifikatuko dira.

Gastuen ezaugarri bereziak direla-eta ezinezkoa baldin bada xedeko lana edo hornidura egiten duten enpresak aurkitzea, entitate eskatzaileak memoria bat aurkeztu beharko du eskaintza bakarra dagoela justifikatzeko, eta ebaluazio batzordeak txosten bat eginen du azaltzeko ebaluazioa nola egin den eta zein aurrekontu onartu duen: aurkeztutakoa edo beste aurrekontu alternatibo bat. Batzorde hori Landa Aniztasunerako Ataleko lantalde teknikoko hiru pertsonak osatuko dute.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, bai eta entitate eskatzaileak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta ere.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, entitate eskatzaileak dagozkion agiriak erantsi beharko ditu (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.), legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta. Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

5. Entitate eskatzailea administrazio publiko bat baldin bada, edo baliokidea, kostuen moderazioa bermatuko da Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 2/2018 Foru Legea betez. Laguntza eskaeran eta gastua justifikatzeko orduan, erantzule juridikoaren txosten bat aurkeztuko da, kontratazio publikoaren araudia bete dela adierazteko, honako hauek aipatuta: aplikatutako prozedura, prozeduraren justifikazioa, argitalpenaren inguruko datuak eta, halakorik bada, kontratua formalizatzeko agiria eta behin betiko adjudikazioa egiteko aintzat hartutako proposamenak.

15. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Eskaerak balidatu eta ebaluatu ondoren, haien lehentasun ordena ezarriko da 10. oinarrian ezarritako hautaketa irizpideen arabera.

Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, non jasoko baita pertsona/entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Ordainketa bakar batean emanen dira dirulaguntzak, 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

3. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpenean, gutxienez, datu hauek agertuko dira: laguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda, adierazita, gutxienez ere, laguntzaren zenbatekoa, proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak eta laguntza finantzatzeko funtsen jatorria. Hala behar denean, gainerako eskaeren ezespena ere espresuki adieraziko da, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak.

16. oinarria.–Laguntzen onuradun diren entitateen gardentasun betebeharrak.

1. 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluaren c) letrak ezartzen duenez, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuek gardentasun betebeharra dute bi inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa bere urteko sarreren %20 baino handiagoa izatea, betiere gutxienez 5.000 euro egiten badu.

2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu burutua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Gardentasun betebeharra duten dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azkeneko urteko kontuen kopia bat.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, Landa Aniztasunerako Atalari zuzenduta. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da.

5. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

6. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

7. Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketak.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektuak, betiere laguntza eskabidea egin ondoren. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Landa Aniztasunerako Atalari.

2. Laguntza eskabidean izandako xehetasun maila bera izanen dute proiektuaren aldaketek, eta, betiere, justifikatu egin beharko dira aldaketaren arrazoiak eta laguntzarekin onartutako baldintzak betetzeko ezintasuna. Honako hauen aldaketak eska daitezke:

a) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Ez da beharrezkoa izanen aldaketa eskatzea baldin eta %10 baino gehiago igotzen ez bada gastu diruz lagungarrien tipologia bakoitzean, betiere beste gastu batzuk jaitsiz konpentsatzen bada, laguntzaren zenbateko osoa gainditzen ez bada eta oinarri hauetan ezarritako mugak errespetatzen badira. Dena dela, entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu aldaketa horiek justifikazio agiriak aurkezten dituenean.

b) Proiektuan parte hartzen duten entitateenak, haietako batek proiektua utzi eta beste batek ordezten badu.

3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, eta, betiere, laguntzaren xede den exekuziorako epea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

4. Ez da inola ere baimenduko laguntzak lortzeko proiektuari emandako puntuazioa kentzea ekartzen duen aldaketarik. Hasieran emandako laguntza ez da handituko.

18. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Ordainketa bakoitzari dagokion laguntza jasotzeko, entitate onuradunek ordainketa-eskaera aurkeztu beharko dute, behar den dokumentazioarekin batera.

2. 2019ko urriaren 1ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko, baita diruz lagundu beharreko ekintzen justifikazioa aurkezteko ere.

3. Ordainketa-eskaera aurkezten ez bada laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean, ondorioztatuko da berariaz uko egiten diola emandako laguntzari, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidezko diren erantzukizunak.

4. Ordainketa-eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Egindako ekintzen fakturak edo frogatarako balio bera duten agiriak, eta ordaindu izanaren egiaztagiriak, hots, bankuko laburpenak.

c) Proiektuaren emaitzak zabaldu direla justifikatzen duten agiriak.

d) Proiektuari egotzitako langile tekniko propioen kontratuak eta nominak, ordaindu izanaren frogagiriekin batera.

e) TC1 eta TC2 agiriak, ordainketa agiriak gehituta.

f) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa.

g) Langileriaren arduradunaren ziurtagiria, proiektuari atxikitako langileen zerrenda eta proiektuari emandako orduak adierazten dituena.

h) Proiektuari egotzitako langile teknikoen lan agiriak, langileak eta arduradunak sinatuak.

i) Diruz lagundutako beste proiektu batzuetan langile berekiek egindako orduengatik jaso edo onartu diren laguntzen aitorpena.

Entitate eskatzaileren batek Landa Aniztasunerako Atalari baimenik ematen ez badio ordainketa-eskaeran adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak direnak egiaztatzeko Nafarroako Gobernuko edo beste Administrazio Publiko batzuetako organoen bitartez, behar den dokumentazioa erantsi beharko du.

5. Inbertsio edo gastu bat diruz lagungarria izanen da kasu hauetan:

a) Faktura edo balio bera duen beste frogagiri bat dagoenean;

b) sartutako kontzeptuak materialki gauzatu direnean;

c) eta ordainketa, bankuko agiriaren bidez frogatua, ordainketarako eskaera baino lehenago egin denean.

6. Faktura guztiak eta ordainketa egiaztatzeko banku-agiri guztiak gastu hautagarria sor dezakeen entitate onuradunen izenean agertuko dira, eta bertan dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak baizik ez da jasoko.

7. Landa Aniztasunerako Atalak espedientea behar bezala tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.

19. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Laguntza hau ez zaio metatuko estatuko beste ezein laguntzari baldin eta bien baturak gainditzen badu kategorien araberako salbuespen erregelamendu batek edo Europar Batasunak hartutako erabaki batek ezarritako tamaina edo zenbatekoa.

2. Onartutako laguntzaren zenbatekoa, bakarka edo beste batzuekin batera, ezin da inola ere izan egin beharreko ekintzaren kostuarena baino handiagoa.

20. oinarria.–Murrizketak eta zehapenak ordainketetan.

1. Onartutako gastuaren eta justifikatutako zenbatekoaren artean alderik baldin bada:

a) Emandako laguntzaren zenbatekoaren %30etik %60ra bitartekoa bada, ordaindu beharreko dirulaguntza doituko da benetan gauzatu den proiektu zatiaren zenbatekoaren arabera, %25eko murrizketa aplikatuta, betiere proiektuaren xedea eta hedadura aldatzen ez badira.

b) %30etik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

2. Aurreko zehapenak ez dira aplikatuko baldin eta entitate onuradunak froga badezake ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

21. oinarria.–Laguntza ordaintzeko ebazpena.

1. Landa Aniztasunerako Atalak proposatuko du dirulaguntza ordainketa bakarrean ematea, behin organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren laguntzaren onuraduna den entitateak betetzen dituela dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasunaz informatzeko betebeharra.

2. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak ordainketaren ebazpena emanen du. Ebazpen hori arrazoitua izanen da, eta laguntza hartuko duten entitateak jasoko dira bertan. Administrazio egintza hori entitate onuradunari igorriko zaio, eta, bidezkoa bada, laguntzaren ordainketa haren banku-kontuan eginen da.

22. oinarria.–Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Ezarritako konpromiso eta betebeharrak betetzen ez badira, laguntza egokitu edo itzuli beharko da. Ez-betetzea nolakoa den, laguntza honenbeste murriztu edo itzuli beharko da:

a) Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkezten ez bada diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean: %100.

b) Proiektua gauzatzen ez bada Europar Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudiaren arabera: %100.

c) Proiektua gauzatzen ez bada laguntza onartzeko ebazpenean ezarritako epean: %100.

d) Kostuen moderazioari buruz ezarritakoa betetzen ez bada: horrek eragindako kostuei dagokien laguntzaren %100.

e) Kudeaketa agintaritzak egiten dituen kontrolak onartzen ez badira: %100.

f) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira: %10.

2. Egiaztatzen bada entitate onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, emandako laguntza bertan behera utziko da eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna laguntzatik bazterturik geldituko da, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean dagoen arauditik datozenak.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauetako bat gertatzen denean, ez da ondorioztatuko konpromisoak ez direla bete:

a) Hondamendi natural larria.

b) Jardueraren eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, nahigabekoa.

c) Enpresa osoa edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

4. Proiektuaren entitate onuradunak edo haren kausadunak ezinbesteko kasuen edo salbuespenezko inguruabarren idatzizko jakinarazpena egin beharko du, behar diren frogagiriak erantsita.

23. oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Entitate onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak itzuli beharko dituzte, aurreko oinarrian aurreikusitakoaren arabera, bai eta egoki diren berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Arau-hausteen eta zehapenen araubidea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

24. oinarria.–Publizitatea.

1. Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, landa inguruneko lankidetza sozialeko proiektuei dagokien fitxan (minimis araubidea).

2. Entitateek 6.j) oinarrian ezarritakoaren arabera eginen dute diruz lagundutako ekintzen publizitatea.

Iragarkiaren kodea: F1907880