124. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

117E/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2019-2020 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2019-2020 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak proposaturik, eta Ehizako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Nafarroan 2019-2020 kanpainako ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea da foru agindu honen xedea.

2. artikulua. Ehizaldiak.

Foru agindu honek, oro har, ehiza barrutietarako ehizaldiak finkatzen ditu; horrek, dena dela, ez du zertan eraginik izan Ehiza Antolatzeko planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen ondoriozko ehiza modalitate berriek Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak egon beharko dute, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimenduak izan.

3. artikulua. Eskualdeak.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen marra; izan ere, foru dekretu horrek Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen.

II. KAPITULUA

Ehiza-espezieak eta izurri diren espezieak

4. artikulua. Ehizatzen ahal diren espezieak eta izurri espezieak.

1. Ehizatzen ahal diren espezieak.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoak dira 2019-2020 denboraldian ehizatzeko Nafarroan baimentzen diren espezieak; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

2. Izurri diren espezieak:

Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak uztailaren 20an emandako 351/2010 Foru Aginduan sartutako espezieak harrapatzen ahal dira, ehizarako baimendutako denboran jakina, foru agindu honen mugen barrenean.

III. KAPITULUA

Ehiza garaiak

5. artikulua. Ehiza garaiak eta ehiza egunak.

1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehiza garaiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat zenbait udalerrik osatua baldin bada, haietako bateko jairen bat hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haren berri eman, baldin eta egun hori ehiza denboraldiko lehenbizikoa bada.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Almanakatik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

6. artikulua. Basurdea.

1. Baimena ematen da basurdea ehizatzeko, 2019ko abuztuaren 15etik 2020ko otsailaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, eskopetaz eta erriflez uxaldietan eta mendi-ehizan, eskopetaz gaueko zelata-ehizan, eta arkuz uxaldietan, mendi-ehizan, bakarkako zelata-ehizan, zelata-ehizan eta gaueko zelata-ehizan.

2. 2020ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra egun guztietan ehizatzen ahalko da basurdea eskopetaz eta erriflez zelata-ehizan eta gaueko zelata-ehizan, eta arkuaz bakarkako zelata-ehizan, zelata-ehizan eta gaueko zelata-ehizan. Atal honi dagozkion modalitateetan jarduteko eskualdeko Basozaintzari abisatu behar zaio 48 ordu lehenago.

3. Gaueko zelata-ehizan, segurtasun arrazoiak direla eta, baimena ematen da su-armari lotutako linternak erabiltzeko, tiroa egin edo gezia bota aurre-aurreko unerako bakarrik. Gaueko zelata-ehiza Ehiza Antolatzeko Planean baimendutako postuetan egin beharko da, su-armaz zein arkuz egin.

4. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxalditan ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

7. artikulua. Orkatza.

1. Orkatza uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2019ko irailaren 1etik 2020ko otsailaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Epe horretan berean baimenduta dago zelata-ehizan eta bakarkako zelata-ehizan jardutea asteko egun guztietan. Horretarako, 24 ordu lehenago abisatu behar zaio eskualdeko Basozaintzari, erabiliko den besokoaren zenbakia adieraziz. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizazaina duten barrutiak, zaindari horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu zelata-ehizan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako zigilu zenbakien eguneroko kontrola. Ehiza Antolatzeko Planean zehaztuko dira kupoak.

Erabilitako besokoen gordekinak, baita eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, 2020ko martxoaren 16a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.

2. 2020ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte, egunero ehizatzen ahalko dira, bakarkako zelata-ehizan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barrenean sartutako orkatz arrak. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio eskualdeko Basozaintzari; orobat, erabiliko den besokoaren zenbakia ere adieraziko zaio. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizazaina duten barrutiak, zaindari horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu zelata-ehizan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako zigilu zenbakien eguneroko kontrola. Erabilitako besokoen gordekinak eta besoko erabili gabeak ere 2020ko irailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

8. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da orein arrak zelata-ehizan ehizatzeko 2019ko irailaren 15etik urriaren 6ra arte, egunero, Ehiza Antolatzeko Planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die eskualdeko Basozaintzari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari eta Foruzaingoko Babes Ekologikorako Patruilari, ehizazainaren izena eta bi abizenak adierazita.

2. 2019ko urriaren 12tik 2020ko urtarrilaren 30era arte uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planak ezarritako kopurua betiere.

3. 2020ko martxoaren 16a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

9. artikulua. Adarzabala.

Baimena ematen da adarzabala ehizatzeko 2019ko urriaren 12tik 2020ko otsailaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Adarzabala ehiza larriaren uxaldietan baizik ezin izanen da harrapatu.

10. artikulua. Azeria.

Baimena ematen da azeria ehizatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:

a) Bakarkako jauzi-ehiza: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, debekualdi erdian, eta 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

Untxia epe orokorretik kanpo ehizatzeko baimena dagoen barrutietan, azeria ere harrapatzen ahalko da, bakarkako jauzi-ehizan, untxia harrapatzeko baimendutako egun eta toki beretan.

b) Uxaldiko eta taldeko modalitateak: 2019ko irailaren 1etik 2020ko otsailaren 29ra arte harrapatzen ahalko da azeria modalitate horietan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehiza larriaren uxaldietan baizik ezin izanen zaio balaz tiro egin. Azeria ez besterik harrapatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro, eta parte hartzen duten ehiztariek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.

c) Zelata-ehiza: 2019ko azaroaren 1etik 2020ko otsailaren 29ra arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.

d) Bakarkako zelata-ehiza: 2020ko apirilaren 1etik 2020ko uztailaren 31ra arte ehizatzen ahalko da modalitate honetan, epe berean orkatza ehizatzeko diren baldintza beretan.

11. artikulua. Eperra.

1. Eperra ehizatzeko baimena ematen da 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan. Horiez gain, barrutiak 2019an ugalketarako eperren kopuru nahikoa izan badu –Ehiza Antolatzeko Planean ezarritako ahalmenaren %50 edo gehiago, alegia– ehizatzen ahalko da 3 egun gehiagoz, gehienez ere, barrutiko. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan beranduenez.

2. Ehiztariak gehienez bi eper harrapatzen ahalko ditu egunean. Eperra ehizatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

3. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.

4. Larreratzeko baimena ematen da 2019ko urriaren larunbat eta igandeetan, gehienez ere 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

12. artikulua. Erbi iberiarra.

1. Baimena ematen da erbi iberiarra harrapatzeko 2019ko azaroaren 1etik abenduaren 29ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Gehienez ere bi ehiza egun izanen dira barrutiko. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan beranduenez.

2. Eskopetaz harrapatzen denean, bakarkako jauzi-ehizan, gehienez erbi bat ehizatzen ahal da, eguneko eta ehiztariko. Uxalditan, gehienez bi erbi ehizatzen ahal dira, ehiztari taldeko. Erbia ehizatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

3. Xarlangoz egindako erbi ehiza (eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango askerekin pertsonako edo taldeko, beste bi xarlango loturekin eta arrasto-txakurrekin), epe horren barrenean, larunbatetan ere egiten ahal da, goian adierazitako egunetan ez ezik. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.

5. Larreratzeko baimena ematen da 2019ko urriaren larunbat eta igandeetan, gehienez ere 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

13. artikulua. Erbi europarra.

1. Baimena ematen da erbi europarra harrapatzeko 2019ko azaroaren 1etik abenduaren 29ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Uxalditan, taldeak gehienez ere 6 ehiztarikoak izanen dira. Ehiza egunen kopurua ale kopururaren arabera egokituko da, Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoari jarraikiz.

2. Erbi bat ehizatzen ahal da eguneko, hori ehiztariko edo taldeko.

3. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.

4. Arrasto-txakurrez larreratzeko baimena ematen da 2019ko urriaren, azaroaren eta abenduaren ostegun, larunbat eta igandeetan.

14. artikulua. Untxia.

1. Baimena ematen da untxia ehizatzeko 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Udako ehizaldia: ehiza barruti osoan edo Ehiza Antolatzeko planetan horretarako ezarritako tokietan 3 untxi larriko IKA (kilometroko ugaritasun indizea) duten barrutietan, eremu horietan ehizatzen ahalko da, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 29ra arte, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehizaldi hauek egiteko, nahitaezkoa izanen da barrutiko zaindaria bertan egotea. Horretarako, aldez aurretik, laginketa bat, ehizazain batek sinatua, aurkeztu beharko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan ehiza egin behar den egunetan, baita zaindariaren kontratazioa ere, udako ehiza egin behar den egunetarako.

15. artikulua. Hegazti urtarrak.

1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte ere ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko zonan, aipatu epean, Ehiza Antolatzeko planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

16. artikulua. Oilagorra.

1. Baimena ematen da oilagorra ehizatzeko 2019ko urriaren 12tik 2020ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria duten txakurrak erabiliz, non dauden jakin eta beste erabiltzaileekin gerta daitezkeen istripuak saihesteko. Armarik gabe larreratzeko baimena ematen da oilagorraren ehiza barrutietako basoetan, otsaileko egun guztietan, betiere lumarako lau txakurrekin gehienez.

2. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko.

3. Debekatua dago oilagorra zelata-ehizan eta urmaeletan ehizatzea.

4. Muturreko egoera meterologikoetan (hotz boladetan), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak epe hori “abantaila egun” deklaratzen ahalko du, eta, beraz, ehiza debekatu. Hedabideetan emanen da horren berri.

5. 2019-2020 ehiza denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

17. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia bakarkako jauzi-ehizan edo zelata-ehizan harrapatzeko 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 31ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere ehizatzen ahalko dira 2019ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.

18. artikulua. Galeperra.

1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:

a) Nafarroako hegoaldean, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Nafarroako iparraldean, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat, eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan.

2. Halaber, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan ehizatzen ahalko da galeperra.

3. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

19. artikulua. Usapala.

1. Baimena ematen da usapala harrapatzeko:

a) Nafarroako hegoaldean, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakarrik galeperra harrapatzeko toki beretan eta uso-postuetan.

b) Nafarroako iparraldean, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.

2. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.

20. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.

Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie harrapatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.

21. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Pagausoa eta txoloma ehizatzeko baimena ematen da, 2019ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, baimendutako uso-postuetan eta txaboletan, asteko egun guztietan. Orobat, hegoaldeko barrutietan, pagausoa bakarkako jauzi-ehizan harrapatzen ahalko da galeperraren eremuetan eta uso-postuetatik, 2019ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Bakarkako jauzi-ehizarako baimena ere ematen da, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

22. artikulua. Faisaia.

Faisaia ehizatzeko baimena ematen da, 2019ko urriaren 1etik 2020ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Faisaia ehizatzeko zonatzat joko dira uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduan ezarritakoak. Agindu horren bidez baimendu zen faisaiak askatzea Nafarroako ehiza barrutietan eta Ehiza Antolatzeko Planean horretarako ezarritako eremuetan.

IV. KAPITULUA

Ehiza larriaren uxaldietarako eta mendi-ehizarako arauak

23. artikulua. Baimendutako txakurrak.

1. Debekatua dago heltze-txakurren bidezko ehiza.

2. Debekatua dago, uxaldietan, honako txakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dobatxakurra, bulldoga, pitbulla, rottweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako heltze-txakurra.

3. Uxaldietan, arrasto-txakurrekin batera, honako arraza hauetako edo haien hibridoetako gehienez bi txakur erabiltzen ahalko dira: alanoa, ardi txakur alemana eta mastina.

V. KAPITULUA

Xedapen bereziak

24. artikulua. Ereindako ehiza.

Onetsi diren Ehiza Antolatzeko planetan ezarritako eremuetan eta 11/2012 Foru Aginduan ezarritakoetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Eremu horiek erabiltzeko epea hau izanen da: 2019ko abuztuaren 15etik 2020ko otsailaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

25. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin partekatuak.

Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin partekatuetako horietan, Frantzian dauden baldintza berberetan ehizatzen ahal da ehiza eztei ondoko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.

26. artikulua. Ehiza kirol-txapelketak.

Ehiza kirol-txapelketak egiteko, beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena ematea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza kirol-lehiaketetan zilegi izanen da foru agindu honetan ezarritako kupoak gainditzea.

Ehiza kirol-txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.

27. artikulua. Ehizakiak.

Ehizakiak bertan lumatzen edo larrutzen badira, burua kendu gabe eta hankak ukitu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.

28. artikulua. Inurri hegaldunak.

Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita beita gisa erabiltzea ere.

29. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Ehiza larriko uxaldiak:

Eliza larriko uxaldiak behar bezala seinaleztatuko dira bide eta sarreretan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.

Tamaina handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.

Uxaldietako postuen diseinuan eta kokapenean, animaliari uxalekuetatik kanpo eta arma-lerroa pasatuta dagoenean tiro egiteko kokalekuak hobetsiko dira.

Ehiztari bakoitzak su-arma edo arku bakar bat eramaten ahalko du.

2. Birigarroa eta usoa ehizatzeko baimentzen diren postuak:

Ehiza-postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetekin batetik bestera ibiltzea izenekoan aritzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako usoren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma kargaturik eramaten ahal da. Birigarroaren kasuan, arma deskargaturik eraman beharko da.

30. artikulua. Zigiluak.

Nahitaezkoa izanen da zigilu zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzei paratzeko, dagokion Ehiza Antolatzeko Planean ezarritako kupoen arabera.

Zigiluak material plastikokoak izan behar dira, eta bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.

Zigiluak sistema bat izanen du hura itxi ondoren ireki ezin izateko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak emanen ditu zigiluak, ehiza barrutiko kudeaketaren arduradunak eskatuta.

Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animaliak adina zigilu eraman behar dira gutxienez.

Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta zigilua paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte. Nolanahi ere, animalia harrapatu dela uxaldiaren arduradunari jakinarazita, hura zigilurik gabe eramaten ahalko da hurbilen dagoen mendiko pistaraino, eta bertan jarriko zaio zigilua.

Eseki-lekuko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da zigilua; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, zigilua errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (zigilu itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).

31. artikulua. Mugak eta debekuak.

2019-2020 kanpainan Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritako gainerako debeku eta mugak aplikatuko dira, bai eta lege hori garatu eta betearazteko Erregelamenduan (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan) ezarritakoak ere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarrean jartzea

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1908189