122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

75E/2019 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez “Mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien 2019ko programa (Moves programa)” izeneko dirulaguntza emateko deialdia onesten da. DDBN identifikazioa: 461745.

Otsailaren 15eko 72/2019 Errege Dekretuak mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien programa (Moves programa) arautzen du, eta oinarri arautzaileak ezartzen ditu mugikortasuna sostengatzen duten jarduketei laguntzak emateko, efizientzia energetikoan, jasangarritasunean eta ordezko energien bultzadan oinarriturik, Espainia osoan ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura egokien ezarpena barne. Errege dekretu hori 2019ko 41. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 16koan.

Halaber, martxoaren 8ko 132/2019 Errege Dekretuaren bidez (2019ko 59. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa), erabaki zen 621.520,40 euro ematea zuzenean Nafarroako Foru Komunitateari; izan ere, diru kopuru hori da deialdi honen zuzkidura ekonomikoa.

Aipatu 72/2019 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren arabera, laguntza emanen zaie epe barruan eskatzen dutenei, baldin eta errege dekretu horretan eta autonomia erkidego bakoitzaren deialdian finkatzen diren baldintzak betetzen badituzte. 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzak zuzenean emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. eta 28. artikuluekin bat eta 38/2003 Legearen Erregelamenduaren I. tituluko III. kapituluarekin bat (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), eta gainera, emandako laguntzek autonomia erkidegoek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, aplikatzen diren lurraldearen arabera.

Nafarroako Foru Komunitatean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak. Deialdi hau Nafarroako aurrekontu orokorretako partida baten kargura finantzatzen da, eta horregatik 11/2005 Foru Legea bete behar du, alde batera utzirik partida horren kreditua aipatu 79/2019 eta 132/2019 Errege Dekretuen bidezko diru-sarrerekin sortu dela.

Horiek horrela, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kasu honetan banakako ebaluazioa aplikatu behar da. Aipatu foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien dirulaguntza (Moves programa) banakako ebaluazioaren bidez emateko.

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, biek pizgarriak ematen baitituzte energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioaren morrontza murrizteko salgaien garraioan eta pertsonen mugikortasunean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea “Mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien 2019ko programa (Moves programa)” izeneko dirulaguntza emateko.

2. 621.520,40 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2019ko gastu-aurrekontuko “Moves programaren laguntzak” izeneko 820001 82200 7819 425202 partidaren kargura.

3. Laguntza hauen oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko ekainaren 13an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzen dari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Moves programaren laguntzak Nafarroan finkatzea, otsailaren 15eko 72/2019 Errege Dekretuaren esparruan, mugikortasuna sostengatzen duten jarduketetarako, efizientzia energetikoan, jasangarritasunean eta ordezko energien bultzadan oinarriturik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura egokien ezarpena barne.

1.2. Oro har, programa honen laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan kokatzen dira, haren 36. artikuluan bereziki. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014 L 187 EBAO). Horri dagokionez, eta 651/2014 Erregelamenduaren 11.a) artikuluan ezarritakoa betez, Estatuak informazio laburtua bidali zion Europako Batzordeari 2019ko martxoaren 8an, otsailaren 15eko 72/2019 Errege Dekretuaren bidez araututako laguntza-neurriari buruz. Errege dekretu horren bidez arautu zen mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien programa (Moves programa).

Deialdi honen ondorioetarako, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean jasotako definizioak, kategoriak eta enpresa motak aplikatuko dira.

1.3. Deialdi honen laguntzek pizgarri izan behar dute, 651/2014 Erregelamenduaren 6.2 artikuluarekin bat. Pizgarritzat joko dira baldin eta onuradunak, proiektua edo jarduera hasi aurretik, laguntza eskaera aurkeztu badu eta, eskaeran, gutxienez artikulu horretan aipatutako informazioa aurkeztu badu. Beraz, eskaera ez da onartuko baldin eta eskaera aurkeztu aurretik hasi bada proiektua. Lanen hasiera zehazteko, 651/2014 Erregelamenduaren 2. artikuluko (23) definizioa erabiliko da.

1.4. 72/2019 Errege Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) partez finantzatzen du programa hau, 2014-2020 Espainiako eskualde askotako Programa Eragilearen barruan, baldin eta jarduketak finantzagarriak badira programa horretan. Hortaz, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) programaren jarduketak partez finantzatzen dituenean, honako arau hauek aplikatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamendua, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1299/2013 (EB) Erregelamendua; eta arlo honetan haietako bat garatu edo ordezkatzen duten arauak.

2. oinarria.–Onuradunak.

2.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke jarraian zehazten diren pertsonak, 5., 6. eta 7. oinarrietako jarduketa-moten arabera, betiere egoitza fiskala Espainian badute eta laguntzaren xedeko jarduketa Nafarroan egiten bada.

1. motako jarduketetan (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”) eta 2. motakoetan (“Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren ezarpena”):

a) Ohiko bizilekua Nafarroan duten profesional autonomoak.

b) Nafarroan bizi diren pertsona fisikoak, adinez nagusiak, aurreko apartatuan sartzen ez direnak.

c) Nafarroako jabeen erkidegoak.

d) Pertsona juridikoak, baldin eta Espainian behar bezala eraturik badaude laguntza eskaera aurkezten dutenean, eta bestelako entitateak, nortasun juridikoa izan edo ez, baldin eta beren identifikazio fiskaleko zenbakiaren lehen letra A, B, C, D, E, F, G, J, N, R edo W bada eta egoitza fiskala Nafarroan badute.

Egoitza fiskala Nafarroan ez dutenek, dirulaguntza eskura dezakete baldin eta haien jarduera, egoitza eta plantillaren zati bat Nafarroan badaude. Hori guztia, deialdia hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urteetan gutxienez.

Egoitza fiskala Nafarroan izan ez eta aurreko hiru baldintzak betetzen ez dituztenek, dirulaguntza eskura dezakete baldin eta 2. motako jarduketen multzoko inbertsio diruz lagungarri bat egiten badute eta inbertsio horrek Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan eragina badu.

e) Nafarroako toki administrazioko entitateak eta sektore publiko instituzionalekoak (hau da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 artikuluan zerrendatuak), baldin eta Nafarroan jarduerak gauzatzen badituzte. Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ezin da onuradun izan.

3. motako jarduketetan (“Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemen ezarpena”):

1. eta 2. motako jarduketetarako pertsonak eta entitateak, salbu eta aurreko b) eta c) letretako pertsona fisikoak eta jabeen erkidegoak.

2.2. Onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez daudela frogatzeko, pertsonek edo entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkez dezakete laguntza eskaerarekin batera.

2.3. Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza eman aurretik eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuta izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere.

2.4. Ezin dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden eskatzaileak.

b) 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 4.a) eta 4.c) apartatuetan xedatutakoaren arabera:

–Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

–Krisian dauden enpresak, 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluko definizioaren arabera.

c) 1. motako jarduketetan (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”), kontzesionarioak edo salmenta-puntuak, baldin eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifetan (maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea) lehen ataleko epigrafea 615.1 edo 654.1 bada.

3. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea.

3.1. Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 621.520,40 eurokoa da eta 2019ko gastu-aurrekontuko “Moves programaren laguntzak” izeneko 820001 82200 7819 425202 partidaren kargura ordainduko da.

Zuzkidura ekonomiko hori 4. oinarrian deskribatutako 1., 2. eta 3. motako jarduketen artean banatzen da, honela:

–1. motako jarduketa: 310.760,20 euro (%50).

–2. motako jarduketa: 186.456,12 euro (%30).

–3. motako jarduketa: 124.304,08 euro (%20).

Deialdiaren indarraldia bukatu baino hilabete aurretik, baldin eta jarduketa mota batera bideratutako zenbatekoa agortu ez bada, eta beste batean erreserba-zerrenda bada, aurrekontua berriz esleitu daiteke, zerrenda horretako eskaerei erantzuteko.

3.2. 2019an gastu osoa betearazten ez bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, gerakinarekin kreditua sor daiteke 2020ko aurrekontuan deialdi honetako indarreko konpromisoei erantzuteko, baldin eta araudia betetzen bada eta organo eskudunak baimena ematen badu.

3.3. Laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdiak indarra galtzen duenean bukatuko da, hau da:

a) Jasotako eskaerek aurrekontu kreditua agortzen dutenean.

b) 2019ko abenduaren 31n (laguntzen programa ixten denean).

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu eskuragarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

1. motako jarduketak: ordezko energiaren bidezko ibilgailuak eskuratzea, baldin eta Nafarroan lehen aldiz matrikulatzen badira; M1 edo N1 ibilgailu berri bat erosten bada, horrez gain gutxienez hamar urte dituen M1 ibilgailu bat edo gutxienez zazpi urte dituen N1 ibilgailu bat txatar bihurtu behar da.

2. motako jarduketak: ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea.

3. motako jarduketak: bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemak ezartzea.

2. Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroan gauzatu behar dira, eta 72/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarritako baldintzak bete, bai eta hauek ere:

a) Jarduketak eragina izan behar du Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan.

b) Inbertsioa laguntza eskaera erregistratu ondoren egin behar da.

c) 6 hilabetean gauzatu eta justifikatu behar da, gehienez ere, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita.

3. Sektore publikoko entitateek kargarako sustatzen dituzten azpiegiturek baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Bide publikoko aparkaleku publiko iraunkorretan ezarri behar dira, hiri-altzariekin integraturik. Horrez gain, monitoreak edo teleneurketa sistema izan behar dute.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izan behar dute jarduketaren justifikazioa 10. oinarrian ezarritako moduan aurkezten den egunean.

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

72/2019 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarrita dago laguntzen zenbatekoa.

6. oinarria.–Dirulaguntzen muga orokorrak.

6.1. Laguntzen zenbatekoaren muga orokorrak.

72/2019 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarrita dago onuradun batek guztira eta gehienez jaso dezakeen zenbatekoa.

6.2. Europar Batasuneko araudi aplikagarria.

651/2014 Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta mugak dituzte laguntza hauek.

6.3. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak xede bererako ematen diren beste dirulaguntza edo laguntzekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

6.4. Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatzea:

a) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunak azpikontratua egiten du hirugarrenekin ituna egiten duenean, dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Horri dagokionez, azpikontratazioa edo hirugarrenekin egindako kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %100 artekoa izaten ahalko da, eta diruz lagundutako jardueraren azpikontrataziorako edo hirugarrenen kontrataziorako, aipatu 26. artikuluan jasotakoa aplikatu behar da.

b) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan edo, ekipamendu-ondasunak hornitzeko, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura hori emateko behar adina entitate ez badago.

Horretarako, hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu beharko du, eta hautaketa justifikatu, baldin eta, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioaren arabera, onena hautatu ez badu.

Bere izaera dela-eta kontratazio publikoari buruzko araudia aplikatu behar bazaie, eskatzaileek ez dute b) letra honetan xedatutakoa bete behar.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

Aurrekontuan esleitutako kreditua agortzen denean, eta betiere programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera berriak erregistratzen ahalko dira erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, kreditua askatzen bada (norbaitek emandako laguntzari uko egiteagatik edo laguntza kobratzeko eskubidea galtzeagatik) edo deialdirako aurrekontua handitzen bada.

Eskaera erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera baliozkotu arte.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko modua.

8.1. Laguntza eskaerak aurkezteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dauden inprimakiak erabiliko dira. Zehazki, laguntzen fitxan daudenak: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8178/Programa-MOVES-de-incentivos-a-la-movilidad-eficiente-y-sostenible (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Pertsona juridikoek nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dituzte eskaera eta eman beharreko agiri guztiak, 13. oinarrian ezarritako moduan.

3. oinarrian ezartzen da laguntza eskaera aurkezteko epea.

8.2. Ibilgailuei buruzko eskaeretan (1. motako jarduketak), ibilgailu bakar bat sar daiteke laguntza eskaera bakoitzean. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, onuradun bakoitzak gehienez 30 ibilgailutarako laguntza eska dezake; onuraduna pertsona fisikoa bada, ibilgailu bakar baterako eska dezake laguntza.

8.3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.–Laguntza eskaera.

1. Honako datu hauek beteko dira: laguntza eskatzailearen datu orokorrak, jarduketa mota, kokapena eta datu tekniko zehatzak. Halaber, eskaerarekin batera adierazpen hauek aurkeztuko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskaera egunean onuradun izateko baldintzak betetzen direla.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean eskuratu diren beste dirulaguntzei buruzkoa.

c) Profesional autonomo, pertsona juridiko eta bestelako entitateen kasuan, adierazpena enpresa izaerari eta tamainari buruz, 651/2014 Erregelamenduaren ondorioetarako. Hala badagokie, sektore publikoko entitateek ere aurkeztu behar dute adierazpen hau.

d) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu:

–Ziurtagiria, dioena Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela.

–Ziurtagiria, dioena Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena sektore publikoari lotutako edo haren menpeko entitatea dela.

2. Profesional autonomoen kasuan, izaera hori adierazi beharko da. Laguntzen organo kudeatzaileak izaera hori egiaztatuko du Jarduera Ekonomikoen Erregistroan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 156. artikuluan arautzen da erregistro hori. Eskatzailea erregistraturik ez badago, eskatuko zaio profesional autonomoaren izaera frogatzen duen dokumentazioa aurkezteko.

3. Pertsona juridikoak eskaeran adierazi behar dute gaitutako helbide elektronikoa (GEH) dutela, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena eman dutela. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

2.–Dokumentazio administratiboa.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen NAN, AIZ edo IFKren kopia eta, hala bada, haren ordezkariarena.

b) Ahalordetze-eskrituraren kopia, edo ordekartiza egiaztatzen duen agiria.

c) Pertsona fisiko eta profesional autonomoak: hala badagokie, desgaitasunaren ziurtagiria, balorazioko organo eskudunak emana, eta familia ugariaren titulu indarduna.

d) Jabeen erkidegoak: erkidegoko lehendakariaren izendapena jasotzen duen aktaren kopia.

3.–Dokumentazio teknikoa.

a) 1.motako jarduketak (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”):

–Aurrekontu xehakatua.

–Renting errentamenduaren kasuan, enpresa errentatzailearen eskaintzaren kopia, ordaindu beharreko kuota adierazita, bai eta kuota horretatik ibilgailuaren kostuari dagokion zatia ere.

b) 2. motako jarduketak (“Kargarako azpiegiturak”) eta 3. motako jarduketak (“Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemak”):

–Aurrekontu xehakatua.

–Jarduketen deskripzio-memoria, gutxienez honako hauek adierazita: jarduketaren deskripzioa eta norainokoa, inbertsioa, kostu diruz lagungarria eta eskatutako laguntza.

8.4. Eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, behar bezala identifikatuta (adib.: “aurrekontua”, “memoria”, etab.).

8.5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu 39/2015 Legearen 66. artikuluko baldintzak betetzen, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.6. Pertsona juridiko batek modu presentzialean aurkezten badu eskaera, eta ez ezarritako bide elektronikoaren bidez, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, hau da, modu elektronikoan aurkez dezala. Ondorio guztietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

9.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpena jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

10.1. Onuradunek 12 hilabeteko epea dute jarduketa justifikatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita. Horretarako, 8.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, laguntzen fitxako ereduari jarraikiz, bai eta 72/2019 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2. atalean (“Egindako jarduketa justifikatzeko dokumentazioa”) eskatutako dokumentazioa ere.

10.2. Ordainketa eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, zuzentzeko eskatuko zaio baldin eta postaz edo modu presentzialean aurkeztu bada, bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar duten onuradunen kasuan.

10.3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

10.4. Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzak dirua onuradunaren kontuan sartzeko, onuradunak “transferentzia bidez kobratzeko eskaera” bete eta diruzaintzan aurkeztu beharko du, salbu eta lehenago aurkeztu badu. Eskaera horrek honako hau ordezten du: “banku datuak egiaztatzeko ziurtagiria, laguntzaren zenbatekoa transferitzeko”. 72/2019 Errege Dekretuaren II. eranskinean dago jasoa.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

11.1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak betetzen direla eta onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duena.

11.2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11.3. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, aldez aurretik organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

11.4. Laguntza ordaintzeko ebazpenean berariaz adieraziko da funtsen jatorria. Beraz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioa eta EGEFa aipatu behar dira jarduketa partez finantzatzen dutenean.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, modu telematikoan aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua. Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.

d) Baldin eta dirulaguntza jaso duen ibilgailu baten edo bestelako material mugikorren baten jabeak hura berriz saltzen badu 4 urte baino gutxiagoko epean, laguntza ordaintzen denetik hasita, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du Movel programaren laguntza jaso zuela. Horrez gain, adierazi beharko da eskuratzaileak konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xedeko helbururako erabiltzeko eta funtzionamendu egokirako mantentzeko, gutxienez aipatu epea bukatu arte. Bestela, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak espediente bat abiaraziko du laguntza itzultzeko.

Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xedeko ondasunaren kontratua sinatzen denetik.

Baldin eta erosleak besterentzearen betekizunak betetzen ez baditu, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.

e) Renting errentamenduaren kontratuetan, kontratua hutsaltzen bada bukatu baino lehen, errentariak konpromisoa hartzen du Moves programaren laguntzaren zati proportzionala itzultzeko Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari. Bestela, espediente bat abiaraziko da laguntza osorik edo, hala badagokio, partez itzultzeko.

Hala bada, egoera jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari bi hilabeteko epean gehienez, azken faktura ordaintzen denetik.

f) Diruz lagundutako karga elektrikorako azpiegituren jabetasuna mantendu beharko dute laguntzen onuradunek, gutxienez 10 urtean. Horrez gain, epe horretan funtzionamendu egokirako egoeran egon behar dute, eta karga elektrikorako zerbitzuak eman. Zerbitzu horiek laguntza eskaeran eta justifikazioetan deklaratuak dira.

Baldin eta 10 urteko epe horretan onuradunak besterentzen badu diruz lagundutako azpiegitura, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du inbertsioak Movel programaren laguntza jaso zuela, eta jabe berriari jakinarazi beharko dio dirulaguntza jaso zuela eta oinarri hauetan ezarritako betekizunak dituela, eta konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xedeko helbururako erabiltzeko eta funtzionamendu egokirako mantentzeko, gutxienez aipatu epea bukatu arte. Bestela, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak espediente bat abiaraziko du laguntza osoa itzultzeko.

Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xedeko instalazio eta/edo ekipoen salmenta kontratua sinatzen denetik.

Baldin eta erosleak besterentzearen betekizunak betetzen ez baditu, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.

g) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren eskura jartzea diruz lagundutako proiektuaren informazioa, biek batera emaitzak zabaltzeko, aldez aurretik adostuta.

h) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duenean, erregistratutako emaitza energetikoen berri ematea, eta emaitzak zabal daitezela baimentzea, 4 urteko epean ibilgailu eta material mugikorren kasuan, eta 10 urteko epean gainerako proiektuetan, laguntza ordaintzen denetik hasita.

i) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dizkioten informazio guztia ematea.

j) Onuradunak diruz lagundutako jarduketari buruz egiten dituen erreferentzia guztietan (argitalpenetan, hedapen jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedapen bidetan) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira, halakoak badira, bai eta programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritakoak ere. IDAEren webgunean eskura daiteke eskuliburu hori.

k) Diruz lagundutako jarduerari buruzko komunikazio eta sustapen ekintza guztietan (paperean, euskarri elektronikoan eta ikus-entzunezkoan eginak) berariaz adierazi behar da dirulaguntza jaso duela mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien programaren barnean (Moves programan), 72/2019 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat.

l) Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) programaren jarduketak partez finantzatzen dituenean, funts horien jatorriaren ondoriozko betebeharrak. Onuraduna izateak berekin dakar onartzen dela honako arau hauetan xedatutakoa egitura funtsen esku-hartzeei buruz estatu kideek egin beharreko argibide eta publizitate jarduerei buruz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB/Euratom) Erregelamendua.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez nahitaez aurkeztu beharko dituzte pertsona juridikoek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak pertsona juridiko eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14.2. Onuradunei jakinarazten zaizkien ebazpenetan, aipatu behar da Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta EGEFak jarduketa partez finantzatzen dutela, hala bada.

15. oinarria.–EGEF funtsek partez finantzatzea.

Europar Batasunaren funtsek partez finantzatzen dutenean, finantzaketa horri aplikatu beharreko arauak betetzen direla bermatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak betebehar hauek izanen ditu:

a) Egiaztatzea kofinantzatutako zerbitzu eta produktuak eman direla.

b) Egiaztatzea laguntza azkenean jaso dutenek deklaratutako gastua ordaindu dela, eta aplikatu beharreko araudia, programa eragilearen baldintzak eta eragiketa laguntzeko baldintzak bete direla.

c) Egiaztatzea gastuak ez duela finantzaketa bikoitza jaso, ez Europar Batasunaren edo Espainiaren beste finantzabideen bidez, ez eta beste programazio aldi batean ere.

d) Bermatzea laguntza azkenean jaso dutenek kontabilitate sistema bereizia edo kontabilitate kode egoki bat erabiltzen dutela eragiketari lotutako transakzioetan.

e) Iruzurraren aurkako neurri egoki eta proportzionalak aplikatzea, atzemandako arriskuen arabera.

f) Prozedurak ezartzea bermatzeko gastuari eta auditoriei buruzko dokumentazioa dagoela, auditoretzako arrasto egokia izateko.

g) Egiaztapen administratibo egokiak egitea laguntza itzultzeko eskaeretan sartzen diren eragiketa guztietan, bermatzeko gastua erregularra izan dela, ordainketak egin direla eta laguntzaren baldintzetara egokitu direla.

h) Egiaztapen egokiak egitea lekuan bertan eragiketa zehatz batzuetan. Eragiketak laginketa metodo baten bidez hautatuko dira, bermatuz lagina adierazgarria dela.

i) Atzematen diren irregulartasunen arriskua bere gain hartzea, eta laguntza azkenean jaso dutenekin konpontzea.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1908146