122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdia onesten baita ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendua eros dezaten 2019. urtean. DDBN identifikazioa: 453028.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua da eskumen hauek bere gain dituen erakunde autonomoa: gazteria; gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea, gazteek gizartean parte hartzeko eta beren egoera alderdi guztietatik hobetzeko; genero berdintasuna; ohitura osasungarrien sustapena; balioak garatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dieten gainerako arloak.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honakoa diosku 14. artikuluan (Gazteriaren arloko berariazko politikak): “Gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak eta Astialdiko Eskolek eman ahalko dute.”

Nafarroako Foru Komunitatean aire zabalean egiten diren gazteendako jarduerak arautzen dituen abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuaren arabera, beharrezkoa da aisialdiko jardueretako begiraleak eta zuzendariak egotea, horiek bermatuko baitute, beren prestakuntzan eta esperientzian oinarrituta, segurtasunez garatzen direla gazteendako jarduera mota hauek.

Ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuaren bidez, Haur eta Gazteen Astialdirako Eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza arautu ziren.

Onarpen ofiziala duten gazteen astialdirako eskolentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriari buruzko Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du foru agindu bat onestea dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko, aipatu eskolei 2019. urtean zehar laguntzak eman eta ekipamendua eros dezaten.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdia norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, aisialdiko eskolei eman beharreko laguntzen garrantzia baloratzen duena.

Berritasun gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jartzearen ondorioz, deialdi honetan, bere oinarri arautzaileen arabera, prozedura administratiboaren tramitazio elektronikoan herritarrei eskubidea aitortzen zaie administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, eta, orobat, interesdun jakin batzuk behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera Administrazio Publikoekin harremanetan prozedura administratibo baten edozein tramite egiteko. Hori horrela izanik, laguntza hauek eman eta ordaintzeko prozeduran egiten diren jarduketa guztiak jakinarazi eta komunikatzeko, gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara igorriko da jakinarazpen elektronikoa.

Hortaz, bidezko da foru agindu bat onestea aisialdiko eskolentzako dirulaguntzen araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, norgehiagokako araubidean, ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendua eros dezaten 2019. urtean zehar. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira deialdiaren oinarriak.

2. 12.000 euroko gastua (hamabi mila euro) baimentzea ekipamendu horren erosketak eragindako gastuak zati batean ordaintzeko, honako partida ekonomiko honen kargura: “Aisialdiko eskolen ekipamendurako dirulaguntza” izeneko A50003 A5210 7819 232100 partida, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak www.deporteyjuventudnavarra.es/eu webgunean eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2019ko apirilaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendu informatikoa, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eros dezaten 2019. urtean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

2.–Helburua.

Dirulaguntzen helburua da ofizialki onartutako aisialdiko eskolei laguntza ematea, eta horretarako haien ekipamendu informatikoaren, altzarien, tresnen eta material inbentariagarriaren gastuak finantzatzea 2019. urtean zehar. Onura publikokotzat jotzen da eskola horiei beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea hezkuntza ez-formaleko jarduerak behar bezala gara ditzaten, izan ere, horien bidez Nafarroako gazteriak aukera izanen du bizitza sozialean integratu eta parte hartzeko beharrezkoa den prestakuntza jasotzeko. Aisialdiko eskolek punta-puntako teknologia informatikoa izateak eragin zuzena du ematen duten prestakuntzaren kalitatean.

3.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek, ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuarekin bat (horren bidez arautu ziren Haur eta Gazteen Astialdirako Eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza).

3.2. Entitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori. (II. eranskina, 1. fitxa).

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, dirulaguntzaren eskabide-orrian bertan (deialdiaren II. eranskina) adierazi ahalko du baimena ematen diola Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dirulaguntzaren ebazpen proposamena ematen denean egoera hori frogatzen duten datuak kontsulta ditzan.

–2019an aisialdiko begirale eta/edo zuzendari ikastaro bat gutxienez egina izan beharko dute.

3.3. Baldintza horiek betetzen direla frogatuko da deialdiaren II. eranskinaren bidez.

4.–Aurrekontu-kreditua.

Deialdi honi aurre egiteko aurrekontua, guztira, 12.000 eurokoa da eta A50003 A5210 7819 232100 partida ekonomikoaren kargura ordainduko da.

5.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Foru agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten aisialdiko eskolek dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte ekipamendu informatikoaren, altzarien, tresnen eta material inbentariagarrien erosketa-gastuen kontzeptuengatik.

Ekipamendu informatikorako gastutzat jotzen dira honako material hauek eskuratzeak sortzen dituenak:

Ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefono mugikorrak, argazki eta bideo makinak, USBak eta beste gailu digital batzuk. Erositako informatikako ekipamenduek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Altzari eta tresna gastutzat joko dira honako material hauek eskuratzeak sortzen dituenak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, etab.

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun suntsiezinak, esate baterako: orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak...

5.2. Diruz lagungarriak izateko, ekipamendu informatikoa, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2019an egin beharko dira, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera.

5.3. Deialdi honen esparrutik kanpo geratuko dira bestelako ekipamendu informatikoa edo altzariak (5.1 atalean adierazitakoez bestelakoak) erosteagatik sortutako gastuak, bai eta material inbentariaezin guztia ere.

6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Entitate eskatzaile bakoitzak ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko jasoko duen gehieneko dirulaguntza izanen da kostuaren %100era artekoa, betiere gehieneko muga 9.3 oinarrian ezarritakoa izanda.

6.2. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du behin ere gainditu ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko kostua.

7.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematikoki aurkezten ez den eskaera. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen izapideen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

8.–Eskaera eta dokumentazioa.

8.1. Dirulaguntzarako eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen duen eta/edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko den ereduaren araberako eskabidearen bidez aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

8.1.1. Eskaera-orri orokorra. Helbide elektroniko bat adieraziko da, eskaeran akatsik eginez gero balizko zuzenketa haren bidez eskatzeko. Laguntzak ematearen gaineko ebazpena ere helbide horretara igorriko da komunikazio gisa bakar-bakarrik (II. eranskina).

8.1.2. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

8.1.3. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

8.1.4. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik. (II. eranskina, 1. fitxa).

8.1.5. Erantzukizunpeko adierazpena, zeinean baieztatzen baita legez eratutako entitate batek sustatu duela, eta entitate horrek zerbitzuak eskaintzen dizkiela gazteei, irabazi-asmorik gabe, eta gutxienez ere bi urteko antzinatasuna duela, eta haren estatutuen xedeen edo helburuen artean dagoela aisialdiko hezkuntza.

8.1.6. Eskolaren estatutuak. Estatutuetan, gutxienez ere, honako hauek jasoko dira: eskolaren izena eta kokapena (Nafarroako Foru Komunitatean egon beharko du); eskolaren jarduerak gauzatzeko lurralde esparrua; ordezkaritza-, zuzendaritza- eta administrazio-organoak; araubide ekonomikoa eta eskolaren funtzionamenduaren arauketa.

8.1.7. Ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontuak aurkeztuko dira, non azalduko baita erosi nahi den materiala (II. eranskina, 2. fitxa).

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

9.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9.3 oinarri honetan ezarritako balorazio irizpidearekin bat.

9.2. 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten aisialdiko eskola guztiek jasoko dute dirulaguntza.

9.3. Dirulaguntza eskatzen duten eskolen artean lehentasun-ordena ezartzeko, eskola bakoitzak 2018an daukan tituludunen kopurua (aisialdiko begiraleak eta/edo zuzendariak) izanen da oinarri gisa balioko duen irizpidea. Puntu bat emanen da tituludun bakoitzeko. Berdinketarik egonez gero, bere azken kalifikazioaren akta lehenago aurkeztu duen eskolaren alde ebatziko da.

  • Tituludun gehien daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.000 euro gehienez.
  • Tituludunen bigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.900 euro gehienez.
  • Tituludunen hirugarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.800 euro gehienez.
  • Tituludunen laugarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.700 euro gehienez.
  • Tituludunen bosgarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.600 euro gehienez.
  • Tituludunen seigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.550 euro gehienez.
  • Tituludunen zazpigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.450 euro gehienez.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntza hauek eman eta ordaintzeko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz egingo da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

11.–Laguntza emateko ebazpena.

11.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Gazteriaren Zuzendariordetza), eskaeren ebaluazioa ikusita, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Aisialdiko eskolen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak agertu beharko dira.

11.2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea da. Ebazpena bi hilabeteko epean, gehienez ere, eman eta jakinaraziko zaie interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

11.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntza eskuratzeko.

12.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa (diruz lagundutako gastuaren %100):

12.1. Beranduenez ere 2019ko irailaren 30ean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira.

–Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

12.2. Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak dioen bezala.

Entitate onuradunak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

13.–Dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Frogagiriak aztertuta, Gazteriaren Zuzendariordetzak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Bertan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

13.2. Ordaintzeko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du bi hilabeteko gehieneko epean, 12. oinarrian frogagiriak aurkezteko adierazten den azken egunetik hasita.

13.3. Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

13.4. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, ordaintzeko ebazpena onetsi eta gero.

14.–Bete beharrekoak.

14.1. Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

14.2. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

14.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14.4. Era berean, entitate onuradunek derrigorrez adierazi beharko dute erositako ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatu dituela. Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa diruz lagundutako jardueraren publizitatean eta zabalkundean erabiltzeko urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio (horren bidez arautu baitzen Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera).

15.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten aisialdiko eskolek ezin izanen dute beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzarik edo laguntzarik hartu helburu eta xede beretarako.

16.–Ebazpenen publizitatea.

Deialdi honi loturik dirulaguntzak eman eta ordaintzeko ematen diren ebazpenak jendaurrean jarriko dira, informazioa emateko bakarrik, Gazteriaren Zuzendariordetzaren iragarki oholean, bai eta https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan ere.

17.–Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri guztiak onartzea.

18.–Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19.–Gardentasun betebeharrak.

19.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, aisialdiko eskola onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

19.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik aisialdiko eskola onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 18. oinarrian ezarritakoak.

19.3. Atal honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

19.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek eskubidea izanen dute dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden dokumentuak ez aurkezteko.

19.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izango interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

19.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egongo da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

20.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

21.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1907902