122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean Larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei laguntza ekonomikoak banakako ebaluazio araubidean ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2019ko urtarrilaren 11n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordenantza hau: Larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei laguntza ekonomikoak banakako ebaluazio araubidean ematea arautzen duena. Erabaki hori 2019ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ean.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (foru lege hori aldatu zen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2019ko ekainaren 9an.–Mankomunitateko burua, Eduardo Ezpeleta Lines.

OINARRI ARAUTZAILEAK, ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAN LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI BANAKAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Nafarroako toki entitateen titulartasuna dutenak, gizarte zerbitzuetako sistema publikoaren oinarrizko unitatea dira, horretara heltzeko sarbidea eta herritarrengandik hurbilen dagoen maila.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak osatzen dituzten lau programa oinarrizkoak honako hauek dira:

–Harrera eta orientabide sozialerako programa.

–Haurrei eta familiei oinarrizko laguntza emateko programa.

–Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa.

–Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa.

Horien guztien helburua da gizarte zerbitzuen arloko eskaerak aintzat hartzea, erantzuna emateko eta profesionalki babesteko norberaren eta/edo familiaren zailtasunak kudeatzean, ondoko hauen bidez: prestazio ekonomikoak, programak, zerbitzuak eta baliabideak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prestazio asko Nafarroako Gobernuaren bidez ematen dira. Baliabideak, zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak dira, besteak beste, eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan daude (69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, 2008ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 9an).

Aldi berean, behar berriak atzeman dira udaletako gizarte zerbitzuen garapenean, eta horregatik baliabideak eta prestazioak nahitaez egokitu edo sortu dira, eta halaber haien kudeaketa arindu da, kolektibo zaurgarrienek erabili ditzaten, gizarte-beharrei erantzuna ematearren.

Oinarri arautzaile hauek larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsona eta familia unitateei zuzendutako dirulaguntzei dagozkie. Asmoa dute gutxieneko bizi-baldintzei erantzutea eta horiek bermatzea beren ingurunean bertan, pertsonen funtsezko eta oinarrizko beharren arloan eta prebentzio, gizarte-integrazio eta/edo prestakuntzako eta gizarte-hezkuntzako beharretan ere.

Horretara behartzen dute ekonomia eta lan arloetako krisiaren ondorioek, urratu baitute pertsonen eta/edo familien gaitasuna oinarrizko beharrei aurre egiteko. Horregatik, beste toki entitate batzuetan bezala, beharrezkotzat jo da aurrekontuko partidak sortzea, familientzako dirulaguntzen bidez, larrialdi sozialeko egoerak leuntzen arin laguntzeko. Egun dauden partida ekonomikoen osagarri dira.

Oinarri arautzaile hauek, banakako ebaluazioaren araubidean laguntza ekonomikoak ematekoak, pertsona eta/edo familientzako aurrekontuko dirulaguntzei dagozkie.

Banakako ebaluazioaren prozedura hautatu da familia unitateentzako dirulaguntzak direlako, eta helburua dutelako erantzutea premiazko beharrean edo egoera sozioekonomiko larrian dauden familia zaurgarriei. Hori dela eta, dirulaguntzak emango dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.

Horregatik, oinarri hauen helburua da larrialdi sozialeko eta/edo prebentzio eta gizarteratze prozesuetako laguntzak kudeatzea, indarrean dagoen legeriari jarraituz. Laguntzak gabezia sozioekonomikoak dituztenentzako dira, oso zail baitute oinarrizko beharrak betetzea honako hauetan: etxebizitza eta horren oinarrizko hornidurak, nutrizioa, osasuna, hezkuntza, prestakuntza, norberaren garapena eta gizarteratzea.

1.–Kontzeptua.

Oinarri arautzaile hauetako laguntzak norbanakoentzako edo familientzako prestazioak dira, larrialdi egoerak konpon eta/edo diru-sarrerak lor ditzaten, funtsezko beharrak betetzeko eta gizarte-bazterketako egoerak saihestu edo arintzearren.

Aipatu laguntzak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horretarako soilik erabiliko dira.

2.–Familientzako prestazio ekonomikoen xedea eta helburua.

Oinarri hauek helburu dute Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen (OGZM) laguntza ekonomikoak zehaztea eta arautzea, OGZMko herrietako lagun eta familia unitateei emango zaizkienak, hain zuzen ere, gizarte-bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez dutenean.

Prestazio hauen bidez sortu nahi dira ekonomikoki laguntzeko tresnak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Laneko eta Gizarte-hezkuntzako egite profesionalaren osagarri, Zarrakaztelu aldeko OGZ Mankomunitateko herrietan bizi diren familientzat, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko eta normalizaziorako oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.

Helburuak:

a) Hainbat inguruabarren ondorioz, ekonomiaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premiak betetzen direla bermatzea, egoera horiek gizarte-bazterketa ekartzen baitute.

b) Gutxiengoetako edo kultur talde bereizietako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.

c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeak eskolaratzen eta gizarteratzen laguntzea.

d) Autonomiaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko prestaturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

f) Beste edozein jardueratan laguntzea, baldin eta bideratuta badago familien, haur eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen, etorkinen, etnien eta baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen arloko prebentziora, esku hartzera, laguntzara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, eta, orobat, gabezia egoera larriak eta larrialdi sozialeko egoerak zaintzera.

Mota batzuetako laguntzak hartzen dira oinarrietan, aipatu helburua lortzearren.

2.1. Xedea eta aplikazio esparrua.

Xedea da dirulaguntzak ematea norbanakoei edo familiei, larrialdiko eta urgentziazko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, komunitatean dauden beste laguntza-bideak agortu badituzte eta gizarte-larrialdian daudela frogatzen badute.

Prestazioa da, gabezia ekonomikoak nahiz sozio-sanitarioak izan eta oinarrizko beharrak (ostatua, elikadura, energia, osasuna, prestakuntzako ekintzak, etab.) premiaz eta berehala asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzat; ez dira biztanleria guztiarentzat, sostengurako tresnak baitira, oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileen eta gizarte-hezitzaileen ekintza profesionalaren osagarriak.

Erantzukizun sozialetik abiatuta, laguntza horiekin Udalak esku artean izan nahi du tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

3.–Laguntza motak eta gehieneko zenbatekoa.

Laguntza mota guztien artean ezarritako gehienekoa 800 euro da familia unitateko, ekitaldi osoan.

3.1. Pertsonen eta/edo familien oinarrizko beharrak asetzea.

3.1.1 Etxebizitza eta jabeen erkidegoa.

a) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar) ordaintzea. Komunitate gastuak barne hartuko dira.

b) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik, gehieneko muga hiru hilabetekoa izango da (alokairua eta fidantza ere sartzen ahal dira), eta familia unitateko ezarritako gehienekoa 800 euro da.

3.1.2. Etxebizitzaren oinarrizko hornidurak.

a) Argindarraren, gasaren, gasolioaren eta uraren gastuak, besterik ez, betiere ohiko bizitokikoak. Ez dira hartuko internet edo telefono gastuak.

b) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.

Kontzeptu horien urteko gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa da urteko eta familia unitate bakoitzeko, etxeko hornidurei dagokienez (argindarra, gasa, gasolioa eta ura).

Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua ordainduko da, oro har ezarritako gehienekoa aintzat hartua.

3.1.3. Nutrizioa eta higienea.

Ezin izango dute elikadura eta higienerako laguntza eskatu Nafarroako Gobernuaren Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonek edo familia unitateek.

Prestazio ekonomiko puntuala, honako hauetarako:

a) Familia unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Alboko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; oro har ezarritako gehieneko ekonomikoa aintzat hartuta:

FU-KO KIDE KOPURUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Kide bat

200 euro urtean

2 kide

250 euro urtean

3 kide

300 euro urtean

4 kide edo gehiago

350 euro urtean

Apartatu honetako ordainketak Zarrakaztelu aldeko OGZ Mankomunitateak ezarritako moduan egingo dira (banku transferentziak, diruzaintzako ordainketa, erosketa txartelak, etab.).

3.1.4. Osasunarekin lotura duten laguntzak.

a) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua, fakultatiboek agindutakoa bada.

b) Funtzionamendu pertsonal integraturako beharrezko elementuak erostea ahalbidetzen duten laguntzak, barnean direla zentzumenei (entzumenari eta ikusmenari) lotutakoak, fakultatiboek agindutakoak badira, eta aho-hortzetakoak, beste dirulaguntza batzuek estaltzen ez badituzte.

c) Errehabilitazio-zentroetan egotearen ondoriozko gastuak, terapiako tratamenduetarako denean.

d) Beste jarduketa sozio-sanitario batzuk, gizarte-bazterketa saihesteko eta/edo gizarteratzea errazteko, barnean direla laguntza teknikoak, eta etxebizitzen eraberritze puntualak, pertsonen autonomiarako beharrezkoak, beste dirulaguntza batzuek estaltzen ez badituzte. Gastu odontologikorik bada, haiek justifikatu beharko dira, pertsonaren osasunean, elikaduran edo estetikan kalte larria dagoela egiaztatzen duen medikuaren txostenaren bidez. Ortodontzia ez da diruz lagunduko.

b), c) eta d) apartatuetako gastuak beharrezkoak izango dira autonomiaren, osasunaren eta gizarteratzeko gaitasunaren galera dakarten egoera bereziei irtenbidea emateko.

Kontzeptu hauen guztien baturak ezin izango du 300 euroko zenbatekoa gainditu.

3.2. Haur eta nerabeen prebentzio, gizarteratze eta/edo hezkuntzako beharrei erantzuteko.

Gizarte Zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu hauengatik laguntzarik eman behar ote zaien honako egoera hauetan dauden familiei:

–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.

–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei aurre egin ahal izateko.

–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.

–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.

–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo bestelakoak eskatu dituztenak.

–Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Haurren eta familien programako erabiltzaile direnak.

3.2.1 Eskolako materiala.

Honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleendako: ikasturtea hasita dagoela ikastetxean hasi behar dutenak eta, ikasturtea hasita dagoela, gizarte bazterketa eta eskola bazterketa arintzeko edo saihesteko beharrezkoak diren aparteko gastu horiei aurre egitea zailtzen duen ezbeharren bat gertatu zaienak.

Gehienez ere, honako zenbateko hauek izango dira urteko:

Dirulaguntza eskolako materialaren kostu osoaren %80koa izango da, gehienez ere 100 euro haur eta urteko, haur hezkuntzan, lehen eta bigarren hezkuntzan, eta 200 euro bestelako ikasketa arautuetan, esaterako lanbide heziketa, erdi mailako graduak, goi mailakoak eta unibertsitate ikasketak.

Eskaerak baloratzean, eta laguntzaren zenbatzeari dagokionez, kontuan hartuko dira honako kontzeptu hauengatik beste erakunde batzuei eskatutako bekak.

3.2.2. Zarrakazteluko Haur Eskola.

Esku hartzearen subjektu diren adingabeen babes faktore gisa balioetsiko da Haur Eskola. Halaber, lehentasuna izango du familia eta lana bateratzeko beharrak, gurasoetakoren bat lanean badago.

Honako hau da dirulaguntza: matrikularen %100 eta hileko kuoten %80, aintzat hartuta Haur Eskolako tarifarik baxuena (indarrean den PFEZaren azkeneko aitorpenaren arabera).

3.2.3. Aisia eta denbora libreko jarduerak.

OGZMko Haurren eta familien programan dauden adingabeen babes faktore gisa baliatuko dira.

Jardueraren kostuaren %80 lagunduko da diruz, familiaren egoera ekonomikoa balioetsi ondoren.

3.3. Helduen prebentzio, gizarteratze eta prestakuntzako beharrei erantzutea.

–Sostengu puntualak, hezkuntza jarduera arautu gabeetan eta/edo prestakuntzako jardueretan parte hartzeko, prestakuntza jasotzeko modu bakarra direnean. Gehienez ere 100 euro pertsonako eta urteko. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango jardueraren kostua baino handiagoa.

–Gidabaimena eskuratzeko matrikularako eta eskoletarako laguntza. Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa 400 euro da.

3.4. Oinarrizko beste premia batzuk.

Prestazio ekonomiko puntuala, aurreko apartatuetan jaso gabeko beste egoera batzuei erantzuteko, haien apartekotasunaren arabera eta familia unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.

FU-KO KIDE KOPURUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Kide bat

200 euro urtean

2 kide

250 euro urtean

3 kide

300 euro urtean

4 kide edo gehiago

350 euro urtean

4.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntzetako kontzeptuak elkarren bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, horien baturak ez badu gainditzen oinarri hauetan ezarritako urteko gehienekoa. Horrez gain, oinarrietan ezarritako betekizunak bete behar dira.

Ezin da eskatu bi laguntza edo gehiago, kontzeptu beragatik.

Emaniko zenbatekoak beste erakunde edo entitate batzuetako dirulaguntzen osagarri izan daitezke. Hala ere, ezin dira izan dirulaguntzaren kontzeptuaren benetako kostua baino handiagoak. Beste dirulaguntza bat lortuz gero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei esan behar zaie hori aitortu eta 15 eguneko epean.

5.–Onuradunen betekizunak.

Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia unitateek jaso ditzakete laguntza hauek.

Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aurretik kontuan hartuko dira irizpide teknikoak (prebentzioa, sustapena, egokitasuna, presa edo gisakoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriak. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek salbuespen egoerak baloratuko dituzte.

Baldintzak:

a) Adinez nagusia izatea, edo ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

b) Frogatzea OGZMko herrietako batean erroldatua dagoela gutxienez 6 hilabete lehenagotik (salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalek barne balorazio bat egiten badute pertsona horren edo familia unitate horren premiazko egoera dela eta).

c) OGZMko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programaren batean egotea (salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalek barne balorazio bat egiten badute pertsona horren edo familia unitate horren premiazko egoera dela eta).

d) Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko.

Balorazio irizpide hau ezarri da deialdi honetako laguntzak lortu ahal izateko:

Familia unitatearen hilabeteko diru-sarrerak - etxebizitzako hilabeteko gastuak = Familiako aurrekontua hilabeteko.

Familiako aurrekontua hilabeteko, zati familia unitateko kideen kopurua = Per capita errenta erabilgarria.

Emango da, honako hauek baino gutxiago bada:

–170 euroko per capita errenta erabilgarria hileko, 18 urte baino gehiagoko helduen familia unitateetan.

–200 euroko per capita errenta erabilgarria hileko, 17 urte baino gutxiagoko adingabeak dituzten familia unitateetan.

–Familia unitateko kide guztien diru-sarrera guztiak hartuko dira kontuan, honako hauek barne: errenta salbuetsia eta dibortziatutako/banandutako gurasoek seme-alabei eman beharreko mantenu-pentsioak (ez dira kontuan hartuko helburu zehatz baterako laguntzak, ikasteko bekak, aparteko laguntzak...). Agiri bidez justifikatu behar da dena, diru-sarrerarik ez badago ere. Langabeen kasuan, derrigorrezkoa da EEZPn izena emana izatea. Aurreko hiru hilabeteetako diru-sarrerak hartuko dira kontuan, agiri bidez argi eta garbi justifikatuta.

–Etxebizitzako honako gastu hauek hartuko dira kontuan, aldez aurretik justifikatuta:

  • Hipoteka: mugarik gabe.
  • Alokairua: mugarik gabe.
  • Hornidurak: argindarra, ura, gasa...: 150 euro hilabeteko, oro har.

Familia unitate batzuk badaude etxebizitzan, haien artean banatuko da gastua, eta kontuan hartuko zaio familia unitate bakoitzari dagokion deskontua. Esaterako, ez zaio kontuan hartuko dena bati eta ezer ez besteei, azken hauek gauzazko laguntzarik eskatzen ez badute ere.

–Aurreko 6 hilabeteetan ordaindutako hiru ordainagiri (alokairukoak edo hipotekakoak) aurkeztuko dira.

Laguntza eskatu aurreko 3 hilabeteetako gastuak eta diru-sarrerak. 3 hilabeteetako batezbestekoa egingo da, bai sarrerena bai gastuena.

Familia unitate eskatzaileek zinpean deklaratu behar dute honako hau: “ez nik ez nire familia unitateko inork ez dugula 4.680 euroko baino gehiagoko kapital higigarririk”.

6.–Onuradunen betebeharrak.

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake oinarri hauetan ezarritako zehapenen araubidea abian jartzea.

b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.

c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza. Jakin bezain laster emango da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Zarrakazteluko OGZen Mankomunitateak dirulaguntzei dagokienez egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei men egitea.

e) Jasotako laguntzarekin egindako gastua justifikatzea. Aipatu justifikazioa faktura edo agiri baliokide bidez egin behar da, egiaztatzen badute gastua egin dela eman zen horretarako, bai eta ordaindu dela ere. Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntza ematen den egunetik hasita.

f) Itzuli beharreko funtsak itzuli. Itzuliko dira bidegabe jasotako zenbatekoak, bai eta aurreikusitako eta egindako gastu osoa frogatzen ez denean ere.

g) Onuradunek ez dute jasotako laguntzaren finantzazioa hedatu beharrik.

7.–Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.

Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko dira espedienteak eta eskatzeko ordenaren arabera emango dira, aurrekontuko partida agortu arte.

Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokio eskaera honetako prestazio ekonomikoaren eskaerak baloratzeko ardura.

Dirulaguntza emateko ebazpenean aipatuko da hura jasotzen duen pertsona, emandako zenbatekoa eta horrek eskatutakoarekin alderatuta egiten duen portzentajea, eskatutakoa diruz lagundu daitekeen zenbatekoa baino handiagoa ez bada. Agertuko dira, halaber, laguntza ordaintzeko modua eta kontzesioaren aldaketak, aurkeztutako frogagirien arabera. Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emango dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.

Dirulaguntza ebazteko epea 15 egunekoa izango da.

Ukatzeko arrazoiak

–Erreferentziako teknikariarekin hitzartutako helburua ez betetzea eta jarduerak edo atazak ez egitea, horiek hitzartu baitziren dirulaguntza eskatzea ekarri zuen egoera konpontzeko.

–Laguntza baloratzeko eskatzen den dokumentazioa ez aurkeztea.

–Eskaera ez etortzea bat balorazio irizpideekin.

–Oinarri hauetan ezarritako gehieneko kopurua agortua izatea.

8.–Eskaerak. Dokumentazioa.

–Eskabidea, eskatzaileak behar bezala beteta.

–Eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia Liburuaren fotokopia.

–Familia unitateak urte horretan dituen diru-sarreren eta gastuen frogagiriak, etxebizitzari dagozkionak hain zuzen ere. Familia unitatearen egoera ekonomikoa frogatuko da eskabidea tramitatzerakoan.

–Laguntza oinarrizko eta presako zer premiatarako eskatzen den, horri loturiko aurrekontua(k) edo zorraren frogagiria.

–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko apartatuetan jaso ez direnak.

–Bizikidetasun ziurtagiria, Mankomunitateko udalerrietako udalarena.

–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.

(*) Salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren espedientean azaltzen badira.

9.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Orokorrean, eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzaren abenduaren 15a arte izango da, aurrekontu-kontsignazioa badago.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (instrukzio-organo gisa) interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aurretik ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoarekin bat.

10.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Dirulaguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izango dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortutako, gaizki aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Laguntzetarako eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1906497