122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Burlatako Udalaren nazioarteko lankidetza-senidetzeetarako laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2019ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldatzea Burlatako Udalaren Nazioarteko lankidetza-senidetzeetarako laguntzak arautzen dituen ordenantzaren 3. eta 4. artikuluak. 2019ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2019ko maiatzaren 17an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

BURLATAKO UDALAREN NAZIOARTEKO LANKIDETZA-SENIDETZEETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Helburua.

Lankidetzarako lerro honen xede nagusiak dira zuzeneko senidetzeak, legez eratuak Burlatako herritarren elkarteen eta garapen integralaren bidean diren herrialde eta estaturik gabeko herrietako kontraparteen artean, garapen komunitarioko ekintzak sustatzeko eta elkartasun eta hezkuntza arloko esperientziak trukatzeko Nafarroako lankidetzarako plan zuzendariaren arabera lehentasuna duten sektoreetan (osasuna, hezkuntza, landa-nekazaritza-abeltzaintzaren garapena, ur hornidura, elkarte zibilak indartzea, emakumeari buruzko programak eta garapena). Argitara emanen da Udalaren web-orrian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako GKEen koordinakundearen web-orrian, eta posta elektronikoaren bidez edo postaz jakinaraziko zaie azken 8 urteetan parte hartu duten elkarteei.

2.–Deialdiaren xedea.

Deialdi publikoen oinarriak arautzea herrien garapenari begira Burlatako Udalak gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteei ematen dizkien lankidetza eta hezkuntzarako laguntzak banatu beharrez. Laguntza horiek emanen zaizkie irabazi asmorik gabe nazioarteko lankidetzan eta herrien eta pertsonen sustapenean eta garapenean jarduten duten elkarte eta erakundeei.

Erakunde eta elkarteak, baldintza guztiak beteta, banaka nahiz taldean –partzuergo edo batasuna eratuz– aurkeztu ahalko dira proiektu bakarra gauzatzeko. Azken kasu horretan, taldean aurkeztu diren erakundeen datuak bereiz emanen dira eta argi adieraziko da zein den partzuergoko buru gisa arituko dena.

Burlatako Udalak horretarako ematen duen dirulaguntza bere aurrekontu arruntaren lerro batean mamitzen da, nazioarteko lankidetza izenekoa. Nafarroako Gobernuko lankidetza politikarekin bat, proiektuen xedea izan beharko da gizakien eta gizartearen garapena bulkatzea alor hauetan: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, pertsona baztertuen sustapena eta azpiegituren garapena, landa nahiz hiri eremuko komunitateei on egiten dietelarik eta komunitateen beren eta haien ordezkarien –bereziki udalen– partaidetza aktiboa ekartzen dutelarik beroriek proposatu, kudeatu eta gauzatzeko tenorean.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira deialdi honetan:

–Haurren giza garapena eta garapen soziala indartzeko proiektuak, honako alor hauetan: osasuna, prebentzioa eta heziketa.

–Familiaren eta, batez ere, emakumearen aldeko sustapen eta garapen proiektuak, haren bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak zein aukerak sustatzeko direnak.

–Proiektu guztietan kezka eta lana agertu behar dira giza eskubideak babestu eta begiratzeko eta gizarte zibilaren partaidetza sendotzeko.

3.–Betebeharrak.

Erakunde parte-hartzaileei dagokienez.

Parte hartu nahi duten erakunde eta elkarteek baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Nafarroako Gobernuko elkarteen erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

2. Irabazi-asmorik ez edukitzea.

3. Xede berariazkoa izatea jarduketak egitea garapenerako lankidetzan eta herrien arteko elkartasunaren sustapenean.

4. Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura aski izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.

5. Proiektua gauzatu behar den tokiko kontraparteak pertsona juridikoa izan beharko du herrialde onuradunaren legeriaren arabera.

4.–Nork jaso dezake laguntza.

Legez eratutako elkarteak, haien estatutuetako xedeetako bat nazioarteko lankidetza dutenak, Nafarroako Gobernuko elkarteen erregistroan izena emanda egon eta helbidea Burlatan badute, edo senidetzeetan ibilbide jarraitua dutela erakusten duten elkarteak badira, eta gainera, Burlatan sentsibilizazio jarduerak egiten badituzte.

Ezin du parte hartu nazioarteko lankidetza-senidetzeetarako deialdietan Burlatako Udalaren lau urteko hitzarmenean adjudikaziodun gertatu den GKEak, dirulaguntza jasotzen duen lau urteetan.

5.–Eskabideak aurkeztea.

Burlatan kokatutako elkarteek edo bertan erroturik daudenek, laguntzak eskuratu ahal izateko, eskabidea aurkeztu beharko dute, bertan datu hauek adierazita: identitatea, helbidea, erregistro zenbakia eta senidetzeen arduradunak eta senidetzen diren elkarteenak.

Garatu nahi duten mikro-proiektuari edo jarduerari buruzko memoria aurkeztuko dute, haren kostua eta eskatutako laguntza zehazturik; haren beharra justifikatuko dute, zein pertsonei eta/edo komunitateri zuzendua dagoen, bete beharreko helburuak zein diren, eta Burlatako biztanleei nola ezagutarazi nahi dieten jarduera hori, bai eta bertan inplikatzeko moduak zein diren ere. Halaber, deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak erantsiko dituzte.

6.–Aurkezteko epea.

Eskabideak udal erregistroan aurkeztuko dira, eskatutako dokumentazioarekin batera, deialdiaren iragarkian adierazten den epearen barnean. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Burlatako Udalaren web-orrian argitaratuko da.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Erakundea: 10 puntu.

–Egoitza: Burlatan errotua eta inplikatua egotea:

  • Burlatan egoitza duen elkartea.
  • Burlatan garatutako ekintzak.

–Kaudimena:

  • Datako egunean abian dituen proiektuak.
  • Zein herrialdetan edo estaturik gabeko herritan jarduten duen.
  • Erakundearen kide kopurua.

–Kontrapartea:

  • Kontraparteak estaturik gabeko herrialde edo herrian duen ezarpena.

7.2. Proiektua: 25 puntu.

–Koherentzia eta bideragarritasuna.

–Helburuak.

–Ekintza eta jarduera aurreikusiak.

–Proiektuaren aktoreak. Kontrapartearen papera.

–Zein herrialdetan edo estaturik gabeko herritan eta bertako zein eskualdetan egiten den.

–Udalek hartan duten inplikazioa.

–Eskaeraren etorkia.

–Zenbat erabiltzaileri zuzendurik dagoen, zuzenean nahiz zeharka.

–Nafarroako Lankidetzarako Plan Zuzendariaren jarraibideekin bat etortzea.

–Finantzabide osagarriak: nazioartekoak, naziokoak, Nafarroakoak.

–Proiektuaren etorkizuna.

7.3. Burlatako jardueren programa: 15 puntu.

–Helburuak.

–Ekintza aurreikusiak.

–Biztanleriaren zer sektoreri zuzendurik dagoen.

–Inplikatzen dituen udal alorrak.

–Aktoreak.

–Inplikazioak biztanlerian.

–Kostu eta finantzaketa aurreikusia.

7.4. Beste alderdi batzuk: 5 puntu.

–Aurkezpena.

–Hizkera ez-sexista eta generoaren ikuspegia.

–Argitasuna.

–Egokitasuna.

–Dokumentazioa.

–Berritasuna.

8.–Laguntza eman eta ebaztea.

Bi aste, eskabideak aurkezteko azken egunetik hasita.

Epaimahai batek baloratuko ditu deialdian aurkeztutako proiektuak eta proposamena igorriko dio Tokiko Gobernu Batzarri, eta eskura dagoen laguntza banatuko du GKEek aurkeztutako eskabideetako kalitatea eta xedeak kontuan hartuz; ahalmena izanen du laguntzarik ez emateko. Bakoitzari eman beharreko zenbateko ekonomikoa zehaztu eta hautatuko du.

Hiru proiektu baino gehiago aurkezten badira, dirulaguntza bati, biri edo hautatutako lehenengo hiruei soilik ematea proposatuko da (epaimahaiak egoki juzgatzen duen bezala).

Epaimahaia osatuko dute gizarte zerbitzu eta politiketako zinegotzi ordezkariak, udalbatzako bi kide gehiagok (batzorde bereko kideak, zozketa bidez edo adostasunez hautatuak), gizarte politiken kontseilu sektorialeko bi ordezkarik (zozketa bidez edo adostasunez hautatuak), gizarte zerbitzuetako teknikari batek eta Burlatako Udaleko gizarte zerbitzuen burutzaren arduradunak, idazkari gisa arituko baita.

Epaimahaiaren erabakia Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio eta loteslea izanen da; horrek behar den gastua onetsiko du. Deialdia eman gabe gelditu daiteke, epaimahaiak hala erabakitzen badu.

Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aginduari jarraikiz.

9.–Zigorrak.

Burlatako Udalak dirulaguntzen ordenantza orokorrean ezarritako moduan zigortuko du, are emandako dirua itzularaziz ere, ondoko kasuetan:

9.1. Zigorrak ezarriko dira kasu hauetan:

–Emandako dirulaguntzaren xedeak betetzen ez direnean.

–Ekintzak eta/edo gastuak justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean.

–Finantza erakundeari dirulaguntza jasotzeko ezarririko baldintzak betetzen ez direnean.

–Dirulaguntza eskuratzeko datuak ezkutatzen edo faltsutzen direnean.

9.2. Itzultzeko arrazoiak:

Burlatako Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorraren 22. artikuluan (Arau-hausteak eta zehapenak) dirua itzultzeko ageri diren arrazoiak sortzen direnean, baita atal honetan aipatu gainerako kasuetan ere, jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu beharko dira, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitartekoak. Ordenantza hori 2012ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 4an.

1. Esku-hartzearen esparruan izan diren emaitzak eta agindutako jarduerak osorik edo zati batean betetzen ez direnean.

2. Justifikazio betebeharra betetzen ez denean edo behar bezala justifikatzen ez denean.

3. Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzen denean dirulaguntza.

4. Emandako dirulaguntzaren xedeak betetzen ez direnean.

5. Edozein arrazoi dela medio, gastuak egiten ez direnean edo Burlatako Udalaren organo kudeatzailearen baimenik gabe horietan funtsezko aldaketak egiten direnean.

6. Finantzatutako entitateari dirulaguntza jasotzeko ezarririko baldintzak betetzen ez direnean.

7. Ondasunak dirulaguntzaren xedera bideratzeko betebeharra betetzen ez denean.

10.–Kontuak ematea.

Elkarte adjudikazio-hartzaileek hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute egindako gastuaren justifikazioa eta egindako jardueren memoria.

11.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, aditzera ematen da ezen, beren tratamendurako baimena eman bidenabar, Burlatako Udalari laguntzak tramitatzeko ekartzen zaizkion edo etorkizunean ekartzen ahal zaizkion datu pertsonalak tratatuak izanen direla komunikazioa errazteko xedearekin, harremanetarako datuak Administrazio Orokorra izeneko fitxategian sarturik.

Burlatako Udalak du fitxategiaren ardura eta fitxategian sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideak bere egoitzan erabil daitezke, helbide honetan: Larrainetako plaza, z.g., 31600 Burlata.

Iragarkiaren kodea: L1906802