122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Herritarrendako dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalbatzak, 2019ko urtarrilaren 2an egin bilkura arruntean, hasierako onespena eman zion Herritarrendako dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantzari (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 27. zenbakian, 2019ko otsailaren 8an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

39. ORDENANTZA, BERRIOBEITIKO UDALEKO HERRITARRENDAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Publikotasuna, tratu-berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraiki beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak arautzen dituenean Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak emateko eta sustatzeko baldintzak.

Legezko xedapen horiek betetzeko, ezinbertzekoa da udal-arau batzuk ematzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraikiko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bertzetik, eskatzaileen edo eragindakoen beharrei.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da jarraiki beharreko prozedura orokorra eta irizpideak ezartzea, Berriobeitiko Udalak bertan erroldatutako pertsona fisikoei emandako dirulaguntzak eskatzeko, emateko, justifikatzeko eta ordaintzeko.

Dirulaguntza hori da Berriobeitiko Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen aldekoa, betiere honako inguruabar hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat betetzea, edo proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea nahiz jokabide berezi bat hartzea (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburua izatea onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea, edo xede publikoren bat sustatzea.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honetan aipatzen diren dirulaguntzak:

–Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, kontrola eta proportzionaltasuna, bizikidetza unitateen benetako premietan oinarrituta.

–Administrazio emaileak finkatutako helburuak eraginkortasunez betetzea.

–Baliabide publikoak efizientziaz esleitzea eta erabiltzea.

2. Dirulaguntzak emateko orduan, kontuan hartu beharko dira dirulaguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpide, xede eta prozedurak.

3. Oinarriak onetsi aitzin, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

4. Dirulaguntzak egoera ekonomikoaren heinean banatuko dira, eta bizikidetza unitateen premien arabera eginen da.

3. artikulua. Arautegi aplikagarria.

Berriobeitiko Udalaren dirulaguntzak arautuko dituzte Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, 887/2006 Errege Dekretuak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duenak–, ekitaldi bakoitzeko Udal Aurrekontua Betearazteko Oinarriek, Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokor honek, eta dirulaguntza mota bakoitzaren oinarriak arautzen dituzten berariazko ordenantzek.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuradun izanen da diruz lagundutako jarduera gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena. Deialdiak eska dezake erroldatuta egotea jardueraren hasieratik eta bertze noizbaitetik eta/edo jarduerak iraun bitartean.

2. Dirulaguntzaren deialdian ezarriko dira onuradun izateko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 10.4 artikuluari eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.s. artikuluari jarraikiz, Berriobeitiko Udalaren esparruan Alkatetzak izanen du dirulaguntzak emateko eskumena, dauden eskuordetzeak edo gerora eman daitezkeenak deusetan ukatu gabe.

6. artikulua. Debekuak.

Egoera hauetako batean dauden pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetako dirulaguntzen onuradun izan, salbu eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, arautegian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratu gabe dituena.

b) Epai irmoaren bidez ezarritako kondena baten ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua dagoena.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua dagoena, kausaren batean errudun jota.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratu gabe dauzkana.

e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean duena.

g) Dirulaguntzak itzuli behar eta ordainketak egin gabe dauzkana.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, dirulaguntzak lortzeko ahala galdu duena, ordenantza honen, Osasunaren Lege Orokorraren Legearen edo zerga-arauen arabera.

7. artikulua. Onuradunen eginbeharrak.

1. Onuradunak eginbehar hauek ditu:

a) Dirulaguntzaren oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta frogatzea ere dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Organo emailearen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatutako argibide guztiak ematea.

d) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, eskuratutako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Eskuratutako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Osasunaren Lege Orokorraren 18. artikuluan adierazitako zabalkunde neurriak hartzea.

g) Osasunaren Lege Orokorraren 37. artikuluan zehazten diren kasuetan, bildutako funtsak itzultzea.

Dirulaguntzaren deialdian ezartzen ahal dira eginbehar zehatzak, bakoitzak dituen inguruabarren arabera.

8. artikulua. Diruz lagundutako zenbatekoaren kalkulua.

Eskatzaile bakoitzari dagokion diru-kopurua kalkulatzeko urrats hauek eginen dira:

1. Deialdi bakoitzean taula bat definituko da, bertan adieraziko da bizikidetza unitatearen per capita errentaren hainbat tarte, eta tarte bakoitzari esleituko zaio diruz lagundutako jardueraren kostuak gehienez ere bil dezakeen ehunekoa. Horrela, tarte batean sartutako eskatzaileak ezin izanen du bildu tarte horri atxiki zaion jardueraren kostua baino ehuneko handiagorik.

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

GEHIENEKO EHUNEKOA

Honenbertzetik

Honenbertzera

______ eurotik goiti

euro

euro

euro

euro

__________ euro edo gutxiago

2. Eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzen da bere per capita errenta tartearen arabera eta diruz lagunduko zaion jardueraren kostuaren arabera.

3. Deialdian esleitutako aurrekontu aplikazioaren zenbatekora egokituko da dirulaguntza.

a) Aurreko puntuan kalkulatutako dirulaguntzen batura osoa deialdiari ezarritako kopurua edo gutxiago bada, prozesua bukatu eta 2. puntuan kalkulatutako dirulaguntzak onetsiko dira.

b) Kalkulatutako dirulaguntzen batura osoa deialdiari ezarritako kopurua baino gehiago bada, koefiziente zuzentzaile bat sartuko da, formula honen bidez: “aurrekontu-aplikazioa / 2. puntuko dirulaguntzen batura”. Koefiziente hau 2. puntuan kalkulatutako dirulaguntza bakoitzarekin biderkatzen da, eta emaitza da eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntza.

4. Beharrezko iritziz gero, eskatzaile bakoitzak gehienez ere har dezakeen zenbateko ezar daiteke deialdietan.

9. artikulua. Bizikidetza unitatearen definizioa.

Dirulaguntza hauei begira, bizikidetza unitatea da odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunez lotutako pertsonen multzoa, bizileku berean bizi dena modu iraunkorrean. Bizilekua zehazteko, indarrean dagoen urteko urtarrilaren 1eko errolda hartuko da.

Ez dute bizikidetza unitatea osatzen adiskidetasunez, bizikidetza hutsagatik edo antzeko arrazoiengatik bizileku berean bizi direnek. Pertsona fisiko bat inola ezin da egon bi bizikidetza unitatetan aldi berean.

10. artikulua. Per capita errentaren kalkulua.

1. Bizikidetza unitatearen urteko errenta baloratzeko, per capita errenta hartuko da kontuan, hau da, unitatearen errenta osoa zati unitateko kideen kopurua.

2. Bizikidetza unitatearen urteko errenta da bertako kideen diru-sarrera edo errenta indibidual justifikatuen batura.

Azken urteko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko da unitatearen urteko errenta.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin beharrik ez dutenek hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu behar dituzte.

3. Errenta indibiduala da zerga-oinarriaren alde orokorra gehi kapital higigarriaren errendimenduen saldo positiboa gehi ondare-eskualdaketen saldo positiboa, alde batera utzita etxebizitza birgaitzeko edo eskuratzeko jasotako dirulaguntzak.

Ondorio praktikoetarako, era honetan kalkulatuko da errenta: Nafarroako Foru Komunitatean, azken ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako 507 gehi 8810 gehi 8808 laukitxoa ken 708 laukitxoa, edo horien baliokide direnak gainerako Estatuan.

Gurasoak ez badira elkarrekin bizi, dirulaguntzaren onuradunarekin bizi denaren diru-sarrerak edo errenta-aitorpena hartuko da kontuan. Gurasoen artean mantenu-pentsioren bat balego ezarrita, zenbatekoa erakusten duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta bizikidetza unitatearen diru-sarreratzat hartuko da.

4. Ezarritako epean azken urteko aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenak, per capita errentarik handienaren tartean sartuko dira.

5. Azken urtean aitortutako diru-sarrerak nabarmen murriztu badira errenta biltzen zuen bizikidetza unitateko norbait hil delako, dirulaguntza eskatzeko orduan adieraziko da.

Egun horretatik aitzina gertatutzen diren aldaketak ez dira kontuan hartuko ekitaldi honetako tarifa kalkulatzeko.

Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta–, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Bizikidetza unitate baten per capita errenta kalkulatu ondotik, horixe erabiliko da bertako kideek ekitaldi honetan eskatutako eta ordenantza honen barneko dirulaguntza guztiak emateko.

DIRULAGUNTZA EMATEKO PROZEDURA

11. artikulua. Prozedura.

Oro har, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da.

12. artikulua. Hasiera.

Prozeduraren laburpena:

1. Hasiera: deialdiaren onespena eta argitalpena.

Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez.

a) Dirulaguntzaren xedea.

b) Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta haiek egiaztatzeko moduak.

c) Eskabideari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

d) Aurrekontuetako zein kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barrenean zein den dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

e) Zein den organo eskuduna prozedura ireki eta ebazteko.

f) Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

g) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

h) Eskabideak baloratzeko irizpideak.

i) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharra dago gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko ote den.

j) Aurrerakinen eta konturako ordainketen aukera, hala behar badu.

k) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.

Deialdia DDBNn argitaratu behar da, eta haren laburpen bat Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Dirulaguntzei buruzko Legearen 20.8 artikuluko prozedurari jarraikiz.

2. Interesdunen eskabidea, eta harekin batera deialdiak eskatzen dituen dokumentuak eta argibideak, bertan ezarritako epean.

Zenbait kasutan, posible da hainbat agiriren ordez aurkeztea eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena. Halakoetan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, 15 eguneko epean egin behar da aitorpeneko datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko errekerimendua.

3. Zuzenketa: Eskabidea edo dokumentazio osagarria okerrak edo osatu gabe egonez gero, instrukzio organoak gehienez 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko dio interesdunari.

13. artikulua. Instrukzioa.

1. Instrukzio organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita ebazpen proposamena.

Instrukziorako jarduketen barnean sartuko da:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, salbu eta epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen duenean –instrukzio organoak txostenaren edo prozeduraren ezaugarriak kontuan hartuta–, baina betiere epea ez da bi hilabetetik gorakoa izanen.

b) Eskabideen ebaluazioa, betiere deialdian balorazioa egiteko ezarritako irizpideak, manerak eta lehentasunak aintzat harturik.

2. Instrukzio organoak aurre ebaluazio bat eginen du, eta haren emaitza txosten batera eramanen; bertan egiaztatuko du –eskura daukan informazioaren arabera– onuradun izateko baldintza guztiak betetzen direla, eta bertan zehaztuko du ebaluazioaren emaitza.

3. Instrukzio organoak ebazpen proposamena emanen du, behar bezala arrazoitua, ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio, eta bertan sartu beharko dira espedientea ikusirik beharrezkoak diren kontsiderazio guztiak.

4. Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Berriobeitiko Udalaren aitzinean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

14. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta gainerako espedientea hartuta, organo eskudunak prozedura ebatziko du, Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira.

3. Ebazpenak berariaz adierazi behar du dirulaguntza zein eskatzaileri eman zaion edo zaien, laguntza zenbatekoa den eta eskaera zein eskatzaileri ezetsi zaion edo zaien.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da, gehienez. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu denetik aitzina zenbatuko da, salbu eta deialdiak berak ondorioak geroko data baterako geroratzen dituenean. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeari jarraikiz, eta adierazi beharko da zein errekurtso diren bidezko haren kontra, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu, eta zein duten epea, interesdunek egokia iruditzen zaien bertze edozein erabiltzen ahalko badute ere.

15. artikulua. Konturako ordainketak eta aurrerakinak.

1. Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Ordainketak zatituak izaten ahal dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoaren arabera.

2. Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira justifikazioa egin aitzinetik, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzabide gisa.

3. Konturako ordainketek nahiz aurrerakinek aurreikusita egon beharko dute dirulaguntzaren deialdian.

16. artikulua. Zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen konplimendua.

Dirulaguntza ezin izanen da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu eguneraturik zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketari buruzko ebazpen batek zorduntzat jotzen badu.

Dena dela, salbuespen gisa, dirulaguntza nolakoa den, Berriobeitiko Udalak betebehar horretatik salbuets dezake gizarte larrialdiko egoera berezietan.

Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, espedientean zuritu beharko dira arrazoiak, txosten baten bidez.

17. artikulua. Justifikazioa.

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko modua zehaztuko du oinarri erregulatzaileetan.

2. Kapitulu honetan ezarri bezala dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, lege honen 37. artikuluari jarraikiz.

3. Jarduerak bertzelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan egiaztatu beharko dira funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa

18. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Eskuratutako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, eta dirulaguntza ordaindu den egunetik itzuli beharra dagoela adierazi den eguna arteko berandutza-interesa eskatzen ahalko da, kasu hauetan:

a) Dirulaguntza eskuratu denean eskatutako baldintzak bete gabe.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu ez direnean, osorik nahiz partzialki, edo hartu beharreko jokabidea hartu ez denean.

c) Dirulaguntza emandakoan ezarritako baldintzak bete ez direnean.

d) Justifikazioa aurkeztu ez denean, edo justifikazioa aski ez denean legeari, ordenantza honi eta deialdiaren oinarriei jarraikiz.

e) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean edo deialdiko oinarrietan aurreikusitako gainerako kasuetan.

Ikuskapen –eta kontrol– lanak eginda ondorioztatzen bada eskuratutako laguntza oker lortu, gastatu edo bideratu dela, ikuskatzaile eta kontrolatzaile horiek erabaki dezakete fakturak edo horien pareko edo ordezko agiriak atxikitzea, edo berdin egitea zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko bertze edozein agirirekin.

19. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntza publikoen alorrean, arau-hauste administratiboak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria tartean badaude:

1. Laguntza lortzea baldintzetan gezurra erranez, edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

2. Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada itzuli, aurrez errekerimendurik egin gabe.

3. Dirulaguntza eskuratuta hartutako eginbeharrak ez betetzea, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik

4. Eskuratutako funtsei emandako erabilera ez justifikatzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Xedapen hauek indarrik gabe geratu dira:

–39. udal ordenantza, Berriobeitiko Udaleko kultura, hezkuntza, kirol eta bertzelako jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituena. (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 156. zenbakia, 2013ko abuztuaren 14koa).

–21. udal ordenantza, Euskara ikasteko dirulaguntzak arautzen dituena (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 12. zenbakia, 2013ko urtarrilaren 18koa).

Iragarkiaren kodea: L1906176