122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aurrekontu parte-hartzaileen autoerregelamendua
behin betiko onestea

Berriobeitiko Udalbatzak 2019ko urtarrilaren 2ko osoko bilkuran erabaki zuen hasiera batean onestea Aurrekontu parte-hartzaileen Autoerregelamendua (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 27. zenbakian argitaratu zen, 2019ko otsailaren 8an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

AURREKONTU PARTE-HARTZAILEEN
AUTOERREGELAMENDUA

Hitzaurrea

Kudeaketa publikoa herritarrekin batera egitea ekartzen dute berekin aurrekontu parte-hartzaileek. Parte hartzeko eta kudeatzeko tresna bat dira eta, haren bidez, herritarrek proposamenak egin eta erabakiak har ditzakete udal baliabide batzuen xedeaz.

Gure udalerriak hamar kontzeju dituenez, aurrekontu parte-hartzaileek hainbat prozesu izanen dituzte eta zein bere aldetik garatuko da kontzeju bakoitzean, modu koordinatuan. Gisa horretara, kontzeju bakoitzak bere aurrekontuko zuzkidura izanen du eta, prozesuaren joan-etorrian, herritarrek beren proposamenak aurkeztu, eztabaidatu eta hautatuko dituzte.

“Autoerregelamendu” honetan daude aurrekontu parte-hartzailearen prozesuko arauak eta erregelak, bere urrats eta ekintza guztietan. Talde Eragileak egin du eta onespena eta oniritzia eman diote Mahai Teknikoak, Berriobeitiko Udalbatzak, eta kontzejuetako lehendakaritzek. Nolanahi ere, dokumentu dinamikoa denez urtero berrikusiko da, beharrezko aldaketak egiteko, egokituz eta eboluzionatuz joan dadin.

Eragileak

1. artikulua. Herritarrak.

Herritarrak dira aurrekontu parte-hartzaileen eragile nagusiak, haiei baitagokie proposamenak egitea, eztabaidatzea eta erabakitzea.

Prozesuan parte hartu ahal izanen dute kontzeju batean erroldatuta egonik 14 urtetik goiti dituztenek, bai eta ekitaldi honetan 14 urte betetzen dituztenek ere.

Prozesuaren joan-etorrian egiaztagiria eskatu ahal izanen zaie parte-hartzaileei, eta dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko dute (NANa, pasaportea, AIZ edo gidabaimena). Izen-deiturak eta argazkia dituen instituzio bateko txartela erakusten ahal dute adingabeek.

2. artikulua. Talde Eragilea.

Honako hauek osatuko dute Talde Eragilea:

–Boluntarioek: gehienez pertsona bat kontzeju bakoitzeko.

–Zinegotziek: Berriobeitiko Udaleko alderdi politiko bakoitzetik ordezkari bat, gehienez.

–Udal teknikariek: gutxienez ordezkari bat.

Autoerregelamendu hau egiteaz gain, eginkizun hauek ditu:

–Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko fase bakoitzaren datak erabakitzea.

–Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari jarraipena egitea, eta amaieran ebaluatzea.

–Baloratzea, eta beharrezkoa balitz aldaketak aplikatzea, autoerregelamendua hobetzeko.

3. artikulua. Mahai Teknikoa.

Berriobeitiko Udaleko profesionalek osatzen dute Mahai Teknikoa. Honako hauek daude bertan:

–Idazkaritza.

–Hirigintza alorreko arduraduna (arkitektoa edo aparejadorea).

–Kultur teknikaria.

–Gazteriako eta kiroleko teknikaria.

–Kontzejuetako administraria.

Bere funtzioak egiteko orduan beharrezkotzat jotzen bada barneko edo kanpoko aholkularitza jasotzea, beharrezkotzat jottzen diren pertsonak gonbidatu ahal izanen dira.

Haien eginkizuna da:

–Proposamenek Autoerregelamendu honetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

–Proposamenak ebaluatzea, Autoerregelamendu honetako irizpideen arabera.

–Talde Eragilea aholkatzea Autoerregelamendua aldatzeari buruz.

4. artikulua. Kontzejuak.

Kontzejuak aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko parte dira, beren lehendakariaren eta beren batzarren bidez, honako hauetaz arduratzen baitira:

–Kontzejuan aurkeztutako proposamenak ebaluatzea, eragozpenak baleude ere.

–Kontzejuaren proposamenak eztabaidatzeko fasea antolatzea.

–Bozketak antolatzea, zenbaketa egitea eta Udalari jakinaraztea.

Prozesuaren ezaugarriak

5. artikulua. Zenbatekoak.

Udal aurrekontuetako “Aurrekontu parte-hartzaileen Inbertsioak” partidan agertuko da esleitutako zenbateko osoa. Zenbateko hori kontzejuen artean banatuko da gisa honetan:

–Hainbertzeko berdin bat kontzeju guztientzat.

–Hainbertzeko aldakor bat, biztanleriarekin proportzioan.

6. artikulua. Faseak.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak lau fase izanen ditu:

1. Proposamenak aurkeztea: Kontzeju bakoitzeko herritarrek aurkeztuko dituzte iruditzen zaizkien proposamenak. Fase honek bi aste iraunen du, gutxienez.

2. Proposamenak ebaluatzea: Mahai Teknikoak ebaluatu eta iragaziko ditu proposamenak, ea baldintzak betetzen dituzten eta ea “kalitate” minimo bat duten, autoerregelamendu honetako irizpideei jarraikiz. Fase hau lau astekoa izanen da, gutxienez.

3. Proposamenen eztabaida: Kontzeju bakoitzeko herritarrek ezagutu eta eztabaidatuko dituzte bertan aurkeztutako proposamenak. Fase honek bi aste iraunen du, gutxienez.

4. Proposamenak hautatzea: Herritarrek bozketa arautuaren bidez hautatuko dituzte beren kontzejuan gauzatzeko proposamenak. Fase honek astebete iraunen du, gutxienez.

Kontzeju bakoitzean proposamenak hautatu eta udaleko langileei prozesuaren emaitzak jakinarazi ondotik, haiek gauzatu ahal izateko kudeaketa kontabilitateko, administratibo eta teknikoak eginen ditu Udalak.

7. artikulua. Zabalkundea.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari lotu aitzin, eta gutxienez hiru aste lehenago, informazio hau zabalduko da herritarren artean, egokitzat hartzen diren bitartekoak erabiliz:

–Prozesuaren arautegiaren laburpena.

–Prozesuko fase bakoitzaren epeak.

–Kontzeju bakoitzari esleitutako zenbatekoa.

8. artikulua. Proposamenen baldintzak.

Proposamenak nahitaez aplikatu beharko dira erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunen gainean edo interes orokorreko jarduketen gainean. Betiere, Udalaren jabetza edo eskumen izanen dira ondasunak eta zerbitzuak.

Halaber, aurkeztu diren kontzeju berean gauzatu beharko dira proposamenak, prozesua garatzen den urte bertan.

Proposamen zehatzak eta ekonomikoki ebaluatuak izan behar dute. Udalerako egindako aurrekontuak ezin du gainditu kontzejuari esleitutako zenbatekoa. Proposamena finantzatzen laguntzeko eskaintzen bada kontzejua edo bertze erakunde bat, horren baieztapen idatzia erantsi beharko da.

Aurkeztutako proposamenak informaziorako baizik ez dira, eta proposamena hautatzeak ez dakar hirugarrenekiko konpromisorik, zeren eta, inbertsioa egitea Udalaren eskumena denez, harexek baloratuko baititu hura gauzatzeko dauden aukera desberdinak.

Udalak kontrastatu ahal izanen du –aurrekontuak edo txosten osagarriak eskatuz– proiektu bakoitzaren bideragarritasuna, kontuan hartuz zer eragin duen arauetan, ekonomian, ingurumenean, materialetan eta giza baliabideetan.

Proposamenak eremu hauetako bati buruzkoak izanen dira:

–Inbertsio zehatzak eta ukigarriak, nahiz obra publikokoak nahiz urtebetetik goitiko bizi baliagarria duten erosketak.

–Unean uneko ekitaldiak edo jarduerak. Kategoria honetatik kanpora daude udalak edo kontzejuak antolatutako besten inguruko ekitaldiak edo jarduerak.

–Denboraren joan-etorrian luzatzen diren jarduerak.

I. fasea.–Proposamenak aurkeztea

9. artikulua. Proposamenen egileak.

“Herritarrak” izeneko 1. artikuluko baldintzak betetzen dituen edonork aurkezten ahal du proposamena.

Herritar batek nahi hainbat proposamen aurkezten ahal ditu.

Proposamenak aurkezten ahal dira partikular moduan edo kontzejuko elkarte bat ordezkatuz. Pertsona fisikoek bezala, elkarte batek ere nahi adina proposamen aurkezten ahal ditu.

Proposamena aurkezten duen pertsonak bere burua identifikatu eta datu hauek eman beharko ditu:

–Izen-deiturak.

–IFZ. Adingabea bada, ez da beharrezkoa izanen.

–Helbidea.

–Harremanetarako telefonoa.

–Posta elektronikoaren kontua.

10. artikulua. Proposamenaren edukia.

Proposamenaren gaineko azalpenak atal hauek izanen ditu:

–Izenburua.

–Proposatzen denaren deskribapen xehatua eta zehatza. Ez da aski ideia baten planteamendu orokorra.

–Proposamenaren justifikazioa, zer hobetu nahi den edo zer problema konpondu nahi den azalduz.

–Nori edo zeri egiten dion mesede zuzena (gizarte-taldea, adina, ingurumena...).

–Egin beharreko inbertsioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontuak benetako oinarria izan behar du, ez da aski kopuru bat proposatzea erkatu gabe, eta enpresa edo autonomo batena izan beharko du.

–Hurrengo urteetan egin beharreko mantentze- eta zaintze-lanen gutxi gorabeherako kostua eta deskribapena.

–Proposamena hainbat urtetan garatzeko proiektu handiago baten parte bada, gainerako faseen ustezko kostua eta epea.

Beharrezkotzat jotzen dituen eranskinak gehitzen ahal ditu proposamenaren egileak.

11. artikulua. Aurkezpenaren prozesua.

Herritarrek Talde Eragileak esandako epean aurkeztuko dituzte proposamenak, modu hauetako batean:

–Posta elektronikoaren bidez.

–Udaleko erregistroan aurrez aurre.

–Udalera mezu elektroniko bat bidalita.

Lehen aipatutako informazio atalak dauzkan inprimaki bat betez aurkeztuko da proposamena. Inprimaki hori eskura egonen da Udalean nahiz Udalaren webean.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dagoen artean, Udaleko teknikariekin mintzatzeko aukera izanen da, aholku eman dezaten proposamenaren nondik norakoetan eta aurkeztu beharreko inprimakia eta agiriak betetzen.

II. fasea.–Proposamenen ebaluazioa

12. artikulua. Aurkeztutako dokumentazioaren egiaztapena.

Proposamenak aurkeztu ondoren, dokumentazioa osorik dagoela egiaztatuko dute Mahai Teknikoko kideek. Informazioan edo agirietan akatsak egonez gero, horiek zuzentzeko eskatuko da jakinarazi direnetik bortz egun balioduneko epean. Ez bada epearen barnean betetzen eskatutakoa, ezetsi eginen da proposamena.

13. artikulua. Baldintzak betetzen diren aztertzea.

Kasuan kasuko kontzejura bidali eta hark aztertuko ditu proposamen bakoitza eta haren agiriak. Kontzejuak eragozpen bat jarriz gero proposamen bati, idatziz justifikatu beharko du bost egun baliodunen barnean, Mahai Teknikoak aztertu eta balora dezan. Ez bada eragozpenik jakinarazten, kontzejuak proposamen guztiei oniritzia eman diela pentsatuko da.

Ondoren, Mahai Teknikoak aztertuko ditu proposamenak, Autoerregelamendu honetako baldintzak betetzen direla balioztatzeko. Autoerregelamendu honetako baldintzaren bat ez bada betetzen, ezetsi eginen da proposamena. Gainera, proposamen bat ezetsi eginen da ez bada bideragarria arrazoi ekonomikoengatik, juridikoengatik, teknikoengatik, ingurumenagatik, kokapenagatik edo espaziora ez egokitzeagatik. Horretarako, aholkularitza eskatu ahal izanen zaie arloko teknikariei edo kanpoko langileei.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, bost egun baliodunen barnean hura zuzentzeko eskatuko zaio proposamenaren egileari. Epe hori iragan eta baldintzak bete gabe jarraitzen badu, behin betiko ezetsiko da proposamena.

14. artikulua. Proposamenen balorazioa.

Mahai Teknikoak proposamen guztiak ebaluatuko ditu, kontuan hartuz Autoerregelamendu honen hurrengo artikulua. 25 puntura heltzen ez diren proposamenak ezetsi eta ez dira iraganen prozesuaren hurrengo faseetara.

Gutxieneko balorazio horretara heltzen ez diren proposamenen egileei zuzeneko jakinarazpen bat bidaliko zaie, eta hiru egun balioduneko epean egiten dituzten alegazioak aztertuko Mahai Teknikoak.

Mahai Teknikoaren balorazioak ez dira zabalduko ez prozesuaren barnean ez hura amaitzean. Berez, ez dira osoak izanen, ebaketa-puntuaziora heltzen direnetik aitzina ez baitira ebaluatzen jarraituko.

15. artikulua. Balorazio irizpideak.

Mahai Teknikoak irizpide hauen arabera puntuatuko ditu proposamenak:

1. Eragina:

Proposamenak kontzejuko zenbat biztanleri eragiten dien.

–Biztanleen %0tik %10era: 0 puntu.

–Biztanleen %10etik %25era: 4 puntu.

–Biztanleen %25etik %50era: 8 puntu.

–Biztanleen %50etik %75era: 12 puntu.

–Biztanleen %75etik %100era: 15 puntu.

2. Integratzailea:

Proposamenak kontzejuko herritarren sarea indartzen du.

–Ez dio gizarte sareari eragiten: 0 puntu.

–Kontzejuko sektoreen arteko komunikazioguneak bultzatzen ditu: 8 puntu.

–Kontzejuko gizarte kohesioari laguntzen dio: 12 puntu.

–Herritarrek parte hartzea sustatzen du: 15 puntu.

3. Jarraipena:

Proposamenak jarraipena, iraupena eta eragina izan dezake hurrengo urteetan.

–Ez du: 0 puntu.

–Urte 1etik 3 urte bitarte: 7 puntu.

–3 urtetik goiti: 10 puntu.

4. Solidarioa:

Behar handia duten herritarrendako edo esparruendako proposamena da. Dentsitate edo zentraltasun txikiko adin-taldeei eragiten die (haurrak, gazteak, adinekoak), desgaitasunak dituztenei (fisikoak, psikikoak edo sentsorialak), aukera gutxiago dituzten kolektiboei (langabeak, etorkinak, gutxiengo kulturalak) edo kontzejuko eremu baztertuei.

Garrantziaren eta larritasunaren balorazioa:

–Esku hartu beharrik ez: 0 puntu.

–Esku hartu beharra: 5 puntu.

–Esku hartze garrantzitsua: 7 puntu.

–Esku hartze presakoa: 10 puntu.

5. Berdintasuna:

Proposamenak emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna bultzatzen du.

–Ez du eraginik: 0 puntu.

–Kontuan hartzen ditu kontziliazio pertsonalaren beharrak: 5 puntu.

–Emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua indartzen du: 7 puntu.

–Hezkidetza sustatzen du: 10 puntu.

6. Ingurumenaren gaineko eragina:

Proposamenak aintzat hartzen du ingurumen jasangarria, edo eragin mesedegarria du ingurumenaren gainean.

–Ingurumenaren gaineko eraginik ez: 0 puntu.

–Ingurumenaren gaineko eragin positiboa: 5 puntu.

7. Mantentzeko kostuak:

Proposamenak ez du mantentzeko kosturik edo kostuak murrizten ditu.

–Mantentzeko kostuak ditu: 0 puntu.

–Ez du mantentzeko kosturik: 5 puntu.

–Kostuak murrizten ditu: 10 puntu.

8. Hezitzailea:

Proposamenek on egiten diote herritarren ikaskuntza eta trebakuntza prozesuei.

–Ez: 0 puntu.

–Bai: 5 puntu.

9. Kultur ondarearen sustapena:

Proposamenak bertako kultur ondarea eta euskara hedatzen eta sustatzen laguntzen du.

–Ez: 0 puntu.

–Bai: 5 puntu.

10. Proposamen berria:

Proposamenaren xede denak laguntzak jaso ditu aurreko hiru urteetako aurrekontu parte-hartzaile batean.

–Bai: 0 puntu.

–Ez: 5 puntu.

11. Proiektua martxan:

Proposamena hainbat urtetako proiektu baten barnean dago, laguntzak jaso ditu aurreko urteetako aurrekontu parte-hartzaileetan eta, beraz, gauzatzen hasita dago.

–Ez: 0 puntu.

–Bai: 5 puntu.

III. fasea.–Proposamenen eztabaida

16. artikulua. Proposamenen berri ematea

Aurreko fasea gainditu duten proposamenen berri emanen da Udaleko webaren bidez.

Aurkeztu bezalaxe argitaratuko da proposamenari buruzko informazio guztia, salbu eta proposamen-egilearekin kontaktatzeko datuak.

17. artikulua. Proposamenen eztabaida.

Kontzeju bakoitzeko Batzarrak antolatutako bilera batean zabaldu eta eztabaidatuko dira bertan aurkeztutako proposamenak. Proposamenaren egileak ez du bere proposamena aurkeztu edo defendatu beharrik izanen eztabaida horietan.

IV. fasea.–Proposamenen hautapena

18. artikulua. Bozketaren antolaketa.

Proposamenak aurrez aurreko bozketa bidez hautatuko dira kontzeju bakoitzean, eta bertan erroldatuta dauden eta gutxienez 14 urte dituzten pertsona guztiek hartu ahal izanen dute parte.

Kontzeju bakoitzaren ardura izanen da proposamenen bozketa antolatzea, bozketaren lekua eta boza emateko egunak eta orduak jarriz. Kontzeju bakoitzak modu autonomoan hartu ahal izanen du bere erabakia, baina muga hauekin:

–Talde Eragileak fase honetarako markatutako epearen barnean eginen da bozketa.

–Proposamen bat baino gehiago bada, gutxienez bi egun ezarri beharko dira bozketetarako –bat aste barnean eta bertzea aste bukaeran–, eta herritarrek parte har dezaten laguntzen eta sustatzen duen ordutegi bat.

Mahaiak bi kide izanen ditu beti, bata boluntarioa eta bertzea Kontzejuko Batzarreko ordezkari bat.

Udalak kontzeju bakoitzaren esku jarriko ditu bertako errolda eta bozketa-txartelak. Boza ematera doanak bere burua identifikatu beharko du agiri ofizial baten bidez, eta adingabeek beren izen-deiturak eta argazki bat dituen erakunde edo elkarte bateko karnet batekin egin ahal izanen dute.

19. artikulua. Bozketa-sistema.

Boza ematera doan pertsona bakoitzak bi proposameni eman beharko die, bati hiru (3) puntu eta bertzeari bat (1).

Arau hori betetzen ez duten bozka-paperak baliogabetzat jo eta ez da botorik kontabilizatuko proposamen bakar batentzat ere. Bozkatzeko proposamen bakarra dagoenean bakarrik izanen da salbuespena.

20. artikulua. Bozketaren zenbaketa eta emaitza.

Zenbaketa modu publikoan eginen da, eratu den mahaiak bozketa itxi ondoren. Proposamenek jasotako puntu guztiak batu eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

Mahaiko kide batek Udalean entregatuko ditu zenbaketaren akta –aurrez Udalak emana–, bai eta bozka-paperak ere, bozkatu ondoko lehen egun baliodunean.

Udalak bere webean argitaratuko ditu kontzeju bakoitzeko emaitzak eta parte-hartzearen datuak.

Puntu gehien jaso duen proposamenak nahikoa aurrekontu uzten badu bigarrenarentzat ere, hura ere gauzatuko da. Eta hala hurrenez hurren.

Prozesuaren ebaluazioa eta Autoerregelamenduaren aldaketa

21. artikulua. Prozesuaren ebaluazioa

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua aztertzeko, azken ebaluazio hauek eginen dira:

–Mahai Teknikoaren ebaluazioa.

–Kontzejuetako Batzarren ebaluazioa.

–Talde Eragilearen ebaluazioa.

22. artikulua. Autoerregelamenduaren aldaketa

Autoerregelamendua aldatzeko, kontuan hartuko dira eragileen azken ebaluazioak. Horietan oinarrituz, iruditzen zaizkion aldaketak proposatuko ditu Talde Eragileak eta –iritzia eskatu ondotik Mahai Teknikoari eta Batzarrei– azken proposamena eginen du.

Iragarkiaren kodea: L1906175