122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABAURREGAINA

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza
behin betiko onestea

Abaurregaineko Udalak, 2018ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Udalaren herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzari.

Iragarkia 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko maiatzaren 25ean.

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Abaurregainean, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Francisco Javier Encaje Araña.

ABAURREGAINEKO UDALAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Abaurregaineko Udaleko herri-lurren aprobetxamenduak arautzea.

2. artikulua. Herri-lurrak arautzen dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak, Ondasunen Arautegiak (280/1990 FD), ordenantza honek, eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapen orokorrek.

3. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

–Herri-larreen aprobetxamenduak.

–Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

–Herri-lurren bertzelako aprobetxamenduak.

4. artikulua. Aprobetxamenduen onuradunak.

Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun diren familia unitateen titularrek baldintza hauek bete behar dituzte:

1.–Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.

2.–Abaurregaineko Udal Erroldan herritar gisa izen emanda egotea, gutxienez azken urtebetean.

3.–Urtean gutxienez bederatzi hilabetez segidan bizitzea udalerrian.

4.–Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izatea.

Herri-larreen aprobetxamenduen kasuan, Nekazarien Gizarte Segurantza ere ordainduta eduki beharko da, eta pertsona juridikoa edo sozietatea izanez gero, haren kide guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek.

5. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentea da aita-ama erretiratuek osatzen dutena, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. TITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

6. artikulua. Nafarroako Gobernuak onartu eta Mendi Ataleko langileek markaketa egin ondotik, Abaurregaineko Udalak etxerako epaitza edo egur sorta emanen die urtero ordenantza honetako 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia unitateei, eskabidea aurkeztu baldin badute Udalak urtero ezartzen duen epearen barnean.

7. artikulua. Udalak, halaber, urtero ezarritako epearen barnean interesdunek eskatu ondoan, honako hauek emanen ditu:

–Epaitz edo egur sorta bat bi urtetik behin, baldin eta familia unitateko titularrak betetzen baditu arautegi honetako 4. artikuluaren 1., 2. eta 4. paragrafoetako baldintzak.

–Epaitz edo egur sorta bat hiru urtetik behin, baldin eta familia unitateko titularrak betetzen baditu arautegi honetako 4. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoetako baldintzak.

8. artikulua. Aitzineko artikuluak goiti-beheiti, lehengo urtekoa aprobetxatua dutenei baizik ez zaie eginen epaitzaren markaketa.

Epaitza gauzatzeko epea urtebetekoa da gehienez, Nafarroako Gobernuko Mendi Atalak baimentzen duenetik. Epeak betetzen ez badira, epaitzaren gaineko eskubideak galdu eta familia unitateari ez zaio berririk markatuko hurrengo urtean.

9. artikulua. Egurra zer etxeri eman zaion, hartantxe baizik ez da erabili edo aprobetxatuko. Egur-sorta hirugarren bati eman edo saldu duen familia unitateak bertze baterako eskubidea galduko du hurrengo bortz urtean.

10. artikulua. Epaitzen onuradunek aprobetxamenduaren hondarrak bildu eta metatu behar dituzte, eta ez dituzte bideetan uzten ahal, ezta mendiko pistetan edo bidea trabatzen duten tokietan ere. Debeku da sortak pistetan herrestan eramatea. Orobat, bildu egin beharko dira lanen ondorioz sortutako hondakinak ere –bidoiak, plastikoak, etab.–, eta artikulu honetan xedatua betetzen ez duenari ez zaio urtebetean aprobetxamendu hau emanen.

III. TITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

11. artikulua. Herri-larreen deskribapena.

Honako hauek dira Abaurregaineko herri-larreak:

1.–Mendiko zerrakurako larreak.

2.–Mendizorrotzeko zerrakurako larreak.

12. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Herri-larreak modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan aprobetxatutako dira:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

13. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ezin izanen da azpierrentatu ez inori laga. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen familia unitateko titularrek aziendak ateratzen dituztenean Udalerriko Abere Aberastasunaren Katastrotik.

14. artikulua. Udalak urtero jakinaraziko du abeltzain bakoitzak noiz arteko epea duen bere aziendak larre alde bakoitzean sartzea eskatzeko, eta adierazi beharko du zenbat abelburu diren, zer espezietakoak, eta zein aldetan sartu nahi dituen.

Aziendak epez kanpo apuntatzen duenak arriskua du eskatutako aldetik kanpora gelditzeko hura epearen barnean apuntatutakoekin bete bada, nahiz eta eskaera gutxi izandako aldeak erabili ahal izanen dituen horretarako.

15. artikulua. Kanpainak iraun bitartean larre horiek aprobetxatuko dituzten azienda guztiek Udalak adierazitako ikurra eraman beharko dute.

16. artikulua. Aziendak larreetan sartu ahal izateko, ezinbertzekoa da dagokion ustiapen liburuan agertzea, hala eskatzen ahal denean, eta eguneratuta edukitzea urteko saneamendu agiria.

17. artikulua. Udalak urtero erabakiko du 4. artikuluko baldintzak bete eta beren izenean aziendak dituzten pertsonek gehienez zenbat azienda eraman ditzaketen Udalaren larreetara.

4. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako baldintzak betetzen dituzten erretiratuek gainerako herritarrek bezala sartu ahal izanen dituzte aziendak.

18. artikulua. Eritasun kutsakorren bat harrapatzen duen azienda lehenbailehen atera beharko da, Udalari jakinarazi eta 24 ordu baino beranduago inoiz ez. Dena dela, osasun-albaitariak azienda aztertu eta hark erabakiko du larreetatik atera behar den, diagnostikatutako eritasunaren arabera.

Azienda bat hiltzean, jabeak hondarrak ehortzi edo erretiratuko ditu, bazterraren ezaugarriengatik haiengana ailegatzea ezinezkoa ez bada. Eginbehar horiek bete ezean, zehapen bat jarriko zaio araua hautsi duen abeltzainari, 43. eta 44. artikuluei jarraikiz.

19. artikulua. Abeltzainen erantzukizuna dira beren aziendek jasan edo eragin ditzaketen kalteak, eta gerta litezkeen erreklamazioak edo kalte-ordainak kudeatu beharko dituzte.

20. artikulua. Espezie bakoitzaren araberako azienda-karga zehazteko, baliokidetasun hauek ezarri dira:

–Azienda larriko burua: 1,00 AzLU.

–Behi-azienda 1, urtebetetik beheitikoa: 0 AzLU.

–Behi-azienda 1, urtebetetik goitikoa eta bi urtetik beheitikoa: 0,75 AzLU.

–Zaldi-azienda 1, bi urtetik goitikoa: 1,30 AzLU.

–Zaldi-azienda 1, bi urtetik beheitikoa (moxalak): 0,75 AzLU.

–Ardi-azienda 1, sei hilabetetik goitikoa: 0,12 AzLU.

21. artikulua. Bazkatzea zerrakuretan eginen da, alde bakoitzari bere arauak aplikatuz.

22. artikulua. Zerrakura bakoitzerako apuntatutako abelburu kopurua jakindakoan eginen da banaketa, eta alde bateko azienda-karga gainditzen badu irizpide hauei segituko zaie:

1.–Zerrakura baterako eskaera sobera badaude eta bertze bateko edo batzuetako kupoa bete gabe badago, beren borondatez bertze belai bat hauta dezaten eskatuko zaie abeltzainei. Aldaketa hori egiteko boluntariorik ez badago, zozketaz eginen da.

Urte batean belaiz aldatu behar izan duen abeltzainak, izendatutako belaian eduki ahal izanen ditu aziendak hurrengo bortz urtean. Larre-kanpaina bat iragaitean, berriz sartuko litzateke zozketan gainerako abeltzainekin, beharrezkoa balitz.

2.–Belai guztietan balego eskaera gehiegi, kupoa bete arte onartuko dira ordena honetan:

1. Behiak txahalekin.

2. Bigak eta behokak.

3. Behorrak zaldiko-behokekin.

4. Jetzialdiko ardiak.

5. Ernaldu gabeko behiak eta behorrak.

6. Gainerako ardi-aziendak.

3.–Baldin eta Udalaren premiak ase ondotik ez bada osatu belai baten edo batzuen azienda-karga osoa, 12. artikuluari jarraikiko zaio.

23. artikulua. Belaietan zezenak sartzen utziko da, baldintza hauek betez gero:

1.–Eskabidea idatziz aurkeztea Udaleko idazkaritzan, belaia, arraza eta noiz sartzea aurreikusten den adieraziz.

2.–Belai horri erabiltzen duten abeltzain gehienen adostasuna beharko da.

3.–Zezenekin gurutzatu nahi ez diren bigak, halakorik bada, aparteko zerrakura batera eramanen dira; hura zein den urtero erabakiko da, egoera horretan dauden buruen kopuruaren arabera. Artikulu honen ondorioetarako, bigak dira 6 hilabetetik 2 urte artekoak.

24. artikulua. Larre kanpaina ekainaren lehen hamabostaldian hasi eta urriaren 30ean akituko da. Dena dela, Abaurregaineko Udalak erabakiko du urtero, larreak nola dauden ikusirik, aziendak zehazki zer egunetan sartu eta atera; Batzarrak bertze datarik argitaratzen ez badu, ulertuko da artikulu honetakoak daudela indarrean.

25. artikulua. Ezin izanen da aziendarik zerrakuretan bazkatu martxoaren 30etik larre kanpaina hasi arte.

26. artikulua. Neguko larreak.

Udalak urtero egiten duen deialdiaren ondotik, neguko larreetan bazka daitezke horretarako apuntatu diren aziendak, zerrakurak irekitzen direnetik ixten diren arte.

Larrearen egoera ez bada egokia, Udalak aziendak kentzeko agindu dezake. Halakoetan, abeltzainei garaiz abisatu eta itzuli eginen zaie ordaindutako kuota.

IV. KAPITULUA

Aprobetxamenduen kuotak

27. artikulua. Abaurregaineko Udalari ordainduko zaizkio bizirik itzulitako azienden larre-kuotak. Udalaren larreetan azienda bat hilez gero, eta ez bada abeltzainaren erruz edo berez hil bada, abelburu horren kuota itzuliko zaio jabeari.

Zaldiko-behokek, bigek eta bildotsek ez dute kuotarik ordaintzen.

28. artikulua. Hasiera batean, honako hauek dira alde bakoitzeko zenbatekoak:

–Mendiko zerrakura:

  • Behi-aziendak: 13,52 euro (1 AzLU).
  • Zaldi-aziendak: 13,52 euro (1 AzLU).

–Mendizorrotzeko zerrakura:

  • Behi-aziendak: 13,52 euro (1 AzLU).
  • Zaldi-aziendak: 13,52 euro (1 AzLU).

29. artikulua. Abaurregaineko Udalarekin zorretan dauden abeltzainek ez dute aziendarik sartzen ahalko herri-larreetan.

30. artikulua. Abaurregaineko Udalak urtero berrikusiko ditu larre aprobetxamenduen kuotak. Larre aldeak enkante publikoaren bidez adjudikatu ahal izateko, udalbatzak aitzinetik erabakiko du hasierako prezioa, kontuan hartuz eskainitako hektarea kopurua, destinoko saila eta onartu beharreko azienda kopurua.

31. artikulua. Udalak urtero berrikusiko du larreen egoera, eta beharrezko hobekuntzak eginen ditu, aurrekontuen mugen barnean. Teknikari eskudun bati txostena eskatuko zaio argitzeko zenbat eta nola ongarritu behar den eta zer datatan, eta larreen kalitatea mantentzeko eta hobetzeko suerta daitezkeen bertze kontu batzuez gain.

IV. TITULUA

Herri-lurren bertzelako aprobetxamenduak

32. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituzten ehiza-barrutien aprobetxamendua arautzen dute Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, Nafarroako Foru Parlamentuaren 1981eko martxoaren 17ko arauak, eta xedapen osagarriek.

33. artikulua. Udalaren baldintzak bete beharko ditu herri-lurren okupazioak, herri-lurretan harrobiak ustiatzeak, eta herri-lurretan ezarri gogo den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntzak. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta onespena eman beharko du Foru Komunitateko Administrazioak.

34. artikulua. Abaurregaineko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horietan proiektu hauek badaude:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, erantzun bat emateko inguruabar pertsonal, familiar edo sozialengatik hala behar dutela justifikatzen duten herritarrei.

Proiektu horiek Batzarrak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete, eta lehentasuna izanen dute. Hona hemen segitu beharreko prozedura:

1.–Abaurregaineko Udalaren erabakia, onespena emanez proiektuari eta herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamenduari.

2.–Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Udalbatzaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

3.–Nafarroako Gobernuaren onespena.

V. KAPITULUA

Zehapenak

35. artikulua. Faltak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, eta bakoitzak bere zehapenak ditu:

–Falta arinak dira: aziendak epez kanpo apuntatzea, eta adierazitako egunean Udaleko langileen eskura ez jartzea markatu beharreko aziendak; epaitzen arbolak pistetatik herrestan eramatea.

–Falta larriak dira: debekuen datak ez errespetatzea; markatu gabeko edo Udalari jakinarazi gabeko aziendak bazkatzea; falta arinak metatzea; bertze abeltzain baten aziendei zakurrekin edo bertze edonola traba egitea edo izua eragitea, minik eragin gabe; azienda hilak edo hondakinak ehortzi gabe abandonatzea; aziendak larreetatik ez ateratzea, Udalak hala manatu badu ere.

–Falta oso larriak dira: falta larriak errepikatzea; nahita gaizki tratatuta aziendei min egitea; eta ordenantza honen 24. artikulua ez betetzea.

–Udalak faltatzat hartzen ahal du herri-larreak zuzen ez aprobetxatzea, eta larritasunaren araberako zehapena ezarriko du, ordenantza honetako zehapen-prozeduraren eta falten mailaketaren arabera.

36. artikulua. Arau-hausteengatik ezarriko diren zehapenak honako hauek izanen dira:

–Arau-hauste arinak: 6tik 60 euro bitarte.

–Falta larriak: 60tik 600 euro bitarte eta ohartarazpena (aziendak ez dira Udalaren larreetan onartuko hurrengo kanpainan).

–Falta oso larriak: 600 eurotik goiti, eta larreetatik eta/edo bertze aprobetxamenduetatik baztertzea urtebetetik 5 urtera.

Azken xedapena. Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-lurrei buruzko foru legeriari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: L1906125