122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

128E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena BTA Aribe 66/20 kV-eko banaketarako azpiestazio elektrikoa handitzeko proiekturako, Aribeko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2019ko otsailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Aribeko udal-mugarteko 1. poligonoko 193. lurzatian egun dagoen azpiestazio elektrikoa berritu eta handitzea. 66/20kV-eko transformazio bat muntatzeko bertan, horrek lagun dezan haren eragin-eremuan industria garatzen eta banaketa sarearen estaldura eta bermeak hobetu ditzan Zaraitzun eta Aezkoan.

20 kV-eko egungo sistema eta kontrol eraikina eraitsi nahi dira, eta ondoren elementu berri hauek ezarri: 66 kV-eko sistema, potentzia-transformadorea eta 20 kV-eko sistema.

Instalazioak eraikin hauek izanen ditu:

–Kontrol eta komunikazioetarako eraikin bat, solairu bakarrekoa, hormigoizkoa eta aurrefabrikatua; 19,04 m²-ko azalera izanen du, eta gela bakarra.

–Eraikin aurrefabrikatu bat (CIMT), eta barruan 1. modulua, 20 kV-eko gelaxkekin, ZOTa, 18,50 m²-ko azalerarekin.

Horrez gain, hau ere izanen du:

–Barretarako euskarri bat, 20 kV-ekoa, transformadorearen irteeran eta potentzia-kableen terminalak.

–Itxitura bat eta kableen euskarria lurreko konexioaren erreaktantziarako.

–Saretazko egitura metalikoa duen dorre bat, komunikazioen antena jartzeko.

–Argiak, informazio hesia eta abar jartzeko behar den egitura metalikoa.

Aipatutako guztiak azpiestazioaren azalera 200 m² inguru handitzea ekarriko du, egungo 180 m²-etatik 380 m²-tara. Lanak egiteko behar den azalera gehigarria ere kontuan hartuta, guztira 594 m²-ko azalera ukituko da.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ere aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea BTA Aribe 66/20 kV-eko banaketarako azpiestazio elektrikoa handitzeko proiekturako, Aribeko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da lanak hasi aurretik (zuhaitzak mozteko eta bestelako lanetarako).

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, abisua eman beharko zaio Aezkoa-Kintoa Barrutiko Basozaintzari (gmaaezkoa@navarra.es eta 686-502927 telefonoa), lanen zuinketa eta obraren garapena gainbegiratu ditzaten.

–Aurkeztutako ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako neurri zuzentzaile eta babes neurri guztiak aplikatu beharko dira.

–Kanpoko argiztapena irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek aldi baterako edo iraunkorki ukitutako gainazalak landare-lurraren geruza batez estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta albo batean metatuko da.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, eskaera (azpiestazioa) polizia-eremuaren barruan dagoenez (100 metroko zabalera), sustatzaileak dagokion arroaren erakundearen txostena eskuratu beharko du.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Aribeko Udalera, Basozaintzako Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitatera, eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1906813