122. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

143/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez zati batean ezeztatzen baita abenduaren 21eko 415/2018 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, eta zuzentzen bertan atzemandako akatsak. Foru agindu horren bidez, aldatu eta onetsi zen Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana arautzen duen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen II. eranskina.

Urriaren 10eko 19/2018 Foru Legeak Inbertsio Finantzarioki Jasangarrien Plana onetsi zuen, eta haren II. eranskinean Nafarroako toki entitateen inbertsio finantzarioki jasangarrien zerrenda jaso zen; inbertsio horiek bat datoz 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, erreserbako zerrendan, jasotako inbertsioetako batzuekin.

Foru lege horren lehen xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana onetsi zuen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen II. eranskina aldatzeko; aldaketa horiek ez dute inola ere ekarriko aipatutako foru legean ezarritako zenbateko osoaren igoerarik.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 21eko 415/2018 Foru Aginduaren bidez, Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana arautzen duen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen II. eranskina aldatu eta eranskin berri bat onetsi zen. Foru agindua 2018ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 27koan.

Plan horretako inbertsioak behin betiko sartzeko fasean, ordea, zenbait akats material atzeman dira bi inbertsiotan eta akats bat zerrendako bi inbertsioren analisian, toki entitate titularraren interesak kaltetzen dituen interpretazioa egiten baita. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuak txostena eman du 2019ko maiatzaren 10ean, eta behar diren aldaketak proposatzen ditu bertan, adieraziz ez dutela gehikuntzarik eragiten Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana onetsi zuen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legean ezarritako zenbateko orokorrean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoek, preskripzio epea iraungi ez den bitartean, edozein unetan ezezta ditzakete kargak ezartzen dituzten edo inoren kalterako egintzak, betiere, ezeztatze hori ez bada legeek onartzen duten jaregite edo salbuespena, edo berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo antolamendu juridikoaren aurkakoa ez bada.

Untzitiko Udalari dagozkion eranskineko 83. eta 113. inbertsioetan, teknikariek atzeman dute, proiektua aztertzean, horniduraren, saneamenduaren eta euri uren sareen obran sartu direla zoladuren espedientean baloratu beharreko jarduketa batzuk. Balorazio hori kaltegarria da toki entitatearen interesetarako, eta hala adierazi du Toki Azpiegituren Zerbitzuak txosten batean; behar bezala baloratuz gero, inbertsioak foru agindu honen eranskinean jaso diren bezala geldituko lirateke.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak. Urdazubiko Udalari dagokion 67. inbertsioan, berriz, Toki Azpiegituren Zerbitzuak txosten batean adierazi duenez, akats bat gertatu da zenbatekoan, aurkeztutako memoria teknikoa aztertzean atzeman daitekeena. Txosten horretan berean, gainera, akats baten berri ematen da, toki entitateko kale baten izenean egindakoa, Imozko Udalari dagokion 216. inbertsioan, zehazki. Aipatutako bi inbertsioak foru agindu honen eranskinean jasota dauden bezala geldituko lirateke.

Horrenbestez, abenduaren 13ko 26/2018 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian jasotzen den gaikuntzaz baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuarekin (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri zituena) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuarekin loturik,

AGINTZEN DUT:

1. Zati batean ezeztatzea urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen II. eranskina, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 21eko 415/2018 Foru Aginduaren bidez onetsia, eta Untzitiko Udalari dagozkion 83. eta 113. inbertsioak aldatzea, foru agindu honen eranskinarekin bat.

2. Urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen II. eranskinean atzemandako akatsak zuzentzea, eta aldatzea Urdazubiko Udalari dagokion 67. inbertsioa eta Imozko Udalari dagokion 216. inbertsioa, foru agindu honen eranskinarekin bat. Eranskin hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 21eko 415/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

3. Foru agindu honen eranskina onestea.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko ekainaren 11n.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

ERANSKINA

ORDENA ZENBAKIA

TITULARRA

LANA

PUNTUAK, OSOTARA

INBERTSIOAREN

ZENBATEKOA, OSOTARA

BEHIN-BEHINEKO EKARPENA

67

Urdazubiko U.

Argiteria publikoa berritzea Leorlaz auzoan

16,00

15.009,84

9.005,90

83

Untzitiko U.

Zorokiain. Zoladura, zenbait kaletan

9,50

120.972,01

83.879,79

113

Untzitiko U.

Zorokiain. Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareak

9,50

123.235,12

71.932,71

216

Imozko U.

Eraso. Euri uretako sarea, San Migel kalea

4,50

3.132,00

2.192,40

Iragarkiaren kodea: F1908176