121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea” II. argazki lehiaketa, haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak eta 3.000 euroko gehieneko gasturako baimena (BEZa barne) onesten dituena. DDBN identifikazioa: 458651.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori.

Horrekin bat etorriz, abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak onetsitako NKGIren Estatutuek, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak dituen eginkizunei buruzko 24.d) artikuluan, honako hau diote hitzez hitz: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: dirulaguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea...”.

Nafarroako Gobernuaren 2017-2019rako Gazteriaren II. Planak “Lehentasunezko 2. ardatza-Norberaren prozesua” izenekoan jasotzen du artearen eta sormenaren sustapena, eta bertako ekintzetan gauzatzen da.

Gazteek planetaren aldeko garapen jasangarriaren inguruan ardura handia sentitzea eta ingurunea eta natur ingurunea zaintzeko gero eta kezka handiagoa agertzea badira Gazteriaren Zuzendariordetzak hautatu dituen gaiak, gazte txartelaren titularrei zuzendutako argazki lehiaketa bat deitzeko. Lehiaketaren izenburua “Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea” da, eta gazteek arlo horretan gogoeta kritikoa egitea sustatu nahi du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea” II. argazki lehiaketa eta haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Guztira 3.000 euroko gastua baimentzea, sariak osorik ordaindu eta emateko. Sari horiek 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232102 partidaren kargura emanen dira.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Argazki lehiaketa

“Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea”

Aisialdi osasungarria paisaia natural eta hiri paisaietan, eta gazteak haren lekuko

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Hitzaurrea

Jarduera hau Gazteriaren II. Planaren barrukoa da, eta helburu hau bete nahi du: gazteen sormena sustatzea eta bultzatzea.

Lehiaketa honen bidez aukera eman nahi zaie parte hartu nahi duten gazte guztiei argazkiaren teknika garatzeko; ez bakarrik barne-kanpoko errealitatea islatzen duen diziplina artistikoa den aldetik, baizik eta komunikatzeko eta sentiberatasuna suspertzeko tresna den aldetik ere, baita, azken batean, gizartea eraldatzeko gai den aldetik ere.

Argazkigintzaren/artearen berrikuntza ingurumenari, jasangarritasunari eta trantsizio energetikoari buruzko gaiekin lotuta.

Gure espazio naturalak ezagutzeak, bisitatzeak eta bertan ibiltzeak ingurumenarekin bat egiteko dauzkagun ohiturei buruzko gogoeta sorrarazten ahal dute.

Gaiak

Argazkien gai nagusia hau da: gure espazio naturalekin eta hiri paisaiekin ditugun loturak, nola gozatzen ditugun eta nola aritzen garen haietan. “Naturarekin eta habitatarekin erlazionatzeko ekintza eta jarrera jasangarriak eta osasungarriak” kontzeptua proposamen guztien arteko ildo nagusia izanen da.

1.–Lehiaketaren helburuak.

–Espazio naturalei buruz dugun ezagutzari eta haietan daukagun dibertitzeko moduari dagokienez, errespetu eta jasangarritasun ohiturez gogoeta egitea.

–Jardun osasungarriak sustatzea bertan.

–Beren irudien bidez, gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

2.–Hartzaileak.

Deialdia 14 eta 30 urte bitarteko (biak barne) nafarrei eta Nafarroan bizi direnei zuzentzen zaie, gazte txartela badute, betiere.

3.–Dokumentazioa.

Obren ezaugarriak:

Bost argazkitako sail bat aurkeztuko da. Denak izanen dira beste edozein lehiaketatan saritu gabeak.

Informazio labur bat erantsiko da aurkezten den bost argazkitako saila justifikatzeko (non egin den, zer ekosistema den, eta abar), erabili den teknikaren deskripzio bat eta egileak interesgarritzat jotzen dituen datuak.

JPEG formatuan aurkeztuko dira, eta gutxieneko bereizmena 6 MB pixelekoa izanen da.

NANaren eta Gazte Txartelaren fotokopia.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabidea erregistro ofizialen bidez aurkeztuko da (bai paperean, bai Erregistro Elektronikoaren bidez).

Mezu elektroniko bat igorri beharko da juventud@navarra.es helbidera, eta dokumentu bidez jasoko da eskabidea igorri eta jaso dela. Horrela, parte-hartzaile guztien eskubideak bermatuko dira.

Inskripzioari eta mezuaren testuari bi artxibo erantsiko zaizkio: batak argazkiak izanen ditu JPEG formatuan, eta besteak, berriz, eskabidea.

Inskripzio fitxa erantsiko da, behar bezala betea eta egilearen datuak dituena; halaber, NAN/AIZren fotokopia, egilea Nafarroan bizi dela edo hemen jaio dela frogatzeko, eta gazte txartelaren fotokopia ere bai.

Deialdiaren oinarriak eta inskripzio fitxa webgune honetan ikus daitezke:

https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/argazki-lehiaketa webgunea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarena da (Yanguas y Miranda kalea 27, Iruña).

Lanak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta NKGIren web-orrian argitaratzen diren egunetik aurrera, eta azken eguneko 14:30ean amaituko da.

Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren irudiak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Aurkezten diren lanen balorazioa.

NKGIren batzorde bat bilduko da aurkeztutako lanak baloratzeko. Balorazio hori egiteko erabiliko dituzten irizpideak hauek izanen dira:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Argazkigintzako teknika.

–Konposizioaren originaltasuna.

6.–Aurkeztu diren lanik hoberenentzako sariak.

Lehiaketara aurkeztu eta onartu diren egileen bost argazkitako bost sail aukeratuko dira. Epaimahaiak sariren bat eman gabe uzten ahal du, baldin eta aurkeztu diren lanen kalitatea edo gaia ez badator bat lehiaketa honen irizpideekin.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak erabakia emanen du aditzera bere webgunearen eta sare sozialen bidez. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko du.

Irabazten duten bost argazki-sailek honako sari hauek irabaziko dituzte: irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, eta 500 euroko beste lau sari egonen dira bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren postuetan geratzen direnentzat.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

7.–Egile eskubideak.

Aurkezten duten irudi bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte argazkien egileek. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

Hautatzen diren egileek baimena ematen diote NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau hedatzeko balio duen edozein baliabidetan.

8.–Antolatzailearen erantzukizuna.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskubidea atxikitzen du lehiaketa hau sustatzeko ekintzak laburtu, luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko, ohiz kanpoko inguruabarrek eragozten badute ekintza horiek egitea, ahal dela parte-hartzaileei inolako kalterik eragin gabe. Antolatzaileak eskubidea atxikitzen du lehiaketa honen oinarriak aldatu eta zuzentzeko edo deialdia sustatzen duten egintzak bukatzeko, inolako erantzukizunik izan gabe ezein parte-hartzaile eta/edo finalistarekiko, edo, dagokionean, gurasoekiko nahiz legezko tutoreekiko. Halaber, eskubidea atxikitzen du behar bezala justifikatutako arrazoiengatik promozioetatik edozein parte-hartzaile baztertzeko, baldin eta deialdiaren ibilbide normalizatua aldatzen badu edo iruzur egiten badu, eta beste parte-hartzaile batzuen pribatutasun edo duintasun eskubideak urratzen baditu.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak konpromisoa hartzen du bere eginkizunak garatzean datu pertsonalen babesari dagokionez indarra duen araudia betetzeko, eta, bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (erregelamendu horrek jorratzen ditu datu pertsonalen tratamendua eta datu horien zirkulazio askea), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.

Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:

–Lehiaketan parte hartzeko eman dituzten datuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren jardueren, produktuen eta zerbitzuen berri emateko helburuarekin.

–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.

–Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez jar daitezkeela harremanetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin. Aipatutako ordezkaritza Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago.

–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza da lehiaketan onartua izateko; hala ez bada, kanpo geldituko direla.

–Tratatzeko bildu den informazioari dagokionez, eskubidea dutela datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta noiznahi erabil dezaketela eskubide hori. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan;

–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.

–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.

IZENA EMATEKO ORRIA

“Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea” II. argazki lehiaketa

Izena emateko orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1907499