121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Berdinen artean” mikroipuinen II. lehiaketa, haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak eta 3.000 euroko gehieneko gasturako baimena (BEZa barne) onesten dituena. DDBN identifikazioa: 458684.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko.

Horrekin bat etorriz, abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak onetsitako NKGIren Estatutuek, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak dituen eginkizunei buruzko 24.d) artikuluan, honako hau diote hitzez hitz: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: dirulaguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea...”.

Gazteriaren II. Planarekin bat, Gazte Txartelaren programaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bigarren urtez egin du mikroipuinen lehiaketarako deialdia, gazte nafarrei zuzendua, hau da, Nafarroan bizi diren eta 14tik 30 urtera bitarte dituzten gazteei. Lehiaketa hau 2019an eginen da eta helburu nagusia du banakoaren garapenarekin, garapen kolektiboarekin eta aniztasunaren errespetuarekin zerikusia duten ekintzak gauzatzea.

“Berdinen artean” izeneko lehiaketa honen gaiak berdinen arteko harreman afektibo-sexualak dira: berdintasunezko harremanak, ekitatea, diskriminazioa, afektibitatea, mikromatxismoak, botere-borrokak, independentzia, prozesu emozionalak, hurbilketak aniztasunean, ahalduntzea, autokontrola, maitasuna, komunikazioa, harremanetako rolak eta estereotipoak, sare sozialen erabilera.

Hauek dira lehiaketaren helburu nagusiak:

–Aztertzea gazteriaren ingurua, eta berdinen arteko jokabideak, jarrerak eta harremanen espazioak.

–Berdintasunezko harreman osasungarriak sustatzea.

–Ipuinen bidez gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

Deialdia gazte nafarrentzat edo Nafarroan bizi diren gazteentzat da, 14 urtetik 30era bitarte badituzte.

Epaimahai bat eratuko da, zeinak hainbat alderdi baloratuko baititu: eskatutako gaiekiko ardura, pertsonaien sorrera, literatura-teknikaren gaineko kontrola, kontakizunaren egitura eta osaera, eta –oso garrantzitsua dena–, gaien trataera, arduren ekitateari eta berdintasunari dagokienez; literaturaren aldetik ondo idatzita dagoen mikroipuin batean, trataera horrek berdintasunari buruzko errealitate sozialean sakonduko du, eta kontakizun bat aztertu eta emanen du, gizarte eta hezkuntza eremuetan azterketa eta gogoeta egiteko balioko duena.

Epaimahaiko kideak hauek izanen dira: Gazteriaren zuzendariordea; Kultura Departamentuko teknikari bat eta Berdintasun Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat. Gazteriaren Zuzendariordetzako Gazteen Sormenaren eta beste zerbitzu batzuen Bulegoko burua izanen da idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Berdinen artean” mikroipuinen II. lehiaketa eta haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude oinarriak.

2. Sariak emateak dakartzan kostuei aurre egiteko, guztira 3.000 (hiru mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232102 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak eskuragarri egonen dira web orri honetan: www.deporteyjuventudnavarra.es/eu.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

“Berdinen artean” mikroipuinen II. lehiaketa

Berdintasunezko harreman afektiboak. Eta zuk, zer iritzi duzu?... Kontatzeko gauza asko dituzte gazte hauek.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Hitzaurrea

Ekintza hau sartuta dago Gazteriaren II. Planean, eta bete nahi dituen helburuak lotuta daude bakoitzaren nahiz gizartearen garapenarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin.

Harreman afektibo-sexualetan zaintzez eta desioez jabetzea aukera ederra da gure segurtasuna eta askatasuna errespetatzeko, beldurra baztertuta.

Mintza gaitezen pertsonen eta harreman posibleen aniztasunetik abiatuta, ahalduntzea bilatuz.

Duintasunezko eta arriskurik gabeko harremanak, uko egin gabe bakoitzak mugitzeko, adierazteko eta hausnartzeko duen askatasunari. Borondate partekatua, ez beste pertsona baten nahiak mugatutakoa.

Harreman hauetatik ezaupide berriak sortzen dira, eskubideen eta beharren errespetuari buruz.

Hedabideak, gizarte ingurua, kultura eta abar bidaltzen ari diren mezuaren oinarria desberdinkeria da, gizartean errotu diren mendetasunezko jarrerak “balioetsiz”, eta gazteek sarritan horiek imitatu besterik ez dute egiten.

Maitasuna sozializatzeko forma berriak daude, baita elkarrekin bizitzeko modu ugari ere. Horiek rol tradizionalak zalantzan jartzen dituzte eta ekitatezko harremanak pizten, rolak eta estereotipoak apurtuz.

Berdintasunezko harremanak askatasunaren gainean eraikitzen dira. Horregatik, harreman afektibo-sexual osasungarriak bultzatzen badira, askatasunean eta errespetuan oinarrituta, eta gizartean uxatu egiten da pertsona batek beste bat mendean hartzea.

Gazteen narrazioak irakurrita eta haien gainean hausnartuta, lekukotza egokiak eta behatoki bat eskuratzen dira, gazteek alor honetan dituzten jarrerak eta sentsibilitateak ezagutzeko. Gero, jarduerak antolatzerakoan aintzat hartuko dira mikroipuinetako proposamenak eta hausnarketak.

Gaiak

Mikroipuinek berdinen arteko harreman afektibo-sexualei buruz hitz egin behar dute: berdintasunezko harremanak, ekitatea, bereizkeria, afektibitatea, mikromatxismoak, botere-borrokak, independentzia, prozesu emozionalak, hurbilketak aniztasunean, ahalduntzea, autokontrola, maitasuna, komunikazioa, harremanetako rolak eta estereotipoak, sare sozialen erabilera.

1.–Lehiaketaren helburuak.

–Aztertzea gazteriaren ingurua, eta berdinen arteko jokabideak, jarrerak eta harremanen espazioak.

–Berdintasunezko harreman osasungarriak sustatzea.

–Ipuinen bidez gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

2.–Hartzaileak.

Lehiaketa honetan parte har dezakete Nafarroan jaio edo bizi diren gazte guztiek, 14tik 30 urtera bitarteko adina eta gazte txartela dutenek.

3.–Dokumentazioa.

Obrak jatorrizkoak izan beharko dira, beste lehiaketa eta txapelketa batzuetan saririk jaso gabekoak.

Mikroipuina gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatz daiteke.

Izenburua izanen du, eta gutxienez ere 100 hitz eta gehienez ere 300 hitz.

NANaren fotokopia.

Gazte Txartelaren fotokopia.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabidea erregistro ofizialen bidez aurkeztuko da (paperean edo Erregistro Elektronikoa erabiliz).

Mezu elektroniko bat bidali beharko da juventud@navarra.es helbidera, eta agiri bidez frogatuta utzi eskabideak bidali eta jaso egin direla, parte-hartzaile interesdun guztien eskubideak bermatzeko.

Izen-emateari eta mezuaren testuari bi artxibo erantsiko zaizkio: batak mikroipuinaren testua izanen du pdf. formatuan eta besteak, berriz, eskabidea.

Izena emateko fitxa erantsiko da, behar bezala betea eta egilearen datuak dituena; halaber, NAN/NIEren fotokopia, egilea Nafarroan bizi dela edo jaio dela frogatzeko, eta gazte txartela.

–Deialdiaren oinarriak eta inskripzio fitxa webgune honetan ikus daitezke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu webgunea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarena da. Yanguas y Miranda kalea 27, Iruña.

Lanak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, eta azken eguneko 14:30ean amaituko da.

Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren testuak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Aurkezten diren lanen balorazioa eta epaimahaia.

Aurkezten diren lanak balioesteko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Gazteriaren zuzendariordea edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Kultura Departamentuko teknikari bat.

–Berdintasun Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat.

–Gazteriaren Zuzendariordetzako Gazteen Sormenaren eta beste zerbitzu batzuen Bulegoko burua, epaimahaiaren eztabaidei buruzko oharrak hartuko dituena eta hitza izanen duena, baina botorik ez.

Epaimahaiak aurkezten diren ipuinen balorazioa eginen du, honako irizpide hauei jarraikiz:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Literatura-kalitatea.

–Ipuinaren originaltasuna.

6.–Sariak eta aintzatespenak aurkezten diren lanik hoberenentzat.

Lehiaketarako onartzen diren ipuinen artean, epaimahaiak bost mikroipuin irabazle hautatuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren ipuinen kalitatea eta gaia ez badira lotzen txapelketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak epaimahaiaren erabakia emanen du aditzera bere webgunearen eta sare sozialen bidez. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko du.

Autore irabazleek ondoko sariak jasoko dituzte:

Sariak:

  • 1.000 euro 1. saridunarentzat.
  • 500 euro bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren hautatutako lau mikroipuinetako bakoitzarentzat.

Saria jasotzen duten mikroipuinak Gazteriaren webgunean argitaratuko dira.

Sarien ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

7.–Egile eskubideak.

Aurkezten duten mikroipuin bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte ipuinen egileek. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

Hautatzen diren ipuinen egileek baimena ematen diote NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau hedatzeko balio duen edozein baliabidetan.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak parte-hartzaileek bere obren gainean dituzten eskubide moralak errespetatuko ditu.

8.–Antolatzailearen erantzukizuna.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskubidea atxikitzen du lehiaketa hau sustatzeko ekintzak laburtu, luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko, ohiz kanpoko inguruabarrek eragozten badute ekintza horiek egitea, ahal dela parte-hartzaileei inolako kalterik eragin gabe. Antolatzaileak eskubidea atxikitzen du lehiaketa honen oinarriak aldatu eta zuzentzeko edo deialdia sustatzen duten egintzak bukatzeko, inolako erantzukizunik izan gabe ezein parte-hartzaile eta/edo finalistarekiko, edo, dagokionean, gurasoekiko nahiz legezko tutoreekiko. Halaber, eskubidea atxikitzen du behar bezala justifikatutako arrazoiengatik promozioetatik edozein parte-hartzaile baztertzeko, baldin eta deialdiaren ibilbide normalizatua aldatzen badu edo iruzur egiten badu, eta beste parte-hartzaile batzuen pribatutasun edo duintasun eskubideak urratzen baditu.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak konpromisoa hartzen du bere eginkizunak garatzean datu pertsonalen babesari dagokionez indarra duen araudia betetzeko, eta, bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (erregelamendu horrek jorratzen ditu datu pertsonalen tratamendua eta datu horien zirkulazio askea), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.

3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:

–Lehiaketan parte hartzeko eman dituzten datuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren jardueren, produktuen eta zerbitzu berekien berri emateko helburuarekin.

–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.

–Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez jar daitezkeela harremanetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin. Aipatutako ordezkaritza Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago.

–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; hala ez bada, kanpo geldituko direla.

–Tratatzeko bildu den informazioari dagokionez, eskubidea dutela datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta noiznahi erabil dezaketela eskubide hori. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan;

–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.

–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.

ERANSKINA

Izena emateko orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1907498