121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, gizarte-hezitzaile izateko hiru
lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Eguesibarko Udaleko gobernu batzarrak onetsi zuen, 2019ko maiatzaren 13an.

6.8 lanpostua, euskarazko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna duena; 6.6 lanpostua, gutxienez, euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duena; eta 6.7 lanpostua, euskaraz jakin beharrik ez duena.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da gizarte-hezitzaile izateko hiru lanpostu, txanda irekian, oposizio-lehiaketa bidez betetzea: 6.8 lanpostua, euskarazko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna duena; 6.6 lanpostua, gutxienez, euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duena; eta 6.7 lanpostua, euskaraz jakin beharrik ez duena. Lanpostuak Eguesibarko Udalaren zerbitzuko lan-kontratudun gisa aritzeko dira, lanaldi osoan.

Lanpostuak Eguesibarko Udalaren 2017ko lan publikoaren eskaintzan azaltzen dira, 2017ko 113. Aldizkarian, ekainaren 13an, eta 2018ko lan publikoaren eskaintzan, 2018ko 231. Aldizkarian, urte bereko azaroaren 29an, eta toki entitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuari dagokio, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean 2018. urterako ezarritakoa bete beharrez.

1.2. Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostu hutsak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Alorrari atxikirik daude, eta plantilla organikoan identifikaturik daude honako kode hauekin:

–6.8 lanpostua, euskarazko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna duena.

–6.6 lanpostua, gutxienez, euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duena.

–6.7 lanpostua, euskaraz jakin beharrik ez duena.

1.3. Lanpostuen ordainsariak izango dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

Bi hilabeteko probaldia izango da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahal du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.4. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera lanpostuak aldi baterako betetzeko. Zerrenda bat sortuko da eskainitako lanpostu bakoitzerako.

Deialdi honetako atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahal du kontratua.

1.5. Lanpostuen titular izendatzen direnek hezitzaile eginkizunak izango dituzte, eta atxiki ahalko dira oinarrizko gizarte zerbitzuetako lau programetako edozeinetara, bai eta zerbitzuak bete beharreko edozein proiektutara ere.

–Aurrekoez gain, beste edozein eginkizun, lanpostuaren helburuarekin bat datorrena, lanpostuari dagokion mailarekin eta eskumenekin bat.

1.6. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako aukeratzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide egingo dira, eta hartan inskribatuko.

Lanaldi osoko lanpostua izango da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldia eta ordutegia, eta organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dituzte, beharrezkoa izanez gero. Astean zehar, goizeko, arratsaldeko edo lanaldi zatituko txandak egin ahalko ditu, Zerbitzuak horri dagokionez ezartzen duen antolamenduaren arabera.

1.7. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, izangaiei jakinaraziko zaie deialdi honi, oinarriei edo betearazteko ematen diren egintzei buruzko edozein gorabehera, egintza edo errekurtso, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuta, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.valledeegues.com/eu/).

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Gizarte Hezkuntzako diplomadun titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Euskarazko titulu ofiziala izatea, lanpostu bakoitzean eskatzen den mailakoa.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Izendapenerako proposatutako izangaiek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte baldintza horiek, eta haien jabe izango dira hautapen prozeduran izendatuak izan eta lanpostuaz jabetzen diren arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Garajonay kalea, 1; 31621-Sarriguren, Eguesibar), erregistro elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira; haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako baldintza guztiak betetzen dituztela eta, hartara, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte. Eguesibarko Udalaren Erregistroko bulego horietako edozeinetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.valledeegues.com/eu/ helbidean, edo www.nafarroa.eus webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren orrian.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izango dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Eguesibarko Udalean berean. Tasak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen badira, ordainagiri bat emango da eta eskabideari erantsi beharko zaio.

3.4. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

3.4.1. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

3.4.2. 2.1.c) oinarriko baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia konpultsatua.

3.4.3. 2.1.d) oinarriko baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia konpultsatua.

3.4.4. Tasa ordaindu izanaren agiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

3.5. Eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, 6. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

3.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Eguesibarko Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioei erantzun ondoren, Eguesibarko Udaleko alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, bai eta lehendabiziko proba egiteko eguna, lekua eta ordua ere onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkateak eskuordetzen duen zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidea: María Pilar Latienda Fernández, Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen arduraduna.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Itziar Martínez Berrogui, Eguesibarko Udaleko gizarte langilea.

–Bigarren epaimahaikidea: Antsoaingo, Berriobeitiko, Itzako eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Antsoaingo, Berriobeitiko, Itzako eta Txulapaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

–Hirugarren epaimahaikidea: Gizarte-hezitzailea, Nafarroako Hezitzaileen Elkargo Ofizialak proposatua.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Gizarte-hezitzailea, Nafarroako Hezitzaileen Elkargo Ofizialak proposatua.

–Laugarren epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Laugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridiko-kudeatzailea.

5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehenago eratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Hautapen prozesua ondoz ondoko hiru alditan gauzatuko da: lehena oposizioaldia, bigarrena proba psikoteknikoak eta hirugarrena merezimendu-lehiaketaren baremazioa.

6.2. Oposizioaldia:

6.2.1. Oposizioa kalifikazio epaimahaiak adierazten duen egunean hasiko da; aurreikusia dago heldu den 2019ko urrian izatea.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta www.valledeegues.com/eu/ web-orrian.

6.3. Oposizioaldiak honako proba hauek izango ditu:

Lehen ariketa: teorikoa. 90 galderako sorta bati erantzun beharko zaio. Erantzuteko zenbait aukera emango dira, baina horietariko bakarra izango da zuzena. II. eranskineko gaiei buruzko galderak izango dira. Erantzun okerrak zigortuko dira. Kalifikazio epaimahaiak adieraziko du lehiatzaileek ariketa hori egiteko zenbat denbora izango duten gehienez, hura hastean.

Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako edukiei buruz epaimahaiak proposatutako kasuak ebatzi beharko dira idatziz. Kalifikazio epaimahaiak adieraziko du lehiatzaileek ariketa hori egiteko zenbat denbora izango duten gehienez, hura hastean.

Bigarren ariketa plika sistemaren bidez egingo da.

6.3.1 Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: gehienez ere 30 puntu.

–Bigarren ariketa: gehienez ere 40 puntu.

6.3.2. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izango dira. Baztertuak izango dira gehieneko puntuazioaren %50 erdiesten ez duten izangaiak; lehen ariketan 15 puntu gutxienez eta bigarren ariketan 20 puntu gutxienez.

6.4. Proba psikoteknikoak:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, lanposturako zehazturiko ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei izangaiak noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek egingo dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat.

Proba baztertzailea izango da, eta gai edo ez gai kalifikatuko da.

6.5. Lehiaketaldia:

6.5.1 Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopiak, behar bezala konpultsatuak, aurkeztu behar dira. Agiri horiekin batera aurkeztuko da eransten diren agirien aurkibidea.

6.5.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honetako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.5.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

6.5.4. Lehiaketaldiko gehieneko balorazioa, gehienez ere, 30 puntu izango da, honako apartatu hauetan:

a) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 16 puntu.

a.1) Administrazio publiko batean lanean aritzeagatik, gizarte-hezitzaile lanpostuetan (frogatu beharko da kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez). Baloratuko da 2 puntu, urte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 12. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.

a.2) Arlo pribatuan lanean aritzeagatik, gizarte-hezitzaile lanpostuetan (frogatu beharko da kasuan kasuko enpresa/entitatearen ziurtagiri baten bidez eta lan bizitzaren bidez). Baloratuko da 0,5 puntu, urte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 4. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.

b) Prestakuntza: gehienez ere 8 puntu.

Lanpostuaren eginkizunekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik, emango dira honako irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak:

Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,01 puntu emango da ikastaroaren ordu bakoitzeko.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.

c) Euskara jakiteagatik: 6 puntu, gehienez ere (udal ordenantzari jarraikiz). Soilik baloratuko da 6.7 lanposturako, euskaraz jakin beharra ez baitu.

Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei dei egingo zaie proba egin dezaten, hizkuntza maila frogatzeko. Proba hori egingo da proba teorikoak, praktikoak eta psikoteknikoak gainditu ondoren, eta gainditzen dituztenek soilik egingo dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko. Udal ordenantzari jarraikiz egingo da.

6.5.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izango du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.5.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izango.

6.5.7. Soilik baloratuko dira gainditu duten eta gai diren pertsonen merezimenduak.

6.6. Oposizioaldia eta lehiaketaldia baloratu ondoren, erdietsi ahal diren gehieneko puntuazioak, honako hauek dira:

–6.8 lanposturako, euskarazko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna duena: 94 puntu.

–6.6 lanposturako, gutxienez, euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duena: 94 puntu.

–6.7 lanposturako, euskaraz jakin beharrik ez duena: 100 puntu.

6.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den lekuan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda hori Udalaren www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere ikusi ahalko da.

6.7. Ariketarako dei bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute aldean. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

6.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak egingo dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Udalaren www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraituz gero, oposizioaldiko lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa egingo da.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

7.2.1 Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoa ez bada:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, ziurtatzen duena interesdunak ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik eragotziko liokeenik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa) aurkeztu beharko du.

7.2.2. Eguesibarko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaiek, desgaitasunen bat alegatu badute bakarrik, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izango dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidean faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Eguesibarko Udalak 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan (probak gainditzen dituztenena) hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da harekin.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Eguesibarko Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Udal honetako Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, gizarte-hezitzaile lanpostuan ari dadin, eta lanpostu hutsaren adjudikazioa egingo du.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izango dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

8.5. Izangai bat lan-kontratudun finko bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Hautapen prozesuaren ondorioz sortzen den aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda, 1.4 apartatuan ezarritakoa, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eta www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.

Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.2. Lortutako puntuazioak erabakiko du zein den ordena lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendan. Berdinketarik egonez gero, 7.1 apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako eran ebatziko da.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

9.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera egingo zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izango da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko da, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

9.4. Unez uneko kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.5. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.6. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera egingo dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

9.7. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lanekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izango dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.8. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira honako egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

9.9. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztuta edo, bestela, titulu hori eskuratzeko pagatu beharrekoa eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik ordaindu dela frogatzen duen gordekinarena. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren egunean indarrean dagoela frogatu beharko da.

9.10. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Eguesibarko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahal da:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Sarrigurenen, 2019ko maiatzaren 13an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Eguesibarko Udala, antolaketa, funtzionamendua eta udal araudia (Udalaren webgunean argitaratutako informazioa).

2. gaia.–Eguesibarko Udalaren Gardentasuna arautzen duen ordenantza (2017ko 44 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 3koa).

3. gaia.–Eguesibarko gizarte zerbitzuak (Udalaren webgunean argitaratutako informazioa. Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eta Familiendako Laguntza Zentroa baliabidea).

4. gaia.–Eguesibarko Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua (2013ko 96 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 22koa).

5. gaia.–Eguesibarko Udalaren plan estrategikoa, herritarren parte-hartzerako. Ekintza Plana.

6. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. 4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Toki Administrazioaren Erreformari buruzkoa. III. Titulua eta VIII. tituluaren II. kapitulua: aurrekontua eta kontabilitatea.

7. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena. II. titulua:

8. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua eta IV. titulua.

9. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta III. kapitulua, Kontratuen tipologia.

10. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. V. kapitulua. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

11. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

12. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. I., II., III., V. eta VII. tituluak.

13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua.

14. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. Berdintasunerako politika publikoak.

15. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

16. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

17. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.

18. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

19. gaia.–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuen programaren eta finantzaketaren arloan garatzeko erregelamendua onesten duena. II. eta III. kapituluak.

20. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

21. gaia.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena. Hitzaurrea, I. eta II. kapitulua.

22. gaia.–5/2001 Foru Legea, martxoaren 9koa, Nafarroako garapenerako lankidetzari buruzkoa. Hitzaurrea, I. eta II. kapitulua.

23. gaia.–2/1998 Foru Legea, martxoaren 27koa, Nafarroako Bolondres Lanari buruzkoa.

24. gaia.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa; eta hura aldatzen duen 22/2016 Foru Legea, abenduaren 21ekoa, herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituena etxebizitzaren alorrean. Xedapen orokorrak.

25. gaia.–David eta Emanzipa programa.

26. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua.

27. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena. Hitzaurrea. 30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Kartera aldatzen duena.

28. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

29. gaia.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, laguntza ekonomikoak arautzen dituena, gizartetik baztertuta daudenak gizartean eta lanean txertatzeko programetarako: enplegu sozial babestua. 94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena.

30. gaia.–7E/2019 Foru Agindua, otsailaren 8koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, enplegu sozial babestuko proiektuei laguntzeko xedearekin toki entitateei dirulaguntzak emateko 2019. urteko deialdia onesten duena.

31. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.

32. gaia.–7/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onesten duena.

33. gaia.–Babesgabetasun egoeretan esku-hartzeko eskuliburuaren zirriborroa. Nafarroako Gobernua (agiria eransten da).

34. gaia–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duena. Eskubidearen xedea, definizioak eta titularrak.

35. gaia.–Gizarteratzeko eta laneratzeko baliabideak Nafarroan.

36. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa, 2019-2023. 3.3 eta 11. apartatuak (eranskinak).

37. gaia.–5/2019 Foru Legea, otsailaren 7koa, Foru Komunitateko familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzkoa. I. kapitulua, Xedapen orokorrak.

38. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

39. gaia.–Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak. Lanbidearen definizioa, kode deontologikoa eta funtzioen eta eskumenen katalogoa (agiria eransten da).

40. gaia.–Gurasotasun positiboa eta familiei laguntzeko tokiko politikak. FEMC (gaia eransten da).

41. gaia.– Elkarrizketa motibazionala. Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Plana. Ilundain Haritz Berri Fundazioa (gaia eransten da).

42. gaia.–Akonpainamendu soziala, esku hartzeko metodoa inklusio prozesuetan. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroa sarea. Pobreziaren kontrako sarea (agiria eransten da).

43. gaia.–Gizarte bazterketa Espainian: gizarte bazterketaren kontzeptua. Adierazle sozialak, baztertutako pertsonak identifikatzeko eta bazterketa prozesuen tamaina kuantifikatzeko (agiria eransten da).

44. gaia.–Familia-bitartekaritza. Bitartekariaren eginkizunak. Bitartekaritzaren printzipioak eta helburuak (bitartekaritza nori zuzenduta dagoen). (Agiria eransten da).

45. gaia.–SIUSS informazio sistema.

46. gaia.–ERSISI proiektua (agiria eransten da).

47. gaia.–Esku-hartze banakakoa, taldekoa eta komunitarioa.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Eguesibarko Udalaren webgunean jarriko dira azaldutako I. eranskineko gaiei buruzko agiriak, “Agiria eransten da” estekan.

Iragarkiaren kodea: L1906794