121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin Musika Hizkuntzako irakasle lanpostu bat, euskarako C1 hizkuntza eskakizuna duena, lan-kontratu finkoarekin, Udal Musika Eskolan

Eguesiarko Gobernu Batzarrak onetsi zuen, 2019ko maiatzaren 15ean.

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehen oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Musika Hizkuntzako irakasle lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez, txanda irekian, plantillan hutsik baitago. A mailakoa izanen da, eta nahitaezkoa da euskarazko C1 maila edukitzea gutxienez. Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren zerbitzura ariko da, lan-kontratudun gisa, lanaldi osoan.

Lanpostua Eguesibarko Udalaren 2018ko lan publikoaren eskaintzan azaltzen da, eta toki entitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuari dagokio, bete dadin Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean 2018. urterako ezarritakoa.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun bilakatuko da lanpostuaren jabetza hartzen duenetik. Sei hilabeteko probaldia ezarriko da; hartan alkateak edo zinegotzi ordezkariak kontratu harremana amaitzen edo desegiten ahalko dute, emaitzak ez badira Udalaren nahiaren heinekoak Musika Eskolarako.

1.3. Lanpostuaren oinarrizko lansaria A mailari dagokiona izanen da, bat etorriz 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin (haren bidez jorratu zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), gehi plantilla organikoan onartzen diren osagarriak, lanaldiaren proportzioaren arabera.

1.4. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Eguesibarko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.5. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita honako hauei buruzko araubidea ere: oporrak, jaiegunak, dieten ordainketa eta gainerako eskubideak.

1.6. Musika Hizkuntzaren irakaskuntzaz gain, lanpostuari egokituko zaio irakastea Musika Estiloak eta Ganbera Musika, eta kudeatzea teknologia berriak eta grabaketetarako estudioa. Gainera, zerbitzuaren beharrak ikusita, Pianoa ere irakastea egokitzen ahal zaio lanpostuari, izangai izendatuaren lanaldia osatu arte, indarra duen araudiari jarraituz.

1.7. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, lanpostua aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren sei hilabetetik gorako aldi baterako kontratazioetarako ere sei hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahal du kontratua. Kontratazioaldia sei hilabetetik beherakoa bada, probaldia hilabetekoa izanen da.

1.8. Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin, izangaiei jakinaraziko zaie edozein gorabehera, egintza edo errekurtso, loturik dagoena deialdi honekin, oinarriekin edo betearazteko ematen diren egintzekin, eta, horretarako, argitaratuko da Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.valledeegues.com/eu/).

Bigarren oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

Izangaiak espainiarrak ez badira, frogatu beharko dute behar bezain ongi dakitela gaztelaniaz mintzatzen eta idazten.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izatea Musikako goi mailako titulazioa, Musika Hizkuntza espezialitatekoa edo baliokidea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

c) Euskararen Gaitasun Agiria izatea (EGA), Nafarroako Gobernuak emana, edo baliokidea den titulu ofiziala, eta, zehazki, C1 mailaren baliokide direnak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

Aipatutako titulua izan ezean, izangai horiek proba bat gainditu beharko dute, zehazteko ea hizkuntza horretan behar bezalako maila duten. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako atalean. Proba horiek Euskarabidean eginen dira.

d) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere frogatu beharko dute ez daudela zigor edo auzi bidez euren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aipatutako baldintza horiek, salbu eskabidearekin batera aurkeztu beharko diren 3. oinarrikoak, deialdi honen zazpigarren oinarrian adierazitako epean eta moduan. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean beharko dira bete, eta haien jabe izan izendapena arte.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean (Garajonay kalea, 1; 31621-Sarriguren, Eguesibar), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira; haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako baldintza guztiak betetzen dituztela eta, hartara, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte. Eguesibarko Udalaren Erregistroko bulego horietako edozeinetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.valledeegues.com/eu/ helbidean, edo www.navarra.es webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren orrian.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, behar baldin badute ariketak egiteko denbora edo baliabideetan egokitzapenik, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Eguesibarko Udalean berean. Tasak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.

3.4. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Jatorrizko frogagiriak edo fotokopia konpultsatuak, erakusten dutenak badauzkatela deialdi honen bigarren oinarriko b) eta c) ataletan eskatutako titulazioak.

c) Tasa ordaindu izanaren agiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

d) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabidea onartua izateko, behar bezala bete behar da, eta, aipatu dokumentazio erantsiaz gain, nahiz eta ez dagoen batera aurkeztu beharrik, beste hau ere eman beharko da deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezteko epean: proiektu pedagogikoa, deialdi honetako 6.3.3.e) oinarrian adierazia. Lan hori gutun-azal itxian aurkeztuko da eta gutun-azalaren kanpoko aldean ez da izangaiaren daturik agertuko, baina aukerakoa da lelo bat idaztea. Gutun-azal horren barrenean, jasoko dira lanaren kopia bat, CD bat proiektuarekin, PDF formatuan, eta beste gutun-azal itxi bat, izangaiaren datuekin. Proiektu pedagogikoa aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.7. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahalko dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

Laugarren oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan ezarriko dira probak egiteko tokia, eguna eta ordua; aurreikusten da 2019ko abuztuan izatea.

Bosgarren oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko zinegotzi bat.

–1. mahaikidea: Iñigo Segura Urra, Eguesibarko Udal Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Udal bateko Musika Eskolako zuzendaria.

–2. mahaikidea: Musikako irakasle bat, deialdiko espezialitatekoa.

Ordezkoa: Musikako irakasle bat, deialdiko espezialitatekoa.

–3. mahaikidea: Musikako irakasle bat, deialdiko espezialitatekoa.

Ordezkoa: Musikako irakasle bat, deialdiko espezialitatekoa.

–4. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

–Idazkaria: Txus Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez.

Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko kudeatzailea, hizpidea duena baina botorik ez.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Organo kolegiatu horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horren bidez jorratu zen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

Seigarren oinarria.–Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren, lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldia:

6.2.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3. oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

6.2.2. Ziurtagiri bidez frogatuko dira irakasle-esperientziako apartatuan alegatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskinean ezarritakoarekin bat. Ziurtagiri horietan, jaso beharko dira lan egindako denbora eta lanaldiaren iraupena. Epaimahaiak sailkatuko ditu eta puntuatuko ditu, deialdi honen II. eranskineko baremoarekin bat.

6.2.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

6.2.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du, gehienez. Deialdiaren II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, atal hauetan:

a) Irakasle-esperientzia.

b) Merezimendu akademikoak.

c) Beste merezimendu batzuk.

6.2.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.2.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

6.2.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak ikusgai jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta www.valledeegues.com/eu/ web-orrian.

6.3. Oposizioaldia:

6.3.1. Epaimahaiak behar denean argitaratuko ditu, hala behar baldin bada, hurrengo proben iragarkiak, Udaletxeko iragarki-taulan, Udalaren Musika Eskolakoan eta udal webgunean: www.valledeegues.com/eu/.

6.3.2. Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

Izangai bakoitzaren oposizioko ariketetako puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginen da.

6.3.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehenbiziko ariketa, praktiko-musikala:

Interpretatuko da ganbera musikako kontzertu bateko programa bat (gutxienez trioa). Izangaiak berak aukeratuko du, eta 15 minutu iraunen du.

Epaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: zailtasun teknikoa, programaren interes artistikoa, kalitatea, izangaiaren heldutasun teknikoa eta musikala, taldearekin nola koordinatzen den eta nola egiten duen bat, autokontrola eta komunikatzeko gaitasuna.

Jo beharreko musikaren hiru kopia gutxienez aurkeztu beharko dira.

Gehienez ere 8 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 4 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa, praktiko musikala:

Epaimahaiak propio idatzitako ariketa bat “a capella” kantatzea.

Izangaiak hamar minutu izanen ditu ariketa hau prestatzeko. Proba grabatu eginen da, objektiboki baloratu ahal izateko.

Gehienez ere 8 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 4 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

c) Hirugarren ariketa, praktikoa, musikal-informatikoa:

Konposatu beharko dira melodia didaktiko bat eta piano-akonpainamendua. Epaimahaiak ezarriko du zer kurtsori dagokion, eta emanen du melodiaren hasiera. Finale izeneko partituren editorean idatziko dira melodia eta akonpainamendua. Izangaien eskura jarriko dira ekipo informatikoa (PCa, Windows 10 sistema eragilearekin / Imac, Mojave sistema eragilearekin), Finale 26 editorea (gaztelaniaz) eta MIDI teklatu bat.

Izangaiak ordu bat izanen du ariketa hau egiteko. Denbora hori iraganik, izangai bakoitzaren lana inprimatu eginen da, eta, ondoren, izangaiak konposizioa interpretatu beharko du, eta epaimahaiak eskatzen dituen azalpenak eman.

Gehienez ere 8 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 4 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

d) Bosgarren ariketa, praktiko-informatikoa:

Epaimahaiak proposatutako audio eta midi grabazio bat eginen da.

Izangaien eskura jarriko dira ekipo informatikoa (Imac, Mojave sistema eragilearekin), Logic Pro X softwarea (gaztelaniaz), soinu-txartela (MOTU), “prebioak”, kableak, mikroak...

Epaimahaiak erabakiko du ariketek zenbat denbora iraunen duten. Ondotik, izangai bakoitzak egindako lana adituko da.

Gehienez ere 6 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 3 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

e) Seigarren ariketa, teorikoa:

Proiektu pedagogiko bat aurkeztea eta defendatzea epaimahaiaren aurrean, espezialitate hauetakoak: Musika Hizkuntza, Musika Estiloak eta Ganbera Musika. Proiektu hori idatzita aurkeztuko da, 3.4 oinarrian adierazi den moduan, epaimahaiak aztertu ahal dezan izangaiak haren defentsa egin baino lehen. Epaimahaiak ez du jakinen proiektu pedagogiko bakoitza norena den, harik eta defenditzeko unea iritsi arte.

Izangaiak zer arlotako irakasle espezialista izan nahi duen, haietarako duen proposamen pedagogikoa jasoko du proiektu pedagogikoan. Honako hau sartu beharko du proiektuan: helburuen eta edukien proposamen justifikatua, horien sekuentziazioa ikasturtez ikasturte eta mailaz maila, metodologiari eta ebaluazioari dagozkion baliabide guztiak, eskolak antolatzeko orientabideak eta abar. Lan horretan, izangaiak prestakuntzan eta praktikan duen esperientzia jasoko du, eta, esperientzia hori oinarritzat harturik, etengabeko gogoetaren ondotik musika-hezkuntzari buruz duen planteamendua. Halaber, izangaiak aurkezten ahalko ditu berak sortutako material didaktikoak, unitate didaktikoak, bibliografia eta abar.

Izangaiak bere planteamendu pedagogikoak hobeki azaltzeko, aurkezten ahal ditu egokitzat jotzen dituen material guztiak (teknikoak, didaktikoak eta abar), eta, nolanahi ere, aldez aurretik jakinarazi beharko dio epaimahaiari, prestakuntzaren bat behar bada ere. Proposamenak atzera botatzen ahalko dira, desegokitzat joz gero edo Musika Eskolak ez baditu behar diren baliabide materialak.

Izangaiak gehienez ere 60 minutu izanen ditu bere proiektu pedagogikoa defendatzeko. Jarraian, eztabaida dialektikoa izanen du epaimahaikoekin; hartan, epaimahaiak edozein galdera eta argibide plantea diezaioke izangaiari, defendatzen duen proposamenari buruz.

Epaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: aurkeztutako lanaren kalitatea, ideien argitasuna hura defendatzean, izangaiak erakutsitako ezagutzak, haren planteamenduen koherentzia, sormena, orijinaltasuna, eta, orobat, proposamen osoa bat ote datorren Eguesibarko Udalaren Musika Eskolak ikastetxe gisa duen filosofiarekin.

Eguesibarko Udalak bermatzen du proba honetan aurkezturiko informazioaren konfidentzialtasuna. Aipatu informazioa hautapen prozesu hauen espedientean gordeko da, eta ez da inola ere hedatuko.

Epaimahaiak antzemanez gero aurkezturiko lana ez dela izangaiak egina, izangaia zuzen-zuzenean baztertuko du hautapen prozesutik.

Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 10 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

f) Zazpigarren ariketa, irakaskuntzari buruzkoa, praktikoa:

Musika Hizkuntza espezialitateko eskola bat eman beharko zaio ikasle talde bati eta Musika Estiloen beste eskola bat ikasle talde bati. Eskolek 30 minutu iraunen dute, gehienez ere. Izangaiak aukeratuko du zer gai azaldu nahi dituen. Eskolak bukatu eta gero, izangaiak epaimahaiaren aurrean defendatuko du eskola nola eman duen, eta pedagogia, musika eta abarri buruzko galderak eginen dizkiote mahaikideek.

Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 10 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.4. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin, ariketa egin den lekuan bertan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan. Horrez gainera, ohar bat argitaratuko du, adieraziz oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Nolanahi ere, ariketa bakoitzaren edukiaren arabera, erabaki daiteke egun berean ariketa bat baino gehiago egitea aldi berean edo bata bestearen atzetik; behar bezala iragarriko da eginen diren tokian eta Eguesibarko Udaletxeko iragarki-taulan.

Zerrenda hori Udalaren www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.3.5. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

6.3.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarren oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, probak egin diren tokian eta Eguesibarko Udaletxeko iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, eta horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena eta espediente osoa. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Udalaren www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian oro har puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan segituz gero, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

7.2.1. Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoa ez bada:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.

b) Deialdi honen bidez bete beharreko lanposturako behar den titulazioaren fotokopia konpultsatua eta behar den hizkuntza eskakizunaren titulazioa, jadanik aurkeztu ez badira.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik zeinak eragotziko liokeen karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zin egin edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), aurrekoez gain, aurkeztu beharko du ziurtagiri bat zeinak frogatzen dituen aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa).

7.2.2. Eguesibarko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaiek, desgaitasunen bat alegatu badute bakarrik, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidean faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Eguesibarko Udalak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan (probak gainditzen dituztenena) hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da harekin.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Eguesibarko Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan ekarri beharko du.

Zortzigarren oinarria.–Izendapena, lanpostu hutsa esleitzea eta jabetza hartzea.

8.1. Udal honetako Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostuan ari dadin, eta lanpostu hutsaren adjudikazioa eginen du.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Izangai bat lan-kontratudun finko bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

Bederatzigarren oinarria.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Hautapen prozesuaren ondorioz sortzen den aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda, 1.7 apartatuan ezarritakoa, argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan, eta www.valledeegues.com/eu/ web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.

Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarriekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin.

9.2. Lortutako puntuazioak erabakiko du zein den ordena lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendan. Berdinketarik egonez gero, ebatziko da 7.1 apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako eran.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, oposizioaldia gainditu ez dutenei egiten ahalko zaie dei, ariketetan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

9.3. Izangaiei dei eginen zaie abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera (foru agindu haren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak), oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

9.4. Unez uneko kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.5. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.6. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

9.7. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena zaindu behar izatea.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lanekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.8. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira honako egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

9.9. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztuta edo, bestela, titulu hori eskuratzeko pagatu beharrekoa eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik ordaindu dela frogatzen duen gordekinarena.

9.10. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Eguesibarko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahal da:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa aurkezten zaion egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa aurkezten zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Sarrigurenen, 2019ko maiatzaren 15ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Lehenagoko eskarmentua irakasle lanetan.

Atal honetako puntuazioa, gehienez ere, 26 puntukoa izanen da.

1. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa, administrazio publikoen musika eskoletan edo kontserbatorioetan egindako zerbitzuak; ikasturte oso bakoitzeko: 1,50 puntu.

Ikasturte osoa baino gutxiagoko zati edo hilabete bakoitzeko, aurreko apartatuan aipatzen diren lanpostuetan: 0,125 puntu, hilabeteko.

2. Lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa, beste musika eskola batzuetan egindako zerbitzuak; ikasturte oso bakoitzeko: 0,75 puntu (gehienez ere 9 puntu).

3. Irakaskuntza arautuko beste ikastetxe batzuetan musika irakasle gisa egindako ikasturte bakoitzeko, 0,75 puntu (gehienez ere 9 puntu).

2. eta 3. puntuetan, ikasturte zatiak direnean, 0,06 puntu emanen da hilabete bakoitzeko.

Frogagiriak: Ikastetxeko idazkariak luzatu eta zuzendariaren oniritzia duen ziurtagiria, bertan ikasgaia eta zerbitzuen benetako iraupena jasota. Apartatu honetan ikasturte osotzat hartuko da urritik ekainaren 30a arteko aldia. Zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira, puntuazioak ez dira batuko.

B.–Merezimendu akademikoak.

Gehienez ere 9 puntu emanen dira.

1. Pedagogia Musikalaren arloko beste titulu batzuk izatea, erdi mailakoak: 0,50 puntu, bakoitzeko.

2. Pedagogia Musikalaren arloko beste titulu batzuk izatea, goi mailakoak: bakoitzeko puntu bat.

3. Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria eta Espezializazio Didaktikoaren titulua: 0,50 puntu.

4. Ikasketa espedientea: atal honengatik, izangaiak aurkeztu duen espediente akademikotik, alegia, lanpostuan sartzeko izaera orokorrez galdatu den titulazioari dagokion horretatik ateratzen den batez besteko puntuazioa baizik ez da baloratuko, eta jarraian zehazten den gisan:

7 arte: puntu bat.

7 - 9: 1,5 puntu.

9 - 10: 2 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan, batezbestekoa ondoko baliokidetzen arabera eginen da:

Gai: 5.

Oso ongi: 7.

Bikain: 9.

Ohorezko matrikula: 10.

Literalki “ongi” kalifikatutakoetan, 6 joko da notatzat.

Batez besteko nota kalkulatzean, ez dira kontuan hartuko “gai” kalifikazioa jaso duten irakasgaiak.

Izangaiak igorri beharko du bere ziurtagiri akademikoa, jatorrizkoa nahiz fotokopia konpultsatua, eta, bertan, agertu beharko dira alegatzen duen titulua lortzeko eskatutako irakasgai eta kurtso guztien puntuazioak. Ziurtagiri hori igorri ez eta ordainetan tituluaren fotokopia konpultsatua aurkezten bada, izangaiak “nahikoa” atera zuela hartuko da kontuan.

C.–Beste merezimendu batzuk.

Gehienez ere 8 puntu emanen dira.

1. Prestakuntza ikastaroak.

Hezkuntza administrazioek edo unibertsitateek emandako prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak gainditu izana. Ikastaroak hautatzen den espezialitateari lotutakoak izanen dira, edo eskola-antolamenduari, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriei, psikopedagogiari eta soziologiari. Ikastaroko 10 orduko edo kreditu akademiko bakoitzeko, 0,10 puntu; gehienez ere 5 puntu. Ondorio horietarako, ikastaro guztietako orduen batura eginen da, eta ez da kontuan hartuko hamar ordu baino gutxiagoko gerakina.

Frogagiriak: ikastaroen ziurtagiria, adieraziko duena zenbat ordu egin diren edo kreditu kopurua.

2. Izangaiak aurkeztu nahi dituen bestelako merezimenduak, aurreko apartatuetan baloratu ez badira: kontzertuak, argitalpenak, etab. Epaimahaikoek baloratuko dute; gehienez ere, 3 puntu.

Iragarkiaren kodea: L1906793