121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartua, zeinaren bidez behin betiko onesten baita “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoen haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen eta linea elektrikoen trazadura aldatzeari buruzkoa. Proiektuaren sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UPS) onetsi zen (2018ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa). Proiektuaren sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

Onetsitako UPS horren helburua da 3 parke eoliko ezartzea (Cabanillas II, Cascante eta Ablitas II izenekoak) Cabanillasko, Ablitasko eta Cascanteko udal-mugarteetan, bai eta haiei lotutako instalazioak ere.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen, Eólica Navarra SLUk sustaturik, aipatu UPSa aldatzeko espedientea, Ablitas II parke eolikoaren haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen eta linea elektrikoaren trazadura aldatzeari buruz eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari buruz (2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa).

Jarraian azaltzen diren aldaketak proposatzen dira espediente honetan.

Cabanillas II parke eolikoari buruzkoak:

–Parkearen sarbidea aldatzea.

–13, 14 eta 15 zenbakiko haize-sorgailuetara iristeko bideak aldatzea.

–3 zenbakiko haize-sorgailuaren kokapena eta sarbidea aldatzea (koordenatuak eta plataforma), baita bidea ere.

–Parkearen goi-tentsioko ebakuazio linea elektrikoaren trazadura aldatzea.

Ablitas II parke eolikoari buruzkoak:

–2 zenbakiko haize-sorgailuaren kokapena eta erdi-tentsioko sarea aldatzea, baita hara iristeko bidea ere.

–8 zenbakiko haize-sorgailuaren posizioa aldatzea, baita 9, 10, 11 eta 12 zenbakiko haize-sorgailuetara iristeko bidea ere.

–Parkearen sarbidea aldatzea.

Bestalde, haize-sorgailuaren modeloari dagokionez, sustatzaileak dio honako betebehar hauek konplitzen dituela hautatutako haize-sorgailuak: abatza 120 m garai da eta errotorearen diametroa 132 m da, UPSan aurreikusi bezala. Azkenik, sustatzaileak dio Eólica Valdetellas SLUri, Eólica Ablitas SLUri eta Eólica Cascante SLUri eskualdatu dizkiela Cabanillas II, Ablitas II eta Cascante parke eolikoei eta haien gainerako azpiegiturei dagozkien espedienteak, beren baimen, lizentzia eta onespen guztiekin. Ildo horretan, sustatzaileak dio ezen sozietate horien asmo berariazkoa dela aipatu parke eolikoak sustatu, eraiki eta ustiatzea.

Sustatzaileak, 2018ko azaroaren 22an, beste eskaera bat aurkeztu zuen ebakuazio linearen trazadura aldatzeko Cabanillas II parke eolikoan. Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez jendaurrean jarritako trazaduraren ordez, 20 metro zabaleko ukipen-zerrenda ezartzen da linearako proposatutako trazadura osoan. Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) UI-9 Gardachales unitateko 1. sektorea ez ukitzea eskatu zuen Tuterako Udalak; horixe bera da sustatzaileak agertzen duen arrazoia beste trazadura bat proiektazeko. Hasieran planteatzen zen ebakuazio linearen trazadura osoa lurpekoa zen, Tarazonicaren Bide Berdearen eta, azkeneko tartean, bide publikoen azpitik. Horren ordez, trazaduraren ia erdia airekoa izanen da eta ibilbide bihurgunetsuagoa eta luzeagoa izanen du (aurrekoa baino %20 luzeagoa). Zehazki, linearen trazadura berria lurpekoa da hasierako tartean, bide publikoen azpitik, A-68 autobiarekin gurutzatu arte, eta N-134 errepidearen zortasun-eremutik segitzen du, paraleloan, Ebro ibaiaren inguruetaraino.

Espedientea jendaurrean jartzeko tramitea Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez ireki zen. Izapidetze horretan, alegazio idazki bana aurkeztu zuten Tuterako Udalak eta Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko UI-9 Gardachales unitateko 1. sektoreko UI1eko konpentsazio batzordeko buruak. Cabanillas IIko linea elektrikoa hiritik urrun eta aipatu 1. sektoretik kanpo joateko eskatzen zuten, hurrenez hurren, alegazio idazkiotan. Erantzuna ematen zaie bi idazki horiei txosten honen hurrengo atalean.

2018ko abenduaren 21ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak txostena egin zuen, linearen trazadura berrirako eskaera eta aipatu alegazio idazkiak kontuan harturik. Txosten horrek ondorioztatzen duenaren arabera, “ez da onargarritzat jotzen Cabanillas II parke eolikoaren energia ateratzeko goi-tentsioko linearako planteatutako trazadura berria, lurraldean ukipen gehiago baititu udalez gaindiko ikuspegitik”.

Hori ondorioztatzeko, ondoko argudioak erabiltzen dira:

–Ez da justifikatutzat jotzen dagoeneko aztertu den trazadura aldatzea, aldaketak ukipen gehiago ekartzen baditu lurraldearen eta ingurumenaren alorretan.

–Aireko lineek inpaktuak sortzen dituzte paisaian, eta lurralde garapena gehiago baldintzatzen dute, lurpeko lineekin alderatuta. Kasu honetan, trazadurarako egindako azken proposamenak hirigintza-garapena baldintza dezake linea eta A-68 gurutzatzen diren puntuaren inguruetan, baita Tuterako ekialdeko saihesbidean egin litekeen bikoizketa ere.

–Alegatutako tarteak Fontellas herrian izanen lukeen ukipena askoz handiagoa da jendaurrean jarritako trazadurak izanen lukeena baino, azken honetan Tuteran eta Fontellasen ikuspenezko ukipenik ez baitago.

–Oso eztabaidagarria da proposatutako trazadurak eragina izatea Tutera hiriaren etorkizuneko garapenean, bide berde baten azpitik dagoelako, hau da, lurralde eskalako bide batetik, aurreikuspenen arabera trazadura aldatuko ez duen bide batetik. Halaber, sustatzaileak lurzoru urbanizagarriko sektorearen (UI-9 Gardachales unitateko 1. sektorea) mugako tarterako proposatzen dituen bi alternatibak ez dira pasatzen bide berde horretatik: behin-behinekoa (urbanizazioa eta sektorearen zerbitzu-bidea egin arte), eraikinak dituen bi lurzatiren mugatik, eraikin horietan eraginik ez sortzeko; eta behin betikoa, espazio libre publikoaren (bide publikoen) azpitik.

–Linea bat lurperatzea bateragarria da urbanizazio proiektu baten azpiegitura eta urbanizazioarekin, betiere araudi sektorial aplikagarria betetzen bada.

–Alegatzen diren gaiak ekonomikoak dira gehienbat; izan ere, ez da desiragarria lineak urbanizazioa baldintzatzea edo gainkostua ekartzea Tuterako HAPOko UI-9 Gardachales unitateko 1. sektoreko UI1 unitatearen urbanizazioan. Horri dagokionez, sektore horren Plan Partziala 2008an onetsi zen, eta bere urbanizazio proiektua 2013an, baina urbanizazio obrak ez dira hasi.

–Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik. Adierazi behar da udalez gaindiko ikuspegitik egin dela lurraldearen eta ukipenen azterketa, kontuan hartu gabe udalerrien mugak, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere.

2019ko urtarrilaren 24an, Tuterako Udaleko alkatearen idazki bat aurkeztu zen. Idazki horretan, desadostasuna adierazten zen aipatu txostenarekin, udal horretako Lurraldearen Antolamenduaren Alorreko Zuzendaritzaren txostena eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena eta Agenda 21eko teknikariarena aintzat hartuta. Txosten honen hurrengo atalean erantzuna ematen zaio alegazio idazki horri.

2019ko otsailaren 22an, sustatzaileak beste dokumentazio bat aurkeztu zuen, Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari eta Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailuaren birkokapenari buruzkoa. Lehenago eskatutako aldaketei eransten zaizkie aipatu aldaketa horiek.

Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, espedientea jendaurreko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitean jarri zen berriz (2019ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

II.–Jendaurrean jartzeak eta entzunaldiak.

Aldaketaren espedienteak izan dituen jendaurreko eta entzunaldiko tramiteetan (Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko eta 2019ko martxoaren 13ko erabakiak –hurrenez hurren, 2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa, eta 2019ko 54.a, martxoaren 20koa–), 4 alegazio idazki aurkeztu dira. Erabaki honen 1. eranskinean jasotzen dira idazkion laburpena eta horiei emandako erantzunak.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

III.1. Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linea.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko Erabakiak gogorarazten du ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik.

Proposamen berria onestea planteatzen da, kontuan harturik Tuterako Udalak azaldutako argudioak –oinarri dituztenak bere lurraldearen antolamenduaren alorreko eta nekazaritzaren eta mendien alorreko zerbitzu teknikoen txostenak–, eta ikusirik orain ekartzen den konponbideak ingurumen eraginaren adierazpena duela. Hala ere, udalez gaindiko ikuspegitik, onetsitako trazadurak ukipen gutxiago dituela uste da, baita bateragarria dela aurreikusitako antolamenduarekin.

Bestalde, honela dio Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko Erabakiak 20 metro zabaleko ukipen-zerrenda bat trazadura osoan ezartzeari dagokionez: “Hori eskatzearen arrazoia baldin bada linea elektrikoa zerrenda horren barruan gauzatzea UPSan aldaketak tramitatu gabe, espedientea osatu beharko da, zerrenda hori UPSaren eremuko zati gisa sartuz ondorio guztietarako (grafismoan eta araudian)”.

Horri buruzko artikulu bat gehitu du sustatzaileak UPSaren araudian (6. artikulua, babes-zerrenda). Bertan azaltzen duenez, zerrendako planoak eginen den UPSaren testu bateginean jasoko dira.

III.2. Cabanillas II parke eolikoaren sarbidea.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko Erabakiaren arabera, bateragarriak dira Cabanillas II parke eolikorako proposatutako sarbidea eta Cabanillasko industrialderako onetsitako antolamendua. Industrialdeak etorkizunean izan ditzakeen handitzeei dagokienez, Erabakiak dio antolamenduak bide sistema bat ezarri beharko duela industrialdearen barneko mugikortasuna konpontzeko eta parke eolikora iritsi ahal izateko.

III.3. Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailuaren birkokapena.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko Erabakiaren arabera, kokapen berria egokia da, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuari jarraikiz.

Haize-sorgailuaren sarbideari dagokionez, lurraldean ukipenak murrizteko, Erabakiak dio sustatzaileak justifikatu behar duela aldaketa, edo, bestela, baloratu behar duela sarbidea kokaleku berriaren ondoko bide publikotik egitea.

Honela dio sustatzaileak horren harira: “Bide hori eta bihurguneak egokitu beharko lirateke, eta beste zanga bat egin beharko litzateke, 529 m-koa, erdi-tentsioko sarerako, eta horrek ingurumen ukipena ekartzen du. Bide berria, aldiz, 6 zenbakiko haize-sorgailura iristeko bidetik sortua, 351 m-ko luzerakoa da eta, beraz, ingurumen ukipen gutxiago dakar”.

Sustatzaileak hala agertzen badu ere, kontuan harturik egun dagoen bide publikoa nahiko eremu lauan dagoela, hori egokitzeak ukipen gutxiago ekartzen ditu bide berri bat irekitzeak baino, bide berri hori egokitu beharreko tartea baino motzagoa izan arren. Gauza bera uste da erdi-tentsioko sarerako egin beharreko lurperatzeari edo zangari buruz, hura non egin, alegia, egun dagoen bide batean edo sortzekoa den bide batean.

Hortaz, bidea egokitzeak hiritarrei zein bidearen erabiltzaileei ekarriko dien onura kontuan harturik ere, hau jotzen da konponbiderik egokientzat 10 zenbakiko haize-sorgailuaren sarbiderako: 10 zenbakiko haize-sorgailuaren ekialdean dagoen bide publikoan oinarritutakoa.

III.4. Baimenak eskualdatzea.

Aldaketa hau tramitatzean, Eólica Navarra SLUk jakinarazi du Eólica Valdetellas SLUri, Eólica Ablitas SLUri eta Eólica Cascante SLUri eskualdatu dizkiela Cabanillas II, Ablitas II eta Cascante parke eolikoei eta haien gainerako azpiegiturei dagozkien espedienteak, beren baimen, lizentzia eta onespen guztiekin. Sozietate horiek aipatu parke eolikoak sustatu, eraiki eta ustiatzeko berariazko helburuarekin eratu dira.

Honela agertzen da Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakian: “Baimenak eskualdatzeari dagokionez, sustatzaileak aurkeztu beharko du, sozietate sustatzaile berrira egokiturik, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak 5. artikuluko g), i) eta j) apartatuetan eskatutako dokumentazioa, pertsonala edo sustatzaileari berez dagokiona”.

Izan ere, g) apartatuan eskatzen dira agiriak, sustatzaileak proiektua egiteko gaitasun ekonomikoa duela ziurtatzen dutenak. Sustatzaileak dio baimenak eskuratu dituzten enpresek kaudimen ekonomikoa eta finantzarioa dutela, Eólica Navarra SLUk zeukan kaudimen bera, alegia, aldatze prozesuan dagoen eta Nafarroako Gobernuaren 2018ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez onetsi zen “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko UPSaren ondorioetarako. Hala da enpresa horiek Eólica Navarra SLUko sozietateak direlako %100ean, eta horregatik Eólica Navarra SLUko enpresa taldearenak direlako %100ean. Grupo Empresarial Enhol izena duen talde horrek ziurtatu du aipatu enpresen esku jarri dituela beharrezko diren baliabide guztiak, parke eolikoak eta horiei lotutako azpiegiturak ezartzearen obligazioak betetzeko, Proiektu Sektorialean jasotako horiek betetzeko, alegia.

Bestalde, i) apartatuan ezartzen da banku-abala edo zuzenbidean onartzen den beste edozein berme mota aurkeztu behar dela, Planaren behar bezalako exekuzioari erantzuten diona eta proiektaturiko obra zibilaren aurrekontu balioetsiaren %6 duena.

UPSaren tramitazioan, eta hori behar bezala egitearen ondoriozko obligazioei erantzuteko, Eólica Navarra SLUk 5020000440 CFNA 2017 abala aurkeztu zuen Nafaroako Gobernuaren Ogasuneko Departamentuan. 531.000 euro egiten du abal horrek. Gero, 2018ko otsailaren 6an, beste abal bat aurkeztu zuen Eólica Navarra SLUk. Zenbateko berekoa zen, baina beste entitate abal-emaileak emana. Lehenbiziko abala itzuli zen.

Orain, beste 4 abal aurkeztu ditu, 5020000440 CFNA 2017 abala ordezteko. Beraz, aipatu abal hori itzuli behar da.

Azkenik, lege ordezkariak sinaturiko konpromisoa galdegiten du j) apartatuak. Bertan natur baliabideen antolamendu planek ezartzen dituzten determinazioak onartu behar dira, eta Planaren ondorioz parke eolikoan egin beharreko aldaketetatik ondorioztatzen ahal den kalte-ordainari espresuki uko egin. Konpromiso hori aurkeztu da, parke eolikoak eskuratu dituzten enpresetako bi administratzaileek sinatua.

III.5. UPSko araudia.

Tramitazioan dago Eólica Navarra SLk sustaturiko beste espediente bat ere, “Parke eolikoa Ablitasen” izeneko UPSa aldatzekoa, haize-sorgailuen kopurua murrizteari eta horiek birkokatzeari buruzkoa. Hasiera bateko onespena eman zion espediente horri Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 10eko Erabakiak, eta bertan honako hau adierazi zen: “Parke eolikoaren inguruan Ablitas II izeneko beste bat berriki onetsi denez, sustatzaile berberak sustatua, koherenteagotzat jotzen da bi UPSen edo parke eolikoen (Ablitas I eta Ablitas II) araudia berbera izatea. Hori dela-eta, araudia aldatuko da eta “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko UPSkoari egokituko zaio, berriagoa eta, beraz, gaurkotuagoa delako (araudia 2018ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 16an)”.

Erabaki hori kontuan hartuta, sustatzaileak UPS bakoitzerako arau testu bat aurkeztu du bi aldaketa espedienteetan; nahiz eta horiek antzekotzat jo daitezkeen, bi ezberdintasun dituzte: AESAren baimenen zerrenda, eta 6. artikulua, zeina “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko UPSrako bakarrik agertzen baita. AESAren baimenen zerrenda kendu egin behar da, ez baitago derrigorrezkoak izan daitezkeen beste baimen batzuen zerrendarik, eta zerrendak nahasketa ekar dezakeen, UPSan baimen horiek babesten ez dituzten aldaketak proposatuz gero.

Aurreko guztia dela eta, uste da araudi horrek bakarra eta partekatua izan behar duela.

Babes-zerrendari buruzko 6. artikulua gehitu behar zaio aipatu araudiari. Erabaki honetan jasotzen da artikulu hori, “III.1 Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linea” apartatuan hain zuzen ere. Honela erantsiko da, honako izenburu honekin eta bere testuan jasotako azalpenekin: “6. artikulua. Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearen ukipen-zerrenda”.

Bestalde, “Parke eolikoa Ablitasen” izenekoaren UPSa aldatzeko espedientearen aldeko ebazpena izatekotan, honako testu hau gehitu beharko da “2.1.–Parke eolikoaren bideak” artikuluan: “Bide zortasuna: 6 m (3 m ardatzaren alde banatan) garraio berezien tamaina handitzeagatik, haize-sorgailuen modelo berrien neurriak direla eta”.

Aipatu araudia, aurrekoaren arabera zuzenduta, osorik jasotzen da erabaki honen 2. eranskinean.

IV.–Txosten sektorialak.

Aldaketaren hasierako dokumentazioari dagokionez, sustatzaileak Ingurune Naturalaren Zerbitzuko aldeko txostena aurkeztu zuen. Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko eta 2019ko martxoaren 13ko erabakiei dagokienez (hurrenez hurren, 2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa, eta 2019ko 54.a, martxoaren 20koa), txostenak egiteko eskatu zitzaien Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura Energetikoen Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak bi txosten eman ditu, bata 2018ko urriaren 22an eta bestea 2019ko apirilaren 3an. Dokumentazio teknikoa aurkeztu beharra ezartzen du txosten horietan, egin beharreko obrek NA-134 eta NA-3042 errepideetan duten ukipena zehazteko, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearekin bat.

Txostena egiteko eskatu zaio Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, 2018ko irailaren 12an eta 2019ko martxoaren 27an. Ez da atal horren txostenik jaso; hala ere, honako hau sartu behar da determinazio gisa: “Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz”.

V.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 272E/2019 Ebazpenaren bidez, aldaketa honen aldeko ingurumen eraginaren adierazpena eman zen, hainbat determinazio kontuan harturik zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei, eraikuntzari eta obren jarraipenari dagokienez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko maiatzaren 10eko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen 1. eranskinean azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Eólica Navarra SLUk sustatu duen “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II parke eolikoaren haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen eta linea elektrikoen trazadura aldatzeari buruzkoa eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbideari buruzkoa. Determinazio gisa ezartzen da ezen Ablitas II parke eolikoaren 10 zenbakiko haize-sorgailuaren sarbideak oinarri izan behar duela ekialdean egun dagoen bide publikoa.

3. Eraikuntza proiektua prestatzean eta horri dagozkion obrak egitean, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan eta ingurumen ondorioen adierazpenean xedatutakoa bete beharko da.

4. Aldaketa honetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, aireko espazioa, ur ibilgu publikoen ukipen eremuak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileak kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu. Gogoratu behar da ezen parkeen baimen administratiboa eman aurretik beharrezkoa dela garraio sarerako sarbidea eta lotura egiteko baimenak lortzea.

5. Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

6. Sustatzaileak testu bategin bat aurkeztu beharko dio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta bertan jasoko dira onetsitako jarduketak eta bukaerako itxura irudikatzen duten planoak. Horretarako, Cabanillas II eta Ablitas II parke eolikoen eta horiei lotutako azpiegituren aldaketak hartuko dira aintzat, baita Cabanillas IIko ebakuazio linearen ukipen-zerrenda ere.

7. Sustatzaileak parkea osatzen duten elementu guztien (haize-sorgailuak, instalazio elektrikoak eta sarbideak) UTM koordenatu geografikoak jakinarazi behar dizkio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, haien konfigurazioaren arabera, aldaketa hau shape formatuan aintzat hartuta. Hori dena, ETRS89 espazioko erreferentzia-sisteman.

8. Erabaki hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Erabaki hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusira, eta jakinaraztea Cabanillasko, Ablitasko, Fontellasko eta Tuterako udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

1. ERANSKINA

Jendaurreko eta entzunaldiko tramiteen ebazpena

I.1. Eneko Larrarte Huguetek, Tuterako Udala ordezkatuz, 2018ko azaroaren 23an aurkeztutako alegazio idazkia (2018/798132).

Edukia:

Honela dio: “Kanalizatua egon arren, trazadura epe ertainera oinarrizkoa izanen den hiriko bide batetik joatekoa zen. Bide horretan bateragarri izaten dira errepideko zirkulazioa, oinezkoentzako pasealekua eta bizikletentzako bidea, eragin estrategikokoak hirurak. Akats baten ondorioz, dudarik gabe, lurzoru urbanizaezina zela pentsatu zuten proiektugileek, eta hirian modu okerrean sartzen zen aukera hautatu zuten, aipatu lurzoru urbanizagarrian egitekoa. Bazuten, hala ere, beste aukera bat, 1 zenbakikoa, batez ere hiriko ekialdeko saihesbidearen trazaduran joatekoa zena, hiritik urrun. Hirugarrena.–Eólica Navarra SLUk sustatu du ‘Plan Eoliko Estrategikoa/Cabanillas IIko ebakuazio linea’ UPSaren aldaketa, eta bertan proposatzen den doikuntzak ez ditu aintzat hartzen jabetza pribatu birzatituak, eta bihurria gutxienez litzatekeen modu batean egiten du hori. Doikuntza ez da nahikoa, inondik ere, eta trazadurak hiritik urrun joan behar du. Laugarrena.–Sare hori ez da hiriaren zerbitzurako, bere bidea segitzen du. Horregatik, zentzugabekoa da hiria zeharkatzea, horrek eragin ditzakeen kalteak kontuan harturik, epe motzean zein ertainean zein luzean. Linea lurperatzearekin ukipena arintzen bada ere, ez da zentzuzkoa linea hura hiritik kanpo ez eramatea. Horrenbestez, nire ustez, trazadura berria hautatu beharko litzateke, bere garaian egin zen ingurumen eraginaren azterketaren 1 zenbakiko aukeran planteatutakoa. Horregatik guztiagatik, idazki hau kontuan har dadila eskatzen dut, proiektuan proposatutako trazadurak azter daitezela eta goian aipatutako 1 zenbakiko aukeraren trazadura berria hauta dadila”.

Erantzuna:

Onetsitako trazadura eta jendaurrean jarritakoa izan dira, aukerak eta lurraldeari buruzko kontsiderazioak aztertu ondoren, Nafarroako Gobernuaren erabakien xede.

Aireko lineek inpaktuak sortzen dituzte paisaian, eta lurralde garapena gehiago baldintzatzen dute lurpeko lineek baino. Kasu honetan, trazadurarako egindako azken proposamenak hirigintza-garapena baldintza dezake linea eta A-68 gurutzatzen diren puntuaren inguruetan, baita Tuterako ekialdeko saihesbidean egin litekeen bikoizketa ere. Bestalde, alegatutako tarteak Fontellas herrian izanen lukeen eragina askoz handiagoa da jendaurrean jarritako trazadurak izanen lukeena baino, azken honetan Tuteran eta Fontellasen ikuspenezko ukipenik ez baitago.

Hala ere, alegazioa onartzen da, kontuan harturik konponbide berriak –aireko tarteak eta lurpekoak dituen horrek– ingurumen eraginaren adierazpena duela eta Tuterako Udalak iritzia emana duela, zerbitzu teknikoen txostenen babesarekin, ukitutako eremuaren hirigintza garapenean izan litezkeen baldintzapenen inguruan.

I.2. Fernando León Arponek –Tuterako HAPOko UI-9 Gardachales unitateko 1. sektoreko UI1eko konpentsazio batzordeko buru gisa– 2018ko azaroaren 30ean aurkeztutako alegazio idazkia (2018/816393).

Edukia:

Linea Tuterako HAPOko UI-9 Gardachales unitateko 1. sektoreko lurzoru urbanizagarritik kanpo joateko eskatzen du interesdunak, lurpeko linea izanda ere, lurzati eraikigarriak eta urbanizazioa ez ukitzeko. Bere ustez, legezko eta egokitasunezko arrazoiak direla eta, lineak ez du zeharkatu behar sortu berri den bizitegi-eremu bat, eta ezin du. Haren iritziz, aukeren azterketako beste aukera bat hautatu beharko litzateke, bizitegirako lurzoruan dagoen urbanizazioa ukituko ez lukeena. Bere ustetan, tramitazioan dagoen eta jendaurrean jarri den aukerak ez du betetzen Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 58. artikulua, ez eta 1996ko otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua ere. Horren 2. artikuluan aipatzen denez, parke eolikoen ezarpena lurzoru mota jakin batzuetan bakarrik baimendu daiteke. Halaber, ulertzen du linea aipatu sektoretik pasatzea ingurumen eraginaren azterketaren eta lurralde antolamenduko planaren (LAP) aurkakoa dela, azterketak “aginduzko irizpidetzat” ezartzen baitu proiektuak eraikinetan edo herrietan ez egitea, eta LAP5eko PN8 eranskinak honako irizpide hau ekartzen baitu parke eolikoen ebakuazio lineei dagokienez: “Parkeen kokapenari dagokionez, horiek nekazaritzako lur lauetan ezartzearen aukera aztertu beharko litzateke, nekazaritzako erabilerak eta aprobetxamendu energetikoaren ondoriozko eragina bateragarriak izan daitezen (makinak garraiatzeko sarbide egokiak, zimendatzeak, haize-sorgailuen arteko linea elektrikoak eta ebakuazio lineak). Hala badagokio, egoki jotzen diren aldaketak proposatuko dira instalazio horiei buruzko araudian”.

Interesdunaren ustez, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 59. artikuluak linearen kokapena edo trazadura aldatzeko aukera ematen badu Administrazioak onetsitako proiektu edo plan batek hala eskatzen duenean, edota erabiltzen den finkaren jabeak eskatzen duenean ere, are gehiago aldatu beharko da linearen trazadura, lurzoru urbanizagarriak ez diren lurretan ezartzeko, plan partziala, birzatiketa proiektua eta urbanizazio proiektua behin betiko onetsita dituzten horietan. Haren iritziz, sektoreko jabeek ez dute zertan urbanizazioaren gainkostua jasanik, hala gertatzen bada trazadura aldatzeagatik edo, linea batek behartzen duela eta, urbanizazioa egokitzeagatik.

Halaber, arloan eskudun diren erakundeek ez dute txostenik eman onetsitako urbanizazio proiektuaren (azpiegiturak eta urbanizazioa) eta lurpeko linearen arteko bateragarritasunari buruz.

Azkenik, alegatzailearen ustez, beste toki batzuetan kokatzeko aukera izanda, guztiz zentzugabea litzateke goi-tentsioko linea bat bizitegi-urbanizazio batean jartzea, kontuan harturik Udalaren asmoa dela azpiestazioak bizitegi-eremuetatik kanpo kokatzea.

Erantzuna:

Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearako onetsitako trazadurak Gardachales sektorea –oraindik urbanizatu gabe dagoena– zeharkatzen du, eta bi lurzati eraikigarri ukitzen ditu. Aipatu parke eolikoaren administrazio baimenaren tramitean jasotako alegazio idazki batzuei erantzuteko, eta lurzati eraikigarrientzako ukipena ekidin nahian, UPSaren aldaketa hau tramitatzen da. Plan horrek, lehenbizi, hau planteatzen du: linearen lurpeko trazadura espazio libre publikotik joatea, lurzoru urbanizagarriko sektore horren mugan dagoen horretatik, alegia.

Aipatu trazadurak ez duela legeria betetzen alegatzen da, zehazki Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea. Baina hori ezin da ontzat eman, alegatutako linea lurpekoa delako eta, araudiak jasotzen duen bezala, jabari, erabilera edo zerbitzu publikoko lurretan egin nahi delako (Tarazonicaren bidean, Gardachales sektorean eginen diren bideetan eta bide publikoetan, hain zuzen).

Ildo horretan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren arabera, linea elektrikoko trazadurak ez du Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 58. artikulua urratzen. Gainera, sektore elektrikoaren eta industria segurtasunaren arloko araudiari dagokionez, aipatu zerbitzuak dio bateragarriak direla lurpeko linea elektriko bat eta urbanizazio proiektu bat, betiere otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren ITC-LAT 06 Jarraibide Tekniko Osagarria (kable isolatuak dituzten lurpeko lineei buruzkoa) beteta. Dekretu horren bidez onetsi ziren Goi-tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01etik 09ra bitarte).

Halaber, alegatzaileak hala esaten badu ere, ezin da ontzat eman 1996ko otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua urratzen dela. Dekretu horren aipatu artikuluaren 4. puntuan jasotzen denez: “Parke eolikoaren sarbideei eta sarearekin batzeko linea elektrikoei loturiko erabileren eta jardueren hirigintza araubidea araubide orokorra izanen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusitakoa. Hala ere, instalazio horiei baimena emateko prozedura parke eolikoari ematekoa izanen da, horrekin lotuta”. Parke eolikoaren sarbideak edo horrek sarearekin batzeko dituen linea elektrikoak hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian egon daitezke, aipatu aginduak ez du horretarako inongo debekurik jartzen.

Bestalde, ingurumen eraginaren azterketak ez ditu LAParen kontrakoak diren aginduzko irizpideak ezartzen. Alegatutako LAPeko irizpide horrek ez du ikusirik parke eoliko bati lotutako instalazioen, sarbideen eta ebakuazio azpiegituren kokapenarekin, haize-sorgailuen kokapenari buruzkoa da. Lehen aipatutako 125/96 Foru Dekretuaren 2. artikulua aldatzea proposatzen da, nekazaritzako lur lauetan edo produktibitate handikoetan ezarri ahal izateko.

Halaber, ezin da ontzat eman, alegatzaileak hala esaten badu ere, guztiz zentzugabea dela goi-tentsioko linea bat bizitegi-urbanizazio batean jartzea, beste toki batzuetan kokatzeko aukera izanda eta Udalaren asmoa izanda azpiestazioak bizitegi-eremuetatik kanpo kokatzea. Ezin dira parekatu azpiestazio baten ukipenak linea baten ukipenekin, ezta aireko azpiegitura elektriko baten ukipenak lurpeko linea baten ukipenekin ere.

Gainerako alegazioak oso generikoak dira, argudio edo arrazoi objektiborik ez dute. Beraz ezin zaie erantzunik eman.

Laburbilduz, alegatzen diren gaiak ekonomikoak dira gehienbat; izan ere, ez da desiragarria lineak urbanizazioa baldintzatzea edo gainkostua ekartzea Tuterako HAPOko UI-9 Gardachales unitateko 1. sektoreko UI1 unitatearen urbanizazioan. Horri dagokionez, sektore horren Plan Partziala 2008an onetsi zen, eta bere urbanizazio proiektua 2013an, baina urbanizazio obrak ez dira hasi.

Horregatik guztiagatik, partzialki ezesten da alegazio idazki hori eta aurreko alegazioari emandako erantzunari lotzen zaio.

I.3. María Eugenia Enériz Salvatierrak, Tuterako Udala ordezkatuz, 2019ko urtarrilaren 24an aurkeztutako alegazio idazkia (2019/52732).

Edukia:

Tuterako alkatea ez dago ados Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak 2018ko abenduaren 21ean emandako txostenaren ondorioarekin, udal horretako Lurraldearen Antolamenduaren Alorreko Zuzendaritzaren txostenean eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena eta Agenda 21eko teknikariaren txostenean jasotako arrazoiengatik. Txosten horiek erantsi ditu, eta honako hauek jasotzen dira bertan:

–Las Peñas ibaiko ukipena ez da aipatzen. Ez da behar bezala baloratu ibaiarekin (lurpean) egiten den gurutzatzea, bere funtzionamendua desoreka baitezake.

–Trazadura laburrena aukeratzen bada, parke eolikoa ebakuazio puntuarekin lotzen duen lerro zuzena aukeratu beharko litzateke.

–Ikuspenezko ukipena kontuan hartu da Fontellasen, baina ez Tuteran, hor lineak badaude ere. Ez da zentzugabea lineen inpaktuak gainerako herriekin konpartitzea, bakarrik Tuterak jasatearen ordez; hain zuzen ere, herri horiek jasotzen dituzte onurak.

–Tuterako ekialdeko saihesbidearen bikoizketan sor litekeen eraginari dagokionez, bikoizketa ez dago aurreikusita epe labur eta ertainean.

–Sustatzaileak proposatu du trazadura. Ohartarazi behar da, halaber, tramitatzen ari den trazaduraren ordez hiritik kanpo proposatzen zen trazadura onartzen zuela Lurraldearen Antolamenduko Departamentuak, aitortu baitzuen trazadura eremu urbanizagarrien ondotik pasatzea ez zutela kontuan hartu, ez sustatzaileak, eguneratu gabeko katastroko datuak erabili baitzituen (Gardachales alderdiko lurzoruak landa-lurzoru gisa aurkeztuz), ez eta departamentuak ere, trazaduraren ebaluazioan ez baitzuen aintzakotzat hartu lurzoru horien egoera objektiboa (lurzoru urbanizagarri birzatituak).

–Goi-tentsioko linea oraindik ez da egin, eta horregatik ez da zentzuzkoa bizitegi-eremuen mugako lurzoruetatik pasatzea, ukipen eta, agian, aztoramendu soziala sortuko baitirateke beharrik gabe.

–Udalak ere uste du etorkizunean, oro har, eskatuko dela goi-tentsioko lineak lurperatzea, bereziki hiritarrentzako zerbitzu publikoa ematen ez dutenak eta bakarrik enpresa pribatuen interesekoak direnak (zilegiak, baina herritarrentzat kalte txikiagoak ekarri behar dituztenak).

Aurrekoa kontuan harturik, Tuterako Udalak eskatzen du Cabanillas II linea urruntzea hiriguneko lurzoruetatik.

Erantzuna:

Lehen alegazioari emandako erantzunari lotzen zaio.

I.4. María Montserrat León Estebanek, Tuterako Udala ordezkatuz, 2019ko apirilaren 11n aurkeztutako alegazio idazkia (2019/288679).

Edukia:

Alkatetzaren ofizioa da, alkate udalburuak sinatua. Bertan berresten dira María Eugenia Enériz Salvatierrak, Tuterako Udala ordezkatuz, 2019ko urtarrilaren 24an aurkeztutako alegazioak (2019/52732).

Erantzuna:

Aurreko alegazio idazkiari emandako erantzunari lotzen zaio.

Iragarkiaren kodea: F1906648