121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartua, zeinaren bidez onesten baita “Ablitasko Parke Eolikoa” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, “Ablitasko Parke Eolikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Eólica Navarra, SLU enpresak sustatu zuen (2012ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 29koa).

Ondoren, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen “Ablitasko haize-parkea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren espedientea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua (2018ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 25ekoa).

Onetsitako UPSaren xedea da 7 haize-sorgailu eta horiei lotutako instalazioak hartuko dituen 14 MW-eko parke eoliko baten ezarpena arautzea, Ablitasko “La Degollada” izeneko tokian. Aldaketa justifikatzen da sortzen diren aurrerapen teknologikoengatik, eta, parke eolikoaren potentzia osoari eustearren, honako hau aldatu nahi da:

–Haize-sorgailuen modeloa. V90 2MW modeloa kendu, eta G132 3,465MW modeloa jarriko da, edo lehiatzaileen antzeko modeloa, altuerako abatz handiagoak izateagatik (84 m, 114 m eta 120 m).

–Haize-sorgailuen kokapena eta kopurua: 7 izan ordez, 4 izanen dira. Horrenbestez, parke eolikoaren poligonala edo UPSaren arau eremua aldatzen da. Aipatu poligonalaren azalera ere aldatzen da, 147,53 hektareatik 149,91 hektareara. Eragindako lur berriak herri-lurrak dira, eta Ablitas II parke eolikoaren poligonalaren barruan daude.

–Barne zirkuituko tentsioa eta eta azpiestazioa. Azpiestazioaren potentzia aldatzea eta parke eolikoaren tentsio ertaineko sarea 66/20 kV-etik 66/30 kV-era pasatzea proposatzen da.

–Sarbideak. Haize-sorgailuen osagaiak handiagoak izatea proposatzen denez, beharrezkoa da parkera sartzeko trazadura aldatzea, eta bideen zabalera handiagotzea, garraioa errazteko. Bide horien zabalera 5 metrotik 6ra handitzea eta haietako ezponden malda 1H/1V-etik 2H/1V-era aldatzea proposatzen da. Dauden bideen luzera 2.800 m-tik 4.038,8 m-ra pasatuko da, eta bide berrien luzera 2.423 m-tik 2.569 m-ra pasatuko da.

II.–Jendaurrean jartzea eta kontsiderazioak.

Espedientea jendaurrean egoteko epean ez da alegazio idazkirik aurkeztu.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, espediente hori hasiera batez onetsi zen, eta, bertan, honako hau adierazi zen: “Hala ere, parke eolikoaren inguruan Ablitas II izeneko beste bat berriki onetsi denez, sustatzaile berberak sustatua, koherenteagotzat jotzen da bi UPSen edo parke eolikoen (Ablitas I eta Ablitas II) araudia berbera izatea. Hori dela-eta, araudia aldatu eta ‘Plan Eoliko Estrategikoa’ UPSkoari egokituko zaio, hau da, 2018/02/16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenari, berriagoa eta, beraz, gaurkotuagoa delako”.

Halaber, UPS hori aldatzeko espediente bat tramitatzen ari da. Erabaki hori kontuan hartuta, sustatzaileak UPS bakoitzerako arau testu bat aurkeztu du bi aldaketa espedienteetan; nahiz eta horiek antzekotzat jo daitezkeen, bi ezberdintasun dituzte: AESAren baimenen zerrenda, eta 6. artikulua, zeina “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko UPSrako bakarrik agertzen baita. AESAren baimenen zerrenda kendu egin behar da; izan ere, ez dago beste baimen batzuen zerrendarik, nahiz eta baimen horiek derrigorrezkoak izan daitezkeen, eta zerrenda horrek nahasketa ekar dezake, UPSan baimen horiek babesten ez dituzten aldaketak proposatuz gero.

Aurreko guztia dela eta, uste da araudi horrek bakarra eta partekatua izan behar duela, eta, beraz, aurretik adierazitakoaren arabera zuzendu behar dela.

III.–Txosten sektorialak.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, espediente hau hasiera batez onetsi zen, eta, espedientean jasotzen den bezala, Azpiegitura Energetikoen Atalak, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak eta Herri-lurren Atalak aldaketari kontra egiten ez dioten txostenak prestatu dituzte.

Ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2018ko urriaren 5ean egindako txostena jaso da, honako hau ondorioztatzen duena: “Jarduketek ez dute ukipenik eragiten, ez Nafarroako ureztaketetan, ez Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Foru Planean, Nafarroako nekazaritzako moten mapak III., IV. eta V. motetako lurzati gisa (lehorreko lurrak) sailkatu dituen lurzatietan eginen baitira”.

2018ko martxoaren 15ean, txostena eskatu zaio Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari. Ez da atal horren txostenik jaso; hala ere, honako hau sartu behar da determinazio gisa: “Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz”.

IV.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 273E/2019 Ebazpenaren bidez, aldaketa honen aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Honako hau ezartzen du ebazpen horrek: “Ezartzea ezen jarduera garatuko dela honako hauetan jasotako baldintzak betez: espedientean jasotako dokumentazio teknikoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 10ean emandako 863/2012 Ebazpena (horren bidez, Ablitasko parke eolikoaren proiektuari dagokion ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, Eólica Navarra SLUk sustatuta) eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpena (horren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egin zen haize-parke hauetarako: Cascante, Ablitas II, Zarrakaztelu, Fustiñana eta Cabanillas II, barnean sartuta parkeetako energia ateratzeko lineak eta sarbideak, Eólica Navarra SLU enpresak sustatuta)”.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko maiatzaren 10eko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Ablitasko parke eolikoa” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea behin betiko onestea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua, erabaki honetan azaldutako moduan.

2. Eraikuntza proiektua egin eta horri dagozkion obrak gauzatzeko orduan, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan eta ingurumen ondorioen adierazpenean xedatutakoa bete beharko da.

3. Aldaketa honetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, aireko espazioa, ur ibilgu publikoen ukipen eremuak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileak kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu. Gogoratu behar da ezen parkeen baimen administratiboa emateko aurretik beharrezkoa dela garraio sarerako sarbidea eta lotura egiteko baimenak lortzea.

4. Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada lanetan, legeak agintzen du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

5. Sustatzaileak parkea osatzen duten elementu guztien (haize-sorgailuak, instalazio elektrikoak eta sarbideak) UTM koordenatu geografikoak jakinarazi behar dizkio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, haien konfigurazioaren arabera, aldaketa hau shape formatuan aintzat hartuta. Hori dena, ETRS89 erreferentzia sisteman.

6. Erabaki hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Erabaki hau Azpiegitura Energetikoen Atalera, Herri-lurren Atalera, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusira, Ablitasko eta Ribaforadako udaletara eta sustatzailera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

1. ERANSKINA

“Ablitasko Parke Eolikoa” eta “Plan Eoliko Estrategikoa” izeneko proiektu sektorialek ukitzen dituzten lurzoruetarako araudia;
bi proiektuak “Eólica Navarra SLU” enpresak sustatu ditu

1. artikulua. Erabileren araudia.

Onartuak

Abeltzaintza estentsiboa eta erdiestentsiboa

Lehorreko laborantzak

Legez dauden bazkalekuei eta abereen bordei eustea

Bideak irekitzea eta aldatzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduerak edo erabilerak ezartzearekin, erauzketa-lanekin edo hondakindegiak ezartzearekin

Zuhaitz eta zuhaixken landaketak

Bideak: zabalera, bide-zorua, trazadura

Oinezkoen eta ziklisten ibilbideak eta ibilbide turistikoak seinaleztatzea

Parkearen mantentze-lanak

Baimengarriak

Bazkaleku eta/edo borda berriak eta zaharrak ordeztea

Antenak, meteorologiako instalazioak

Erlezaintzakoak

Nekazaritzako biltegiak

Debekatuak

Gainerako guztiak, eta, bereziki, delta hegala, parapentea eta horrelako aireko nabigazioa debekatzeari buruz bidezkoak direnak

2. artikulua. Erabiltzeko mugak eta zortasunak.

Haize-parkearen instalazioak zortasun zerrenda batzuk sortzen ditu, 8. planoan adierazten direnak. Haietan, erabilerak arautu egiten dira, haize-parkearen ezarpenarekin bateragarriak izan daitezen.

2.1. Parke eolikoaren barneko bideak.

Bide zortasuna: 6 m (3 m ardatzaren alde banatan) garraio berezien tamaina handitzeagatik, haize-sorgailuen modelo berrien neurriak direla eta.

Erabileren mugak:

–Debekaturik daude era guztietako goldatze-lanak eta zuhaitz eta zuhaixka landaketak.

–Debekaturik daude era guztietako eraikinak, itxiturak barne.

2.2. Parkearen barneko sare elektrikoa.

Bide zortasuna: 5 m (2,5 m ardatzaren alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metroko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta edozein jarduketa, baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metro baino gutxiagoko distantzian.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

2.3. Haize-sorgailuak.

Bide zortasuna: 130 m (haize-sorgailuen dorreak lotzen dituen ardatzetik 65 m alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita haize-sorgailuaren inguruan 65 metro baino gutxiagoko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta edozein jarduketa, baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, haize-sorgailuaren ardatzetik hasita 65 metro baino gutxiagoko distantzian.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

3. artikulua. Ukipen sektorialak.

Proiektu sektorial bat (barnean direla kontserbazioa, mantentze-lanak eta zerbitzuak) garatzeko egiten den edozein proiektutan, baita haize-parkearen edozein osagairi dagozkion obren exekuzioan ere, ingurumen ondorioen adierazpenean eta UPSarekin lotutako txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko dira lehendik dauden eta egitekoak diren azpiegitura guztiak, azpiegitura horiekin burutu beharreko jarduketak koordinatzeko, baita balizko beste zortasun batzuk ere; adibidez, ondare historiko eta arkeologikoari dagozkionak, aeronautikoak, halakorik balitz, eta bestelakoak. Horretarako, obrak hasi baino lehen, arloaren arabera eskumena duten organoei behar diren baimen guztiak eskatu beharko zaizkie.

4. artikulua. Zortasun aeronautikoak.

2011-2016rako Plan Eolikoari buruzko txostenaren (2012ko abenduaren 20koa) arabera, Cabanillasko, Ablitasko, Cascanteko, Fustiñanako eta Zarrakazteluko udal-mugarteak (esp.: 120248) ez daude sarturik legezko zortasun aeronautikoen eremuetan, interes orokorreko aireportuei dagozkienetan, eta Sustapen Ministerioaren eskumeneko aireko nabigaziorako instalazio erradioelektriko aeronautiko bakar batek ere ez ditu ukitzen.

584/72 Dekretuaren 8. artikuluaren gaur egungo testuaren arabera, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– eta abar) jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak (eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) instalatzeko, baldin lurretik gora (edo itsas mailatik gora, ur jurisdikzionalen barrenean) 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko du erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.

5. artikulua. Aldaketak.

UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz, kasuan kasuko parkerako, baldin eta aldaketak egin nahi badira haize-sorgailuen kokapenean eta/edo haize-sorgailuen kopuruan, proposatutako sarbide eta argindar lineen trazaduran edo proiekturako ezarritako araudian.

6. artikulua. II.1.–Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearen ukipen-zerrenda.

20 metroko zabalera duen ukipen-zerrenda bat ezartzen da UPSaren eremu gisa, Cabanillas II parke eolikoaren ebakuazio linearako, zerrenda horren barnean azpiegitura egitea dakarten trazaduraren aldaketek edo egokitzapenek UPSa aldatzea eragin ez dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1906647