119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 5ean hartua, zeinaren bidez honako eragiketa estatistikoa sartzen baita 2019ko Urteko Estatistika Programan: “Iraizpenen eta horien kostuaren estatistika”.

Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 26. artikuluak xedatzen du Nafarroako Estatistika Plana baliabide bat dela Nafarroaren interesekoa den estatistika jarduera publikoa sustatzeko, antolatzeko eta planifikatzeko. 2017-2020 aldirako, urriaren 21eko 14/2016 Foru Legeak onetsi zuen plan hori, eta hartan jaso dira aldi horretan egin beharreko estatistika eragiketak.

Bestalde, 11/1997 Foru Legeak, bere 27. artikuluan, xedatzen du Urteko Estatistika Programak plana garatzeko tresnak direla, barnean dela eragiketa estatistikoen zerrenda. Eragiketa haietako bakoitzean, banakako fitxa gisa, bilduko dira 27. artikulu horrexetan zehazten diren ezaugarriak. Programak Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko abenduaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen 2019ko Urteko Estatistika Programa.

Foru lege horrek, 28. artikuluan, honako hau jasotzen du: “Aurreko artikuluetan xedatutakoa edozer dela ere, Nafarroako Gobernuak, hala komeni denean edo presakoa baldin bada, Foru Dekretu bidez baimena eman dezake Estatistika Planean edo Urteko Programan jasotzen ez diren eragiketa estatistikoak egin daitezen. Estatistika horiek ofizialtzat joko dira”. Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez formalizatuko da baimen hori, aldez aurretik Nafarroako Estatistika Institutuak aldeko txostena eginda, zeinak jasoko baitu eragiketa horiek bat datozela Estatistika Plan eta Programetan ezarritako helburu eta betebeharrekin, eta Estatistika Kontseiluko kideei komunikatu ondoren.

Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioa Plan Estatistiko Nazionalaren barnean dagoen “Iraizpenen eta horien kostuaren estatistika” izeneko eragiketa estatistikoaren arduraduna da, eta, Nafarroako datuak lortzeko, beharrezkoa da eragiketa hori Nafarroako Estatistika Planean sartzea.

Espedientean dago bai Nafarroako Estatistika Institutuak emandako aldeko txostena bai Estatistika Kontseiluko kideei egindako komunikazioa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Iraizpenen eta horien kostuaren estatistika” izeneko eragiketa estatistikoa 2019ko Urteko Estatistika Programan sartzea (eragiketa estatistikoaren zenbakia: 2200435).

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Estatistika Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907829