119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartua, presakoa deklaratzen duena “Lerateko UC.10-3 unitatearen urbanizazioa” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Osoko Bilkurak 2018ko apirilaren 25ean hartutako erabakiaren bidez onetsi zen Gesalazko Udalak hitzarmen bat sinatzea Lerateko UC.10-3 unitatearen konpentsazio batzordearekin, honako helburu honetarako: Gesalazko Udalak hustubide, akueduktu eta bide zortasuna eratzea, nahitaez desjabetzeko prozeduraren bitartez, Lerateko (Gesalatz) landa-lurreko katastroko 3. poligonoko 78. lurzatian –unitatearen eremutik kanpo–, 4 metroko zabalera duen zerrenda batean hain zuzen, aipatu lurzatiaren eta UC.10-3 unitatearen arteko mugaren luzera osoan.

2018ko maiatzaren 17an sinatu zen hitzarmen hori.

Gesalazko Udalak, 2018ko abenduaren 13an hartutako erabakiaren bitartez, desjabetzearen onuradun deklaratu zuen Lerateko UC.10-3 unitatearen konpentsazio batzordea, eta desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen behin-behineko zerrenda onetsi zuen. Desjabetze horren xedea da hustubide, akueduktu eta bide zortasuna eratzea Lerateko (Gesalatz) landa-lurreko katastroko 3. poligonoko 78. lurzatian –unitatearen eremutik kanpo–, 4 metroko zabalera duen zerrenda batean hain zuzen, aipatu lurzatiaren eta UC.10-3 unitatearen arteko mugaren luzera osoan. Jean Oscar Bouleten aurkako desjabetzea da, unitate horren titular gisa, Lerateko hiri-lurzoru finkatuko UC.10-3 exekuzio unitatearen urbanizazio proiektua gauzatzeko.

Erabakiaren berri eman zitzaion interesdunari, eta jendaurrean jarri zen erabakia 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 18. artikuluak aipatzen duen moduan: 15 eguneko epean, Udalaren iragarki-taulan jarrita eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan hedapen handien duten egunkarietako batean argitaratuta.

Jendaurreko epea iraganda inork alegaziorik aurkeztu gabe, Gesalazko Udalak, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen Lerateko UC.10-3 unitateko proiektuaren ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda, kontuan harturik onespen horrek onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa dakarrela berarekin. Erabaki horren bidez, halaber, presako deklarazioa eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuari “Lerateko UC.10-3 unitatearen urbanizazioa” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskumenen okupaziorako, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 53. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako.

Behar bezalako saneamendu sarerik ez dago egun, eta hori konpontzeko eskatu du hainbatetan Ebroko Konfederazio Hidrografikoak. Izan ere, Konfederazioak espedientea ireki zuen Lerateko UC.10-3 unitatearen jabeen aurka, hondakin ur guztia Lerateko badiara zuzen isurtzeagatik. Espedientea geldituta dago, ezin izan baita desjabetu beharreko lurraren jabearekin harremanetan jarri. Arazo horri konponbidea eman behar zaionez eta aipatu isurketa ekiditeko kolektore bat jarri behar denez, presaz okupatu behar dira proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak, eta beharrezkoa eta presakoa da horiek desjabetzea. Obrak uda baino lehen egin behar dira, badiako ura berriro kutsatu ez dadin, urbanizazioa beteta baitago udan eta isurketak ez baitu inongo iragazkirik ez tratamendurik. Horrek arriskua sortzen du Lerateko badian bainatzen direnentzat, ur beltzen isurketa zuzena baita.

Nafarroako Gobernuak, Gesalazko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea “Lerateko UC.10-3 unitatearen urbanizazioa” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Gesalazko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1906645