119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 5ean hartua, “Miguel Servet” Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.

Irailaren 26ko 211/1986 Foru Dekretuaren bidez (123. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 6koa), “Miguel Servet” fundazio pribatua sortzea onetsi zen, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzko 42. Legearen babesean. Hori dela eta, 1987ko urtarrilaren 13an, behar zen eskritura publikoa aurkeztu zen Daniel Pacheco Marroquín Iruñeko notarioaren aurrean, Nafarroako Gobernuak 1986ko abenduaren 11ko bilkuran onetsi zituen Fundazioaren estatutuekin batera.

Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 91. artikuluak ezartzen du “Miguel Servet” Fundazioa Foru Komunitateko osasun administrazioari sostengu zientifikoa eta teknikoa emanen dizkion erakunde gisa arituko dela, bai osasun arloko ikerketa sustatzeko jardueretan, bai irakaskuntzari lotutakoetan.

Fundazioaren estatutuei zenbait aldaketa egin zaizkie 1989an, 1992an, 1998an, 2006an, 2009an, 2012an eta, azkenik, 2019an. Hala, gaur egun indarra duten estatutuak Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoak dira, lehen aipatutako aldaketak gehitzen dituztenak.

Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, estatutuak aldatzeaz gainera, Miguel Servet Fundazioari fundazio publikoaren izaera eman zitzaion.

Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako zerga-araubidearen menpe dago Fundazioa.

Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, estatutuen azken aldaketa gehitu zen, baina argitu beharreko bi kontu hauteman dira bertan.

Fundazioaren Patronatuak, 2019ko maiatzaren 3an egindako bileran, erabaki du estatutuen bi atal aldatzea, argiagoak izan daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea “Miguel Servet” Fundazioaren estatutuetan honako aldaketa hauek egitea:

Bat.–6. artikuluaren e) eta f) letrak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“e) Nafarroako Osasun Administrazioko osasun arloko profesionalek egiten duten ikerketari sostengu ematea, proiektuen kudeaketan, metodologian eta informazio zientifikoa bilatu eta analizatzeko lanetan aholku ematea, baliabide propioak edo kanpokoak erabiliz, eta aukera ematea langile horiek ikerketarako etengabeko prestakuntza jaso dezaten.

f) Osasun zientzien arloan lankidetza, komunikazioa eta kooperazioa bultzatzea, hala ikerketa taldeen artean, nola Fundazioaren eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuen artean, Nafarroako Osasun Administrazioko ikertzaileek parte hartzen duten proiektu, ikerketa-talde, sare edo antzekoen finantzaketa, garapena eta kudeaketa integrala errazteko asmoz.”

Bi.–7. artikuluko 4. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“4. Kide hauek osatuko dute Patronatua:

a) Lehendakaria: Nafarroako Gobernuaren barruan osasunaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

b) Lehendakariordea: Osasuneko zuzendari nagusia.

c) Epaimahaikideak:

1) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailea.

2) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea.

3) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzailea.

4) Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailea.

5) Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

6) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea.

7) Politika ekonomikoaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.

8) I+G+B arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.

9) Osasun arloko eskumena duen departamentuan ikerketaren, berrikuntzaren eta prestakuntzaren arloko eskumena duen zerbitzuko burua.

Miguel Servet Fundazioko zuzendaria eta zuzendari kudeatzailea Patronatuaren bileretara joanen dira eta hizpidea izanen dute, baina botorik ez. Zuzendariak bere gain hartuko ditu Patronatuko idazkari lanak”.

2. Erabaki hau “Miguel Servet” Fundazioaren Patronatuko lehendakariari eta “Miguel Servet” Fundazioko zuzendari kudeatzaileari jakinaraztea, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1907830