119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Aldaketa, “Herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan”. 17., 19., 20. eta 53. artikuluak, Belate inguruko herri-larreen aprobetxamendua arautzen dutenak. Behin betiko onespena

Udal honek, 2019ko otsailaren 7an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen aldaketa “Ultzamako Udaleko herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan”. 17., 19., 20. eta 53. artikuluak, Belate inguruko herri-larreen aprobetxamendua arautzen dutenak.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an, bai eta Ultzamako Udalaren iragarki-taulan ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretako aldaketaren espedientea behin betiko onetsi da eta argitara ematen dira aldatutako artikuluak; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Larraintzarren (Ultzama), 2019ko maiatzaren 7an.–Alkatea, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea.

ALDAKETA, “ULTZAMAKO UDALEKO HERRI-ONDASUNETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN”.
17., 19., 20. ETA 53. ARTIKULUAK, BELATE INGURUKO HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUTENAK

17. artikulua. Bi aprobetxamenduei aplikatu beharreko baldintza orokorrak.

Abeltzaintzarako larre eta belardien aprobetxamendua Ultzamako Udalak horri buruz ezartzen dituen jarraibideen arabera eginen da beti, udal langileek eta Nafarroako Gobernuko teknikariek ongi aholkatu ondoren.

Horri loturik, eginkizun horretaz arduratzen diren udal langileek eta Nafarroako Gobernuko teknikariek ematen dituzten aginduak eta determinazioak nahitaez bete beharko dituzte aprobetxamendurako eskubidea jasotzen dutenek.

“Mendi-larreak, irekiak eta itxiak”

“Mendi-larreetan, irekietan eta itxietan” egiten den aprobetxamenduaren kasuan, benetan eta egiazki gauzatu beharko dute onuradunek, eta, zein aziendarendako lortu den baimena, azienda hori guztia egiazki eraman beharko dute mendiko larrera.

“Hegoaldeko belardi itxietako” aprobetxamenduaren kasuan, onuradunek zuzenean egin beharko dute aprobetxamendua, ez baitago baimenduta azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

Ultzamako Udalak bidezkoak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzake edozein unetan, larreak zuzenean aprobetxatzen diren begiratzeko; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 195. artikuluko 2. atalean ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

Herri-lurretako larreak eta belardiak erabiltzen dituen aziendak Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea bete beharko du, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendaren osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

Debeku da zerri-azienda ibiltzea larrean.

Debeku da ahuntz-azienda ibiltzea larre irekietan.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Debeku da arras inolako aziendarik larratzea basoberritzeko itxitako lurretan, Ultzamako Udalaren edo Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan. Beherago adierazten diren zehapenak ezarriko dira.

19. artikulua. Tarifak.

Abere mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezarri dira:

Belardi itxietan:

Zaldi-azienda helduaren buru bakoitzeko, 15 euro urtean.

Heldua ez den zaldi-aziendako buru bakoitzeko, 10 euro urtean.

Behi-azienda helduaren buru bakoitzeko, 12 euro urtean.

Behi-aziendako buru ez heldu bakoitzeko, 8 euro urtean.

Ardi-aziendako eta ahuntz-aziendako buru bakoitzeko, 2 euro urtean.

Zaldi-azienda txikiaren (poniak) buru bakoitzeko, 4 euro urtean.

Belardi irekietan:

Zaldi-azienda helduaren buru bakoitzeko, 10 euro urtean.

Behi-azienda helduaren buru bakoitzeko, 8 euro urtean.

Ardi-aziendako buru bakoitzeko, euro 1 urtean.

Zaldi-azienda txikiaren (poniak) buru bakoitzeko, 2 euro urtean.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak alda daitezke Ultzamako Udalak egokitzat jotzen duenean, teknikari eskudun batek larreen benetako balioa eta egin daitezkeen azpiegiturak edo hobekuntzak amortizatzeko kostua baloratu ondoan, eta betiere aldatzeko erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako animalia bat ez badute beste batekin ordezten.

Ultzamako Udalaren herri-lurrak zaintzen eta basozain lanetan aritzen diren udal langileek eginen dituzte herri-larreetan ibiltzen diren abelburuen kontrol eta jarraipen lanak, eta beraien jarraibideak nahitaez bete beharko dituzte larrerako eskubidea hartzen dutenek.

Adjudikazio-hartzaileen behin betiko zerrenda onetsi eta hilabeteko epean ordainduko dira tarifak.

20. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.

Udalak ekitaldi bakoitzeko larratze baldintzei buruzko ebazpena emanen du, ordenantza honen 18. artikuluko azken paragrafoetan adierazitako moduan, eta, hala, epe bat irekiko da, herri-larreen aprobetxamenduan interesa dutenek beren aziendarendako larratze eskubidea eska diezaioten Ultzamako Udalari. Udalaren bando bidez iragarriko da, bertako iragarki-taulan jarriz eta beste hedapen bide batzuk erabiliz (webgunea, UIA etab.), betiere kasuan kasuko ekitaldia hasi baino lehen.

Nekazaritza Politika Erkiderako hektareen egiaztagiriak emanen zaizkie Ultzamako Udalaren mendi-larreetan abeltzaintzan jarduteko baldintza betetzen dutenei, ordenantza honetan ezarri bezala.

Herri-larreak aprobetxatzeko ziurtagiriak Udalak emanen ditu, behin egiaztatuta aurreko urtean indarra duen ordenantza bete dela eta ezarritako tarifen ordainketa egin dela.

Udal bandoan gutxienez ere hamabost egun naturaleko epea ezarriko da, interesdunek eskabideak aurkez ditzaten Ultzamako Udalean.

Interesdunek informazio hau eman behar dute eskabideetan:

–Izena, deiturak, NANa, helbidea, telefonoa eta, ahal dela, helbide elektronikoa.

–Ordenantza honen 15. artikuluan aipatzen diren agiriak.

–Larratze eskubidearen xede diren abelburuen zerrenda, bertan zehaztuz kopurua, espeziea eta adina.

–Abelburuen kopurua frogatzen duen erregistro fiskalaren ziurtagiria.

–Osasun ziurtagiria, arlo hau arautzen duen osasun araudiak aipatzen duena, indarduna (11/2000 Foru Legea, azaroaren 16koa, edo kasu bakoitzean indarra duena).

–Nekazaritza Politika Erkiderako ziurtagiriak egitean, eta Ibarreko hermendiko larreetan dagokion azienda larratzeko baldintza bete behar baita, interesdunek Nekazaritza Politika Erkiderako hektareak eskatzen badituzte, baldintza hori betetzen dutela frogatuko dute aurreko urteari dagokionez.

Gehieneko hamabost eguneko epea bukatutakoan, Ultzamako Udalak adjudikazio-hartzaileen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta bertan agertuko dira eskatzaileak eta adjudikaturiko abelburuen kopurua eta espeziea.

Baldin eta azienda larratzeko eskaera kopuruaren ondorioz behar den azalera “mendi-larreen, irekien eta itxien” hedadura osoa baino handiagoa bada, larratze eskubideak adjudikatzean hainbanaketa eginen da aprobetxamendu horretarako eskubidea duten eskatzaileen artean.

Behin-behineko adjudikazioa egindakoan, iragarkiak jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta, hala behar bada, Udalaren gainerako hedabideetan, eta hamabost egun naturaleko epea emanen da alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.

Adierazi epea iragan eta alegaziorik edo erreklamaziorik jaso ezean, adjudikazio-hartzaileen behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

Alegazio edo erreklamaziorik aurkezten bada, Udaleko Alkatetzak horiek ebatzi eta bidezkoa dena erabakiko du; halaber, adjudikazio-hartzaileen behin betiko zerrenda onetsiko du.

Larratze eskubidea adjudikatzeko prozesua amaiturik, “mendi-larreen, irekien eta itxien” hedadura osoa agortzen ez bada, urte naturalaren gainerakoan eskaerak aurkez ditzakete beste interesdun batzuek, eta horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko dira, betiere azalera erabilgarria agortu arte. Kasu horietan, tarifen zenbatekoa ez da aldatuko, nahiz eta aprobetxamendu aldia urtebetetik beherakoa izan.

VI. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

53. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua adjudikaziodunak berak behar bezala eta zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Larreen kasuan: Udalak egiaztatzen badu onuradunen batek ez duela betetzen azienda baimendu guztia Ibarreko hermendian larratzera eramateko betebeharra, jarduketa hori arau-haustetzat joko da ordenantza honen ondorioetarako.

Ez-betetze horrek eragiten badio larratzeko eskubidea duen azienda guztiaren %30ari edo gehiagori eta onuradunak hautsi badu araua, herri-lurretako aprobetxamenduaren eskubidea urte batez galtzearekin zehatuko da, baita Nekazaritza Politika Erkiderako hektareen eskubidea galtzearekin ere.

Etxeko egurraren kasuan: titularrak ez badu zuzenean eta pertsonalki erabiltzen aprobetxamendua edo markatu eta adjudikatutako lotea ez bada aprobetxatzen, zehapentzat hartuko dira eta horrela zehatuko dira:

Lehenbiziko kasuan, urtebeteko epean lote berri bat adjudikatzeko eskubidea galduko da baldin aprobetxamendua osoa ez bada eta hiru urtez, gehiegizkoa bada.

Bigarren kasuan, urte horretan edo hurrengoetan lote berriak adjudikatzeko eskubidea galduko da, adjudikatu zitzaiona eta aprobetxatu gabe dagoena aprobetxatu arte.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Ondorio horretarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren amaieran daudenena zein errekarguarekin ordaintzeko epearen amaieran daudenena.

c) Azienda larriko buruek (zaldi-azienda eta behi-azienda) markarik ez izatea edo nolanahi ere aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi-aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

d) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

e) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa, ardi bakoitzeko. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

f) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei gehituko zaizkie zakarrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du udal basozainak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatzen ahalko zaie, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60,00tik 12.000,02 euro bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

Iragarkiaren kodea: L1906398