119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, zeinaren bidez arautzen baita Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa. Behin betiko onespena

Udalak, 2019ko maiatzaren 6an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa arautzeko ordenantza; hortaz, ondotik ematen da.

Ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, honako errekurtso hauek aurkez daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2019ko maiatzaren 7an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

ORDENANTZA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITA
ETXEGABEAK ARTATZEKO UDAL ZENTROA

I. KAPITULUA

Izaera eta xedea

1. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa (aurrerantzean, EAUZ) da harrera zentro bat etxegabeentzat, eta gune bat garatu daitezen jarduketak eta zerbitzuak etxegabeen prebentziorako, sustapenerako eta gizarteratzeko, Udaleko gizarte zerbitzuek kudeatutako programen eta zerbitzuen esparruan.

2. artikulua. EAUZ Udalaren zentroa da antolaketari, funtzionamenduari eta zuzkidura ekonomikoari dagokienez, galarazi gabe beste erakunde edo entitate batzuek dirulaguntzak eman ahal izatea. Tuterako Udalak beretzat hartuko du ahalmena erabakitzeko zein den kudeatzeko, aldatzeko edo azkentzeko modua.

3. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa dago Tuterako Eza kaleko 2an, 1. eta 2. solairuetan.

Zentroa eguneko 24 orduetan egonen da irekia, urteko 357 egunez (itxita egonen da uztailaren 24an eta 31n, biak barne).

EAUZek arreta integrala garatuko du, honako zerbitzu hauek emanez: ostatua eta mantenua; garbiketa eta higienea; eta laguntzako, hezkuntzako/prestakuntzako jarduerak eta jarduera okupazionalak.

4. artikulua. EAUZen, garatuko dira, gutxienez, honako programa hauek:

1) Pasadizoko etxegabeak artatzeko programa. Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldaturik egon gabe eta bizilekua ere bertan izan gabe, gizarte-bazterketa larrian egotea (etxerik gabe eta/edo pasadizoan), eta, gainera, baliabide ekonomiko eta pertsonalik gabe oraingo egoerari aurre egiteko.

2) Aldi baterako arreta programa, Tuteran erroldatutako edo ohiko bizilekua Tuteran duten etxegabeentzat. Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldatutakoak edo ohiko bizilekua Tuteran dutenak gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunez, zaurgarritasun soziala izatea, gizarte-bazterketa eta bizileku-bazterketa egoeran egotea, eta hasia izatea Udalaren gizarte zerbitzuen esku-hartze eta sustapen sozialeko ibilbide bat.

3) Protokoloa, hotz-boladetarako eta bero-boladetarako. Hotz eta bero boladetarako protokoloaren bidez koordinatu nahi dira behar diren bitarteko tekniko eta humanoak, eguraldi txarrak eragindako larrialdietarako, halako moduz non gure hirian etxegabe bakar bat ere ez dadin gelditu oinarrizko zerbitzu hauek jaso gabe: ostatua, mantenua (gosaria eta afaria), garbiketa eta higiene pertsonala eta arropa garbiketa.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileak

5. artikulua. Etxegabetzat hartzen dira honako ezaugarri hauek dituztenak: ostaturik ez izatea, gizarte-bazterketa eta bizileku-bazterketa egoeran egotea eta baliabide pertsonal eta ekonomikorik ez izatea egoera pertsonalari aurre egiteko.

6. artikulua. EAUZen onartua izateko, honako baldintza hauek bete behar dira: aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzea, adinez nagusia izatea, laguntzarik behar ez izatea eguneroko bizia egiteko, eta norbera identifikatzeko dokumentazioa edukitzea, administrazio eskudunak emana.

7. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroko langileek erabakiko dute norbait zentroan sartzea, eta zehaztuko dute zenbat denbora emanen duen, kontuan izanik eskatzailearen egoera pertsonala.

8. artikulua. Zehazteko norbait zenbat denboraz egonen den Etxegabeak Osoki Artatzeko Udal Zentroan, kontuan hartuko da zer programatan sartuko den:

–Pasadizokoak artatzeko programa: 2 egunez hiruhilekoan; salbuespenak izan daitezke osasun arrazoiengatik eta teknikariek aldez aurretik baloratutako arrazoiengatik.

–Aldi baterako arreta programa: arau orokor gisa, programa honetan 3 hilabetez egonen dira gehienez ere, salbu teknikariek proposatzen badute egonaldia luzatzea, beharrezkotzat jotzeagatik.

–Protokoloa, hotzerako eta berorako: behar den denbora, eguraldiaren arabera, protokoloan ezarritakoarekin bat.

Zentroa erabiltzen bada ezbehar baten ondoriozko larrialdiarengatik, kasu bakoitzaren arabera zehaztuko da gehieneko egonaldia.

III. KAPITULUA

Zerbitzuak

9. artikulua. EAUZek honako zerbitzu hauek eskaintzen dizkie ordenantza honetako baldintzak betetzen dituztenei:

–Ostatu emateko zerbitzua.

–Mantenu zerbitzua.

–Komunen eta dutxen zerbitzua.

–Arropa garbitzeko zerbitzua.

–Farmazia-zerbitzua.

–Arreta sozialaren zerbitzua.

10. artikulua. Ostatua emateko zerbitzuaren xedea da gaua pasatzeko tokia ematea, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei.

11. artikulua. Mantenu zerbitzuaren xedea da jana ematea (gosaria, bazkaria eta afaria) zentroko erabiltzaileei. Honako hauen arabera erabakiko da nori: haien egoera pertsonal, sozial eta familiarra, bete beharreko esku-hartzea eta ezarritako ostatatze denbora.

12. artikulua. Komunen eta dutxen zerbitzuaren xedea da higiene pertsonalerako erraztasunak ematea Tuteran bizi direnei, edo ez direnei, zerbitzua erabili nahi badute. Nahitaezkoa izanen da dutxak erabiltzea zentroko gainerako zerbitzuak erabiltzeko.

13. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Zentroak badu arropak garbitzeko zerbitzu bat, Tuteran bizi direnentzat eta ez direnentzat, baldin gizarte-bazterketa eta bizileku-bazterketa egoeran badaude, baita zentroko erabiltzaileentzat ere.

14. artikulua. Farmazia zerbitzuak botikak emanen ditu, aurretik medikuak aginduta.

15. artikulua. Arreta sozialaren zerbitzua: behin oinarrizko beharrak aseta, zerbitzua emanen du, kontuan izanik pertsona bakoitzaren potentzialitateak, gaikuntza pertsonala, soziala eta lan merkatura sartzeko gaikuntza. Horretarako honelako jarduketak eskainiko ditu: akonpainamendu soziala, gainbegiratzea eta jarraipena egitea arreta jasotzen dutenei; jarduera okupazionalak eta prestakuntza eta hezkuntzakoak, horretarako erabiliz zentroaren funtzionamendu-dinamika; eta beste jarduera okupazional batzuk, establezimendu honen barnean eta kanpoan, herriko beste baliabide komunitario batzuekin elkarlanean eta koordinazioan.

16. artikulua. Larrialdietan, salbuespenez, eta aurrekontu-aukeren arabera, ostatua eman daiteke Udalarekin hitzartutako hotel batean, baldin zentroa beteta badago, edo hala behar bada etxegabearen inguruabar bereziengatik.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

17. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Zentroko erabiltzaileen eskubideak honako hauek dira:

a) Zentrora jotzea eta arreta jasotzea baztertua izan gabe sexuagatik, arrazagatik, erlijioagatik, ideologiagatik nahiz beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

b) Tratu duina jasotzea zentroko langileen aldetik eta gainerako erabiltzaileen aldetik.

c) Norberaren historia sozialaren datuen sekretu profesionala.

d) Zentroko barne funtzionamenduaren arauen berri izatea.

e) Arreta banakakoa jasotzea, norberaren beharraren arabera.

f) Erraztasunak izatea arreta soziala eta osasun arlokoa jasotzeko, eta, oro har, behar pertsonal guztietarako arreta jasotzeko.

g) Zentroaren espazioak eta zerbitzuak erabiltzea, ezartzen diren ordu eta baldintzen barnean.

h) Zentroan programatzen diren jardueretan parte hartzea eta horietan laguntzea.

i) Zentroko zuzendaritzari idatziz proposamenak egitea zerbitzuak hobetzeko.

j) Informazioa eta aholkua jasotzea norberaren beharrei aurre egiteko baliabideez eta prestazioez.

k) Onartua izateko eta ostatu hartzeko baldintzak mantentzea, galarazi gabe erregelamendu honen 26. eta 27. artikuluetan ezarritakoa.

l) Norberak nahita, zentroko egonaldiari bukaera ematea.

m) Kexatzeko eskubidea, erreklamazio-orrien bidez. Erabiltzaileen eskura egonen dira.

18. artikulua. Etxegabeak Osoki Artatzeko Zentroko erabiltzaileen betebeharrak honako hauek dira:

a) Gainerako erabiltzaileen sineste erlijioso, moral eta politikoak errespetatzea, baita zentroko langileenak ere.

b) Zentroaren funtzionamenduko arauak jakitea eta konplitzea.

c) Bizikidetza, higiene eta garbitasun arauak begiratzea, bai norberari dagokionez bai zentroko espazioei dagokienez.

d) Zentroko instalazioak zuzen erabiltzea eta haiek mantentzen laguntzea.

e) Zentroko zuzendaritzari jakinaraztea bertan ikusitako okerrak edo irregulartasunak.

f) Norberaren ohea egitea, eta maindireak, etab. beren lekuan uztea, dutxaren ondoan.

g) Erabiltzen diren espazioak garbi, txukun eta ongi mantentzeko lanak egitea.

h) Zerbitzua errespetatzea, eta, zehazki, zentroan ez hartzea edari alkoholdunik nahiz bestelako substantzia toxikorik, edo errezetarik gabeko botikarik. Aurretik halakorik kontsumitu izana zentroan onartua ez izateko arrazoia izanen da.

i) Falta arin edo larriak dira, segun errepikatzen diren, programa daraman taldearen jarraibideak ez betetzea, instalazioak behar ez bezala erabiltzea baldin horrek ekartzen baditu kalte arinak edo funtzionamenduaren nahasmena, eta errespetu faltak edo bestelako irain pertsonalak langileen kontra edo beste erabiltzaileen kontra.

j) Zentroan substantzia adiktiboak hartzea kanporatzeko arrazoia izanen da, zeren debeku da EAUZen edari alkoholdunak eta drogak sartzea (baita armak ere, barnean direla arma zuriak nahiz arma ziztatzaile/ebakitzaileak). Hala jaso beharko da onesten den barne araubidearen erregelamenduan, baita beste falta batzuk ere, dagokien zehapenekin, baldin eragiten badiote pleguaren xede den zerbitzuaren ohiko funtzionamenduari.

19. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du erabiltzaile izaera galtzea, eta, beraz, zentroan ematen diren zerbitzuak erabili ezina.

20. artikulua. Baldin pertsona batek uzten badio eskatutako zerbitzu bat erabiltzeari, aurretik abisatu gabe, ulertuko da gainerako zerbitzuei ere uko egin diela.

V. KAPITULUA

Funtzionamendua

21. artikulua. Etxegabeak Osoki Artatzeko Udal Zentroak izanen du barne funtzionamendurako araubide bat, arautuko dituena zerbitzuak erabiltzeko eta funtzionamendurako ordutegia eta baldintza zehatzak.

22. artikulua. Erreklamazio liburua izanen da, erabiltzaileen eskura.

23. artikulua. Norbaitek eritasun kutsagarria izan badezake, aktiboa, osasun zentroetara deribatuko da.

Baldin dependentzia duen pertsona bat gaixotu egiten bada edo bestelako zerbait gertatzen bazaio, eta horregatik komeni bada baliabide honetara bideratzea, Udalaren zerbitzu sozialak kasua balora dezake, EAUZeko langileekin batera, eta pertsona hori onartzea gomendatzen denean, ezar daitezke zentroak behar dituen laguntzak, arreta egokia emateko.

24. artikulua. Zentroak gau eta eguneko kontaktua izanen du herritarrak babesteko kidegoekin, hots, etengabeko kontaktua izanen du gauez harrera egiteko kasu eta egoerak detektatzen dituzten eta harrera egiteko baliabidera bideratzen dituzten kidegoekin.

VII. KAPITULUA

Antolaketa

25. artikulua. Etxegabeak Artatzeko Udal Zentrorako lantalde teknikoa arlo sozialeko teknikariek osatuko dute: gizarte-lana, gizarte-hezkuntza, gizarte-integrazioa, etab.

VIII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

26. artikulua. Tuterako Udalari dagokio zehatzeko ahalmena.

27. artikulua. Zehapen prozedura tramitatuko da bat etorriz Administrazio Publikoen zehapen ahalmenaren gaineko araudi orokorrarekin.

28. artikulua. Erabiltzaileek eginik, zehapena duten faltak honela sailkatzen dira:

–Falta arinak.

–Falta larriak.

–Falta oso larriak.

29. artikulua. Falta arintzat hartzen dira:

1.–Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu arinean ez betetzea. Bizikidetza arauak kordokatzea, ezinegona eraginez (besteei errespetua galtzea, ezarritako ordutegiak ez betetzea, nahitaezko lanak ez egitea).

2.–Instalazioak edo altzariak modu desegokian erabiltzea.

3.–Zerbitzuen jarduerak nahastea.

4.–Betebeharrak eta arau orokor eta partikularrak ez betetzea.

30. artikulua. Falta larritzat hartzen dira:

1.–Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu larrian ez betetzea.

2.–Hiru falta arin egitea.

3.–Bizikidetza arauak ohikotasunez kordokatzea.

4.–Tresnak eta/edo aparatuak baimenik gabe erabiltzea.

5.–Besteei modu larrian errespetua galtzea.

6.–Zentroan alkohola edo drogak edukitzea.

7.–Altzariak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

31. artikulua. Falta oso larritzat hartzen dira:

1.–Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu oso larrian ez betetzea.

2.–Armak edukitzea.

3.–Edozein ondasun mota ebastea, delituak egitea (droga trafikoa, agiri faltsuak).

4.–Liskar, kalapita edo borrokak piztea edo haietan parte hartzea, kalte larriak eragiten badizkiete beste erabiltzaileei edo zerbitzuetako langileei.

5.–Bortizkeria fisikoa, hitzezkoa eta/edo mehatxuak, alkohol eta drogen kontsumo eta trafikoa zentroaren barnean, armak edukitzea, lapurreta, altzariak eta instalazioak modu oso larrian hondatzea etab.

6.–Hiru falta larri egitea.

32. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarra arduratuko da zehapena jartzeaz, aurretik txostena eginda, falta larri edo oso larrien kasuan, eta Gizarte Zerbitzuen Alorreko zinegotzi ordezkaria, falta arinen kasuan.

Falta larria edo oso larria denean, zehapen espedientea abiatu aitzin, aldez aurreko informazio aldia irekitzea agindu daiteke, egitateak argitzeko, helburu izanik kasu zehatzaren inguruabarrak ezagutzea eta prozedura abiatzeko komenigarritasuna aztertzea.

Izan daitezkeen gainerako erantzukizunez aparte, zehapenak izanen dira egindako arau-haustearen neurrikoak, eta kontuan hartuko dira inguruabar pertsonalak, falta nahita egin ote den eta zerbitzuaren funtzionamenduari zer ondorio ekarri dion.

33. artikulua. Zehapenak honako hauek izanen dira:

1.–Falta arina egiteagatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 7 egunez.

2.–Falta larria egiteagatik:

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 12 hilabetez.

–Erabiltzaile izaera galtzea betiko: baliabide sozial honetatik bidaltzea.

3.–Falta oso larria egiteagatik:

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 3 urtez.

–Erabiltzaile izaera galtzea betiko: baliabide sozial honetatik bidaltzea.

IX. KAPITULUA

Datuen babesa

34. artikulua. Tuterako Udalak konpromisoa hartzen du datuak tratatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezarritako babes mailarekin, eta, kasua bada, zentroa kudeatzen duen enpresa adjudikazio-hartzaileari konpromiso bera exijitzeko (aipatutako legearen bidez jorratu ziren datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen bermea).

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapen bakarra.–Gizarte Zerbitzuen Alorreko zinegotzi ordezkariari ahalmena ematen zaio behar diren barne jarraibideak emateko, zerbitzuaren funtzionamendu egokirako, baina, nolanahi ere, ez dio kontra eginen ordenantza honetan ezarritakoari.

Iragarkiaren kodea: L1906396