119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duen udal ordenantzan. Kamera bidezko kontrola, sarbiderako eta aparkatzeko. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2019ko martxoaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duen udal ordenantzan (Kamera bidezko kontrola, sarbiderako eta aparkatzeko).

Onespenaren erabakia 2019ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean. Jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantzaren delako aldaketa behin betiko onetsi da eta xedatu, testua osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Lizarran, 2019ko maiatzaren 14an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandía.

ALDAKETA, LIZARRAKO HIRIGUNE HISTORIKORA ETA KOMERTZIALERA IBILGAILUAK SARTZEKO SISTEMA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN. (KAMERA BIDEZKO KONTROLA, SARBIDERAKO ETA APARKATZEKO)

Aldatutako artikuluak:

9. artikulua. Baimenak.

F.–Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.

10. artikulua. Salbuespenak.

14. artikulua. Baimen eskabideak eta horiek ematea.

9. artikulua. Baimenak.

1.–Baimen motaren arabera ezarritako irizpideei jarraikiz eskatu eta emanen dira baimenak. Honako baimen mota hauek daude:

.../...

F.–Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.

1.–Baimena, zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan lanak, aldairak eta etxeko konponketak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

–Obra lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren kopia.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta ibiltzea ahalbidetuko du astegunetan 08:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Larunbat eta jaiegunetan, 08:00etatik 11:00etara.

10. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetan araututako iraupen mugatuko aparkatzetik salbuesten dira, eta beharrezko baimenak ezertan galarazi gabe, honako ibilgailu hauek:

a) Udal lizentzia Lizarran duten auto-taxi ibilgailuak.

b) Estatuaren, autonomia erkidegoen, edo bestelako erakunde publikoen jabetzako ibilgailu ofizialak, beren eskumeneko zerbitzuak emateko erabiltzen badira, eman bitartean eta behar bezala identifikaturik badaude.

c) Osasun laguntza emateko direnak, Gizarte Segurantzaren jabetzakoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta anbulantziak.

d) AME aparkatze mugatuko eremua osatzen duten kaleetako batetik garaje bateko aparkalekura sartu behar duten ibilgailuak, garaje barruan badaude.

e) AME barruan baimendutako denbora baino luzeagoan egon behar duten ibilgailuak (aldairak, obrak, etab.), baimena jaso ondoren.

f) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkatzeko txartela duten ibilgailuak, aparkatze mugatuko eremuaren perimetro barnean egoteko beharra dutenak, baita horretarako markatutako aparkalekuetan ere.

g) Ibilgailu elektrikoak, dagokion bereizgarria daramatenak.

h) Motozikletak eta ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko diren eta sekula ere ez ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

14. artikulua. Baimen eskabideak eta horiek ematea.

Aparkatze mugatuko eremuan garaje plaza bat duten erabiltzaileek zerrenda zuri batean sartzeko eskatu behar dute, eta ibilgailuaren matrikularekin batera, ibilgailua gordetzeko lokala non dagoen adierazi.

Baimen horren bidez ibilgailua aparkatu ahalko da denbora mugarik gabe, garajearen barruan beti, eta araubide orokorrari lotuko zaio handik kanpo aparkatzen duenean.

Baimenak zenbait matrikula bil ditzake, baina une oro aparkalekua hartzen duen ibilgailuari baino ez zaio aplikatuko. Gainerakoak ordenantzaren muga orokorren azpian geldituko dira.

Horretarako, baimenean jasotako ibilgailu batek baino gehiagok denbora mugatu horretan, aldi berean, araua hausten badu, ulertuko da baimena duela aparkatze mugatuko eremuan aurrena sartu den ibilgailuak. Gainerakoei ordenantza honen araberako zehapena jarriko zaie.

Baimendutako ibilgailuaren titularraren betebeharra da gertatzen diren aldaketen eta baimena emateko betetzen ziren baldintzen aldaketen berri ematea.

Eskaera egin daiteke zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez.

9. artikuluko f) apartatuan ezarritako noizbehinkako baimenetarako, eskabidea egin behar da zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez, eta azaldu gorabehera mota (aldairak, obrak, etab.), kalea eta ekintza egiteko data.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da eta, ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

Artikulu honetan araututako baimen araubidea ez bada behin eta berriz betetzen, espediente bat irekiko da aurreko artikuluko 2. puntuan adierazitako moduan.

Iragarkiaren kodea: L1906557