119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Atarrabiako udal-mugartean enbalajeetarako kartoia egiten duen fabrikaren instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Solidus San Andrés SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0885/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 256E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluak ezarri du erabilgarri dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean baimenaren baldintzak berrikusi behar direla. Instalazio hau biltzen duen industria sektoreari dagokionez, hori gauzatu zen Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakiaren bidez; horrek papera eta paperaren orea fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen ditu Europako Parlamenturen eta Kontseiluaren industria-isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan, 26. artikuluan, xedatutakoa aplikatuz, 2018ko ekainaren 12an eskatu zitzaion Solidus San Andrés SLri aurkez zezala, 2017ko azaroaren 30a baino lehen, ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2017ko azaroaren 13an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Berrikustea Atarrabiako udal-mugartean enbalajeetarako kartoia egiten duen fabrikaren instalazioaren ingurumen baimen integratua, instalazioa egokitzeko TEOri buruzko ondorioak ezartzen dituen 2014/687/EB Betearazpen Erabakira; hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazio horren titularra Solidus San Andrés SL da.

Bigarrena.–2020ko maiatzaren 1a baino lehen, titularrak 3. makina nabean oreak prestatzeko eremuko iparraldeko hormaren tratamendu eta isolamendu akustikoa egiteko proiektua egina beharko du, TEO 17ko g) teknika betetzeko, ingurumen baimen integratuaren II. eranskineko 4. atalean –teknika erabilgarri onenak–, deskribatzen den moduan, instalazioak sortzen duen zarata gutxitzeko helburuarekin.

Era berean, 2020ko maiatzaren 1a baino lehen, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, tratamendu eta isolamendu akustikorako aipatutako proiektua egiteari buruzkoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Solidus San Andres SLra, Atarrabiako Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1906789