119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

124E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena aireko linea elektriko berria, kanpoko transformazio zentroa eta behe tentsioko irteera egiteko proiekturako, etxebizitza bat hornitzeko Olloko udal-mugartean, Beasoain-Egillorren, lurzoru urbanizaezinean. Sustatzailea María de Esteban Iracheta da.

2018ko abenduaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen denetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektutako jarduketaren xedea da linea elektriko berri bat jartzea 1. poligonoko 258. lurzatian dagoen etxebizitzarako, lehen Iruñerriko Mankomunitatearen lineatik hornitzen zuena ordezteko, inguru horretako enpresa banatzailearen linearekin zuzenean konektatzeko, egungo araudia bete beharrez.

Linea berria “TZ Iruñerriko Mankomunitatearen zerbitzuak Egillorren” izenekora doan deribazioaren 1. euskarrian lotuko da; deribazio hori enpresa banatzailearen jabetzako “Etxauri-Goñerri” izeneko 13,2 kV-eko aireko lineatik abiatzen da. Linea horren eta aipatutako 1. euskarriaren artean dagoen aireko linearen tartearen jabetza enpresa banatzaileari lagako zaio.

Linea berriaren lehen tartea 13,2 - 20 kV-ekoa izanen da, eta 39 metro luze, loturako 1. euskarritik hasita (bertan deribazioko gurutzeta berri bat eta ebakigailu bat paratuko dira) lurzatian bertan eginen den euskarri berri bateraino, eta han jarriko da 25 kVAko kanpo transformazio zentroa. Hortik abiatuko den bigarren tartea behe tentsioko aireko linea bat izanen da, 62 metroko luzerarekin, zeina, bide publiko gurutzatu ondoren, 1. poligonoko 262. eta 256. lurzatietan barna iritsiko baita etxebizitzara, 1. poligonoko 258. lurzatira alegia.

Linea kokatuta dagoen eremuari aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

Abifauna babesteko zenbait neurri aurreikusten dira, pausatzeko balizko tokietatik eta tentsioko edo lur-konexioko elementuetara metro bateko isolamendua lortzeko.

Espedientean Olloko Udalak 2019ko martxoaren 12an emandako aldeko txostena dago; besteak beste, adierazten du linea elektrikoak, behe tentsiokoa den tartean, lur azpian joan behar duela, udalaren hirigintza araudiarekin bat. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du 2019ko apirilaren 23an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Linea elektriko berriari dagokionez, aldeko txostena eman du, kontuan hartzen badira, betiere, etxebizitzaren egoera legala eta udal txostenean ezarritako baldintzak.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, baina kontuan hartu behar dira tramitatutako dokumentazio teknikoan eta ingurumenari buruzkoan jaso diren neurri zuzentzaileak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea aireko linea elektriko berria, kanpoko transformazio zentroa eta behe tentsioko irteera egiteko proiekturako, etxebizitza bat hornitzeko Olloko udal-mugartean, Beasoain-Egillorren, lurzoru urbanizaezinean. Sustatzailea María de Esteban Iracheta da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Sare elektrikoaren trazadurak lur azpikoa izan beharko du, Ollarango udal planaren araudiaren 9.5.3.4 artikuluarekin bat.

–Baimen honek ez du babesten piszina eta lurzatian dauden gainerako eraikin osagarriak legeztatzea, horiek indarra duen lurralde eta udal araudiarekin bateraezinak direlako.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuetarako harguneak edo sare elektrikoarekiko loturak.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalaren 2019ko martxoaren 11ko txostenean ezarritakoa beteko da; txosten hori ebazpen honi erantsi zaio.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

Ingurumen arlokoak:

–Udal araudian eskatzen denarekin bat, transformazio zentrotik etxebizitzara doan tartea, behe tentsiokoa, lur azpitik joanen denez, trazadura landabideari jarraiki diseinatuko da, dela haren trazaduran dela bide bazterretako batean. Zanga egiteko lanek ez dute ukituko, zuzenean nahiz zeharka, Olloko 1. poligonoko 254. lurzatian, bidearen ondoan, dagoen zuhaitza, eta hegoaldeko bazterrean eta etxebizitza dagoen lurzatiaren mugan dauden zuhaixken gaineko ukipena ahalik eta txikiena izanen da.

–Proiektuan, linea berriko tentsio ertaineko euskarri eta gurutzetetan pausatzen diren hegaztien elektrokuzioari aurrea hartzeko, aurreikusi diren neurriak beteko dira:

  • Isolagailu berri guztiak U70AB30 motakoak izanen dira, 310 mm-ko luzera isolatukoak; BCAC motako txano isolatzaileak paratuko dira grapen gainean, eta zorro isolatzailea, OLIT motakoa, 1.000 metroko luzerako isolamendua lortu arte.
  • Deribazioko zubiak eta transformazio zentroarekin edo ebakigailuarekin konektatzekoak isolatuko dira RAYCHEM motako zorro isolagailu termoerretraktila erabiliz, eta transformazio zentroko auto-balbulak zein bere BCAC motako txanoarekin estaliko dira.

–Aldatu beharreko linea eraisteak sortzen dituen hondarrak eta hondakinak zein bere izaeraren arabera kudeatuko dira, hondakinen arloko indarreko legeria betez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Olloko Udalera, Basozaintzara (4. barrutia, Iruña) eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1906519