119. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

122E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena aireko linea elektrikoaren deribazio proiekturako, hegazti granja bat hornitzeko Deierriko udal-mugartean. Sustatzailea Iker Ochandorena López da.

2019ko otsailaren 25ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatuko jarduketaren xedea da egun dagoen aireko linea elektriko baten deribazioa egitea, eta aireko linearen tarte berri bat ezartzea, 20 bat metroko luzera duena. Horren helburua da hegazti granja bat hornitzea, Deierriko 30. poligonoko 42. lurzatian ezarri behar dena.

Linearen jatorria “Allotz-Lizarra-Deierri” GTLaren 19.16 hormigoizko euskarrian dago; euskarri horren ordez saretazko euskarri metaliko bat jarriko da. Linearen amaiera, berriz, kanpoko transformazio zentroan dago, proiektatutako euskarri metalikoan; bi euskarri horiek baizik ez dira jarriko, espaloi perimetralarekin. Lokailuetarako proiektatutako isolamenduak U70YB20 AL + PECA-1000-A motako konpositezko kateez eginak egonen dira, eta eroaleak eta grapak isolatuta euskarrien inguruetan.

Espedientean Deierriko Udalak emandako aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ere jarduketaren aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea aireko linea elektrikoaren deribazio proiekturako, Deierriko udal-mugartean jarri behar den hegazti granja bat hornitzeko. Sustatzailea Iker Ochandorena López da. Hauek dira baimenerako baldintzak:

• Linearen tarte berria hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko ondoz ondoko bi balizaren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. 20 metroko tartea denez, hiru baliza beharko dira soilik, fase bakoitzean bat, batetik bestera 5 metroko tartearekin.

• Proiektatutako bi euskarrietarako, aurkeztutako dokumentazioan adierazitako isolagailu eredua erabili beharko da (U70YB20 AL + PECA-1000-A) eta metro isolatu bateko distantzia errespetatu beharko da elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.

• Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, bi euskarri berrietan zubi malguak eta linearen eroaleen eta transformadorearen arteko loturako zubi guztiak isolatuko dira, bai eta kable eroaleari eusteko grapa ere (grapa estalkiekin).

• Lanak hasi aurretik, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita.

• Behar diren lanak amaitu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira; okupatu den eremu osotik kendu eta garbituko dira obra hondakinak, eta lanak hasi aurretik behar bezala kendu eta gordeko den landare lurraren geruza batekin estaliko dira ukitutako eremuak.

• Ateratako lurrik soberan bada, lurzatian bertan uzten ahalko da, baldin eta bete-lur horrek inguruko eremuarekin fisiografikoki modu egokian bat egitea lortzen bada. Hala ez bada, hondakin kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

• Aurkeztutako ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako neurri zuzentzaile eta babes neurri guztiak aplikatu beharko dira.

• Gogorarazi behar da ezen, Deierriko udal plan orokorraren ordenantzen arabera, behe tentsioko harguneko linea elektrikoak lur azpitik joan beharko duela TZtik hasita egin behar diren nabeetaraino.

• Baimen hau ematen da aurkeztutako dokumentazioan jaso den abeltzaintzako jarduerarako, eta ez du babesten egin asmo den bestelako jarduera zehatzik.

• Proiektuak azpiegiturak edo zortasunak ukitzen baditu, sustatzaileak behar diren kontsultak egin eta bidezkoak diren baimenak eskuratuko ditu lanak hasi aurretik.

• Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

2. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Deierriko Udalera, Iberdrola Distribución SAUra, Basozaintzara (Lizarra 1 barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1906517