118. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Gizarte Laneko erdi-mailako 17 tituludun lanpostu-osagarridun oposizio bidez betetzeko

2019ko ekainaren 12an Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak deialdia onestea onartu zuen hurrengoaren arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Gizarte Laneko erdi-mailako hamazazpi tituludun lanpostu-osagarridun (17) oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostuak Gizarte Ekintzako Alorrari eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoari atxikiak dira, eta plantilla organikoan honako zenbaki hauekin identifikatuta daude: 201100-5, 201100-12, 201100-21, 201100-37, 201100-40, 201100-70, 201100-73, 201100-79, 201100-89, 201100-90, 201100-91, 201100-92, 201100-110, 201100-111, 201100-113 eta 201100-114, Iruñeko Udalari dagokionez, eta 105, Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoari dagokionez. Honako txanda hauetan banatuko dira:

–7 lanpostu txanda irekian.

–8 lanpostu igoera-txandan.

–2 lanpostu desgaitasun-txandan.

Lanpostu horiek alda daitezke Gizarte Laneko erdi-mailako 30 tituludun lanpostu-osagarridunen lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera, zeina Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpen bidez onetsi baitzuen 2019ko martxoaren 18an, eta 2019ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, apirilaren 1ekoan.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, desgaituendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik gera daitezkeen lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera-txandako edo desgaituendako erreserba-txandako probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuetan lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehian arituz eta guztira lortutako puntuazioari jarraikiz.

Halaber, txanda irekiko lanpostu hutserako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaizkio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriko 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepioko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-esparrukoa den beste estatu batekoa, itunek langileen zirkulazio librea aurreikusten badute.

Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Gradudun edo Diplomadun titulua Gizarte Lanean edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko mugaegunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.

b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.1.3. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaientzat.

Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 atalean adierazitako betekizunez gain, desgaitasuna aitortuta izan beharko dute, %33 edo gehiagoko graduan.

2.1.4. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.

Betekizun hori egiaztatzeko Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimena eman beharko zaio egiaztagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria aurkeztu.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 eta 8.2 zenbakietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 22,00 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Gizarte Laneko erdi-mailako tituludun osagarridunen oposizio-deialdia.

3.2.2. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria, Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimenik eman ezean hura eskatzeko.

3.2.3. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak gehitu beharko dizkiote eskaerari, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira.

3.2.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.5. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun baliodunean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Alfonso Santos Muro Molina, Iruñeko Udaleko psikologoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Gaian aditua den teknikari bat.

Epaimahaikidea: Jesús Labarga Gutiérrez, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko Programen arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: Ricardo Elizalde Abrego, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko zentroen arduraduna.

Epaimahaikidea: Olga Sala López, Iruñeko Udaleko gizarte-langilea.

Epaimahaiburu ordezkoa: gaian aditua den teknikari bat.

Epaimahaikidea: Javier Lizarraga Merino, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Sergio Urdiciain Beortegui, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko langile bat, Udalak berak izendatua.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2020ko urtarriletik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Oposizioa:

6.3.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.3.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.3.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

a) Lehen proba.

Ariketa teorikoa da, eta izangaiek deialdi honen II. Eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruzko test erako galdetegi bat erantzun beharko dute idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa da, eta izangaiek idatziz garatu eta ebatzi beharko dituzte deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galderak eta kasu praktikoak. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 55 puntu eskura daitezke. Proba gaindituko dute proban, oro har, gutxienez 27,50 puntu lortzen dituzten izangaiek.

b) Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko saileko langileek eginen dituztenak; baztertzaileak dira eta izangaiek lanpostua betetzeko dituzten gaitasunak baloratuko dituzte. Ariketa honen gehieneko puntuazioa 15 puntu izanen da, eta bazterturik geratuko dira 7,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.4. Oposizioko bigarren proba plika-sistemaren bidez eginen da.

6.3.5. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, txanden arabera eta oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.

Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraitzen badute, lehenengo proban puntu gehien lortu dituztenen alde ebatziko da, eta hala ere berdinduta segitzen badute, izangaien adina hartuko da kontuan, zaharrenaren alde.

7.2. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du aurkezteko, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, izangaiek bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

7.3. Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak– eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

7.4. %33ko edo hortik goragoko desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurrean, kontuan hartu gabe zein txandatan aritu diren.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta aipatu desgaitasuna duten izangaiak egon eta horrek eragina badu lanpostu hutsetako eginkizunak betetzeko baldintzetan, hautaketa egin baino lehen esleituko zaizkie haien desgaitasuna kontuan harturik egokien direnak, horri buruz Udalaren zerbitzu medikoak ematen duen txostenarekin bat.

7.5. Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aurrean, deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, 7.4 zenbakian jasotako salbuespenarekin.

8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handienak erdietsi dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek egiaztatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xede den lanpostuarekin. Bateragarritasun hori ofizioz eginen dute Udaleko zerbitzu medikuek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, Gizarte Laneko erdi-mailako tituludun lanpostu-osagarridunean aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.4 zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Hautapen-prozesuko lehenengo bi ariketak gainditu duten izangaien zerrenda.

–Hautapen-prozesuko lehenengo ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.

12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honetan ezarritako lehenengo bi ariketak edo lehen ariketa gainditu dituztenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo hori erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean–:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Deialdi honetako lehenengo bi probak gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenak.

c) Deialdi honetako lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenak.

12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, gainditu dituzten probetan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.–Batzarreko idazkaria, Joxe Abaurrea.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Egoera administratiboak. Lanpostu-hornikuntza. Eskubideak eta betebeharrak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Atariko tituluaren I., II., III., IV. eta VI. kapituluak.

4.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua eta I., II. eta III. tituluak.

5.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa. I., II., VI. eta VII. tituluak.

6.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I., II., III., IV. eta V. tituluak.

7.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

8.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

9.–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko Erregelamendua onesten duena. Oinarrizko gizarte-zerbitzuen programak.

10.–30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena: Prestazio bermatuak.

11.–30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena: Bermatu gabeko prestazioak.

12.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzeko eta Errenta Bermatua eskuratzeko eskubideak arautzen dituena.

13.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzeko eta Errenta Bermatua eskuratzeko eskubideak garatzen dituena.

14.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze egitarauak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. Gizarte Enplegu Babestua.

15.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako gizarteratzeko enpresen kalifikazio, erregistro eta laguntzen araubidea arautzen dituena.

16.–Langabeen gizarte-babesa: langabezia-sorospen asistentziala. Gizarteratzeko errenta aktiboa. Langabezia-sorospena agortu dutenendako birkualifikazio-programa (PREPARA). Enplegurako Aktibazio Programa (EAP).

17.–6/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 1ekoa, enplegu eta okupazioaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

18.–Nafarroako Gizarteratze Plan Estrategikoa 2018-2021. I. atala, 2. eta 3. puntuak.

19.–Bazterkeria eta gizarte-garapenari buruzko Nafarroako VII. Txostena (2014). Foessa fundazioa.

20.–8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Kotizazio gabeko prestazioak: kotizazio gabeko pentsioak eta kotizazio gabeko prestazioen inguruko xedapen komunak.

21.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

22.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena.

23.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezartzen duena eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, eta geroko xedapenak.

24.–196/2013 Foru Agindua, otsailaren 27koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonek laguntzaile pertsonala izateko dirulaguntzak arautzen dituena.

25.–476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

26.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena. Legearen xedea. Definizioak eta printzipioak. Aplikazio-esparrua. Aukera-berdintasunerako eskubidea. Sustapen eta defentsarako neurriak.

27.–197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana. Honen bidez arautzen da zer prozedura eta familiako egoera baloratzeko zer baremo aplikatuko diren adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenak artatzeko egoitza plazetara sartzeko.

28.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, adingabekoen babes juridikoari buruzkoa, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibileko Legearen zati batzuk aldatzen dituena.

29.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.

30.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

31.–Nafarroako Foru Komunitatean Familiari, Haurtzaroari eta Nerabezaroari Laguntzeko II. Plan Integrala 2018-2023. Nafarroako Gobernua. V. atala: Diagnostikoaren ondorioak eta gomendioak.

32.–“Nafarroako Foru Komunitateko haur babes arloan haurren babesgabetasun egoeretan jakinarazpena, balorazioa eta esku-hartzea egiteko prozeduraren II. Eskuliburua”: egon litezkeen babesgabetasun egoerei antzematea eta horiek jakinaraztea. Ikerketa- eta ebaluazio-prozesua. Erabakiak hartzea eta kasuaren plana (garapena eta itxiera). Familietan esku hartzeko programak.

33.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

34.–Erakundeen arteko III. akordioa Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean koordinatzeko.

35.–28/2018 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duena.

36.–Iruñeko Udala. Udal-antolaketa. Udalaren eskumenak. Iruñeko Udalaren antolaketa. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra.

37.–Iruñeko Udalean gizarte zerbitzuekin loturik dagoen alorraren antolaketa. Baliabideak, programak eta prestazioak.

38.–Iruñeko Udalaren Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren I. Plan Zuzentzailea (2018-2021).

39.–Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Plana (2016-2022). Esku-hartze esparruak.

40.–Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeendako I. plana (2018-2022). Esparru teoriko eta kontzeptuala. Udalaren jarduketak haurtzaroari eta nerabezaroari buruz.

41.–Iruñean bazterketa larria jasaten dutenendako udal-programa arautzen duen ordenantza.

42.–Iruñeko Udalaren ordenantza, aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko.

43.–Gizarte zailtasunak dituzten emakumeak eta haien seme-alabak Iruñeko udalerrian artatzeko zerbitzuaren ordenantza erregulatzailea.

44.–Adinekoendako gizarte-zerbitzuak arautzen dituen ordenantza.

45.–Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren oinarri arautzaileak eta prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

46.–Haur eta Nerabeendako Udal Arreta Lantaldea (HNAL). Familietan esku hartzeko programa. Familietan esku hartzeko udal programa arautzen duen ordenantza, betiere Iruñeko haurrak babestu eta sustatzeko jardueraren esparruan.

47.–Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Udal Lantaldea (EISOL).

48.–Lantegi-eskolak eta programa integratuak Iruñean.

49.–Gizarte-langilea. Profil profesionala eta eginkizunak.

50.–Etika esku-hartze sozialean.

51.–Gizarte Laneko kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomatuen Kontseilu Ofiziala.

52.–Gizarte Langileen Nazioarteko Federazioaren kode etikoa.

53.–Elkarrizketa Gizarte Lanean: ezaugarri nagusiak eta faseak.

54.–Metodologia esku-hartze sozialean. Faseak.

55.–Laguntza-harremana Gizarte Lanean.

56.–Gizarte Lana, banakakoa eta familiakoa. Ezaugarriak eta esku-hartzeko eredu ezberdinak.

57.–Gizarte Lana taldeekin. Definizioa, faseak eta erabili beharreko teknikak.

58.–Gizartearen parte-hartzearen ikuspegiaren aplikazioa esku-hartze sozio-komunitarioan. EAPN (European Anti Poverty Network) eskuliburua.

59.–Bitartekaritza soziala kultura-aniztasuneko testuinguruetan. Kulturartekotasuna. Etxabakoitzeko eredua elkarbizitzaren gaineko gizarte-diagnostikoari dagokionez.

60.–Genero-ikuspegia gizarte arloan. Hizkuntza ez sexista. Genero-inpaktuaren gaineko txostenak.

61.–Lagun-egite soziala gizarteratze prozesuetan esku hartzeko metodo gisa: definizio adostua, ezaugarriak, esku-hartzeko plana.

62.–Esku-hartzeko ereduak eta metodoak Gizarte Lanean.

63.–Txosten soziala: txosten-motak, egitura, ezaugarriak, idazketa prozesua Gizarte Langileen Elkargoaren arabera.

64.–Genogramen erabilera Gizarte Lanean aritzean.

65.–Etxez etxeko bisita Gizarte Lanaren teknika gisa.

66.–Gizarte-proiektuak egin, kudeatu eta ebaluatzea.

Iragarkiaren kodea: L1908110