1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
273E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren adierazpena ematen baita “Ablitasko haize-parkea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeari buruz. Eólica Navarra SLU enpresak sustatu du.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 10ean emandako 863/2012 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena eman zen Ablitasko (Nafarroa) udal-mugarteko “Ablitasko haize-parkea” proiektuari buruz (orain, “Ablitas I” izenekoa). Eólica Navarra SLU da sustatzailea.
Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, “Ablitasko haize-parkea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Eólica Navarra SLU enpresak sustatu zuen. (212. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 29koa).
2018ko otsailaren 21ean, “Ablitas I haize-parkea” izeneko UPSa aldatzeko eskaera aurkeztu zuen sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Denbora tarte honetan izandako aurrerapen teknologikoak direla-eta, proposatu da V90 2MW haize-sorgailuaren modeloa aldatzea eta G132 3,465MW edo antzeko modeloa erabiltzea. Haize-sorgailuaren modeloa aldatzearen ondorioz, 2MW-ko potentzia eta 67 metro, 78 metro eta 100 metroko altuerako abatzak dauzkaten haize-sorgailuen ordez, 3,465 MW-ko potentzia dutenak jarriko dira, 84 metroko, 114 metroko eta 120 metroko altuerako abatzak dituztenak. Gainera, horien kokapen zehatzak ere aldatzen dira, nahiz eta eremu bera okupatzen jarraituko duten. Zehazki, honako hauek izanen lirateke haize-sorgailuen kokapen berriak:
HAIZE-SORGAILUA | X | Y |
Ag 4 | 619699 | 4647519 |
Ag 5a | 619448 | 4647114 |
Ag 6a | 619574 | 4646386 |
Ag 7B | 619437 | 4646032 |
Haize-sorgailuen osagaiak handiagoak izatea proposatzen denez, beharrezkoa da parkera sartzeko trazadura aldatzea, eta bideen zabalera handiagotzea, garraioa errazteko. Parkera sartzeko bideen zabalera 5 metrotik 6 metrora handiagotzea proposatzen da. Era berean, horien ezponden konfigurazioa ere aldatzea proposatzen da, 1H/1V-eko malda batetik 2H/1V-eko malda batera pasatuz. Gaur egun existitzen diren bide batzuen luzera handitzen da, 2.800 metrotik 4.038,8 metrora, bai eta berriak direnena ere, 2.423 metrotik 2.569 metrora. Parke barneko bideetarako, planteatzen da bide-zortasuna 5 metrotik 8 metrora handitzea.
Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen “Ablitasko haize-parkea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren espedientea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua. Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez. Epe horretan ez da alegaziorik jaso.
Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-agirian baloratzen da ezen Ablitas I haize-parkea ezartzeko egin nahi den aldaketak, a priori, hobekuntza ekarriko duela hegaztien talka arriskuari dagokionez; izan ere, haize-sorgailuen pala guztien biraketa-erradioak hartzen duen azalera murriztuko da eta haize-sorgailuen arteko distantzia handituko, eta horrek altuera ezberdineko abatzetarako balio du (84 m, 114 m eta 120 m).
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa aztertuta, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura modu egokian gauzatu dela eta adierazi du planteatutako aldaketek ez dutela ukipen nabarmenik eragiten honezkero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 10eko 863/2012 Ebazpenean jasotakoei dagokienez (horren bidez Ablitasko udal-mugarteko Ablitas I haize-parkearen proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, Eólica Navarra SLUk sustatuta) eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenean jasotakoei dagokienez (horren bidez ingurumen eraginaren adierazpena egin zen haize-parke hauetarako: Cascante, Ablitas II, Zarrakaztelu, Fustiñana eta Cabanillas II, barnean sartuta parkeetako energia ateratzeko lineak eta sarbideak, Eólica Navarra SLU enpresak sustatuta). Horrenbestez, bidezkoa da aldaketaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematea.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela kontuan izanik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematea “Ablitasko haize-parkea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketari. Eólica Navarra SLU enpresak sustatu du.
2. Ezartzea ezen jarduera garatuko dela honako hauetan jasotako baldintzak betez: espedientean jasotako dokumentazio teknikoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 10ean emandako 863/2012 Ebazpena (horren bidez Ablitasko udal-mugarteko Ablitas I haize-parkearen proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, Eólica Navarra SLUk sustatuta) eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpena (horren bidez ingurumen eraginaren adierazpena egin zen haize-parke hauetarako: Cascante, Ablitas II, Zarrakaztelu, Fustiñana eta Cabanillas II, barnean sartuta parkeetako energia ateratzeko lineak eta sarbideak, Eólica Navarra SLU enpresak sustatuta).
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Ablitasko Udalera, Basozaintzara (Tuterako barrutia) eta sustatzaileari.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1906301