118. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

207/2019 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien oinarriak onesten dituena 2019rako.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Lan Zerbitzuak, Administrazio honetako beste departamentu batzuekin lankidetza eginez, Nafarroako Lan Autonomoaren 2017-2020ko I. Plana ari da garatzen. Aipatu planean, zeinak zortzi ildo estrategiko baititu, anbizio handiko jarduketak jaso dira, xedetzat dutenak autoenpleguari ahal den babes handiena ematea eta enpresak sortzen laguntzea.

“Posizionamendua hobetzea” izeneko 8. ildo estrategikoa honakoan datza: autonomoaren ikusgarritasuna hobetzea, barnekoa eta kanpokoa, eta, zehazki, autonomoen lanaren bikaintasuna aitortzea.

Horretarako, beharrezkoa izan da Nafarroako gizartearen aurrean Nafarroako profesional askoren lana eta ahalegina aitortuko dituen sari bat sortzea eta mantentzea. Zehazki, urtero eginen den erreferentziazko ekitaldi bat sortzen ari gara Nafarroako autonomoei babesa eta aintzatespena ematea errazteko eta bultzatzeko, eta bide batez, ekintzaileak diren pertsonei pizgarri bat eskaintzeko.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 254/2018 Ebazpenaren bidez, ezarri ziren “Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sariak” deritzonak; sari horiek, izan ere, sustapen eta babes ekintza bat dira Nafarroako Autonomoen Jardunaldiaren barnean, eta xedetzat dute Nafarroako gizartea kontzientziatzea autonomoaren figurari buruz eta Nafarroako Foru Komunitateko ekonomiaren antolamenduan duen zeregin erabakigarriari buruz.

Horrenbestez, bidezkoa da onestea eta argitaratzea Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien 2019ko deialdiko oinarriak, eta adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien oinarriak 2019rako (eranskina).

2. Ebazpen hau epaimahaikideei igortzea eta ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 14an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko 2019ko Sarien xedea da Nafarroako Foru Komunitateko autonomoen lana eta ahalegina aitortzea.

2. oinarria.–Hartzaileak.

Deialdi honetako sarietarako eta aitorpen edo aipamen berezirako hautagai izaten ahalko dira Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide berezian edo kasuan kasuko lanbide elkargoaren mutualitatean alta egoeran dauden edo egon diren pertsonak eta beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen edo gauzatu dutenak.

3. oinarria.–Sariak.

Hamasei sari emanen dira osotara eta aitorpen edo aipamen berezi bat.

Sari bana emanen da modalitate hauetako bakoitzeko:

–1. modalitatea: enpresa arloko esperientziarik onena.

–2. modalitatea: emakumeen enpresa arloko esperientziarik onena.

–3. modalitatea: gazteen enpresa arloko esperientziarik onena.

–4. modalitatea: desgaitasuna duten pertsonen enpresa arloko esperientziarik onena.

–5. modalitatea: enpresa arloko esperientzia berritzailerik onena.

–6. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien sektorea.

–7. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: iturgintza, elektrizitatea, berokuntza, klimatizazioa, gasa eta suteen prebentzioa eta ingeniaritzak.

–8. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: eraikuntza, zurgintza, ebanisteria, pintura, igeltserotza, beiragintza, arkitektura, barne-diseinua eta paisajismoa.

–9. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: merkataritza, ehungintza eta zapatagintza.

–10. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: ibilgailu motordunen eta motozikleten konponketa, metalaren sektoreko tailerrak.

–11. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: garraioa eta biltegiratze-lana.

–12. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: ostalaritza, gozotegiak, okindegiak eta prestalekuak.

–13. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: informazioa, komunikazioa, marketina eta publizitatea, informatika, robotika, jarduera administratiboak, aholkularitzak, abokatuak, gizarte graduatuak eta zerbitzu osagarriak.

–14. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: hezkuntza eta prestakuntza.

–15. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: osasunarekin (fisikoa eta mentala) lotutako jarduerak, edertasuna eta zainketak, farmazia eta animalien munduarekin lotutako guztia.

–16. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: jarduera artistikoak, aisialdikoak eta entretenimenduzkoak eta zerbitzu soziokulturalak.

Era berean, aitorpen edo aipamen berezia eginen zaio epaimahaiaren aburuz horrela merezi duen pertsonari, aintzat hartuta pertsona horrek urtez urte garatu duen jarduera horretan egindako ibilbide profesionala eta horren eragina edo garrantzia bere inguruan eta Nafarroako gizartean.

4. oinarria.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Hautagaitzak telematikoki aurkezten ahalko dira Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre Garapen Ekonomikorako Departamentuko Erregistroan (Tomás Caballero parkea, z.g., Iruña). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

Helbide elektronikoaren bidez ere aurkezten ahal dira hautagaitzak (trabajoautonomo@navarra.es).

4.2. Hautagaiak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Sarirako hautagaiak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

5. oinarria.–Saria emateko irizpideak.

Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaien balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagai bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:

a) Autonomoaren ibilbide profesionala urtez urte garatu duen jardueran.

b) Proposatutako pertsonak egindako lanaren nazioartekotzea, eragin soziala eta jardunbide egokiak.

c) Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi, behar bezala arrazoiturik.

Hautagaitzak objektibotasun, gardentasun eta berdintasun irizpide zorrotzei jarraikiz baloratuko dira.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

Interesdunek zein modalitatetan lehiatu nahi duten, horretan aurkeztuko dute hautagaitza eta/edo aipamen berezian, eta horretarako, ondoko dokumentazio hau erantsi beharko dute:

a) Hautagaitza aurkezteko inprimakia, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa, izapideen katalogoko fitxan dagoena:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8147/Premios-de-reconocimiento-al-Trabajo-Autonomo-de-Navarra-2019

Han adieraziko dira hautagaiaren izena eta harremanetarako datuak.

b) Azalpen memoria (500 hitz gehienez), delako langile autonomoa aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartzen diren merezimenduen frogagarri.

c) Nahi izanez gero, hautagaiaren aldeko gutunak aurkezten ahal dira.

d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

Antolatzaileak, bidezkotzat jotzen duenean, pertsonei proposatzen ahal die lehiatzen duten modalitatea aldatzea.

Ez dira sarituko aurreko edizioetan sarituak izan diren pertsonak.

7. oinarria.–Hautagaitzetan egindako akatsen zuzenketa.

Hautagaitzak goitik behera beteak aurkezten ez badira, edo behar den dokumentazio guztia eransten ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio bost egun naturaleko epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezko agiriak gehitu ditzan, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela, aurretik behar den ebazpena emanik.

8. oinarria.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

8.1. Epaimahai bakarra izanen da modalitate guztietarako. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideek osatuko dute epaimahaia.

8.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetzen ahalko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta deialdi honetan saria emateko jasotako irizpideei jarraikiz hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak agertu beharko dira bertan.

8.3. Genero-parekotasuna helburu izanik, epaimahaiak kontuan hartu behar du sarien %40 gutxienez emakumezkoei emanen zaizkiela.

8.4. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da. Gainera, bere ditu oinarriak interpretatzeko eta funtzionamendu arauak zehazteko ahalmenak.

8.5. Erabakia jendaurrean jakinaraziko da; horren bidez, aditzera emanen da sariak zein pertsonari eman zaizkion, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela.

8.6. Hona zertan datzan sari bakoitza: diploma bat eta trofeoa. Lan arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko titularrak emanen ditu, 2019ko irailaren 28an horretarako antolatuko den ekitaldi publikoan.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien 2019ko deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1906642