1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
44/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Memoria duten paisaiak” II. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 2.000 euroko gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 462519.
Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atalak, txosten batean, proposatzen du “Memoria duten paisaiak” II. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako paisaia energetikoei buruz. Lanak aurkezteko epea irailaren 6an amaituko da. Aurtengo lehiaketaren gaia paisaia energetikoa da, irudiaren bidez herritarrak sentsibilizatzeko Nafarroan energia elektrikoa produzitu edo transmititzen duten instalazioen ondare-balioari buruz.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. “Memoria duten paisaiak” II. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.
2. 2.000 euroko gastua baimentzea, 1.500 euro saridunei ordaintzeko eta 500 euro epaimahaikideei pagatzeko. Diru-kopuru horiek honela ordainduko dira: 1.500 euro “Memoria duten paisaiak II. argazkilaritza-lehiaketaren sariak” izeneko 21002 A2220 4809 332100 partidaren kargura, eta 500 euro “Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea” izeneko A21002 A2200 2279 332100 partidaren kargura. 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.
3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (http://www.culturanavarra.es/eu) ere egonen dira eskuragai.
Iruñean, 2019ko ekainaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
ERANSKINA
Memoria duten paisaiak II. Argazkilaritza-lehiaketa
“Nafarroako paisaia energetikoak”
Antolatzailea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboa.
Administrazioaren Artxiboak “Memoria duten Paisaiak” izeneko proiektua berritu eta II. Argazkilaritza-Lehiaketa antolatu du. Aurten “Nafarroako paisaia energetikoak” gaiari buruzkoa da, irudiaren bidez hiritarrak Nafarroan energia elektrikoa ekoizten edo transmititzen duten instalazioen ondare-balioaz sentsibilizatzeko.
OINARRIAK
1.–Gaia.
Aurkezten diren argazkiek XIX. mendearen amaieraz geroztik Nafarroa eraldatzen eta paisaia aldatzen laguntzen duten edo lagundu duten energia-instalazio edo -lantegiekin zerikusia izan behar dute.
2.–Parte-hartzaileak.
18 urte baino gehiago dituztenek parte hartu ahalko dute.
Lehiaketatik kanpo geratuko dira antolakuntzarekin zerikusia duten pertsona guztiak, baita haien senideak ere.
Parte-hartzaile bakoitzak hiru irudi aurkeztu ahal izango ditu gehienez; guztiak originalak eta argitaratu gabeak.
3.–Aurkeztea.
Dokumentazioa gutun-azal itxi batean aurkeztuko da eta, bertan, argazkia lehiaketara zein izenekin aurkezten den agertuko da. Gutun-azalaren barruan bi gutun-azal sartuko dira:
1.–Gutun-azala.
Kanpoan bakarrik argazkiaren izena agertuko da.
Barruan DIN A4 orri bat sartuko da norberaren datuak (izen-abizenak, NAN-a, jaiotza-data, helbidea, posta elektronikoa eta telefonoa) eta lehiaketara aurkezten den irudiaren kokapena (helbidea, udalerria...) agertuko dira.
2.–Gutun-azala.
Kanpoan bakarrik argazkiaren izena agertuko da.
Gutun-azalean aurkezten den argazkia sartuko da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean bakarrik aukeratutako izenburua agertuko da.
Argazkia anonimoa izango da eta ez da argazkiaren egilea identifikatu dezakeen daturik agertuko ez barruan ez kanpoan. Argazkiaren izena baino ez da agertuko.
Argazkiak originalak izango dira, argazki-paperean egindakoak, zuri-beltzean edo koloretan, gehienez ere 30 × 40 cm neurtuko dute eta markoztatu gabe egongo dira.
Argazki guztiak derrigorrez 30 × 40 cm neurtuko dituen euskarri zurrun baten gainean muntatuta egongo dira (kartoi-luma edo antzekoa).
4.–Epea.
Lanak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 1etik irailaren 6ko 14:30ak arte izango da.
5.–Aurkezteko tokia.
Lanak (materialean kalteak ekiditeko behar bezala babestuta) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan (Nabarreria kalea, 39 31001 Iruña) edo Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboaren egoitzan (Superser Eraikina; Zaragozako errepidea 3. km –3. solairua– 31191 Cordovilla (Galar)) aurkeztuko dira, bertaratuta edo posta ziurtatuz bidalita. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era.
Antolatzaileek hartu-agiria emango dute.
6.–Epaimahaia.
Deialdia egiten duen entitateak epaimahaia izendatuko du eta argazkilaritzako bi adituk eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko bi kidek osatuko dute. Aurkeztutako argazkiak honako irizpideen arabera baloratuko dira:
–Lehiaketaren xedeak betetzea.
–Argazkilaritza-teknika.
–Konposizioaren originaltasuna.
7.–Sariak.
Sariak epaimahaiaren balorazioaren arabera emango dira, eta haien erabakia apelaezina izango da.
Lehenengoa: 700 euro.
Bigarrena: 400 euro.
Hirugarrena: 200 euro.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, sariren bat edo guztiak esleitu gabe utz ditzake.
Saritutako argazkiak eta lehiaketara aurkeztutako argazki-sorta bat erakusketa batean agertuko dira.
Laugarren sari bat egongo da, 200 eurotan baloratutakoa. Publikoak bozkatu eta erakusketarako hautatu diren 15 lanen artean bat aukera dezan erreserbatuko da. Bozketa han bertan edo sare sozialen bidez egingo da.
Epaimahaiaren erabakia 2019ko irailaren 24an jakitera emango da Nafarroako Gobernuko Kulturaren atarian http://www.culturanavarra.es/eu eta sari banaketa eta erakusketa noiz eta non egingo diren adieraziko da. Halaber, “publikoaren saria” aukeratzeko bozketa noiz eta nola egingo den azalduko da. Sari hori erakusketa amaitzen denean emango da.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenari jarraiki, sariei dagokien zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena izango du, hain zuzen, %19koa.
8.–Lanak eta egile-eskubideak.
Parte-hartzaileek aurkezten dituzten lanen egiletzaren eta originaltasunaren ardura hartzen dute, bai eta hirugarren pertsonek lanen gaineko eskubiderik ez izatearena ere.
Lehiaketan parte hartzean, parte-hartzaileek aurkezten dituzten argazkien gaineko eskubideak mantenduko dituzte. Sustapen-jarduketa guztietan erabilitako argazkien egileak nor diren adieraziko da.
Administrazioaren Artxiboari baimena ematen zaio hautatutako argazkiak eta haien egileak bere webgunean, sare sozialetan eta proiektu honen berri emateko erabiltzen den edozein hedabidetan argitaratzeko.
Finalera iristen diren argazkiak aurrerantzean Administrazioaren Artxiboaren parte izango dira. Hautatuak ez diren argazkiak Administrazioaren Artxiboaren egoitzan jaso ahal izango dira, Zaragoza errepidea, 3. km 31191 Cordovilla (Nafarroa) helbidean astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era.
9.–Datu pertsonalen babesa.
Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboak konpromisoa hartzen du, bere funtzioak garatzerakoan, indarrean dagoen datu pertsonalei buruzko araudia betetzeko, bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 Araudia (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta bestelako xedapen gehigarriak.
Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluak eta DBA-ren 13. artikuluak xedatzen dutenari jarraiki, lizitatzaileei honako jakinarazten zaie:
–Lehiaketan parte hartzeko eman dituzten datuak Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboan sartuko direla tratatuak izan daitezen, hartara lehiaketako parte-hartzea kudeatu dadin eta etorkizunean parte-hartzailearekin komunikatu ahal izan dadin.
–Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarren pertsonei lagako aldez aurretik lizitatzaileak berariaz baimendu ezean.
–Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren datuen babeserako delegatuarekin harremanetan jar daitezke Nafarroako Gobernuaren Datuen Babeserako Unitate Delegatuaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira atxikita dagoen.
–Datu pertsonalak jakinaraztea lehiaketan onartua izateko legezko betebeharra da, eta hala egiten ez duena lehiaketatik kanpo geratuko da.
–Tratatzeko jasotzen diren datu pertsonalei dagokienez, lizitatzaileek aukera dute datuetarako sarbidea izateko, zuzentzeko, indargabetzeko, tratamendua mugatzeko, aurka agertzeko eta eramateko eskubideak erabiltzeko. Horretarako, eskaera idatzi bat egin beharko diote tratamenduaren arduradunari, lehenago adierazitako helbidean eta indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen baldintzetan.
–Datuak indarrean dagoen administrazioaren araudiak exijitzen duen arte gordeko dira.
–Datuen Babeserako Agentzian datuen babesari buruzko erreklamazioa aurkezteko eskubidea dute.
10.–Oharrak.
Parte hartzeak oinarri hauek guztiak osotasunean onartzea dakar.
Informazio gehiagorako:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboa.
Zaragozako errepidea, 3. km. 31191 Cordovilla (Nafarroa).
Telefonoa: 848429721.
E-posta: archivo.administracion.informacion@navarra.es.
Webgunea:
http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Archivos/Archivos/Archivo+Administrativo+de+Navarra/Donde+estamos.htm
Iragarkiaren kodea: F1908028