117. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Berdintasuneko 2 teknikari-lanpostu oposizio bidez betetzeko

2019ko maiatzaren 21ean Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak deialdia onestea onartu zuen hurrengoaren arabera

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Berdintasuneko bi teknikari-lanpostu (2) oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzurako, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostuak, Berdintasuneko eta LGTBIko Alorrari atxikitakoak, 209600-1 eta 209600-2 zenbakiekin daude identifikatuta plantilla organikoan, eta honako txanda hauetan banatuko dira:

–1 lanpostu txanda irekian.

–1 lanpostu igoera-txandan.

209600-1 lanpostuak euskararen ezagutza eskatzen du, E3 (EGA) mailakoa.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako lanposturako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko lanpostu hutserako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaizkio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriko 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepioko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko Diplomatu edo Graduatuko, Ingeniari Teknikoko, Arkitekto Teknikoko edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko mugaegunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.

b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.1.3. Euskararen E3 maila betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, EGA titulua eduki beharko da, edo maila hori egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasota daudenak (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 eta 8.2 zenbakietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 22,00 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Berdintasuneko teknikarien oposizio-deialdia.

3.2.2. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak gehitu beharko dizkiote eskaerari, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira.

3.2.3. Euskararen E3 maila (EGA) betekizun gisa duten lanpostuetarako izangaiek titulu hori bera dutela egiaztatzen duen titulu edo egiaztagiria aurkeztu beharko dute, deialdi honen 2.1.3 atalarekin bat.

3.2.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.5. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun baliodunean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Pilar Mayo Falque, Nafarroako Gobernuko Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Ataleko burua.

Epaimahaiburu ordezkoa: Maite Berrocal Cebrián, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistro Nagusia.

Epaimahaikidea: Cristina García Ustárroz, NBIko Programen eta Genero Zeharkakotasunaren Ataleko burua.

Epaimahaikide ordezkoa: Mariola Artuch Aguirre, NBIko Informazioaren, Sentsibilizazioaren eta Gizarte Partaidetzaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Elo Mayo Cabero, aditua genero-berdintasunean eta politika publikoetan.

Epaimahaikide ordezkoa: Gaian aditua den teknikari bat.

Epaimahaikidea: Ignacio García González, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: María José Elverdin Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2019ko azarotik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Oposizioa:

6.3.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.3.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.3.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

a) Lehen proba.

Ariketa teorikoa da, eta izangaiek deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren gaiei buruzko 100 galdera –test modukoak– gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

Bigarren probarako deia eginen zaie lehenengo proba gainditu eta notarik altuenak lortu dituzten txanda irekiko 30 izangaiei, eta proba gainditu duten igoera-txandako guztiei. Txanda irekian izangai bat baino gehiago 30. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

b) Bigarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa da, eta izangaiek, idatziz, erantzun laburreko galdera batzuk ebatzi beharko dituzte, deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

c) Hirugarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa da, eta izangaiek idatziz garatu eta ebatzi beharko dituzte deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galderak eta kasu praktikoak. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Izangai bakoitzak ariketa ahoz eta publikoki aurkeztu eta defendatu beharko du Epaimahaiaren aurrean, horretarako zehazten den datan (Udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 20 minutuz, eta Epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Hirugarren ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskura daitezke. 60 puntu horietatik 40 idatzizko probari dagozkio, eta 20, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 20 puntu eta azalpenean gutxienez 10 erdiesten dituzten izangaiek.

6.3.4. Oposizioko bigarren eta hirugarren probak plika-sistemaren bidez eginen dira.

6.3.5. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, txanden arabera eta oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.

Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinduta segitzen badute, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

7.2. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du aurkezteko, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, izangaiek bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

b) Euskararen E3 maila betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, deialdiaren 2.1.3 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

7.3. Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak– eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handienak erdietsi dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1 oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, Berdintasuneko teknikari aritzeko lanposturako, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Hautapen-prozesuko lehenengo bi probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

–Hautapen-prozesuko lehenengo ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.

12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honetan ezarritako bigarren ariketa gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo horiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean–:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Deialdi honetako lehenengo bi probak gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenak.

c) Deialdi honetako lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenak.

12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, gainditu dituzten probetan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 21ean.–Batzarreko idazkaria, Joxe Abaurrea.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Atariko tituluaren I., II., III., IV. eta VI. kapituluak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

3.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua, I. titulua eta II. titulua.

4.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

5.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko Titulua eta I., II. eta III. tituluak.

6.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa. I., II. eta VII. tituluak.

7.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua.

8.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazioa publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I., II., III., IV. eta V. tituluak.

9.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

10.–4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako.

11.–Genero berdintasunerako udal-ordenantzak. Jarraibideak horiek egin, kudeatu eta ebaluatzeko.

12.–Berdintasun-printzipioa giza eskubideen nazioarteko itunetan. Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).

13.–Tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzeko Europako Gutuna.

14.–Genero-berdintasuna Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan.

15.–Berdintasun-printzipioa Europar Batasunean. Berdintasun-printzipioaren konfigurazioa itunetan, zuzenbide eratorrian eta jurisprudentzian. Konpromiso estrategikoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako (2016-2019).

16.–Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua eta II. kapitulua.

17.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako.

18.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

19.–240/2015 Foru Dekretua, irailaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena, eta 14/2019 Foru Dekretua, otsailaren 27koa, aldaketak ezartzen dituena.

20.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

21.–Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea garatzeko ekintza plana.

22.–Erakundeen arteko III. akordioa Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean koordinatzeko.

23.–Foru-esparrua, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketak koordinatzeko tokiko protokoloak prestatze aldera.

24.–Protokoloa Nafarroan emakumezkoen mutilazio genitalaren aurreko prebentzio eta jarduketarako.

25.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.

26.–Udal- eta foru-politikak LGTBI arloan: araudia, baliabideak eta heteroarauaren ereduarekin bat ez datozen pertsonen errealitatea (lesbianak, gay-ak, transexualak, transgeneroak, bisexualak eta intersexualak, etab.) Udalen esku-hartzerako proposamenak.

27.–Nafarroako transexualei laguntzeko eta arreta emateko gidaliburua. Hezkuntza-protokoloa transexualitate-kasuen aurrean.

28.–Emakumeen eta gizonen egoera Nafarroako Foru Komunitatean: biztanleria eta demografia, lana eta bizitza-jasangarritasuna, ahalduntzea, ezagutza, aisia- eta espazio-erabilerak, emakumeen kontrako indarkeriak eta herritarren pertzepzioa berdintasunaren gainean.

29.–Foru Komunitateko berdintasun-politiken bilakaera: egiturak, edukiak eta emakumeen parte-hartzea. Nafarroako Berdintasunerako Institutua, politika publikoak Foru Komunitateko Administrazioan, haren departamentuetan eta tokiko erakundeetan.

30.–Iruñeko Udala. Udal-antolaketa. Udalaren eskumenak. Iruñeko Udalaren antolaketa. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Udalaren aurrekontua eta Plantilla Organikoa. Herritarren partaidetzarako organoak.

31.–Iruñeko Udalaren prebentzio- eta jarduketa-protokoloa sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka.

32.–Iruña: biztanleriaren ezaugarriak, emakumeen eta gizonen egoera, baliabideak. Desparekotasun nabarmenenak eta intersekzionalitatea. Udalaren eskumenak horri aurre egiteko.

33.–Berdintasun-politiken bilakaera Iruñean: udal-egiturak, edukiak eta emakumeen parte-hartzea.

34.–Udaleko berdintasun-agenteak: profil profesionala, eginkizunak, baliabideak eta lan-tresnak tokiko administrazio publikoan.

35.–Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Plana (2016-2022).

36.–Sexu-genero sistema. Sexu- eta genero-aniztasuna. Heteroarauaren sistema eta sexu-genero sistemaren aginduak. Sexu- edo genero-identitateak.

37.–Estrategiak genero-berdintasuna politiketan ezartzeko. Genero-politika publikoen bilakaera: ekintza positiboa eta genero-mainstreaminga.

38.–Genero-zeharkakotasuna Nafarroako Administrazio Publikoetan: berdintasun-unitateak foru-administrazioan eta berdintasun-zinegotzitzak tokiko administrazioan.

39.–Administrazioetako politikarien eta langile teknikarien prestakuntza: prestakuntza-ibilbidea.

40.–Ordezkaritza orekatua gobernantza-mekanismo eta berdintasun-konpromiso gisara.

41.–Genero-ikuspegiko plangintza: berdintasun-politika publikoak gauzatzea, haien jarraipena eta ebaluazioa.

42.–Aurrekontu publikoak genero-ikuspegiarekin. Kontzeptua eta esperientzia nabarmenak.

43.–Generoaren araberako inpaktuaren aurretiko ebaluazioa. Kontzeptu-esparrua, araudia, metodologia eta aplikazio-eremua.

44.–Komunikazio inklusibo ez-sexista, irudia eta hizkuntza.

45.–Sexuen arabera bereizitako informazioa eta genero-adierazleak.

46.–Genero-politikak txertatzea kontratuetan, dirulaguntzetan, hitzarmenetan eta itunetan.

47.–Genero-ikuspegia txertatzea erakundeetako langileen kudeaketan. Lan-esparrua eta metodologia.

48.–Genero-berdintasuna Nafarroako toki-erakundeetan. Udaletako Berdintasun Alorren lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.

49.–Udaletako Berdintasun Alorren lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea eraginkortasunez komunikatzeko plana.

50.–Bateragarritasunerako toki-itunak.

51.–Mugimendu feminista. Jatorriak eta historia. Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze sozial eta politikoa. Mugimendu feministak Iruñean eta Nafarroan.

52.–Glosario feminista. Berdintasunaren esparruari lotutako errealitateak izendatzen laguntzen duten terminoak.

53.–Ekonomia feminista. Egungo eztabaidak eta ekonomia feministaren ezaugarri nabarmenak. Bateragarritasun- eta ardurakidetza-politikak, esparru publiko eta pribatuetan.

54.–Estrategiak Nafarroako Foru Komunitatearen politika publikoetan emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzeko (2018-2020).

55.–Zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen edo egoteko arriskuan direnen errealitateak, beharrak eta interesak: era askotako diskriminazioak eta intersekzionalitatea.

56.–Emakumeen kontrako indarkeriak: jatorria, kontzeptua eta tipologia.

57.–Indarkerien prebentzioa festetan eta aisialdiko guneetan: esparrua, proposamenak eta jarduketa-protokoloak.

58.–Eskola berdintasunaren igorle gisara: genero-estereotipoak eskola bananduan, eskola mistoan eta hezkidetza-eskolan. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubide gisara.

59.–Genero-ikuspegia hirigintzan eta emakumeen parte-hartzean.

Iragarkiaren kodea: L1907927