116. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

272E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena “Plan Eoliko Estrategikoa” udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren igainean. Sustatzailea Eólica Navarra SLU enpresa da eta Ablitas ll eta Cabanillas ll haize-parkeei eragiten die.

Azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen haize-parke hauetarako: Cascante, Ablitas II, Zarrakaztelu, Fustiñana eta Cabanillas II, barnean sartuta parkeetako energia ateratzeko lineak eta sarbideak, honako udal-mugarte hauetan: Cascante, Cabanillas, Ablitas, Fustiñana, Zarrakaztelu, Tulebras, Tutera, Mélida, Santakara, Murillo El Cuende, Caparroso, Erriberri eta Tafalla. Sustatzailea Eólica Navarra SLU enpresa da.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko erabakiaren bidez izapidetzen hasi zen “Plan Eoliko Estrategikoa” udalen gaineko eragineko sektoreko proiektuaren aldaketa espedientea, Ablitas II eta Cabanillas II haize-parkeei eragiten diena, eta espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez. Gerora, berriz ere jendaurrean jarri zen, Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko erabakiaren bidez.

Honako honetan dautza proposaturiko aldaketak:

–Cabanillas II haize-parkerako sarbidearen zati bat aldatzeko proposamena, dauden bideak erabiliz, eta Cabanillasko Orgazal industrialdearen barnean beste bide bat eraikiz, urbanizagarri kalifikazioa duten lurzoruetan.

–Cabanillas II haize-parkeko 13, 14 eta 15. aerosorgailuetarako sarbideetako zuinketan aldaketa txiki batzuk egitea, egin beharreko bideen luzera murrizteko. Horrela, ez litzateke eginen laborantzarako eremua banatu behar zuen bidea, 1.075 metrokoa, baizik eta hiru sarbide independente, aerosogailu bakoitzerako bat, osotara 774 metro egiten dituztenak, guztia lurzati berean.

–Cabanillas II haize-parkeko 3 aerosorgailuaren kokalekua berraztertzea, olio hodi bati eragiten diolako, eta jatorrizko kokapenetik 49 metro mugitzea.

–Cabanillas II haize-parkeko ebakuazioko linea elektrikoaren aireko zati bat, 16 eta 20 euskarrien artekoa, lur azpiko linea bihurtzea, dauden bideen trazaduran joanen dena, gutxi gorabehera 1.000 metroko luzera duela.

–Cabanillas II haize-parkeko ebakuazio linearen lur azpiko zatiaren trazadura aldatzea, Gardachalesko UPSko hirigintza garapenari eragiten diona.

–Ablitas II haize-parkeko 2 aerosorgailuaren kokalekua berraztertzea, A-68 autobidearen zortasun eremua errespetatzeko, eta jatorrizko kokapenetik 20 metro mugitzea.

–Ablitas II haize-parkeko 1 eta 2 aerosorgailuen ebakuazioa aldatzea, A-68 autobideko gurutzerako. Ablitas I haize-parkean onartutako ebakuazio linearen trazadura erabiliko lukete, jatorrizko trazadurara itzultzeko.

–Ablitas II haize-parkeko 2 aerosorgailuaren sarbidea zuinkatzea.

–Ablitas II haize-parkeko 8 aerosorgailuaren kokapena eta haren sarbidea aldatzea, abelbideen gaineko eraginari buruzko ingurumen eraginen adierazpenean bildutako baldintza betetzeko. Jasota dago proposaturiko konponbidearen gainean Ingurune Naturalaren Zerbitzuak emandako aldeko txostena.

–Ablitasko lurzati berrantolamenduko bideak baliatuz 8, 9, 10, 11 eta 12 aerosorgailuen arteko barneko bideak aldatzea.

–Ablitas II haize-parkeko 10 zenbakiko aerosorgailua birkokatzea, Aireportu eta Aireko Nabigazioaren Segurtasuneko Zuzendaritzak (Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia) egindako jakinarazpenari erantzunez (P18-0067 espedientea); jakinarazpen horren arabera, Aireko Armadaren Estatu Nagusiak egindako kontrako txostenean oinarrituta, haize-parkearen instalazioak ez luke baimena jasoko. Horregatik, proposatzen da aipatu haize-sorgailua mugitzea, 618521 4644630 UTM koordenatuetatik 619938 4646473 UTM koordenatuetara; hau da, 9. poligonoko 841. lurzatitik 10. poligonoko 1049. lurzatira.

2019ko otsailaren 22an, sustatzaileak trazadura berri baten proposamena aurkeztu zuen Cabanillas II haize-parkearen ebakuazio linearako. Cabanillas II haize-parkean ebakuazio linearen trazadura aldatu nahi da, Tuterako Udalaren eskaera bati erantzunez, alegia, Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko -9. unitate integratuko 1. sektoreko Gardachales alderdian ez eragiteko. Aurretik aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren aukeretako bat proposatu da, baztertu egin zena kontuan hartutako beste aukera batzuek baino ingurumen eragin handiagoak sortzen zituelako. Lineak trazadura berria izanen luke: zati bat lurpean, bide publikoetan barna, A-68 autobiako gurutzera ailegatu arte; eta beste zati bat airean, paraleloan, N-134 errepidearen zortasun eremuan barna, Ebro ibaiaren inguruetaraino. Orain proposatutako trazadurak berekin dakar osorik lurpean planteatzen zen ebakuazio linearen zati bat ordeztea, hasieran Tarazonicaren Bide Berdearen azpian eta bukaeran bide publikoen azpian iragan behar zena, eta horren ordez trazadura misto bat ezartzea, airekoa eta lurpekoa. Aireko zatia 2,25 kilometro luze da. Horrez gain, trazadura honek paisaian izanen lukeen eragina askoz handiagoa da, hasieran onarturiko trazadurarekin alderatuta, hasierako horretan Tuterari eta Fontellasi ez baitzien eragiten.

Jendaurrean egon bitartean alegazioak bildu dira. Bat Tuterako Udalak aurkeztu zuen, 2018ko azaroaren 23an. Beste bat, berriz, Fernando León Arpón jaunak aurkeztua, Tuterako HAPOaren UI1eko 1. sektoreko (Gardachales) UI-9ko konpentsazio batzordeko lehendakaria den aldetik, 2019ko urtarrilaren 24an. Eta hirugarrena Tuterako Udalak aurkeztu zuen, 2019ko apirilaren 11n.

Alegazio guztiek egiten diote aipamena Cabanillas II haize-parkeko ebakuazio linea elektrikoari. Horien ingurumen alorreko edukiari dagokionez, aipatu beharra dago Tuterako Udalak 2019ko urtarrilaren 24an aurkeztutako alegazio idazkian adierazten dela linea elektrikoak “Peñas erreka” lur azpitik gurutzatzea ez dela behar bezala balioetsi, eta funtzionamendua desorekatzen ahal duela. Horri dagokionez, aipatzekoa da, Tuterako Udalak eta Gardachaleseko Konpentsazio Batzordeak eskatu zutenez, aukera hori ez dela behin betiko aukeratu dena, “Peñas erreka” izeneko aldizkako ur tira txikia gurutzatzen zuen lur azpiko aukera, baina ez zuen ingurumen eragin nabarmenik.

Tuterako Udalak eta Gardachalesko Konpentsazio Batzordeak eskatuta trazadura berria proposatu denez Cabanillas II haize-parkeko ebakuazio linearen zati baterako, lurpekoa gabe airekoa izan dadin, horri dagokionez, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du aireko lineek, oro har ez dutela lurpeko lineek baino eragin handiagorik ingurumenean, ezta kasu honetan ere. Beraz, arrazoi teknikorik ez da lehenago jasotzen zen konponbide guztiz lurpekoaren bideraezintasuna justifikatzeko, areago, hiriguneetan edo etorkizunean urbanizatzeko aldeetan ohikoa denean tentsio altuko lineak lurpean egitea, kasu honetan bezala. Horregatik guztiagatik, aireko eta lurpeko konponbide honek eragin handiagoak sortzen ditu ingurumenean, aurretik aztertutakoak baino, bereziki paisaian eta hegaztietan, lurpeko lineetan ez bezala, hegaztiek linea jo eta elektrokutatu egin baitaitezke. Dena den, konponbide berriak ez dakarkio eragin larririk natura inguruneko elementu bakar bati ere. Horrenbestez, aldeko txostena egin da, baldintzapean. Gainerako aldaketei dagokienez, aldaketa txikiak dira, ingurumenari eragin nabarmenik ez dakarkiotenak.

Bi inguruabar garrantzitsuren berri izan da Cabanillas II haize-parkerako eta bertako ebakuazio lineen eta sarbideetarako Eólica Navarra enpresak sustatutako ingurumen eraginen adierazpena egin zenetik hona (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpena), eta horiek, espediente honetan planteatutako aldaketei eragiten ez badiete ere, Cabanillas II haize-parkearen ingurumen ebaluazioari eragiten diote.

Batetik, 2018ko abenduaren 20an arrano beltz bat jaso zen (Aquila chrysaetos) Cabanillas I haize-parkeko aerosorgailu bat jo eta gero, zauri handiak zituela. 2014tik ezagutzen zen zein lurraldetakoa zen eta GPS bidez jarraitzen ari zitzaion 2018ko irailetik, Errege Bardeetako Batzordeak izendatutako lan baten esparruan. Horrez gain, 2019ko maiatzaren 6an beste arrano beltz bat topatu zen, elektrokutatuta, San Gregorio-Serraltako haize-parkeetatik jaisten diren 66 KV-ko lineen 10 zenbakiko bateratze euskarrian, Cabanillasen udal mugartean. Ezagun da alde horretan beste espezie batzuekin izan direla gorabeherak, esate baterako, sai arreekin. Ondorioz, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazten du dauden haize-parkeetako linea elektrikoetan premiazko neurriak hartu behar direla nahitaez, teknika hoberenen bidez hegaztiak babesteko araudira egokitu beharrez, elektrokuzioak saihesteko.

Beraz, Lurraldearen eta Paisaiaren Zerbitzuak proposatu du ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Eólica Navarra SLU enpresak sustatutako “Plan Eoliko Estrategikoa” udalen gaineko eragineko sektoreko proiektuaren aldaketaren aldekoa, baldin eta betetzen badira parke horien ingurumen eraginaren adierazpenean (azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpena, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana) jasotako baldintzak, ebazpen honetan ere jaso direnak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela kontuan izanik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea “Plan Eoliko Estrategikoa” udalen gaineko eragineko sektoreko proiektuaren aldaketaren inguruan. Sustatzailea Eólica Navarra SLU enpresa da eta Ablitas ll eta Cabanillas ll haize-parkeei eragiten die.

2. Ezartzea jarduera hori aurrera eraman behar dela txostenari erantsitako dokumentazio teknikoan ezarritako baldintzak betez, bai eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak azaroaren 22an emandako 757E/2017 Ebazpenean ezarritako baldintzak, hartan formulatu baitzen parke horietarako ingurumen eraginaren adierazpena, baita honako hauek ere:

–Cabanillas II haize-parkeko ebakuazio linea elektrikoaren zati balizatua handitu beharko da, bai eroaleena bai lur kablearena, eta Cabanillas mendia Nafarroako Foru Komunitateko estepako hegaztiak kontserbatzeko interesgunearen barnean kokatutako zatia balizatzeaz gain, Ebro ibaiko gurutzerainoko zatia ere balizatu beharko da. Hori jasota dago Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenean.

–Hasieran lurpean onartutako linea zatian, airera igarotzen denean, lurreko kablea osorik balizatu beharko da. Euskarri berezietan (airetik lurpera bihurtzekoak eta abar), elektrokuzioa eragin dezaketen tentsio elementu guztiak isolatu beharko dira.

–Konpentsazio neurri moduan, ahal bezain laster egokitu beharko dira Serralta eta San Gregorio (Cabanillas I) eta La Bandera (Fustiñana) haize-parkeetatik datozen ebakuazio lineak, bete ditzaten 129/1992 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Hegazti fauna babesteko instalazio elektrikoek bete beharreko arau teknikoak ezartzen dituena, eta 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, Hegaztiak babesteko neurriak ezartzen dituena goi tentsioko linea elektrikoekin talka egin eta elektrokutatu ez daitezen. Horretarako, eskuragarri dauden teknika hoberenak erabiliko ditu.

–Sustatzaileak jarraipen espezifikoko ikerketa bat aurkeztu beharko du, egungo haize-parkeen eta eremu horretan proiektaturikoen (San Gregorio, Serralta, La Bandera, Cabanillas II) istripu arriskuaren inguruan eta haren metodologia onartu egin beharko du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak. Abiapuntutzat hartu beharko da Ebro ibaiaren eta Errege Bardeen hegoaldeko malden artean arrano beltzak dituen lurraldeen inguruko ezagutza.

–Obren ondorioz ukitutako lur azalak lehengoratuko dira lanak bukatu ondoren, horretarako aldez aurretik kendu eta albo batean metatuko den lurra erabiliz. Bertako belar hazi nahastuak ereinen dira lur horietan, salbu eta aurretik laborantzako alorrak baziren.

–Hondeaketa lanen lur soberakinak jarduketaren inguruko eremuan zabaltzen ahalko dira, betiere integrazio fisiografiko egokia lortuz gero betegarriaren eta inguruko alorren artean, ukatu gabe egokiak izan daitezkeen bestelako baimenak (konparaziorako, lurzatien jabeenak). Hala ez bada, hondakin kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Aldaketaren xede diren lan horien jarraipena haize-parkearen jarraipenean sartuko da, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoan aurkeztu beharreko protokoloari jarraikiz (seguimiento.ambiental@navarra.es).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari; Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari; Cabanillas, Ablitas, Fustiñana eta Tuterako udalei, Tuterako barrutiko Basozaintzari, eta sustatzaileari.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1906307