116. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Oltzako Udal Planaren egiturazko aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena. Ignacio Mencos Doussinague da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute. Aldaketa txikia da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2018ko urriaren 31n onetsi zen hasiera batean Oltzako Udal Planaren egiturazko aldaketa (Oltzako Jauregia), eta jendaurrean jarri zen 2018ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 22koan, argitaratutako iragarki baten bidez.

Aldaketaren xedea da 1.145,81 m²-ko azalera bat, hain zuzen ere, 9. poligonoko 166 C eta D azpilurzatiena, hiri lurzoru gisa sartzea, eta gaur egun indarrean den planeamenduan atzemandako akatsak (9. poligonoko 154. eta 180. lurzatietan) zuzentzea. Proposamenaren helburua da Oltzako Jauregiari eman nahi zaion erabilera turistikoaren osagarri izanen den espazio bat sortzea.

Proposamenaren arabera, bi lurzatitan zatituko da 166. lurzatia; 166A delakoa, hots, C eta D azpilurzatiak batzearen ondoriozkoa, hiri lurzoru bihurtuko dena, eta 166. lurzatiaren gainerakoa, produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin izanen dena.

Hiri lurzoruaren handitzea San Blas kalearen hegoaldean eta Oltzako Jauregiaren parean eginen da. Nekazaritzako lurzati bat da, hegoalderantz eta hego-ekialderantz ematen duena; hasierako eremua lauagoa da (D azpilurzatia), eta hortik malda handiagoa duen sastraken ezponda bat irteten da (C azpilurzatia).

Hona zertan datzan proposatutako jarduketa: ingurumeneko balio garrantzitsurik ez daukan azalera txiki baten lurzoruaren sailkapena aldatzea. Horrenbestez, ez da aurreikusten ingurumenaren gaineko eragina oso handia izanen denik. Alabaina, katalogatutako eraikin batean kokatzen denez, eta eraikin horrek modu nabarmenean esku hartzen duenez Oltzako hirigune osoaren ikusizko pertzepzioan, paisaian integratzeko neurriak aplikatu beharko dira hiri lurzoruaren esparru berri horretan garatzen diren jarduketetan.

9. poligonoko 154. eta 180. lurzatiei dagokienez, zeinak jauregiaren inguruan dauden eta bide publikoaren sailkapena duten, proposatzen da udal planean atzemandako akatsa zuzentzea, eta lurzati horiek espazio libre pribatutzat jotzea; horrenbestez, ez da bidezkoa horien gaineko balorazioa egitea ingurumenaren aldetik.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta aldeko txostena eman du.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ez jartzea ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura arruntaren menpe “Oltzako Udal Planaren egiturazko aldaketa, Oltzako Jauregia”, Joaquín Ignacio Mencos Doussinague jaunak sustatutakoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen-txosten estrategikoa ematea “Oltzako Udal Planaren egiturazko aldaketa, Oltzako Jauregia” izenekoari, ingurumenean ondorio nabarmenik ez duelakoan. Udalerriaren hiri-profila ez andeatzeko, paisaian integratzeko neurriak hartuko dira ingurunean eta aldaketaren esparruan egiten diren eraikuntzetan.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen-txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Oltzako Plan Orokorraren egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Oltzako Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1906243