116. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

260E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: “Baztango Udal Planaren egiturazko aldaketa, Amaiurko 37. poligonoko 187. lurzatian”. Baztango Udala eta SRC Gaztelu Elkartea dira aldaketaren sustatzaileak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren menpe jartzen da Baztango Udal Planaren egiturazko aldaketa bat.

Aldaketak Udalaren hasiera bateko onespena du, 2018ko azaroaren 22an egindako osoko bilkuran emana. Gero, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen iragarki bat argitaratuz 2019ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 11koan.

Proposamenaren xedea da 7. poligonoko 187. lurzatiaren sailkapena aldatzea, honela: paisaiaren aldetik babestu beharreko lurzoru urbanizaezin izatetik ekipamendurako hiri lurzoru izatera pasatzea, bertan kokatzeko Amaiurko Gazteluko bisitarien gunea.

Amaiurren inguruan paisaia aldetik babestu beharreko lurzoruz osatutako eraztun bat hedatzen da, eta hortxe kokatzen da hain zuzen aipatutako lurzatia; zehazki, hirigunearen hegoaldean, elizaren ondoan. 3.429,01 m²-ko azalera dauka, eta behitegi bat dago han, zaharkitua eta abandonatuta. Eraikin hori eraistea proposatzen da, eta azalera eta kokaleku bera erabiliz, Amaiurko Gazteluko bisitarien gunea eraikitzea, kulturarekin, turismoarekin eta hezkuntzarekin lotutako ekipamendu gisa.

Eremu osoa sartzen da ekipamendutarako hiri lurzoru gisa, kalea zabaltzeko eta aparkalekuak kokatzeko jabari publikora aurreikusitako lagapenak izan ezik.

Eremua abandonatuta dagoen eraikin batek okupatzen du, eta luzartiaren gainerakoa espazio librea da, non ez den identifikatu ingurumeneko balio garrantzitsurik. Alabaina, proposamenean garrantzitsutzat jo da honako alderdi hauek aintzat hartzea: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak modu egokian kudeatzea, eraikin berria paisaian integratzea eta hari toki-izaera ematea kokatuko den ingurunean.

Lurraldearen Antolamendu Planaren arabera (POT2), Amaiur da, haren izaera geografikoa dela-eta, paisaiaren aldetik tratamendu berezia eskatzen duen kokaleku bat. Balio horiek aintzat hartuak daude gaur egun indarrean den planeamenduan: paisaia babesteko zona bat mugatua dago, hain zuzen, hirigunea inguratzen duena, eta kalitate eta hauskortasun handiko landazabaleko paisaia hartzen du. Horrenbestez, bisitarien gunea ezartzean, integrazio harmonikoa bilatuko da ingurugiro horrekin, eta horretarako, hirigune historikoak eta landaguneak babesteari buruzko kalitate paisajistikoaren helburuetara egokitu beharko du guneak (Nafarroa Atlantikoko POT2aren paisaiari buruzko dokumentuan daude ezarrita).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko laburtuaren prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko,

EBAZTEN DUT:

1. Ez jartzea ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura arruntaren menpe “Baztango Udal Planaren egiturazko aldaketa, Amaiurko 37. poligonoko 187. lurzatian”, Baztango Udalak eta SRC Gazteluk sustatua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea “Baztango Udal Planaren egiturazko aldaketa, Amaiurko 37. poligonoko 187. lurzatian” izenekoari, ingurumenean ondorio nabarmenik ez duelakoan.

Aldaketaren ondoriozko jarduketen garapenean (dagoeneko erabiltzen ez den eraikina eraistea eta bisitarien gunea eraikitzea) bermatuko da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak zuzen kudeatzen direla eta eraikin berria harmonikoki integratzen dela kokatzen den ingurunean.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Baztango Plan Orokorraren egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Baztango Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1906242