116. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

250E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Olorizko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duena. Olorizko Udala da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen-adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abuztuaren 7an emandako 798/2012 Ebazpenaren bidez, ingurumen ondorioen adierazpena egin zen Olorizko Udal Plan Orokorrari buruz. Aintzat hartu da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak xedatzen duena, hots, ingurumen-adierazpen estrategikoa (edo ingurumen ondorioen adierazpena) argitaratu eta bi urteko epean ez bada plana onetsi, horrek indarra galduko duela eta ingurumen-adierazpen estrategikoa berritu beharko dela.

2007ko maiatzean onetsitako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduarekin, hasiera eman zitzaion Olorizko Udal Plan Orokorraren gaineko ingurumen ebaluazioari, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2006ko apirilaren 19an emandako txostenean, ingurumen arloko alderdi garrantzitsuenak jaso ziren, hirigintzako planean txertatzeko.

2007ko maiatzaren 21ean onetsi zen hasiera batean hirigintzako udal plana, eta 2007ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 18koan. Horren ostean, plana jendaurrean jartzeko aldia hasi zen. Jasotako alegazioen ebazpenaren ondorioz eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2008ko martxoaren 28an emandako txostenaren ondorioz, funtsezko aldaketak egin ziren hirigintzako proposamenean, eta horiek jendaurrean jarri ziren bigarren aldi batez, 2010eko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29koan, argitaratuz.

Plana behin-behinekoz onetsi ostean eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abuztuaren 7an emandako 798/2012 Ebazpenaren bidez, ingurumen ondorioen adierazpena eman zen Olorizko Udal Plan Orokorrari buruz, eta baldintza batzuk ezarri ziren honako hauei dagokienez: zonifikazio akustikoa, uholde arriskua duten eremuak eta ibai-eremuko espazioen antolaketa.

Olorizko Udalak zenbait onespen eman ostean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2017ko apirilaren 4an, aldeko txostena eman zuen ingurumen-adierazpen estrategikoko ingurumen arloko determinazioak hirigintzako planean sartzeko. Gero, dokumentazio berria onetsi zen osoko bilkuran (2018ko abenduaren 27an) eta Alkatetzaren ebazpenaren bidez (2019ko martxoaren 7an). 2019ko apirilaren 8an sartu zen planaren dokumentazio osoa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, behin betiko onets zedin.

Udal plan orokorraren jarduketa eremua Olorizko udal-mugartea da, eta 40,08 km²-ko azalera dauka osotara. Orientazioa ipar-ekialdera eta hego-mendebaldera duelarik, Alaitz Mendilerroko oinetik hedatzen da. Biztanleen kokaguneak han-hemenka sakabanatzen dira udalerrian, honela: Orizin eta Oloritz, Untzueko Haitzetik hurbilen dagoen eremuan; Etxague eta Bariain, mendilerroan goian eta hegolderantz; Mendibil, N-121 errepidearen ondoan; eta Soltxagako eta Eristaingo herriguneak, Mairaga ibai bazterreko muino batean.

Planak honakoa proposatzen du hiriguneentzat: hiri-bilbea betetzea eta bizitegi erabilerarako eremu berriak ondoko espazioetan. Xedea da hiri-bilbeak mantentzen eta hobetzen direla bermatzea, bizitegi- eta zuzkidura-erabileraren beharrak konponduz. Aurreikuspen horiek nagusiki nekazaritzarako erabiltzen diren lursailetan eta hiriaren inguruko lursailetan garatuko lirateke, ukipen adierazgarririk izan gabe ingurumeneko intereseko eremuetan edota uholde arriskua duten eremuetan.

Natur eta kultur ondarearen antolamenduak, lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioaren bidez, natura balioko eremuak eta nabarmendu beharreko elementuak biltzen ditu, esaterako: monumentu gisa sailkatutako erkametzak eta arteak, nekazaritzako erabilerei eta kokaleku tradizionalei lotutako kultur paisaiak, eta ondare historiko-artistiko eta kultural garrantzitsua, udalerrian barrena sakanabatua dagoena. Lurzoru urbanizaezinari buruzko araudi espezifikoaz gain, hiriguneak babestera zuzendutako eraikingintza-ordenantzak ere jaso dira.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea Olorizko Udal Plan Orokorrari buruz. Olorizko Udala da planaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, kontsultetan erantzun zuten pertsonei eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1906240