1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
125E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Ertzilla iturburutiko ur bilketa eta Iribasko (Larraun) edateko uren araztegirako hornidura sarea hobetzeko” proiekturako. Sustatzailea Ertzillako Iturburuko Partzuergoa da.
2018ko ekainaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuaren helburua da Lekunberriko, Alliko, Iribasko, Mugiroko eta Etxarriko edateko uraren hornidura hobetzea. Ertzillako Iturburuko Partzuergoa da titularra. Asmoa da Iribasko edateko uren araztegira iristen den emaria handitzea. Gaur egun 15,5 l/s-koa da, kalkuluen arabera, eta egungo ur kontzesioa jo nahi da, 32,06 l/s-koa baita, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko lehendakariak 2013ko urriaren 24ko Ebazpenean eman bezala. Horretarako, aurreikusi da, batetik, iturburuko hargunearen presa txikia 60 cm handitzea, 630,29 kotaraino, eta hargunearen beste elementu batzuk paratzea, konparaziorako, iragazkiarendako saretak, zerbitzuko tramex pasabide bat, baranda berriak eta abar; bestetik, egungo PVCzko hoditeria, 210 milimetroko diametroa duena ordeztu nahi da, ura iturburuaren hargunetik Iribasko edateko uren araztegira eramaten duena 1690 metroz, oihan lurzatietan zehar, eta dentsitate handiko polietilenozkoa paratu nahi da, 315 milimetroko diametrokoa. Hein batean egungo hodien zortasunari eta trazadurari jarraituko dio, baina beste zati bat egun dauden bidexka eta bideetan barna eginen da, errazago gauzatzeko eta basoei gutxiago eragiteko.
Presa txikia handitzeko, proposatu da bere bi zatitan lan egitea, batean bestearen ondoren, lan egin beharreko gunea palatasken bitartez lehor mantenduz, baina lan egiten ari ez den tartetik ura igarotzen utziz.
Obrek zuzenean edo zeharka eragin diezaiekete bertako espezieetako hainbat zuhaitz sendoren oinei, esate baterako, haritzei, gaztainondoei, lizarrei eta beste espezie batzuei. Proposatutako trazadura gainetik estaltzen duten zuhaitzak kimatu beharko dira, eta zenbait tokitan sastrakak kendu beharko dira.
Proiektu hau “Aralarko mendilerroa” izeneko 2200020 Kontserbazio Bereziko Eremuan sartuta dago. Hornidurarako presa txikiaren ondoko zatiak Ertzilla edo Aiztarratetako errotari eta haren hormei eta hondarrei eragiten die, balio historikoa baitute.
Oro har, hondakinak egokiro kudeatzeko, aurreikusi da obrek behin-behinean ukituriko aldeetan lurrak eta landaredia lehengoratzea, landaketen bidez. Erabilera sozial eta turistikoa duen bidexka bati eraginen zaio, eta hura ere lehengoratu eginen da obrak akitzean, eta ofita-legarreko geruza bat ezarriko zaio, bere garaian turismorako egokitu zenean lokaztu ez zedin jarri zena bezalakoa.
Aurreikusi da egun dauden pistak erabiltzea hondeatzaileak obrara sartzeko eta obrarako materialak metatzeko. Hodiak zanga egiteko kalearen ondoan soldatuko dira, eta aurreikusi da dumper txikiak erabiltzea legarrak eta gisakoak ekartzeko. Zenbait puntutan irisgarritasuna ez dago bermatuta, eta beharrezkoa izaten ahal da beste kale batzuk irekitzea. Horrek eragin aldakorra izanen du.
2018ko abuztuaren 24an, Larraungo Udalak aldeko txostena egin zuen. Jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko urtarrilaren 9an eginiko aldeko txostena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat datorrena.
2018ko martxoaren 15ean, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena jaso zen. Errotaren hondarretako horman eta hondar horietako beste elementuetan eraginik ez dagoela dio.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, baldintzak jarriri ingurumen jarraipena egitea, zenbait neurri zuzentzaile ezartzea eta ingurumen integraziorako balioespenak egitea.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Ertzilla iturburutiko ur bilketa eta Iribasko (Larraun) edateko uren araztegirako hornidura sarea hobetzeko” proiekturako. Sustatzailea Ertzillako Iturburuko Partzuergoa da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Ondare Historikoaren Zerbitzuak adierazten duenez, jarduketa oro planteatu behar da errota eta inguruko egiturak ukitu gabe eta proiektuaren obrek horiei eraginik ez sortzeko baldintzapean, eta kontserbazioa bermatzeko aukera egokia bilatu beharko da. Desmuntatzerik planteatzen bada, zati batean eginen da soilik, eta ahal bezain txikia izan beharko da. Gero, jatorrizko fabrika egun dagoen moduan jarri beharko da. Hautatutako aukeraren aldeko txostena egin beharko dute Ondare Historikoaren Zerbitzuak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, egikaritu aurretik.
–Obrei, egin bitartean, ingurumen alorreko jarraipena eginen zaie, bermatzeko ingurumenaren alorrean ezarririko edo proposaturiko baldintzak betetzen direla. Kasu bakoitzean, eragin txikiena duen egikaritzeko modua zehaztuko da, inggurumenaren arloan aurreikusi gabeko beste eragin batzuk aurreikusiko eta zuzenduko dituena.
- Sustatzaileak ingurumeneko teknikari bat izan beharko du, obren ingurumen alorreko jarraipenean espezializatua, ingurumenaren aldetik obraren kontrola eginen duena. Arduradun horrek obra zuzendariari lagunduko dio ingurumen alorreko gaietan, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren solaskidea izanen da.
- Lanak hasi aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari oharra igorriko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), ingurumen jarraipenaren plana antolatzeko. Sustatzailearen, tokiko erakundeen, obra zuzendariaren, kontratistaren, Ingurumen eta Ur Zuzendaritza Nagusiko arduradunen, eta Ondare Historikoaren Zerbitzukoen arteko bilera batekin emanen zaio hasiera.
- Bilera horretan, egin beharreko jarduketak zehaztuko dira (bisitak, bilerak eta abar), bereziki obrak ingurumenean eragiteko arriskua duten alde konplexu edo baliotsuenetan dauden uneetan egin beharrekoak.
- Jarraipenean beste ekintza batzuk zehaztuko dira, bermatzeko txosten honen baldintzak betetzen direla; obrako zenbait puntutako sarbideak eta metatze guneen kokapenak egiaztatuko dira; eta aurretiaz baldintza hauetan proposatutako aukerak eta aurreikusi gabeko proiektu osagarriak balioetsiko dira, baita obretan planteatutako edo gertatutako aldaketak eta gorabeherak ere.
- Ingurumen alorreko jarraipenaren amaierako txosten bat eginen da, eta bertan jasoko dira ingurumenean egiaz eginiko jarraipenaren deskribapena, bisiten zerrenda, aktak, gorabeherak, proiektuaren aldaketak, proiektu osagarriak eta abar. Horrez gain, txosten bat eginen da egungo egoera, obren egoera eta lehengoratu ondoko egoera islatzeko argazkiekin, zatien edo interes guneen arabera. Txosten horretan adieraziko da zein bolumen eta helmuga duten sorturiko hondakinek; eta orobat sastrakak kentzean, kimatzean eta zuhaitzak moztean sorturiko hondarrek; hondeatzean sorturiko lurrek eta harri naturalek; beste eraikuntza eta eraispen hondakin batzuek eta beste hondakin arriskutsu batzuek.
–Zuinketaren ondoren, oihan lurzoruan proposatutako trazadura estaltzen duten zuhaitzen adarrak kimatuko dira. Kimatze horiek basozainek gainbegiratutako basozaintza tekniken bidez eginen dira.
–Eroanbidearen zanga aldendu eginen da, proposaturiko trazaduraren ondoko gaztainondo, lizar eta haritz handiei, ingurumen alorreko balio handia baitute, zuzenean edo zeharka (sustraiak eta adarrak) eragitea saihesteko, bereziki bidearen eta bidexkaren ondoan barreiatuta daudenei eta PK 0+500 eta 0+600 artean dagoen zelaian kokatutako gaztainondoei. PK 0+910etik 0+940ra bitarteko hariztiko haritzak mozteko beharra ahalik etatxikiena bilakatzen duen trazadura bilatuko da. Haritz horietakoren bat edo balio txikiagoa duen beste zuhaitzen bat moztu behar bada, dagozkion baimenak eskatuko zaizkio Natur Ingurunearen Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari.
–Zelaiaren aldean ez da kenduko eroririko gaztainondo enbor handia, zuloak dituena, ingurumen eta paisaia alorreko balio handia baitu.
–Presa txikia handitzeko obra agorraldian eginen da, edo ura urri heldu den garaian. Lanak hasi ondoren emaria handitzen bada, ingurumen alorreko jarraipen taldean palatasken proposamen bideragarri bat aurkeztuko eta gainbegiratuko da, eta horrek Ingurumen Eraginaren Bulegoak baliozkotuko du.
–PK 1+090 inguruko zatian, bidexka estutzen den eta 6 metrotik 15 metro bitarteko irristatzea dagoen lekuan ezin izanen da aurreikusitako harri-lubeta egin, hori eraikitzeko lanek okupazio handia ekarriko luketelako, eta Ertzillaren ertzeko beheko aldeetan intrusioak eraginen lituzketelako. Horrez gain, artifizialtasun handia izanen luke balio handiko paisaia eta naturaltasuna duen alde horretan. Beste justifikaziorik ez badago eta lanak berriz definitzen ez badira, zati hori kanpotik landuko da, 3 metroko kalea ireki gabe eta bertara hondeatzaileekin sartu gabe. Zangak haren aurretik eta/edo atzetik eginen dira. Ebaketa txiki bat bakarrik egin ahal izanen da, laneko segurtasuna bermatzeko. Puntu horretan ezin izanen da hustubiderik jarri, lurraren egonkortasunari eragiten ez diola justifikatzen ez bada, behintzat.
–Edozein kasutan, PK 0+950etik 1+240ra beharrezkoak izanen dira ingurumen alorreko kontrola egiteko eta obretarako neurri konplexuak, zatiaren konplexutasuna eta bidexkaren erabilera soziala tarteko, eragin negatiboak saihesteko eta proposamena erabilera sozial horrekin bateragarria izan dadin. Horregatik, ikertuko da teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria den zati hori egungo eroanbidearen zortasuna dirudien lekutik egikaritzea, bizkarraren magaletik igoz, edateko uren araztegirako bidearen bidegurutzearen aurreko zidorreraino. Bideragarria bada, obrak sastrakak kentzeko eta zuhaitzak mozteko lan gehiago badakartza ere, lanak ongi planifikatuz gero, hobeki integratuko dira ingurumenari dagokionez.
–Zangak egitean eta lurrak erauztean sortutako harrizko hondarrak, bereziki PK 1+350etik 1+450erainoko zatian, edateko uren araztegiko pistaren bidegurutzearen aurretik eta Ertzillarekin gurutzatzean, ingurumen alorreko balio txikia duen alde irisgarri batean metatuko dira, eta berriz erabiliko dira zanga lehengoratzean. Bestela, xehatu eginen dira, bisitariek Iribastik iturburura ailegatzeko duten bidea finkatzeko.
–Ertzilla ere agorraldian gurutzatuko da, edo, bestela, aurreikusitako euri gutxi egiten duen garai batean. Bestela, uholdeak gertatzen ahal dira, eta horrek obra zailtzen ahal du, edo kalteak eta kutsadura sortzen ahal ditu, obrako materialak eta makineria herrestatzen ahal baititu.
–Hoditeriaren obrek okupatutako lursail batzuek erabilera turistikoa dutenez, bereziki iturburua eta errota bisitatzeko markaturiko bideak, bidearen erabiltzaileei argi eta garbi azalduko zaie zein den obren egoera, eta obraren inguruko elementu informatiboak, seinaleak eta abar zainduko edo aldatuko dira. Konpromisoa hartu da, gainera, ukitutako bidearen zatia kareharrizko edo ofitazko zabor legarrez zolatzeko, hobetu egin baitzen oinezkoek erabiltzeko eta putzuz edo lokatzez betetako aldeak saihesteko.
Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:
–Eroanbidearekin zerikusia duten eta lurzoruaren sestratik ateratzen diren elementuak badaude, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko da, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtzen hasita (Lurraren Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
–Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da: Obrak Iribasko Kontzejuaren herri-lurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den Iribasko Kontzejuak ukitutako herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, baita espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
–Egin nahi diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Ur Konfederazioarena, ibilguaren ukipenari dagokionez, indarrean dagoen Urei buruzko Legearekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Larraungo Udalari, Iribasko Kontzejuari, Basozaintzari (Sakana-Mendialdea, 7. aldea) eta interesdunari, dagozkion ondorioetarako.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1906518