116. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, aldeko txostena egiten duena zerriak gizentzeko instalazio baten jarduera sailkatuko proiekturako Murillo el Cuende udal mugartean, Udalak ebatzi baino lehen. Instalazioaren titularra Ardanaz Cabero, David da.

Jarduera hori jasota dago Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko C) 3 epigrafean (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Hortaz, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ingurumen arloko txostena eman eta gero.

Horrez gain, handitzeko proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da proiektua (1. taldea, 3 apartatua). Hori dela eta, legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Murillo el Cuendeko Udalak, 2018ko irailaren 12an, organo eskudun gisa ari zela, jarduera sailkatuko proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian, honako hauek eman zitzan espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren: Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarritako txostena eta ingurumen eraginaren adierazpena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak txosten bat igorri behar du Udalak ebazpena eman aurretik, zeinak zehaztuko baitu zer ingurumen baldintza eta neurri zuzentzaile ezarri behar diren jarduerarekin hasteko, eta, behar bada, aplikagarriak diren hirigintzako determinazioak bilduko baititu, baldin eta jarduera hori lurzoru urbanizaezinean garatzen bada eta lurzoru mota horretan baimendu badaiteke. Hala ezarrita dago Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 70. artikuluan.

Espedientean agertzen diren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldeko txostena egitea zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako, Murillo el Cuendeko udal mugartean, Udalak ebatzi baino lehen. Instalazioaren titularra Ardanaz Cabero, David da.

Bigarrena.–Ingurumen eraginaren adierazpena ematea zerriak gizentzeko instalazioaren proiekturako Murillo el Cuendeko udal mugartean, bideragarria baita ingurumenari dagokionez. Instalazioaren titularra Ardanaz Cabero, David da. Ebazpen honek babesten duen proiektuaren prozesua lau urteko epean hasi beharko da gehienez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen eraginaren azterlanak automatikoki galduko ditu ondorioak eta eragingabe bihurtuko da, abenduaren 9ko Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadila agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Laugarrena.–Jarduera suteen kontrako segurtasunaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin ezartzea, eta ingeniari agronomoen proiektuan (443/18 E ikus-onespen zenbakiduna, 2018ko apirilaren 10ekoa) proposaturiko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren baldintzak bete behar dira.

Bosgarrena.–Hirigintzako legerian aurreikusitako lurzoru urbanizaezinerako baimena eman da, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 64. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen III. eranskineko baldintzak bete behar direla kontuan izanda.

Seigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa den edo ez, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Jarduera hasi aurretik, jarduera sailkatua abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak Udalean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedatuarekin bat. Adierazpen horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: ziurtagiriak, instalazioa onetsitako proiektuarekin bat datorrela frogatzen duena eta jarduera lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla egiaztatzen duena; behin betiko planoak; eta egin diren neurketa eta egiaztatze praktikoak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hirigintza arloko alderdiei buruz. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau udal eskatzaileari, jardueraren titularrari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, eta adieraztea Udalak zerbitzu honi jakinarazi beharko diola hartzen duen erabakia, hamabost eguneko epean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honen eranskinak honako helbide honetan eskuratu daitezke: http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ANUCLEO/F1906218c_Anexos-MA.pdf.

Iragarkiaren kodea: F1906218