1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 17an hartua, Mendigorríako udalerriaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Mendigorria” izanen da.
Ikusi da Mendigorríako Udalak Nafarroako Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio udalerri horren izena aldatu eta “Mendigorria” izena emateko onespenaren tramitazioa egin dezala.
Aurrekariak.
Mendigorríako Udalak Nafarroako Gobernuari igorri dio udal horretako izen ofiziala aldatzeko eta “Mendigorria” izena emateko tramitatutako espediente administratiboa.
Aipatutako espedientean udal erabakia dago, 2018ko abenduaren 14koa, izen aldaketa hori behin betiko onesten duena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta jendaurrean hilabetez eduki ondoren.
Zuzenbideko oinarriak.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada”.
Kasu honetan, Udalak izena aldatzeko egindako eskaera 2019ko urtarrilaren 8koa da, eta, beraz, ulertu behar da izen aldaketa onetsi duela horretarako eskumena duen organoak, hau da, Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.
Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea”. Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Mendigorríako Udalak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera “Mendigorria” izanen da udalerri hori.
2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.
3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.
4. Erabaki hau Mendigorríako Udalari jakinaraztea.
Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1907602