114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzuko 91 hezitzaile-lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

2019ko maiatzaren 24an, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendariak, deialdia onartzea erabaki zuen hurrengoaren arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzura Hezitzaile lanpostuan aritzeko 91 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea; 65, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak, eta 26, lanaldi partzialeko lan-araubidekoak eta C mailakoak.

Prozedura honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. 91 lanpostu horiek honela banatzen dira:

–Lanaldi osoko eta funtzionario araubideko 65 lanpostu eta lanaldi partzialeko eta lan-araubideko 26 lanpostu.

–23 Hezitzaile lanpostu, 33 Hezitzaile lanpostu euskara-eskakizunaz eta 35 Hezitzaile lanpostu ingeles-eskakizunaz.

Lanpostuak honela banatuta eta zehaztuta daude plantilla organikoan:

Gaztelania

Lanaldi osoa - funtzionario araubidea

17

Plazak: 112, 113, 114, 203, 204, 407, 409, 705, 707, 708, 802, 805, 902, 1002, 1003, 1012 eta 1013

Lanaldi partziala - lan-araubidea

6

Plazak: 414, 415, 710, 711, 812 eta 813

Euskara

Lanaldi osoa - funtzionario araubidea

25

Plazak: 304, 308, 309, 503, 504, 509, 512, 1503, 1504, 1505, 1506, 1507, 1508, 1509, 1510, 1511, 1602, 1603, 1604, 1605, 1606, 1607, 1608, 1609 eta 1611

Lanaldi partziala - lan-araubidea

8

Plazak: 315, 316, 515, 516, 1512, 1513, 1613 eta 1614

Ingelesa

Lanaldi osoa - funtzionario araubidea

23

Plazak: 1202, 1203, 1205, 1206, 1207, 1208, 1209, 1302, 1303, 1304, 1305, 1306, 1307, 1308, 1309, 1402, 1403, 1404, 1405, 1406, 1407, 1408 eta 1409

Lanaldi partziala - lan-araubidea

12

Plazak: 602, 603, 604, 605, 606, 1211, 1212, 1213, 1310, 1311, 1312 eta 1313

–42 lanpostu txanda irekikoak dira; 42 lanpostu, igoera-txandakoak, eta 7, erreserba-txandakoak, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduak.

Euskara-eskakizuna duten 33 Hezitzaile lanpostuek euskararen ezagutza eskatzen dute, E3 (EGA) mailakoa.

Ingeles-eskakizuna duten 35 Hezitzaile lanpostuek ingelesaren ezagutza eskatzen dute, C1 mailakoa.

1.3. Lanpostu horiek alda daitezke 59 Hezitzaile lanposturen lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera, zeina Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak ebazpen bidez onetsi baitzuen 2019ko maiatzaren 7an, eta 2019ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, maiatzaren 23koan. Lanpostuak honako txanda hauetan banatuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

1.4. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, desgaituendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik gera daitezkeen lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera txandako edo desgaituendako erreserba-txandako probak gainditzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuetan lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehian arituz eta guztira lortutako puntuazioari jarraikiz.

Bestalde, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzeko aukera izanen dute, aurreko paragrafoarekin zehaztutakoarekin bat, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiek.

1.5. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte funtzionario araubideko 65 lanpostuetarako izendatuak, eta lanaldi partzialeko lan-kontratudun bihurtuko dituzte gainerako 26 lanpostuetarako izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei eta lan-kontratudunei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta dauden langile funtzionarioek aukeratzen ahalko dute montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-esparrukoa den beste estatu batekoa, itunek langileen zirkulazio librea aurreikusten badute.

Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen graduko titulua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren titulua edo horren baliokidea, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren titulua edo horren baliokide den titulu bat, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko mugaegunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.

b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izatea.

c) Nafarroako Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.1.3. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaientzat.

Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 zenbakian adierazitako betekizunez gain, desgaitasuna aitortuta izan beharko dute, %33 edo gehiagoko graduan.

2.1.4. Euskara jakitea betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuak ematen duen EGA titulua eduki beharko da, edo C1 mailaren baliokidetzat jotzen den egiaztagirietako bat, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daudenak (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

2.1.5. Ingelesa jakitea betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, C1 titulua eduki beharko da, edo maila hori egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daudenak (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

2.1.6. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.

Betekizun hori abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiri baten bidez egiaztatuko da.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.2 zenbakian agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 8.2 zenbakian aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen Herritarrendako Arreta bulegoetan, bai eta Interneten ere, http://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/verpagina.aspx?idpag=1&idioma=2 webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 15,00 euro Haur Eskolen Erakunde Autonomoari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordain daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara transferentzia eginez: Caixabank: ES53 2100 5245 4122 0018 3371 / Rural Kutxa: ES44 3008 0092 1424 1461 3329. Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Hezitzaileetarako oposizio-lehiaketaren deialdia.

3.2.2. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria.

3.2.3. Deialdiaren 2.1.1.c) atalean eskatutako tituluaren fotokopia, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.

3.2.4. Deialdi honen 6.3.1 puntuan ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak.

3.2.5. Horrez gain, baldin eta deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak organo deitzailea ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 zenbakian jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.

3.2.6. Euskarako V3 maila (EGA) betekizun gisa duten lanpostuetarako izangaiek titulu hori bera dutela egiaztatzen duen titulu edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, deialdi honen 2.1.4 zenbakiarekin bat.

3.2.7. Ingeleseko C1 maila betekizun gisa duten lanpostuetarako izangaiek titulu hori bera dutela egiaztatzen duen titulu edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, deialdi honen 2.1.5 zenbakiarekin bat.

3.2.8. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.9. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek izan daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekarriko ditu.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Erakunde Autonomoko lehendakariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun baliodunean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Erakunde Autonomoko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Concepción Gaztelu Albero, Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako hezitzailea.

Epaimahaiburu-ordezkoa: Nuria Goñi Oiz, Iruñeko Udaleko Komunitate Garapeneko Alorreko idazkari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Ainhoa Ibarrola Hernandorena, Atarrabiako Udaleko Amalur haur-eskolako zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Cielo Astiz Lacunza, Antsoaingo Udaleko haur-eskolako zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Miren Oñate Zabaleta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko 0 eta 3 urte bitarteko eta Landa eremuko Eskoletako ataleko bulegoburua.

Epaimahaikide ordezkoa: Asunción Cumba Remón, gaian aditua.

–Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Lehiaketa-oposizioaren garapena.

6.1. Lehiaketa-oposizioa bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketa eta gero oposizioa.

6.2. Oposizioa 2020ko urtarriletik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Erakunde Autonomoaren webgunean eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo Gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Lehiaketa-aldia.

6.3.1. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu banatuko dira; bertan baloratuko dira alegatutako merezimenduak, izangaiek behar bezala egiaztatuak, honako baremo honekin bat:

a) Antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak (gehienez, 17 puntu):

1.–Titulartasun eta kudeaketa publikoko zentroetan emandako zerbitzuak: 1,30 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 17 puntura bitarte.

2.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak edo edozein Autonomia Erkidegotako Hezkuntzako sail edo departamentu batek baimendutako titulartasun publiko edo pribatuko eta kudeaketa pribatuko zentroetan emandako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 17 puntura bitarte.

Oharrak:

a) Osorik ez diren zerbitzu-urteen kasuan, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio (zenbatu beharreko gutxieneko aldia: hilabete oso bat).

b) Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia deskontatuko da.

c) Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.

d) 6.3.1.a) letrako 1 eta 2 zenbakietan lortutako puntuazioaren batura gehienez ere 17 puntu izan daiteke.

b) Gaiarekin lotutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu izana (gehienez, 13 puntu):

1.–Irakasletzako unibertsitate-gradudun edo diplomadun titulua, Haur Hezkuntzako espezialitatean. 3 puntu titulazio bakoitzeko, gehienez ere 3 puntura bitarte. Ez dira kontuan hartuko deialdian parte hartzeko nahitaez eskatutako titulazioak.

2.–0-3 urteko Haur Hezkuntzarekin lotutako erakunde ofizialek antolatutako ikastaroetan parte hartu izana, 10 orduz edo gehiagoz: 0,50 puntu prestakuntzako 10 ordu bakoitzeko, gehienez ere 10 puntura bitarte.

Oharrak:

a) Ez dira zenbatuko egindako ordu-kopurua adierazita ez duten ikastaroak, ezta 10 eskola-ordu baino gutxiagokoak ere.

b) 6.3.1.b) letrako 1 eta 2 zenbakietan lortutako puntuazioaren batura gehienez ere 13 puntu izanen da.

6.3.2. Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak aurreko puntuan jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.

Aldi honen amaieran, Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (http://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/verpagina.aspx?idpag=1&idioma=2), eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, noiz argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.

Behin Epaimahaiak ebatzita behin-behineko emaitzen aurrean aurkezturiko erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta Erakunde Autonomoaren udal-webgunean argitaratuko ditu.

6.4. Oposizio-aldia.

6.4.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.4.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.4.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.4.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehen ariketa.

Proba teorikoa da, eta izangaiek test erako galderak dituen galdetegi bat idatziz erantzun beharko dute –Epaimahaiak aurrez adierazitako gehieneko denboran–. Galderak Deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira; galdera bakoitzari erantzuteko aukera batzuk egonen dira, eta horietako bat baino ez da baliozkoa izanen.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta akatsak nola zigortu aukera anitzeko erantzunak dituzten galderetan. Bazterturik geldituko dira ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (10 puntu), gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.

b) Bigarren ariketa.

Ariketa teoriko-praktikoa. Izangaiek, idatziz, kasu praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatzi beharko dituzte, Deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutakoak. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 50 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (25 puntu), gutxienez, lortzen ez duten izangaiek.

6.4.4. Oposizioko bigarren ariketa plika-sistemaren bidez eginen da.

6.4.5. Behin ariketa bakoitza amaituta, Epaimahaiak Erakunde Autonomoaren webgunean (http://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/verpagina.aspx?idpag=1&idioma=2) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Erakunde Autonomoaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, txanden arabera eta oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.

Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da. Oraindik ere berdinketa egonez gero, izangai zaharrenaren alde ebatziko da, eta, azkenik, oraindik ere berdinketa egonez gero, zozketa bidez erabakiko da, Haur Eskolen Erakunde Autonomoan bertan.

7.2. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostuak –plaza kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –txandetan banaturik eta lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat– eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

7.3. %33ko edo hortik goragoko desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurrean, kontuan hartu gabe zein txandatan aritu diren.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta aipatu desgaitasuna duten izangaiak egon eta horrek eragina badu lanpostu hutsetako eginkizunak betetzeko baldintzetan, hautaketa egin baino lehen esleituko zaizkie haien desgaitasuna kontuan harturik egokien direnak, horri buruz Udalaren zerbitzu medikoak ematen duen txostenarekin bat.

7.4. Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aurrean, deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, 7.3. zenbakian jasotako salbuespenarekin.

8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duten izangaiak izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

A) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidea.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

c) Euskarako V3 maila betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, deialdiaren 2.1.4 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

d) Ingeleseko C1 maila betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, deialdiaren 2.1.5 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, salbu eta lehenago ere aurkeztu bada.

e) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuen txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

f) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

g) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituzten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoak.

C) Izangaiak Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak badira, eskatzen zaizkien eta espedientean jasota ez dauden agiriak aurkeztu beharko dituzte, hala badagokie.

D) Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek egiaztatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xede den lanpostuarekin. Bateragarritasun hori ofizioz eginen dute Udaleko zerbitzu medikuek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1. zenbakian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko zaio.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Iruñeko Udaleko Erakunde Autonomoko lehendakari andreak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen funtzionario eta lan-kontratudun izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, gaztelaniako, ingeleseko edo euskarako –kasuan-kasu– Haur-eskolako hezitzaile aritzeko lanposturako, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Haur Eskolen Erakunde Autonomoko funtzionario edo lan-kontratudun bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.4 zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta langile berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko dira.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. Eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Hautapen-prozesuko lehenengo ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.

12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Erakunde Autonomoko lehendakariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen lehen ariketa gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo hori erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria edo haren fotokopia.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren webgunean eta iragarki-taulan.

Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legozkiekeen erantzukizuna.

12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Erakunde Autonomoko lehendakariaren ebazpen bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Iragarki-taulan eta Udalaren webgunean–:

a) Lanposturik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Deialdi honetako lehenengo ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez dutenak.

12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, lehen ariketan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 24an.–Lehendakaria, Maider Beloki Unzu.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen kudeaketaren eta organigramaren antolaketa. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen estatutuak.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

3. 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituena.

4. 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzkoa. Hausnarketa kritikoak 0-3 urte bitarteko hezkuntza-zikloari emandako trataerari buruz.

5. Haur Hezkuntzako lehen zikloa Autonomia Erkidego ezberdinetan. Araubidea eta ezaugarriak.

6. Hezkuntza-proiektua eta proposamen pedagogikoa Haur Hezkuntzako lehen zikloko Nafarroako ikastetxeetan.

7. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen ildo pedagogikoa.

8. Haur-eskolaren antolaketa. Haur-eskolaren hezkuntza-lantaldea. Antolaketa-moduak irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuaren koherentzia horizontal eta bertikalaren arabera. Ikastetxea, haurren ikaskuntzaren faktore bultzatzaile gisara.

9. Haur-eskoletako profesionalen eta Iruñeko Udaleko haur-eskoletako lantalde teknikoaren arteko harremana hezkuntza-proiektuak antolatzeko edo egunerokotasunaren alderdi bereziak desbideratzeko.

10. Hezitzailearen eginkizuna haur hezkuntzan. Gaitasunak, trebetasunak eta jarrerak. Hezitzailearen eta haurraren arteko harreman interaktiboak. Autonomiaren eta mendekotasunaren arteko harremana. Bertan egotea eta presentzia ematea. Talde bateko partaide gisa duen rola. Lan-bilerak: helburuak, antolaketa eta ebaluazioa. Profesionalen arteko koordinazioa.

11. Jolasaren hezkuntza-oinarriak haurren ikaskuntza-proposamenetan. Jolas heuristikoa. Jolasa elementu sortzaile gisa. Jolas-motak eta jolastea sustatzen duten material egituratuak eta ez-egituratuak. Jolas-giroak sortzea. Hezkuntzako esku-hartze eza haurraren bat-bateko jolasetan.

12. Proiektuak eta proposamenak programazio- eta jarduera-didaktikoen aurrean.

13. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluazioaren funtzioa. Ebaluatzeko estrategiak, teknikak eta tresnak. Behaketa ebaluazio-teknika gisara. Arakatze narratiboa haurren bizitza-prozesuak ebaluatzeko modu gisa.

14. Hezkuntza-dokumentazioa interpretaziozko argudiaketa eta narrazio gisa. Prozesu metakognitiboak. Idatzizko dokumentazioa, ikusizkoa eta ikus-entzunezkoa. Dokumentazio narratiboaren eginkizunak ezagutzaren eraikuntzan.

15. Arakatze narratiboa haurren bizitza-prozesuak ebaluatzeko tresna gisa.

16. Haur-eskolako erritualak: otorduak, loa, pixoihala aldatzea eta esfinterren kontrola.

17. Konplexutasunaren paradigma hezkuntzan.

18. Adierazpen-lantegiak Reggio Emiliako hezkuntza-filosofiaren arabera. Lantegigileen rolak. Haurren adierazpena, irudimena eta sormena: haurren marrazkiak eta grafismoak. Haurren lehenengo hiru urteetako paisaia soinudunak, argi-paisaiak, ukimenezkoak eta usaimenekoak ikertzea.

19. Iruñeko Udaleko Haur Eskolen ildo pedagogikoaren harremana honako hauekin: arkitektura, barruko eta kanpoko guneak, naturarekiko harremana, materialak, giropena eta ekipamenduak.

20. Adierazpena eta komunikazioa 0-3 urte bitarteko haurrengan. Hizkuntza eta pentsamendua. Ulermenaren eta adierazpenaren garapena. Ez hitzezko komunikazioa eta hitzezko komunikazioa.

21. Nortasunaren garapena: identitatea, autonomia eta autoestimua. Garapen sozioafektiboa.

22. Giro ekologikoaren eta haurren giza garapenaren arteko elkarreragina. Inguruaren eragina haurraren heltze-prozesuan. Berehalako ekologia-maila: familia-eskola. Familia aurreneko sozializazio-eragile gisa. Familien itxaropenak haur-hezkuntzari dagokionez. Atxikimendua. Haur-eskolaren eta haziera-moduen arteko lotura.

23. Harrera-aldiaren planifikazioa.

24. Esku-hartzea familiekin. Familiaren parte-hartzea haur-eskolako hezkuntza-eginkizunean. Familiak informatzeko, komunikatzeko, elkarlanean aritzeko eta engaiatzeko bideak. Bilerak familiekin, helburuak, planifikazioa eta balorazioa.

25. Hezkuntza-inklusioa haur-eskolan. Arreta dibertsitateari. Normalizazio- eta inklusio-printzipioak. Hezkuntza-behar eta -eskubide bereziak. Haurren kontrako tratu txarrak. Migrazio-mugimenduen balioak. Hezkuntza- eta laguntza-neurriak.

26. Eleaniztasunaren eta kulturaniztasunaren trataera haur-eskolan.

27. Ikaskuntza eta zerbitzua haur-eskolaren testuinguruan.

28. Iruñeko Udaleko haur-eskolen “Hemengoak-De aquí” elikadura-proiektua. Sukaldaritzaren rola hezkuntza-proiektuan.

29. Haurrendako ipuin egokiak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Ildo Pedagogikoaren arabera.

30. Denboraren antolaketa haur-eskolan. Cronos eta kairos direlakoen arteko harremana. Eskola geldoa.

31. Garapen kognitiboa hiru urte bete bitarte. Ikaskuntza eta irakaskuntzaren arteko harremana Loris Malaguzziren ikuspuntutik abiatuta. Errealitatearen ezagutza eta ikasketa esanguratsua. Haurrek mundu fisiko, natural eta sozialari behatzeko modua. Ezagutzaren eraikuntza haurtzaroaren kultura oinarri hartuta. Subjektibotasuna eta intersubjektibotasuna.

32. Garapen logiko-matematikoa lehenengo hiru urteetan.

33. Haurtzaroaren irudia Loris Malaguzziren arabera.

34. Talde txikiaren balioa eta harremanen pedagogia Loris Malaguzziren arabera.

35. Hezkuntza-bikote edo -hirukotea Loris Malaguzziren hezkuntza-ikuspegiaren arabera.

36. Entzuketaren pedagogia Loris Malaguzziren arabera.

37. Etika, estetika eta politikaren arteko harremana hala Loris Malaguzziren pentsamendu eta lanetan nola Reggio Emiliako haur-eskoletan.

38. Politikaren eta pedagogiaren arteko harremana. Haurren eta familien parte-hartzea hirian, gizarte-eraldaketarako elementu gisa. Eskola kultura sortzeko toki gisa.

39. Praktikan oinarritutako ikerketa haur hezkuntzan. Ikerketa estrategia gisa hezkuntza-taldea hobetzeko. Prestakuntza eta ikerketa jarraitua hezkuntza-proiektuaren eraldaketa gisa.

40. Haurraren ezaugarri orokorrak hiru urte bete arte. Haurra izaki autonomo gisa, Emmi Piklerren ikuspegitik.

41. Emmi Piklerren pedagogiaren tesi nagusiak. Harreman afektibo pribilegiatua. Jarduera libre eta autonomoekiko errespetua. Haurren banan-banako zainketarekiko errespetua haurrekiko eguneroko harremanari dagokionez.

42. Garapen motor autonomoa Emmi Piklerren paradigmatik abiatuta. Psikomotrizitatea: teoria nagusiak. Gorputz-adierazpena nortasuna eta autonomia pertsonala eraikitzeko laguntza gisa. Elkarrizketak haurren gorputzen, objektuen eta espazioen artean. Hezkuntzako esku-hartzea.

43. Heriotzaren eta doluaren lanketa haurrekin haur-eskolan.

Iragarkiaren kodea: L1907757