1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
IRAGARKIA Düsseldorf-en azaroaren 18tik 21era eginen den 2019ko Medikuntza Azokan parte hartzeko eskaera egiteko epea irekitzeari buruzkoa.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.
Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Osasunaren arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.
Urteroko Medikuntza Azoka (https://www.medica-tradefair.com/) azaroaren 18tik 21era eginen da Düsseldorf-en, eta munduko garrantzitsuena da osasun teknologiaren sektorean; horregatik, urtez urte 120 herrialdeetako 130.000 profesional inguru biltzen dira Düsseldorf-en, nazioartean erreferente den topaketa horretan.
Azokaren barrutian antolatzen dira bai konferentziak bai forum espezializatuak bai jarduerak, hala nola “Healthcare Brokerage Event” delakoa; hots, bilera plataforma bat Enterprise Europe Network (EEN) sareak martxan jarria helburu honekin: enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.
“Healthcare Brokerage Event” delakoaren azken edizioan, 2018koan, 1.150 bilera baino gehiago egin ziren, eta haietan 40 bat herrialdetako 350 enpresa inguruk parte hartu zuten.
Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka honek aukera handiak eskain ditzake medikuntzaren sektoreko Nafarroako enpresentzat, eta batez ere, teknologia diseinatzen eta ekoizten duten enpresentzat, bai eta osasunaren arloko eta laborategietako ekipamendua diseinatzen eta ekoizten dutenentzat ere. Gogorarazi behar da gaur egun Nafarroan osasunaren arloko 68 enpresa industrial daudela, eta urtean 659 milioi euro fakturatzen dituztela. Hazten ari den arlo bat da, eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren barruan sartuta dago.
Ekintzaren helburuak:
–Azokaren prospekzioa egitea.
–Ezagutzea zein den medikuntzako gailuen eta osasun teknologiaren sektorearen egoera nazioartean.
–Negozio aukerak identifikatzea.
Sektorea:
–Osasun teknologia.
Ekintzaren edukia:
–Baimenak emanen dira 2019ko Medikuntza Azokan sartzeko (baimen bat enpresa bakoitzeko).
–2019ko Medikuntza Azokan “Navarra Health” standa jarriko da Nafarroako enpresentzat, baterako pabilioian, 15. hall-ean, Fenin-ek antolatua. Nafarroako enpresek elkartze puntu gisa erabil dezakete.
–Enpresen eta balizko bezeroen arteko topaketak antolatuko dira “Healthcare Brokerage Event” delakoaren baitan, European Enterprise Network sarearekin lankidetzan. Topaketa horien helburua da enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.
–Nafarroako entitateak sustatzeko katalogo bat eginen da, azokan emateko.
–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea eginen da, Medikuntza Azokan jarriko den “Navarra Health” standaren baitan.
Nafarroako Gobernuak ez ditu bere gain hartuko bidaiak, hotelak, otorduak, barneko joan-etorriak edo enpresa bakoitzaren berezko bestelako gastuak; horiek entitate parte-hartzaileen konturakoak izanen dira.
Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:
–Osasun teknologiaren sektoreko entitatea izatea (zentro teknologikoak, osasun teknologiako produktuak fabrikatzen dituzten enpresak, etab.).
–Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.
Eskaera aurkezteko epea:
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, beranduenez 2019ko irailaren 15ean, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8156/Convocatoria-para-participar-en-el-stand-de-la-feria-Medica-2019-en-Dusseldorf-Alemania). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta gune batzuk jarriko ditu, behar bezala iragarriko direnak izapideen katalogoko fitxan. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.
Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:
Medikuntza Azokari lotutako ekintza honetan gehienez ere 20 enpresak parte hartzen ahalko dute. Parte-hartzaileak eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta dei eginen die azokan izanen duten baterako presentzia prestatzeko.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:
–Enpresaren datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
–Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Ekintza komertziala egiten denetik hasita hilabeteko epean, txosten bat aurkeztea, honako eduki hau jasotzen duena:
• Egindakoaren deskribapena, zehaztuta balizko bezeroekin izandako elkarrizketak eta gogobetetasun-maila.
• Topaketaren gaineko balorazioa eta zer mailatan bete diren aurrez ezarritako helburuak.
• Etorkizuneko ekintzetarako hobekuntza proposamenak.
Iruñean, 2019ko ekainaren 6an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausin Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F1907760