114. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

63/2019 FORU DEKRETUA, maiatzaren 22koa, zeinaren bidez onesten baita nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea Allotz-Montalban eremuko lurzati berrantolamenduaren bidez.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 25eko 1193/2010 Ebazpenaren bidez, Allotz-Montalban eremuko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzen hastea onetsi zen.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburua da landa jabetza ordenatzea ustiategiei egitura eta tamaina egokia emateko, lurzati berrantolamenduaren bitartez.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 9an emandako 289/2012 Ebazpenaren bidez, Allotz-Montalbango lurzati berrantolamenduari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 700E/2018 Ebazpenaren bidez baliozkotzen da ingurumen-inpaktuaren adierazpen hori.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola nekazaritzako azpiegituretako esku-hartze bat onestea, eta hori foru dekretu baten bidez eginen duela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Onespena.

Allotz-Montalban eremuko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da.

2. Erabili beharreko prozedura.

Komenigarritzat jotzen da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan datorren prozedura arruntari jarraitzea.

3. Onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzea.

Allotz-Montalbango eremuko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan egin nahi den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzen dira, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako, eta bidezko diren zortasunak sortzeko, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

4. Proiektuaren deskribapena.

Oinarrizko proiektuan aurreikusten da 20 bide berri eraikiko direla, 4, 4,5 eta 5 m-ko errodadura zabalera izanen dutenak, eta 4 m-ko zabalerako zenbait bide egokituko direla. Guztira 16,296 kilometro bide izanen dira: horietatik, 14,479 kilometro eraikiko dira, eta 1,817 kilometro egokituko. 6,952 kilometrotan bideek 4 metroko errodadura zabalera izanen dute, 4,595 kilometrotan 4,5 metrokoa, eta 2,932 kilometrotan, berriz, 5 metrokoa.

Ahal dela, bideen trazadura bide zaharren gainean eginen da, eta, horiek diseinatzeko orduan, kontuan hartu dira lurzati berrantolamenduaren ondoriozko finkek ziur aski izanen duten banaketa, eremuan dagoen bide-sarea, lurreko topografia eta eremu mugakideekiko komunikazioak.

Hustubide sareari dagokionez, proiektuak gaur egungo sarea nahiko hobetuko du. 8,517 kilometrotan esku hartu nahi da hustubideetan, ia beti garbiketak egiteko.

5. Ingurumen arloko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 289/2012 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko dira; ebazpen horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, ondoren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 700E/2018 Ebazpenaren bidez baliozkotu zena.

6. Jarduketaren lurralde-eremua.

Allozko eta Montalbango mugarteetan eta 44. fazerian izanen dira jarduketak. Gutxi gorabehera 825 ha-ko eremua da, eta honako muga hauek ditu:

Iparraldean: Aritzalako eta Ugarko kontzejuak.

Hegoaldean: Murelu Deierriko, Lakarko eta Lorkako kontzejuak.

Ekialdean: Gesalazko eta Ziraukiko udal-mugarteak.

Mendebaldean: Zabalgo eta Zurukuaingo kontzejuak.

Laburbilduz, perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

7. Ustiatu beharreko oinarrizko azaleren mugak zehaztea.

Allotz-Montalban aldeko lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 61 eta 23 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Allotz-Montalban aldeko ureztalurreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 30 eta 3,5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurraren eta ureztalurren arteko konbertsio indizeak, gehienekoa eta gutxienekoa, 2,03 eta 6,57 izanen dira, hurrenez hurren.

8. Laborantzako unitate minimoak.

Laborantzako unitate minimoa 23 hektareakoa izanen da lehorreko lurretarako, 3,5 hektareakoa presioko ureztaketarako, eta hektarea batekoa grabitatearen bidezko ureztaketarako.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtseko adjudikaziodunek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren eta nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, azaroaren 21eko 136/2005 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatu zuen horretan) lehenengo mailako lurrentzat ageri den balioa izanen da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulua. Izan ere, aipatutako azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteez.

10. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea.

11. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

12. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1907059